Itzulpengintza

EUSKAL LITERATURA ETA ITZULPENGINTZA

© Aiora Jaka Irizar (Euskal Herriko Unibertsitatea - University of Birmingham)

Transcript aldizkarian ingelesez argitaratua (2005). Autorearen itzulpena.





Euskal literaturaren historia laburrean azpimarragarria da itzulpenen nagusitasuna. Lehen euskal itzulpena, Joanes Leizarragaren Testamentu Berria, 1571koa dugu. Orduz geroztik ohiko jarduera izan da itzulpengintza, eta gaur egun euskaraz argitaratzen diren liburuen % 30 inguru itzulpenek osatzen dute (TORREALDAI 2005). Ingelesa eta antzeko hizkuntza "handien" literaturetan ez bezala, non itzulpen portzentajea oso txikia baita sorkuntza-lanen kopuru izugarriarekin alderatuz gero, euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan itzulpenei esker eutsi zaio literatura ekoizpenaren hazkuntzari. Zentzu honetan, adierazgarriak dira Lawrence Venutik bere The Translator's Invisibility liburuan (1995) damaizkigun datuak, 1980ko hamarkadan itzulpenak literatura desberdinetan betetzen zuen tokiaz ari delarik: Estatu Batuetan, ingeleserako itzulpenen ehunekoa % 2,9koa zen 1990ean, eta Britainia Handian ingelesez argitaratutako lanen % 2,4 baino ez zen itzulpena. Hizkuntza "txikiagoen" kasuan, ehuneko hauek nabarmen egiten dute gora: 1985ean, Frantziako argitalpen kopuru osoaren % 9,9a iritsi zuen itzulpenak; Italiako portzentajea % 25,4koa zen 1989an eta Alemaniakoa % 14,4koa 1990ean (VENUTI 1990). Informazio honetatik ondoriozta daitekeenez, hizkuntza bat zenbat eta boteretsuagoa eta zabalduagoa izan, orduan eta txikiagoa da itzulpenen ehunekoa literatura ekoizpen osoaren baitan. Ez da harritzekoa, beraz, euskara bezalako hizkuntza minorizatuetako literaturek itzulpen kopuru handi samarra izatea (euskal itzulpenen portzentajea % 42,3koa zen 1991n; TORREALDAI 2005).

Jakina, aurkakoa gertatzen da literatura-esportazioaren arloan. Ingelesa da ezbairik gabe mundu osoan gehien itzuli den hizkuntza, ondoren datozelarik frantsesa, alemana, errusiera, italiera, espainiera eta gainontzeko hizkuntza "handiak" (VENUTI 1995; Index Translationum, UNESCO); hizkuntza "txikiak", berriz, zerrendaren azken muturrean baino ez dira agertzen. Izan ere, Britainia Handiko eta Estatu Batuetako argitaratzaileei komenigarriago zaie best-sellerrak ekoitzi eta itzulpen-eskubideak saltzea, atzerriko liburuak itzultzeko eskubideak erostea baino; aldiz, hizkuntza "txiki" eta minorizatuek argitalpen industrian nagusi diren hizkuntza handietako obrak itzuli eta argitaratu behar izaten dituzte euren literaturen iraupena ziurtatzeko (VENUTI 1995).

Euskara ez da salbuespena. Mari Jose Olaziregik dioenez,

liburugintza, hezkuntza sistema eta komunikabide indartsuak eduki arren, euskal literaturak bere irakurlegoa ugaltzeko ahaleginik egiten ez duelako inpresioa eman dezake (OLAZIREGI 2005, neure itzulpena).

Izan ere, euskaratik itzulitako liburuen kopurua oso txikia da euskal liburugintzaren emankortasuna kontuan hartuz gero, eta 1990eko hamarkadara arte ez da hasi euskal literatura bere mugetatik kanpo ezagutarazten.

Artikulu honen helburua Euskal Herriko itzulpengintzaren ikuspegi orokor bat ematea da. Euskal itzulpenaren historiaren deskribapen labur baten ondoren, euskaratik beste hizkuntzetara egiten diren itzulpenei eskainiko diegu gure arreta.

EUSKARARAKO ITZULPENA

Itzulpenak euskal literaturan aparteko nagusitasuna izan badu ere, jarduera honen ikerketa ez da gehiegi sakondu Euskal Herrian, itzulpengintzaren inguruan argitaratutako lanen urritasunak agerian uzten duenez. Euskal literaturaren historian zehar itzulpenek bete duten lekuari buruz hainbat autorek argitara emandako datuez gain (Ibon Sarasola 1975; Joan Mari Torrealdai 1979, 1997, 2005), oso urriak dira itzulpengintza bera aztertzen duten lanak. Euskal itzulpenaren historiaren azalpen osatuena Xabier Mendiguren Bereziarturen Euskal itzulpenaren historia laburra dugu (1995), eta Manu Lopezek (LOPEZ 2000, 2005) haur eta gazte literaturaren inguruan idatzitako lanak ere aipatzekoak dira itzulpenak euskal sistema literarioaren baitan izan duen eragina aztertzerako orduan. Ezin ahaztu, halaber, EIZIE -k, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, euskarara itzulitako lan guztiak zerrendaratzeko egindako ahalegina: 6.900 lanetik gora bildu ditu bere sareko katalogoan.

Joan Mari Torrealdaik bildutako datuen arabera (TORREALDAI 1997:205), itzulpenen ehunekoak aldatuz joan dira euskal literaturaren historiaren garai batetik bestera: lehen euskal liburua argitaratu zenetik XVII. mendearen bukaerara bitartean itzulpenek literatura ekoizpen osoaren % 16,6 osatzen zuten. 1700etik 1875era bitartean, ehuneko hori % 35,2ra igo zen, eta berriro ere behera egin zuen 1876 eta 1935 artean, % 13,3 izateraino. Gerraosteko urte gogorren ondoren, euskal literatura berpizten hasi zen Hego Euskal Herrian, batez ere 1960etik aurrera, eta itzulpenak ehuneko handiago bat iritsi zuen berriro ere, % 22,3. Hala ere, Francoren erregimenaren bukaerara arte ez ziren agertu euskal literaturak eta itzulpengintzak aurrera egin ahal izateko behar zituzten baldintzak. Itzulpen jarduerak nabarmen egin zuen gora garai hartan, administrazio elebidunaren sorrerak eta komunikabideen birsortzeak eraginda. Goranzko joera horri eutsi zion itzulpengintzak 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990eko hamarkadaren lehen urteetan, eta euskal literatura ekoizpenaren % 43,6 izatera iritsi zen 1993an. Giro berri hari esker, itzulpen jarduerak gorantz jarraitu zuen, nahiz eta ehunekoak behera egin (30,8 % 2003an) euskaraz sortutako lanen kopuruaren igoera izugarriaren ondorioz (TORREALDAI 2005: 28).

Xabier Mendiguren Bereziartuak bere Euskal itzulpenaren historia laburra (1995) liburuan eskaintzen digun azterketan dioskunez, 1975 aurretik argitaratutako itzulpen gehienak erlijio-testuak ziren, eta garaiko ideologiaren beharretara makurtuz, Jainkoaren hitza fideltasunez berreraikitzea zen itzulpen metodoaren baldintza nagusia.

Lehen euskal itzulpena —eta, bide batez esanda, euskal literaturaren historian argitaratuko bigarren liburua, Bernart Etxepareren 1545eko Lingua Vasconum Primitiaeren ondoren— Joanes Leizarragaren Testamentu Berria izan zen (1571). Maisu-lan gisa definitu izan den itzulpen honek hitzez hitzezko itzulpenaren oinarriak finkatu zituen Euskal Herrian.

XVII. mendean zehar argitaratutako itzulpenen artean aszetika liburuak izan ziren nagusi, nahiz eta hainbat itzultzailek atsotitz batzuk ere itzuli zituzten hizkuntza desberdinetatik. Garai hartako itzultzaileen artean Joanes Etxeberri Ziburukoa, Joanes Haranburu, Arnaut Oihenart eta Pedro Axular aipa genitzake.

Hurrengo mendean Biblia izan zen itzulpen jardueraren ardatza (Betri Urte, Joanes Harneder eta Joaquin Lizarraga Elkanokoa, besteak beste). Aipatzekoak dira, halaber, itzulpenaren bidez euskara "kultura hizkuntzaren" mailara jasotzeko hainbat idazlek egindako ahaleginak (Manuel Larramendi, Agustin Kardaberaz, Joan Antonio Mogel eta beste).

XIX. mendeko itzulpenik ospetsuenak Bonaparte printzearen gidaritzapean eginikoak izan ziren. Euskara aztertzeko gogoak bultzaturik, euskalkiak ikertzeari ekin zion, eta horretarako hainbat idazleri eskatu zion Bibliaren pasarte batzuk nork bere euskalkira itzul zitzan.

Foruen galerak euskal historia, kultura eta hizkuntza nazionalaren inguruko kezka sortarazi zuen 1876tik aurrera, eta arrisku haren aurrean hainbat idazle eta itzultzailek abiatutako lanari esker Euskal Herriak literatura loraldia bizi izan zuen XIX. mende bukaera hartan. Ezin aipatu gabe utzi Toribio Alzagak, Gregorio Arruek, Resurrección María Azkuek eta Manuel Arriandiagak, besteak beste, egindako lana.

XX. mendearen hasierako itzulpenetan Jainkoaren hitza herriari transmititzeko nahia ikus daiteke. Adibiderik garbiena Raimundo Olabideren Testamentu Berria dugu, 1931n grekeratik zuzenean itzulia.

Baina erlijio-itzulpenez gain beste hainbat testu mota ere itzuli ziren XX. mendean. Orixe izenez ezagunagoa zen Nikolas Ormaetxeak itzulpen librearen aroa jarri zuen abian Euskal Herrian. El Quijoteren bederatzigarren kapitulua gaztelaniatik euskaratzearren literatura lehiaketa bat irabazi zuen 1928an, eta urte bete geroago El Lazarillo de Tormes ere itzuli zuen. Itzulpen librearen aldi honetan Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia, Bedita Larrakoetxea eta beste asko aipa genitzake. Euren itzulpen asko eta asko Euzko Gogoa, Olerti, Egan eta beste zenbait literatura aldizkaritan eman ziren argitara. Idazle klasikoen lanak ez ezik (Euripides, Platon, Sofokles, Horazio, Ovidio, Virgilio eta abar), beste idazle garrantzitsu batzuen idatziak ere bereganatu zituen euskarak (besteak beste Shakespeare, Cervantes, Longfellow, Wilde eta Grimm anaiak). Gabriel Aresti idazle ospetsuak itzulpengintzari egindako ekarpena ere ezin aipatzeke utzi. Itzulpen librearen joerak 1960ko hamarkadara arte iraun zuen, hain zuzen ere euskal idazleen belaunaldi berri batek bide literario berri bati ekin zion arte. Idazle eta itzultzaile haien artean aipatzekoak dira Joxe Azurmendi, Txillardegi, Ramon Saizarbitoria, eta apur bat geroago, Bernardo Atxaga.

Frankismoaren amaierak aldaketa izugarriak eragin zituen bai euskal literaturan bai euskal itzulpengintzan. Espainian konstituzio berria onartzearekin batera euskarak koofizialtasuna lortu zuen Euskal Autonomi Erkidegoan, eta arlo berrien beharretara egokitzeko ezinbestekoa egin zen itzulpenaren beharra, hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan eta abar. Esan beharra dago itzulpengintzak ez ezik euskal liburugintzak ere igoera garrantzitsua bizi izan zuela garai hartan, baina hazkunde hori ez zatekeen posible izango euskaratutako liburuen laguntzarik gabe (batez ere haur literaturaren alorrean). Euskal argitaletxeak ugaltzen joan ziren, 1979an lehen itzultzaile eskola sortu zen Martutenen, eta 2000ko irailaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitateak Itzulpengintza eta Interpretazioa lizentziatura eskaintzen du.

Gaur egun, Euskal Herriko literatura itzulpenaren baitan haur eta gazte literaturarena dugu jarduerarik emankorrena. Manu Lopezek burututako azterketa batek erakusten duenez (LOPEZ 2000), haur literatura da gaur egun euskaratutako literaturaren % 72. Sorburu hizkuntza nagusiak gaztelania, ingelesa eta katalana dira. Francoren heriotzaren osteko hogei urteetan (1976-1995) 1.500 liburu euskaratu ziren haur eta gazte literaturaren arloan, gehienak argitaletxe desberdinek sortutako sail eta bilduma ugarien baitan (Gero-Mensajero, Hordago eta Elkar hasiera batean eta geroago Pamiela, Ttarttalo, Ibaizabal, S.M. eta abar). Esan liteke mota honetako itzulpenen funtzioak euskarak ordura arte garatu ez zituen hainbat alor betetzea eta eskola-sistema berriaren eskari izugarriari erantzutea zirela.

Haur eta gazte literatura albo batera utziz, munduko literatura euskal irakurleari gerturatzeko ekimenik garrantzitsuena "Literatura Unibertsala" izeneko bilduma litzateke. Proiektu hori 1989an jarri zen abian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta EIZIEren arteko akordio bati esker: urtero itzulpen lehiaketa bat antolatzea erabaki zen literatura unibertsaleko lan klasikoen kalitatezko euskal itzulpenak bultzatzeko. Ez zen erraza izan itzuliko ziren maisulanen zerrenda kanoniko bat osatzea, erabilitako irizpideen arabera (testuaren luzera eta kalitatea, merkatuko indar nagusiak, irakurtzeko erraztasuna eta itzulgarritasuna, esate baterako) izugarri alda baitzitekeen itzultzeko aukeratutako obren zerrenda. Zalantza horiek gorabehera, argi zegoen EIZIE bezalako elkarte batek ezin zituela baztertu mundu mailako ospea lortu zuten tituluak, eta azkenean erabaki zen euskarara itzuliko ziren liburuen zerrenda XIX. eta XX. mendeetako autore klasikoen lanekin osatzea, modernitatea harturik ardatz. Lehen itzulpen lehiaketa 1989an egin zen, eta garaile suertatutako zazpi itzulpenak EIZIEren eta Ibaizabal argitaletxearen arteko lankidetzaz argitaratu ziren, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Orduz geroztik antzeko kopuruak itzuli izan dira urtero; gaur egun, baina, Elkar eta Alberdania argitaletxeen arteko lankidetzaz argitaratzen dira itzulpenok (ALDEKOA eta OLAZIREGI 2001; AUZMENDI 1990).

EUSKARATIKO ITZULPENA

Euskal itzulpengintzaren inguruko bibliografia oso eskasa bada euskaratutako literatura unibertsalaren arloan, zer esanik ez euskaratik itzulitako literaturari dagokionez: nekez aurki liteke euskal literaturak Euskal Herritik kanpo izan duen harrera aztertzen duen lanik. Arrazoi nagusia hauxe da, euskaratik itzultzearen jarduna azken bi hamarkadetan baino ez dela hasi indarra hartzen, eta ondorioz euskaratiko itzulpenak ez direla orain arte sakonki aztertu.

Gauzak horrela, euskal literaturaren inguruko bibliografia orokorrean eta liburu-katalogo eta datu-base desberdinetan egindako bilaketetan oinarritu behar izan dut atzerriko hizkuntzetara itzuli diren euskal liburuei buruzko atal hau. Honako hauek gertatu zaizkit zeregin honetarako tresnarik erabilgarrienak: Espainiako estatuan argitaratutako liburuak aztertzeko, Espainiako ISBNren datu-basea; beste herrialde batzuetan argitaratutako liburuak bilatzeko, aldiz, UNESCOren Index Translationum datu-basea.

Datu-iturri hauetatik ondoriozta dezakegunez, frankismoaren amaiera baino lehen argitaratutako euskaratiko itzulpenak euskal itzultzaileek eginak dira (sarri asko idazleek berek), ia beti gaztelaniara: Gabriel Arestik euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuen bere Harri eta Herri poema-liburu famatua, esate baterako; beste adibide bat Joan Antonio Mogelen Peru Abarka dugu, 1802an idatzia eta 1881ean argitaratua, Resurrección María Azkuek 1899an gaztelaniara itzulia. Hor ditugu baita ere Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), Lino Akesolok erdaratua (1966), eta Txomin Agirreren Auñemendiko lorea (1898), Inazio Goikoetxearen 1967ko gaztelaniarako itzulpenarekin.

1980ko hamarkadan hasi zen entzuten euskal literatura Euskal Herriko mugetatik kanpo, neurri handi batean hainbat euskal idazlek Euskal Herrian eta Espainian irabazitako sariei esker: Atxagaren Obabakoak Espainiako Narratiba Sari Nazionalean izan zen saritua, besteak beste; Unai Elorriagaren SPrako tranbiak sari bera eskuratu zuen; Miren Agur Meaberen Azalaren kodea poema-liburuak Euskadi Kritika Saria irabazi zuen, eta Lurdes Oñederrak Euskadi Saria jaso zuen Eta emakumeari sugeak esan zion eleberriagatik. Gaur egun, aipatu sari horiek eta euskal literaturaren zabalkuntza helburu duten beste ekimen gutxi batzuk salbu (Renoko University of Nevada -ko Center for Basque Studies-ek abiarazitako "Basque Literature Series" bilduma dugu adibide bat), urriak dira euskaratiko itzulpenak sustatzen dituzten ekimen eta diru laguntzak. Nahikoa da UNESCOren Index Translationum datu-baseari begiratu bat ematea munduko herrialde desberdinetan argitaratutako euskal liburuen itzulpenak zein urriak diren ikusteko. 2005eko ekainean argitaraturiko datuen arabera, Espainiako estatua da noski euskaratiko lan gehien itzuli diren herrialdea: 598 titulu itzuli omen ditu gaztelaniara eta estatuko beste hizkuntzetara. Espainia alde batera utziz, ordea, oso txikiak dira gainontzeko herrialdeetan argitaratutako euskal itzulpenak: Frantzian 32, Alemanian 9, Estatu Batuetan 7, Herbehereetan 5, Finlandian 5, Suitzan 3, Danimarkan 3, Grezian 3 eta Polonian 2. Gainera, kontuan hartu beharrean gaude datu-base honetan ageri diren itzulpen asko eta asko ez genituzkeela literaturaren zentzu hertsiaren arabera definituko, ikerketa lanak, txostenak edo azterketak baitira. Narratiba, poesia eta gainontzeko literatura generoetara mugatuz gero, itzulpen kopuruak nabarmen egiten du behera, are gehiago kontuan hartzen badugu lan horien erdia inguru haur eta gazte literaturaren alorrari dagokiola. Zerrenda mugatu horretatik Bernardo Atxagaren lanak ere kenduz gero (bera izan baita Euskal Herritik kanpo arrakasta eta aintzatespen handiena lortu duen euskal idazlea), oso lagin txikia geratzen zaigu, euskal literaturaren aberastasun eta aniztasuna inolaz ere islatzen ez duena. Eta aipatu datu-basean ageri ez diren eta beste iturri batzuetan topatu ahal izan ditudan itzulpenek ere ez dute gehiegi aldatzen euskaratiko itzulpengintzaren egoera orokorra.

Poesia, saiakera, antzerkia

Gaur egungo euskal literaturan narratibak duen nagusitasuna (Torrealdairen ikerketaren arabera, 2003an ekoitzitako euskal literatura liburuen % 62,3 narratiba-testuek osatzen zuten; poesiak eta antzerkiak, aldiz, literatura ekoizpen osoaren % 14,5 eta % 4,8 baino ez zuten iritsi, hurrenez hurren, TORREALDAI 2005) argi islatzen da kanpoko hizkuntzetara itzulitako liburuen korpusean: euskaratik itzulitako lan gehienak prosazkoak dira, eta oso urriak dira euskal poesia beste hizkuntzetan eman duten liburuak. Adibide gisa Atxaga hartuko dugu berriz ere ahotan: Etiopia eta Henry Bengoa, Inventarium poema liburuak gaztelaniazko bertsioan argitaratu ziren Poemas & Híbridos izenburupean, eta ondoren katalanera, frantsesera, italierara eta finlandierara itzuli ziren. Beste adibide bat Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poema liburua dugu, 2001ean Espainiako Kritika Saria irabazi ostean gaztelaniara eta portugesera itzulia. Harkaitz Canoren hainbat poema ere argitaratu dira idazleak berak egindako gaztelaniazko itzulpenarekin batera: Dardaraen interpretazioa. Interpretación de los sueños argitalpen elebidunak poeta gaztearen poesia ekoizpen ia guztia biltzen du, Kea behelainopean bezala (1994) eta Norbait dabil sute-eskaileran (2001) liburuetan agertutako olerkiak ez ezik poema argitaragabe batzuk ere jasotzen baititu. Felipe Juaristiren poesia lanik ere itzuli da beste hizkuntzetara: Laino artean zelatari katalanera itzulia izan da, eta Galderen geografia, berriz, gaztelaniara.

Adibide hauez eta beste bakan batzuez gain, ordea, euskal poesiaren itzulpen oso gutxi argitaratu dira liburu formatuan. Itzulitako euskal poema gehienak han hemenka argitaratu izan dira, antologietan edota literatura aldizkarietan. Aurkeztu berri ditugun adibideetara itzuliz, esaterako, Atxagaren Poemas & Híbridos liburuko poema ugari aurki genitzake herrialde desberdinetako literatura aldizkari eta antologietan: Espainian, Italian, Austrian, Alemanian, Frantzian, Estatu Batuetan, Bulgarian, Mexikon, Herbehereetan, Polonian eta Ukranian argitaratu izan dira, besteak beste.

Baina euskal poesiaren zabalkuntza sustatu eta ahalbidetu duen tresnarik garrantzitsuena Interneta bera dugu: euskal poeta askok webgune desberdinei esker ezagutarazi dute euren poesia beste hizkuntzetan. Adibide bat TRANSCRIPT aldizkari elektronikoa dugu, zeinak bere 5. zenbakian euskal literaturari eskainitako atal bat argitaratu baitzuen hainbat euskal poetaren lanen ingelesezko itzulpenekin: Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Juanjo Olasagarre, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Felipe Juaristi eta Bernardo Atxaga ingelesez irakur daitezke bertan, baita Rikardo Arregi Diaz de Herediaren hainbat poemaren alemanezko itzulpenak ere.

Euskal literatura sarearen bidez zabaldu asmoz abiarazitako beste ekimen garrantzitsu bat Armiarma proiektua dugu, Susa argitaletxeak sustatua. Webgune berritzaile eta zabal honek irakurle ororen eskura jartzen ditu euskal literatura lan ugari, euskaraz ez ezik baita beste hizkuntzetara itzulirik ere. 150 liburutik gora eskaintzen ditu on-line, batzuk euskaraz sortuak eta beste batzuk euskarara itzuliak (Arthur Miller, Oscar Wilde, Patricia Highsmith, Arthur Rimbau eta Shakespeare bera ere irakur daitezke, besteak beste, euskaraz). Gaur egungo euskal literatura ez ezik euskal klasikoen lanak ere irakurgai daude webgune honetan (lehen euskal liburu argitaratua, Linguae Vasconum Primitiae, on-line bertsioan irakur daiteke, esate baterako), eta literatura generoei dagokienez ere askotarikoa da, prosa, poesia eta antzerki lanak biltzen baititu.

Beste hizkuntza batzuetan ere irakur daitezke euskal testuak webgune honetan, katalanera, alemanera, ingelesera, frantsesera, galegora, italierara, portugesera, errumanierara eta gaztelaniara egindako hainbat itzulpen eskaintzen baititu. Batzuk aurrez argitaratu izan diren liburuetatik hartuak dira, baina beste asko eta asko, poesiaren alorrekoak batez ere, aldizkari edo bildumetan baino ez dira argitaratu, eta bada sarean baizik argitaratu ez den lanik ere.

Antzerkiaren alorrera etorriz, askoz ere bakanagoak dira euskaratik itzulitako lanak. Xabier Mendiguren Elizegiren Heroien gaua eta Telesforo ez da Bogart nahiz Ixiar Rozasen Gau bakar bat antzerki lanen gaztelaniarazko itzulpenak genituzke adibide urrietako batzuk. Saiakerak betetzen duen lekua ere oso mugatua da bai jatorrizko ekoizpenari bai itzulpenari dagokienez. Adibide gisa aipa genitzake Jon Alonsoren Idiaren eraman handia, gaztelaniara itzulia, Atxagaren Groenlandiako lezioa, gaztelaniara, eta Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa, gaztelaniara eta alemanera itzulia.

Narratiba

Lehenago esan bezala, eraiki nahian gabiltzan korpus honetan narratiba lanen kopuruak aise gainditzen du poesia lanena. Xede hizkuntzei dagokienez, ordea, euskaratik itzulitako eleberriak ez dira oso ugariak gaztelaniaren eremutik kanpo. Hogeita sei hizkuntzatara itzulitako Obabakoak alde batera utziz gero, ezin esan genezake euskal eleberri askok ikusi duenik argia gaztelania ez beste hizkuntza batean. Honen erakusgarri genituzke Joan Mari Irigoienen liburuen itzulpenak. Beste hizkuntzetan argitaratu zaizkion bost liburuetatik lau gaztelaniazko itzulpenak dira (Babilonia, Lur bat haratago, Poliedroaren hostoak eta Consumatum est); Babilonia baino ez da beste hizkuntza batera itzuli, katalanera. Antzeko zerbait gertatzen da Anjel Lertxundi (sei itzulpen, denak gaztelaniara), Jon Alonso (hiru itzulpen, hirurak gaztelaniara), Ramon Saizarbitoria (bederatzi itzulpen, horietatik bost gaztelaniara) eta beste hainbat euskal idazlerekin.

Euskaratiko itzulpenen xede-hizkuntza nagusia gaztelania izateak euskal itzulpen jardueraren bereizgarri interesgarrienetako batera garamatza. "Auto-itzulpena" deituriko fenomenoaz ari gara. Euskara hizkuntza minorizatua izaki, euskal hiztun guztiak elebidunak dira gutxienez, eta euskal idazle asko eta askok ekin dio bere liburuak bere beste ama-hizkuntzara itzultzeari (oro har gaztelaniara).

Hauxe da, esaterako, Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano eta euren literatura ekoizpenak gaztelaniara itzuli dituzten beste hainbaten kasua. Itzulpen mota berezi baten aurrean gaude, nork bere lanak itzultzeak zaildu egiten baitu askok ezinbestekotzat jotzen duen sorburu-testuarekiko urruntze edo bereizketa hori. Horrexegatik, hain zuzen ere, auto-itzulitako liburu asko ez dira itzulpen gisa aurkezten, moldaketa gisa baizik. Unai Elorriagak, bere SPrako tranbia gaztelaniara itzuli ondoren, gaztelaniazko bertsioa hobea dela dio: "Es como esas otras reescrituras que necesita siempre una novela, pero en otra lengua" (GARCÍA-CARO 2005).

Era berean, Bernardo Atxagak auto-itzulpenak eskaintzen duen askatasuna aipatzen du:

Egileak duen garrantziak, kritikak izanda ere, urria baino urriagoa bihurtzen du itzultzailearen askatasun maila. Eta, noski, bere lana itzultzen duen idazleak, berriz, askatasun maila izugarri handia du. Nik batere arazorik ez dut testu bat puskatzeko edo orri bat kentzeko, edo beste bat eransteko, ondo baino hobeto baitakit inork ez didala ezer esango. Nik ez dut inolako gizarte-presiorik. Askatasun maila ezin handiagoa dut, zentzu horretan.(...) Begien bistakoa da askatasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta leku handiagoa dagoela norbere ahalmen sortzailerako. (ATXAGA 2001).

Beste idazle batzuek nahiago izaten dute euren liburuen itzultzaile ez izan. Hauxe da, esaterako, Anjel Lertxundiren kasua; bere Lur hotz hau ez da Santo Domingo ipuina itzultzeko saiakeraren ondoren bere liburuen itzultzaile ezin zuela izan erabaki zuen:

(...) euskaraz argitaratua dagoen testua eta gaztelaniaz dagoena desberdinak dira. Gaztelaniazkoak, esango nuke plus bat duela. Nolabait, halako working progress bat eginaz, halako tranpatxoak eginaz, testu originalean dauden ahuleziak saihestuz, beste modu batera bideratuz, eta abar, jatorrizko testua traizionatu egin nuen.

Beraz, bere liburuak berak ez itzultzeko erabakia hartu zuen. Erabaki horren atzean bi arrazoi omen daude:

bat apuntatu dut, jatorrizko testuarekiko leialtasuna gorde nahia (...). Norbaitek itzuli nahi badu obraren bat beste hizkuntza batera, orduan euskaraz jakin egin behar du eta hori gertatzea zaila da gehienetan. Halakoetan, jakina, espainiera eta frantsesa hizkuntza zubi gisa erabili beharra gertatzen da. (...) Zilegi da, baina halakorik egiteko ere pentsatzen dut lehendabizi euskarazkoa eta gaztelerazkoak parez parekoak izan behar dutela.

Bigarren alderdi bat badago kontsiderazio hau egiterakoan (...): nik jakinaren gainean lan egingo banu, egiten ari naizen testu hori gero tradizio handiagoa duen hizkuntza batera itzultzeko dela jakinik alegia, orain hemen euskaraz ditudan zailtasunak saihestu, baztertu, albo batera utzi, eta gero espainolez halako testu finko bat egingo dudala jakinda, ez nintzateke hain zehatza izango. (...) Argi dut ez nukeela halako ahaleginik egingo zehatza izaten, konpondu behar ditudan arazo teknikoak, literarioak, linguistikoak, errazago saihestuko nituzkeela beti ere jakinaren gainean, egunen batean testu hori itzultzen baldin bada beste hizkuntza batera, nik hura kontrolatu ahal izango dudala eta berriro ere han egingo dudala nire bide literarioa bigarren hizkuntza horretan. (LERTXUNDI 1999).

Adibide hauek ikusita ondoriozta genezake beste idazle baten liburuak itzultzen dituen itzultzaileak fideltasun handiagoz jokatu ohi duela jatorrizko testuarekiko bere liburuak itzultzen dituen idazleak baino. Leial izan behar horretaz gain, ordea, euskararen izaera minorizatuak beste arazo bat sortarazten du, Lertxundik ongi asko azaldu bezala; zubi-hizkuntzen beharra, alegia. Begien bistakoa da beste hizkuntzetara itzulitako euskal liburu guztiak ez direla zuzenean itzuli euskaratik. Gaztelaniazko bertsio guztiak eta frantsesezko, katalanezko edota ingelesezko itzulpen gutxi batzuk jatorrizko euskal bertsioan oinarritu izan bide dira, baina badakigu alemanezko, italierazko, albanierazko, grekerazko eta beste hizkuntzetako itzultzaile gehienek zubi-itzulpenen bat (gehienetan gaztelaniazko bertsioa) erabili izan dutela sorburu eta xede testuen arteko bitarteko gisa. Horren adibide dugu Atxagaren Gizona bere bakardadean liburuaren gaztelaniazko itzulpena (autoreak berak eta Arantxa Sabanek egina), beste itzultzaileek gero katalanezko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioetarako sorburu-testu gisa erabilia. Unai Elorriagaren Van Hoff-en ilea ere gaztelaniara eta katalanera itzulia izan da, nahiz eta kasu honetan beharbada ez genukeen zubi-testu batez hitz egingo, idazleak berak onartzen baitu bere eleberriaren gaztelaniazko bertsioa ez dela itzulpena, euskarazko bertsioaren moldaketa baizik.

Halere, bi kasuek arazo berberari egin behar diote aurre. Euskara hizkuntza minorizatua izanik, edozein euskal hiztunen egureko bizitza testuinguru elebidun edo eleanitz batean gertatzen da. Ondorioz, egoera linguistiko hori islatzen duten liburuen itzultzaileek oztopo handi batekin egiten dute topo. Linda White-k, Atxaga adibidetzat hartuz, ezin hobeto azaltzen ditu Euskal Herriko testuinguru eleanitzak zenbait euskal eleberriren itzulpenetan sor ditzakeen zailtasunak:

Obabakoaken inon baino argiago ikus dezakegu Atxagak bere euskal testuetan hizkuntza arrotzak tartekatzeko duen joera. (...) Narratzaileak (istorioa lehen pertsonan kontatzen da) ingelesa ere erabiltzen du istorioan zehar. (Margaret Jull Costa-ren ingelesezko itzulpenean, ordea, ingeleserako aldaketa horiek ez dira adierazten, eta irakurleak ez du jakiterik istorioa kontatzen deneko hizkuntza ez dela narratzailearen ama-hizkuntza). Txorien kantuak eta beste animalia batzuen soinuak ingelesezko "voice" hitzarekin deskribatzen dira, eta Atxagak euskal deklinabide atzizkia gehitzen dio hitzari hala behar duenean (voiceak). "Voice" da testuan zehar gehien errepikatzen den hitz arrotza, lehen orrian bakarrik zazpi aldiz aipatzen baitu Atxagaren narratzaileak Laura Sligok entzuten dituen oihaneko soinuak deskribatzeko. Baina horretaz gain, lehen orrian bertan "river" hitza ere ageri da euskaraz deklinatuta, "riverretako", baita "high land" ere (232). Hurrengo orrialdean honako hauek aurki ditzakegu: "voiceak", "letter", "If lost, return to sender", "letter", "God knows", "river" (riverren), "Medical Captain", "voiceak" eta "voiceak". (WHITE 2000, neure itzulpena).

Euskararen testuinguru eleanitzak euskal itzulpen askotan sortzen dituen zailtasunen adibide bat baino ez dugu honako hau.

Haur eta gazte literatura

Aurrerago aipatu bezala, euskarara itzulitako literaturaren zati handi bat haur eta gazte literaturari dagokio. Antzera gertatzen da euskaratiko itzulpenekin: euskaratik itzulitako lanen erdia inguru haur eta gazte literaturako liburuak dira. Mariasun Landa dugu arlo honetan gehien itzuli den idazlea: bere liburuak gaztelaniara ez ezik beste hizkuntza askotara ere itzuli dira: ez soilik Espainiar estatuko hizkuntzetara (katalanera, galegora, aranerara, aragoierara eta asturierara), baita ingelesa, alemana, frantsesa, bretoiera, grekera eta albaniera bezalako hizkuntzetara ere. Hizkuntza askotara itzulitako haur eta gazte literaturako euskal idazleen artean aipatzekoak dira halaber Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Euskal Herriko haur eta gazte literaturaren alor honen bereizgarri deigarrienetako bat euskaratik Espainiako estatuko hizkuntzetara egindako itzulpen kopuru handia dugu. Osatzen ari garen korpusean ikus dezakegunez, Espainiako estatuan argitaratutako itzulpenen xede-hizkuntzak ez dira soilik gaztelania, katalana eta galegoa, baita beste hizkuntza minorizatu batzuk ere. Asturieraren, aragoierararen eta araneraren kasuak bereziki interesgarriak dira hizkuntza minorizatuetako itzulpengintza aztertzerakoan: hizkuntza-ofizialtasunik aitortzen ez zaienez eta estatuko beste hiru hizkuntza minorizatu ko-ofizialek baino hiztun kopuru txikiagoa dutenez, euren literaturak ez dira aipatu beste hizkuntzenak bezain emankorrak, eta ondorioz itzulpenak erabili behar izan dituzte euren literaturetako hutsuneak betetzeko. Hizkuntza hauetan argitaratzen den liburu-bilduma ezagunenetako bat "Eta zer?" dugu, Argitaletxe Elkartuak izeneko plataformak abiarazitako ekimena, Elkar argitaletxearen eta beste argitaletxe katalan, valentziar, galiziar, aragoitar eta asturiar batzuen arteko lankidetzaz sortua. Bilduma honetako liburu gehienak euskaraz idazten dira (orain arte argitaratutako 13 liburuetatik 6 euskaraz sortuak dira, 3 gaztelaniaz eta 2 galizieraz), eta ondoren beste hizkuntzetara itzultzen dira, nahiz eta itzulpenak gaztelaniazko bertsiotik egiten diren eta ez jatorrizko euskarazko testutik. Adibide gisa aipa genitzake Txilikuren Arreba txiki bat dut, eta zer? eta Miren Agur Meaberen Etxe bitan bizi naiz, eta zer?, euskaratik gaztelaniara eta ondoren, katalanera, valentzierara, galegora, aragoierara eta asturierara itzuliak.

ONDORIOAK

Euskal literaturaren eta itzulpengintzaren gaineko azterketa labur honetatik ondoriozta dezakegunez, itzulpengintzak izugarrizko ekarpena egin dio euskarari eta euskal literaturari. Euskal literaturaren historiaren garai desberdinetan argitaratutako Bibliaren itzulpenak aztertuz, esaterako, argi ikus dezakegu garaian garaiko itzulpenek eragin handia izan dutela hizkuntza literario baten sorkuntzan, eta joera literario berriak ere itzulpenei esker bereganatu izan dituela neurri handi batean euskal literaturak. Gauza bera esan genezake gaur egungo literatura ekoizpenari buruz ere. Ikusi dugu 1970eko eta 1980ko hamarkadetan itzulpena izan dela euskal kultur produkzioaren oinarri sendoenetako bat: euskarara (gehienetan zuzenean) egindako kalitate oneko itzulpenei esker euskal literaturak errusiera edo txekiera bezalako hizkuntza arrotzen literaturetatik edan ahal izan du. Argi esan zuen Anjel Lertxundik:

Itzulpengintzan egin den ahalegina jotzen dut, batere zalantzarik gabe, azken urteotako euskal literaturan gertatu den albiste esanguratsuen. Itzulpengintza ari da hizkera literarioa eraikitzen, itzulpengintza ari da, zehaztasunaren bidetik, jokabide desberdinetarako bideak zabaltzen, zehaztasunean baizik ez baitaiteke oinarri aniztasuna. (TORREALDAI 1997: 221).

Aitzitik, euskaratiko itzulpena ez da oraindik oso alor emankorra. Zentzu honetan egin diren ahalegin apurrak azken urteotan baino ez dira agertu, duela urte gutxira arte ez baita itzulpen politika argirik egon. 2000. urtean abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak euskal liburuak nazioartean ezagutarazteko ekimena, diru laguntzak eskainiz euskal liburuak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko. Urte berean jarri zen abian Euskal Herriko Unibertsitatean itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia. Halere, aitortu behar dugu politika gabezia hau kalitate oneko itzultzaile faltarekin estuki lotuta dagoela, ziurrenik euskal unibertsitateek ez dutelako oraindik nazioarteko trukaketa-programa gehiegirik eskaintzen.

Dena den, egoera hau aldatzen ari da hainbat idazle eta itzultzaileren lan konprometituari esker, eta hizkuntza desberdinetara egindako kalitate oneko itzulpenak ari dira nolabait aldarazten euskal literaturak atzerrian eduki izan duen irudi faltsua. Oraindik ere alor asko geratzen dira lantzeke euskal itzulpengintzaren eremu zabalean. Artikulu honen xedea egoera horren ikuspegi orokorra eskaintzea zen, baita hizkuntza minorizatuetatik itzultzean gertatu ohi diren fenomenoak azaldu ahal izateko ikerketa sakonagoen beharra aldarrikatzea ere. Fenomeno horietako bat auto-itzulpena dela esan dugu; berau aztertzeak komunitate berberean hitz egiten diren bi hizkuntzaren arteko harremanak nola garatzen diren ulertzen lagun lezake. Beste fenomeno bat itzulpenaren funtzio manipulatiboa da, literaturaren eta kulturaren interpretazio okerren errudun askotan. Euskal herriko kultur sistemaren baitan itzulpen jarduerak halako garrantzia hartu duen honetan ez da batere harritzekoa kritikaren aldetiko interesa piztu izana itzulpenak kultur identitate jakin baten eraikuntzan eta transmisioan izan dezakeen eraginaren inguruan. Ziur gaude gai honek eztabaida aurreragarriak eta ikerbide berriak irekiko dituela datozen hamarkadetan.



Bibliografia:

ALDEKOA, Iñaki; OLAZIREGI, Mari Jose (2001): «Zenbait gogoeta Literatura Unibertsala bildumaz» in Senez, n° 23 (2001eko azaroa), ekainaren 15ean kontsultatua.

ATXAGA, Bernardo (2001): «Hitzaldia literaturaz eta itzulpengintzaz» in Senez, n° 23 (2001eko azaroa), ekainaren 15ean kontsultatua.

AUZMENDI, Lurdes (1990): «Literatura Unibertsala deritzan itzulpen bildumaz» in Senez, n° 10 (1995eko urtarrila), ekainaren 15ean kontsultatua.

GARCÍA-CARO, Pedro (2005): «Anaqueles caseros, Entrevista a Unai Elorriaga», University of Oxford, ekainaren 15ean kontsultatua.

LERTXUNDI, ANJEL (1999): «Anjel Lertxundi eta Jorge Gimenez Bech: idazlea eta bere itzultzailea» in Senez, n° 21 (Jan. 1999), ekainaren 15ean kontsultatua.

LOPEZ GASENI, Manu (2000): «Euskaratutako haur eta gazte literaturaren azterketa: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak» in Senez, n° 22 (Oct. 2000), ekainaren 15ean kontsultatua.

LOPEZ GASENI, Manu; ETXANIZ ERLE, Xabier (2005): 90eko hamarkadako haur eta gazte literatura, Iruñea: Pamiela.

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier (1995): Euskal itzulpenaren historia laburra, Donostia: Elkar.

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier (1993): «Euskal itzulpenaren garapena» in Senez, n° 14 (July 1993), ekainaren 15ean kontsultatua.

OLAZIREGI, Mari Jose (2005): «The Awakening of Basque Literature» in Transcript, n° 5, ekainaren 15ean kontsultatua.

SARASOLA, Ibon (1975): Euskal Literatura Numerotan, Donostia: Kriselu.

TORREALDAI, Joan Mari (1979): Euskal idazleak gaur, Donostia: Jakin.

TORREALDAI, Joan Mari (1997): Euskal kultura gaur, Donostia: Jakin-Elkarlanean Fundazioa.

TORREALDAI, Joan Mari (2005): «Euskal liburugintza 2003» in Jakin, n° 146-147 (Urtarrila-apirila).

VENUTI, Laurence (1995): The Translator's Invisibility, London: Routledge.

WHITE, Linda (2000): «From apologists to a Basque-speaking universe: the use of (foreign) languages in Basque literature», in From Stateless Nations to Postnational Spain, Colorado: Society of Spanish and Spanish-American Studies.