18th and 19th centuries

© Jean Haritxelar, irakasle emeritua (Michel de Montaigne-Bordeaux 3 Unibertsitatea)

© Itzulpena: Di-Da

Mugaz haraindiko zubia

XVIII. mendeko euskal literaturaren gainbegiratuarekin hasteko lehenik eta behin Joanes Etxeberri (1668-1749) aipatuko dugu. Sarakoa (Frantzia) zen eta medikuntzan doktorea. Lan profesionala Hego Euskal Herrian egin zuen, hasieran Beran (1713) eta Hondarribian (1723), eta geroago Azkoitian finkatu zen (1725-1749). 1718an Lau urdiri gomendiozco carta edo guthuna argitaratu zuen Baionan eta hurrengo liburuak argitaratzeko Lapurdiko Biltzarrari laguntza eskatu zion: Escuararen hatsapenac, eta lau hizkuntzatan egindako hiztegia, euskara, gaztelania, frantsesa eta latina ikasteko. Eskaera arbuiatu egin zioten, ordea. Horren ondorioz, Etxeberriren lana ez zen argitaratu bera hil eta gerora arte. Badakigu Azkoitian XVIII. mendearen bigarren erdialdean izan zen mugimendu intelektual garrantzitsuaren protagonista batzuekin harremana izan zuena.

Etxeberriren asmoa didaktikoa izan zen batik bat, eta halaxe erakusten du Gidor Bilbao Telletxea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Etxeberriren lanen edizio kritikoan (argitaratu gabeko doktorego-tesia, 2006). Zalantzarik gabe XVIII. mendeko, Argien Mendeko, gizakia izan zen, hau da, irakaskuntza-maila handitzearen alde egin eta hezkuntzaren premia aldarrikatu zuen pertsona. Fenelon eta geroago Jean-Jacques Rousseau Frantzian edo Jovellanos Espainian, esandakoaren adibide dira.

Aurretiaz Axularrek egin zuen bezala, Etxeberrik euskararen etorkizunari buruzko kezka adierazi zuen. Ildo horretan, euskara goratu eta haren apologistetako bat bihurtu zen. Burgesiak frantsesa lehenesten zuela ohartuagatik ere euskaraz idazteko hautua egin zuen, eta euskaldun guztiak euskararen garbitasunaz, jatortasunaz eta antzinatasunaz ohar zitezen saiatu zen. Etxeberrik ez zuen zalantzarik izan beren hizkuntza erdeinatzen zuten euskaldunak kritikatzeko, bere iritzian erdeina baizik ez baitzuten merezi. Gazteen heziketaren alde egin zuen eta ez zuen dudarik egin zuzenki haiengana jotzeko eta ikastera bultzatzeko. Escual Herri eta Escualdun guztiei escuarazco hatsapenac latin icasteco liburuan irakaskuntza-hizkuntza euskara da. Latina eta euskara lotzen dituen gramatika bat da, latina baitzen garai hartan jakintzaren hizkuntza. Zoritxarrez galdua den lau hizkuntzatako hiztegiak, aldiz, aldameneko hizkuntzei eta kulturei irekita dagoen pertsona ere bazela erakusten digu.

Pierre Urte ere ekarri behar dugu gogora (1664-?): 1712an gramatika bat egin zuen, nahiz eta 1900 arte ez zen argitara eman. Bestalde, Sarako Etxeberriren ildo beretik eta kezka didaktiko berdinarekin, Martin Harriet Haltsuko notarioak 1741ean Baionan euskara-frantsesa gramatika elebiduna argitaratu zuen, frantsesa ikasi nahi zuten euskaldun guztientzat.


Larramendiri buruz

Mitxelenaren hitzetan, "Bidasoako alde honetan kalitate maila bat duen idatzizko literaturaren hastapena Aita Manuel Larramendiren pertsonalitate bikainari lotuta dago" (1960:93). Hala da ezen Manuel Larramendi jesuita (1690-1766) XVIII. mendean euskal hizkuntzaren eta kulturaren argi distiratsu gisa ageri baita. Sarako Etxeberrik ez bezala, Larramendik erdaraz, gaztelaniaz, idatzi zuen eta horri esker, beraren lanek eragin zituzten eztabaiden ondorioz, Espainia osoan ezagunak izan ziren. Patuak gurutzatu izan balitu bezala, bitxia da ikustea Etxeberrik mende laurdena baino gehiago eman zuela Hego Euskal Herrian eta aldiz Larramendik urte batzuk eman zituela Baionan, Ipar Euskal Herrian. Baionan, hain zuzen, Neoburgoko Maria Ana erreginaren aitorle izan zen.

Halere, Larramendik Salamancan argitaratu zuen euskararen defentsa eta apologia, teologia irakasle izan baitzen bertan: De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas, demostración previa al Arte que se dará a luz desta lengua (1728). Larramendiren arabera euskara Espainiako hizkuntzarik zaharrena da, antzinateko espainiarren hizkuntza unibertsala, eta euskaldunak dira benetako espainiarrak, Espainiako antzinako biztanleen eta haien ondorengoen ondokoak. Geroago, 1729an, El imposible vencido. Arte de la lengua vascongada argitaratu zuen; aurreko argitalpenean iragarri zuen liburua, hain zuzen. Argitara eman den lehen euskal gramatika da eta ondorioz interes handikoa. Lan metodikoa da eta euskara hizkuntza basa eta landatar, ez kultutzat, zutenei hizkuntza hori ezagutzera ematea izan zen haren helburua. Larramendik hizkuntzaren egitura deskribatzen du: deklinabidea, aditz-taula, sintaxia, bai eta haren prosodia ere, eta euskal poesiaren adibide batzuk ematen ditu. 1736an Madrilen Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria. Cuestión decidida si las provincias de Bizcaya, Guipuzcoa y Alaba estuvieron comprehendidas en la antigua Cantabria argitaratu zuen. Bertan, euskaldunak Espainiako jatorrizko biztanleen ondorengoak direlako ideia sakondu zuen. Dena delarik ere, zalantzarik gabe Larramendiren lanik garrantzitsuena Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín da. Bi liburukitan argitaratu zen, Donostian, Gipuzkoako Aldundiak finantzatua, eta inprimatutako lehen hiztegia izanik, are baliotsuagoa da. 220 orrialdeko sarrera luzean adierazten den bezala Espainiako Hizkuntz Errege Akademiaren hiztegia oinarri hartuz idatzi bazuen ere eta hiztegian berak asmatutako hitzak eta benetan bitxiak diren etimologiak sartu bazituen ere, ukaezina da lan horrek eragin handia izan zuela ondorengo idazleengan.

Corografía y descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipuzcoa lana ere aipatu behar dugu, Aita Fitak 1882an Bartzelonan argitaratu zuen arte inprimatu gabe egon zena. Lan horretan Larramendik XVIII. mendeko Gipuzkoaren ikuspegi atsegin eta pintoreskoa ematen du. Lan etnografiko interesgarria da, Iztuetaren lanaren aurretikoa.

Larramendik euskaraz idatzi zituen idazkien zerrenda laburra bada ere (Aita Mendibururi idatzi zion eskutitza, Jesusen Bihotzaren Devocioa liburuaren lehen edizioaren sarreratzat erabili zena, Hiztegi Hirueledunaren sarreran tartekatutako paragrafoak, San Agustinen ohorezko gorazarre-sermoia, Aita Mendibururen aurkako irizpen arrazoitua...), haren garaikideentzat Larramendi euskararen defendatzaile handia izan zen, zalantzarik gabe euskara balioztatzen eta hari prestigioa ematen lagundu zuena.

Aita Agustin Kardaberazek (1703-1770) ere jardun garrantzitsua egin zuen. Itzulpenez eta liburu eliztar ugariez gain, Iruñean 1761.ean argitaratu zen Eusqueraren Berri Onac eta ondo escribiteco, ondo iracurtceco, ondo itceguiteco erreglac lana azpimarratu behar da. Retórica Vascongada izena ere eman zaio eta Axularrek eta Sarako Etxeberrik idatzi zutenaren ildotik, helburu didaktiko argia dauka.

Aita Sebastian Mendiburu (1708-1782) Oiartzunen jaio zen eta 1725ean Jesusen Konpainian sartu zen. Geroago Iruñean kokatu zen eta badakigu San Cernin elizan euskaraz predikatzen zuena. Haren lanik garrantzitsuena Jesusen Amore-Nequeei dagozten cenbait otoitz-gai (Donostia, 1759-1760) da eta bi ediziotan eta formatu ezberdinetan argitaratu zen. Horrako hori zinez sormen-lana izan zen, aurretiaz Aita Croisset-en liburu bat itzuli baitzuen Jesusen Bihotzari buruzko debozioaz.

Jusef Egiategi zuberotarraren Filosofo huskaldunaren ekheia Txomin Peillen euskaltzainak argitaratu zuen, ez osorik, 1984an. Egiategi eskolako maisua (errejenta) eta gizon aski jakintsua izan zen, latinez eta euskaraz idatzitako idazkiei buruzko aipamenei erreparatzen badiegu. Gainera, Aita Larramendiren lana ezagutu zuen. Egiategiren lana morala da, bertuteaz, pobreziaz, edo haurren heziketaz hausnartzen duena. Ezagun denez, hamazortzigarren mendean oso ohikoa zen gai hori. Ezkontzaz, seme-alaben eta gurasoen arteko harremanaz, heriotzaz? ere hainbat hausnarketa azaltzen ditu. Esan genezake apologista bat dugula, ez baitu zalantzarik euskarari gorazarre egiteko, haren antzinatasuna goratzeko eta Jaungoikoaren obra dela baieztatzeko. Euskaldun izateaz harro dela eta "euskaldun ez banintz izan egin nahi nuke" erratera ere iritsi zen. Gaur egun bere hainbat lan gordetzen dira Parisko Liburutegi Nazionalean oraindik argitaratu gabe (cf. Aurélie Arcocha-Scarcia 2004).


Itzulpenak

Gero edo besteren bat izan ezik, Axularren liburua euskal prosaren eredutzat jo baitaiteke, XVI. eta XVII. mendeetan euskal sorkuntzan poesia nagusitu zen. Hain zuzen gehien bat poesia nagusitu zelako, euskarazko prosa garatzeko itzulpenek garrantzi handia izan zuten. Zentzu honetan, XVI. mendean Leizarragak hain egoki ekin zion itzulpenen bideari (El nuevo testamento, 1571) jarraitu zioten XVII. eta XVIII. mendean.

Miguel Chourio azkaindar eta Donibane Lohitzuneko parrokoak Kempis itzuli zuen lapurterara. Liburua Chourio hil ondoren argitaratu zen, 1720an, Jesus-Christoren Imitacionea izenburupean. Lan honek izan zituen hainbat eta hainbat berrargitalpenek haren arrakasta frogatzen dute. Martin Maister Ligiko parrokoak lan beraren zubererarako itzulpena egin zuen: Jesus-Kristen Imitacionia (1757).

Joanes Haranederrek (1669-?), Donibane Lohitzuneko etxe noble bateko semeak, Salesko San Frantziskoren Filotea itzuli zuen (1749), aurreko mendean Sylvain Pouvreauk zegoeneko itzulia zuena, eta 1750ean Gudu espirituala, Scopoliren lanaren itzulpena, argitaratu zuen. Testamendu Berriaren itzulpen osoa ere utzi zuen eskuz izkiriatua.

Bernardo Larregik, bere aldetik, M. de Royaumontek frantsesez idatzitako Historia del Viejo y Nuevo Testamento euskaratu zuen. Bi liburukitan argitaratu zen (1775-1777).

Beste bi itzulpen ere egin ziren Ipar Euskal Herrian: horietako bat Alejandro Mihura (1725-?) donibandarrarena da. Harenederrek eta Larregik egin zuten bezala, Alejandro Jose Herouville jesuitak frantsesez egindako lana itzuli zuen: La imitación de la Santísima Virgen compuesta sobre la Imitación de Cristo (1778). Bestea, Amikuzeko behe-nafarreraz idatzita dagoen gutxienetakoa, Lopez apaizak egin zuen: Aita Alfonso Rodriguezek XVI. mendean gaztelaniaz idatzi zuen Práctica de la Perfección Cristiana liburu ospetsuaren itzulpena.

Hego Euskal Herriko literatura katekista ere arrunt ugaria da eta inoiz kalitate txarrekoa ere bai, hala nola J. Otxoa Arinen katixima (1713). Aita Juan Mateo Zabalaren ustez "are beteagoa da barbarismotan eta solezismotan aipuetan baino, nahiz eta horiek ugari-ugariak diren". XVIII. mendean beste katixima batzuk ere argitaratu ziren, hala nola Martin Arzadunena (Gasteiz, 1731), Elizalde jesuitarena (1735) edo Juan Irazustarena (Iruñea, 1742). 1747an Burgosen Asteteren katiximaren itzulpen bat argitaratu zen. Kardaberazek ere egin zuen katixima berberaren beste itzulpen bat, Donostian 1760an argitaratua. Gogoan izan behar dugu Kardaberazek berak Dutari jesuitaren lanaren itzulpena ere egin zuela, Christauaren Vicitza edo orretarako Vide erreza bere amabi Pausoaquin izenburupean Donostian 1744an argitaratua. Xabier Larizek gazte eta helduentzako dotrina bat euskaratu zuen (Madril, 1757) eta Bartolome Olaetxeak Cristinauben dotrinia argitaratu zuen 1775ean. Lehen argitalpenaren ondoren lan honek beste hainbat gehiago ere izan zituen. Azkenik, Aita Juan Antonio Ubillos frantziskotarrak (1707-1789) Catéchisme historique del abate Fleury itzuli zuen 1785ean, Cristau doctriñ berri-ecarlea izenburupean. Luis Mitxelenak dioenez, "egokitzapen hau argi eta zuzen idatzita dago eta darabilen lengoaia askotan laudatua izan da" (1960:102). Horrela izaki, Bergarako Errege Mintegian ere erabili zuten.

XVIII. mendean euskararako itzulpenen bultzadak jarraipena izan zuen XIX mendean, batik bat erlijio-testuen bidez. Hain zuzen erlijio-gaien garrantziak erakusten du garai hartan Espainian eta Iraultza osteko Frantzian (Inperioa, Berrezarkuntza,...) Eliza Katolikoak zer nolako menperatze espirituala zeukan. Agerian dago idazki hauek hizkuntzaren alorrean garrantzia dutela, literatura-hizkuntza sortzen lagundu zuten heinean, baina nire ustez ezin dira euskal literaturaren parte bezala hartu. Izan ere, literatura sorkuntza baita: nork onartuko luke Oudinek egin zuen Quijoteren itzulpena frantziar literaturaren zati bezala hartzea, edo Molièren edo Shakespeareren lan baten espainierarako itzulpena espainiar literaturaren historian sartzea?


Antzerkia

Zuberoan bada herri antzerki bat, Pastorala izenekoa, zeinaren jatorria ezezaguna dugun (Bernard Oiartzabal 1981 (1991). Georges Hérelleren ustez, Erdi Aroko erlijio-misterioak antzerki landatar bihurtu ziren eta batik bat Bretainian eta Euskal Herrian sustraitu eta hazi ziren. Bitxia da bi tokiak geografikoki urrun egonagatik ere bietan gai berdinak nagusitu zirela. Liburutegietan 200 bat eskuizkribu gelditzen dira, eta zaharrena 1750eko Sainte Elisabeth de Portugal dugu (Bernard Oiartzabal 2004).

Zalantzarik gabe, Zuberoako pastorala XVIII. mendean sustraitu zen. Hérellek hamazazpi errejenten, hau da, zuzendariren, izenak eman dizkigu. Haiek dute eskuizkribua eta beraiek zuzentzen dituzte aktoreak. Antzezlanen artean honako hauek daude: Sainte Elisabeth de Portugal, Jean de Paris, Richard de Normandie, Clovis, Hélène de Constantinople, Oedipe, La Jérusalem délivrée, Saint Louis, Charlemagne et les douze pairs, hau da, sainduen edo Frantziako Erdi Aroko erregeen eta enperadoreen bizitzak nahasten diren antzezlan multzoa.

Pastorala euskal herritar landatarrentzat egindako ikuskizuna dela erran dezakegu, eta gizon aktoreak--ez baitago nahasketarik gizon eta emakumeen artean--herrikoak bertakoak direla. Landan antzezten da, zelai batean, bertan ezartzen baita antzeztokia, gibel aldea mihiseek zedarritzen dutelarik. Aktoreak hiru atetatik agertzen dira: Giristinoak, urdinez jantzita, alde bateko atetik agertzen dira; turkoak (türkak) beste aldeko atetik gorriz jantzita, infernuko kolorea baita; Elizako pertsonaiak eta aingeruak, berriz, erdiko atetik agertzen dira. Antolaketa hau dela eta, pentsa daiteke pastoralaren gaiak erlijiosoak izaten zirela, Testamentu Zaharrekoak zein Berrikoak. Gai horiekin batera sainduen bizitzak ere gai-iturri oparoak izan ziren eta herriko patroiaren jai egunean antzezten ziren. XVIII. mendean gaiak nabarmen ugaldu ziren eta harrezkero horrela izaten jarraitu du. Nabarmendu behar da gaur egun Zuberoan baizik ez dirauela antzerki landatar horrek, beste toki batzuetan, adibidez Bretainian, guztiz desagertu baita.

Ez dugu ahantzi behar, ordea, pastoralaren edo trajediaren ondoan bazirela antzezlan irrigarriak ere: "asto lasterrak". Gauez antzezten ziren, batik bat Zuberoan. Pastoralak antzezten zirenetan sarrera irrigarri gisa erabiltzen ziren, eta badakigu horietakoren batzuk noiz antzeztu ziren, adibidez Piarres eta Sabadina, 1769an. Beste batzuk, hala nola Juanic hobe eta Arlaita eta Bala eta Billota, 1788an antzeztu ziren. Antzezlan batzuek 800 ahapalditik gora ere izaten zituzten eta beste batzuek 500 inguru. Eliza Sainduak antzezlan horiek debekatu egin zituen, kaltekorrak eta lizunak zirelakoan.

XVIII. mendearen bigarren zatian Azkoitian, Gipuzkoan, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zen (1764). Hori baino lehenago, kafetegietan egindako solasaldietan biltzen ziren interesatuak, baina 1748rako dagoeneko Biltzar Akademiko bihurtuak ziren. Sarako Etxeberri 1749an hil bazen ere, pentsa daiteke bilgune eta solasaldi horietan parte hartu zuela eta bere iritzia eman zuela.

Esan daiteke Peñafloridako Kondeak zuzentzen zuen elkarte horren bidez sartu zirela "Argiak" Hego Euskal Herrian. Elkartearen helburu nagusia zientziak suspertzea, eta ez euskara lantzea, izanik ere, Frantzisko Xabier Maria Munibe Idiakez Peñafloridako kondeak (1723-1785) gaztelaniazko solasaldiak eta euskarazko kantuak biltzen zituen opera irrigarria konposatu zuen: El borracho burlado, 1764an inprimatu eta antzeztu zen Bergaran. Euskal Herriko lehen opera izan zen, genero honen gorakada eman zen mende berean. Sor Maria de la Misericordia ezizena erabiliagatik, Muniberenak berarenak dirateke Gabon Sariac, 1762an Azkoitiko elizan abestu ziren eguberri-kantak.

Itxura denez Peñafloridako Kondeak izan zuen aurrekorik, Pedro Ignacio Barrutiak Acto para la Nochebuena idatzi baitzuen, nahiz eta garai hartan argitaratu gabe gelditu zen. Jesusen jaiotzaren inguruko ekitaldi laburra da eta, Mitxelenaren ustez "euskal antzerkigintzaren lanik bikainena izatetik gertu dago eta, zalantzarik gabe, haren generoan bikainena da" (1960:105). Izan ere lan oso interesgarria baita; Belen eta Arrasate herriak abilki lotu eta tartekatzen dira bertan. Acto para la Nochebuena lana ia mirari bati esker salbatu ahal izan zen, eta 1545eko Detxepareren liburua bezala eskuizkribua da, unicum bat.


Poesia

Ikusi dugunez XVIII. mendeko ia idazle guztiak apaizak edo hainbat ordenatako elizgizonak izan ziren. Aipatu ditugun generoez gain erlijio-poesia ere landu zuten. Adibidez, Agustin Basterretxea jesuitak (1700-1761) arrakasta handiko olerkiak idatzi zituen hainbat gairi buruz, hala nola gizakiaren jomugak, penitentzia edo Kristoren pasioa. J.B. Gamiz Ruiz de Oteo edo geroagoko Añibarro dira beste idazleetako batzuk.

Ipar Euskal Herrian honako lan hauek aipa ditzakegu: Othoitce eta Cantica Espiritualac Çubero Herrico (1734), zubereraz idatzia eta Cantica espiritualac (Baiona, 1763), lapurteraz idatzia. Biek ere hainbat eta hainbat edizio izan zituzten eta gaur egun oraindik abesten dira Euskal Herriko elizetan. Salvat Monhok idatziriko 34 erlijio-kanten bilduma ere badugu, horien artean Oi Betleem ospetsua, baina ez dakigu ziurtasun osoz XVIII. mendearen bukaeran ala XIX.aren hasieran idatzi ote zituen.

Euskal literaturan eragin frantsesa eta, batik bat, Frantziatik etorritako aire edo doinuen itzala nabarmena da, eta horixe azpimarratzen du Aita Donostiak, jakinik bertsolariek, bat-bateko bertsoetan zein bertso idatzietan, abesti ezagun baten doinuari egokitzen dizkiotela bertsoak. XVIII. mendeko frantziar herri-kantutegiko bi genero nabarmen genitzake: "brunette-a" mendearen lehen erdialdean, eta "romance-a" bigarrenean. Biek ere arrakasta handia izan zuten, aire sentikorra zela eta. Ezagun dugu Garat euskal kantariak euskal abestiak, hala nola Aitarik ez dut edo Mendian zoin den eder, abestu zituela Maria Antonieta Frantziako erreginaren gortean. Hain zuzen, poesia eta sentimenduzko kutsu horrek bustiko du euskal kantagintza Frantziako modaren urratsei jarraiki. Hala, maitaleen arteko elkarrizketak eta kexuak izaki maitatuaren sinbolizazioaren bidez gauzatzen dira. Adibidez, neska maitatua Izarra izan daiteke, eta horixe baieztatzen du Agustin Chahok erraten duenean koblakarien poesian edozein neskatxa senargaiaren izarra dela. Baina izarra/emakume maitatua parekotasuna egiteak, maitasunaren muina den emaztea goi-zeruan dirdiratzen duen izarraren tokian, urruntasunean, kokatzea dakar. Emazte urruna da, soraioa, eskuraezina. Izarra gauzatu ezin den maitasunaren ikurra da.

Emazte-liliari dagokionez, izarraren ukiezintasuna gizaki egin da. Eskuratu egin daitekeen maitasuna da, eta emaztekiaren edertasunak kolore beroez egiten du dirdira. Liliaren sentsualtasuna hunkigarria da, eskuratu egin daiteke. Maitalea inoiz lilia hartzeko beldur da; inoiz hurbilago nahi luke. Badira, gizonen zoritxarrerako, arrosak bezala arantzak dituzten liliak.

Emazte-usoaren (urtzoa) gaiak, hego haizearekin batera Pirinioak zeharkatzen dituen hegaztiaren hegaldi airosoa dakar gogora. Alabaina ehiztaria haren beha da, eta usoa harrapatzeko sareak hedatzen ditu. Ikusten dugunez gizon limurtzailearen, Tenorioren, gaia nagusitu egiten da aipamen hauetan guztietan, eta gizona beti argiki emaztearen gainean kokatzen da. "Gizon limurtzailea atzapar zorrotzeko mirua da, edota sareak hedatu eta txoririk ederrenak gordetzeko kaiola prestatzen duen ehiztaria bestela", dio Chahok. Noiz edo noiz usoek sareetatik libratu eta ihes egitea lortzen dute. Halaxe gertatzen da Urzo lüma gris gaxua abestian, adibidez.

Emazte-usapalaren gaiak (urx'aphal) gizonak limurtu ondoren abandonatua izan den emaztea sinbolizatzen du. Usapalaren gaia ezaguna da, dela espainiar literaturan, dela frantziar kantagintzan. Oroit dezagun, adibidez, Fontebridaren erromantze zaharra, non alarguntsa hildako senarraren oroitzapenari leial agertzen zaion, galai oro arbuiatuz. Euskal kantagintzan "Urx'aphala" izena birjintasuna galdu duen emazteari ematen zaio, eta "lumarik ederrena baitzaio erori" eufemismoa erabiltzen da gertatua azaltzeko. Hain zuzen tradizioaren ikur horixe erabiliko du Pierre Topet Etxahunek 1806an, gurasoei men eginez utzi behar izan duen emazte maitatua izendatzeko.

Manu de la Sotak Baionako Euskal Museoari eman zion 1798ko eskuizkribu batek, Patricio Urkizuk 1987an argitaratu zuenak, XVIII. mendeko poesia hobeki ezagutzeko aukera eman zigun (cf. Urkizu, P. Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798), Durangoko Udala). Eskuizkribu horretan ongi ikusiak diren errege, noble eta ahaideei egindako gorazarreak daude, bai eta itsasoren arriskua eta Ternuara bakailaotara joateko bidaiaren arriskua gogora dakarten konposizioak ere. Esate baterako Partiada tristea Ternuara, Itsasoco perillac eta Ternuaco penac olerkiek, euskal arrantzaleen bizimodu arriskutsua dute aipagai. Hendaiaren eta Orzaizeko bailararen gorazarreek (1766) beste izaera bat dute: XVIII. mendeko euskaldunen egunerokotasuna kantatzen dute.

Hamazortzigarren mendeko konposizioetan bada poesia satirikoaren adibiderik ere. Zuberoan, adibidez, Beñat Mardo bertsolaria ospetsua izan zen Museñari bota zion erronka irrigarria zela eta, eta erbia jan beharrean katua jaten duten ehiztariei egindako kritika irrigarria dela eta (1793), abesti hori ere Mardorena dela uste baita. Txahoren ustez bat-bateko bertsolaririk finetakoa da eta hainbat eta hainbat abesti egin zituela dio, nahiz eta horietarik gehienak desagertuak diren. Frantziako Iraultzan Espainiara ihes egin zuen Salvat Monho apaizak (1749-1821), berriz, erlijio-kantez gain gizartearen satirak eta nabarmenki iraultzaren aurkakoak ziren olerkiak ere idatzi zituen. Haren lanak, erlijio gaia jorratzen duenak zein profanoak, ongi erakusten du Frantziako kantagintzak eta hango aireek euskal metrikan izan zuten eragina.


XVI. mendea hizkuntzalaritza-ikerketak eta kultur berpizkundea

Humboldt eta hizkuntza balioestea

Wilhelm von Humboldt alemaniar filologoa (1767-1835) Parisen finkatu zen 1797tik aurrera eta zenbait bidaia egin zituen Euskal Herrira: lehena 1799an eta bigarrena 1801ean. Juan Antonio Mogel eta Pedro Astarloa ezagutu zituen eta haiei esker euskara ikertzen hasi zen. Farinelliren erranetan Humboldt-ek bere ikerketen oinarri gisa erabiltzen zuen euskara. Onomastikari buruzko ikerketen bidez euskararen antzinatasunaren teoria indartu zuen, eta penintsulako lehen hizkuntza zelako ideiari jarraiki euskal-iberotasunaren teoria gorenera eraman zuen. Berichtigungen (1817) eta, bereziki, Prüfung (1821) liburuei esker haren ikerketaren emaitza Europan hedatu zen. Behiala Detxeparek desio izan zuen bezala, Humboldten eskutik euskara mundura jalgi zela erran dezakegu. Berarekin hasi zen euskara zientifikoki ikertzeko garaia.

Izan ere, XIX.a hizkuntzari buruz hausnartzeko mendea izan baitzen, hizkuntzalaritza konparatuaren hastapenaren mendea. Frantzian, 1826an, Leclausek Disertación sobre la lengua vasca eta Manual de la lengua Vasca argitaratu zituen. 1829an Jean Pierre Darriolek, Baionako Apeztegi Nagusiko buruak, Volney saria eskuratu zuen Disertación crítica y apologética sobre la lengua vasca lanari esker. Anton Abbadia eta Agustin Txahok, berriz, 1836an Études grammaticales sur la langue euskarienne argitaratu zuten, eta zazpi lurraldeetako euskaldunei eskaini zieten. Urte berean, Txahok Xavier Raymondi idatzi zion, euskararen eta sanskritoaren artean dauden berdintasunak aipatuz.

Euskararen ikertzaileen artean aparteko aipamena merezi du Luis Luciano Bonaparte printzeak (1813-1891), Napoleon enperadorearen Luciano anaiaren semeak. Euskal dialektologiaren sortzailea eta sustatzailea izan zen. Euskal Herriko zazpi herrialdeetan laguntzaile sarea sortu zuen eta kolaboratzaile horiek ematen zizkioten idazkien argitalpena finantzatu zuen. Kolaboratzaile horien artean Emmanuel Intxauspe, Salaberri, Jose Antonio Uriarte anaia, Bruno Etxenike eta, batik bat, Jean Duvoisin kapitainak egindako Bibliaren itzulpena aipa ditzakegu. Bonaparteren ekarpen garrantzitsuenak, aldiz, honako hauek izan ziren: Le verbe basque en tableaux eta aditzari buruz ikertuz osatu zuen zortzi euskalkien mapa (1863-1869). Van Eysekin eztabaidan aritu zen (1865ean Amsterdamen euskal gramatika bat argitaratu zuen honek), bai eta euskararen beste ikertzaile batzuekin ere, hala nola Charencey, Vinson, Hovelacque eta Ribary hungariarra.

Azken batean XIX. mendean euskararen ikerkuntzaren paregabeko loraldia eman zela erran dezakegu. Ikertzaile garrantzitsuenak atzerritarrak izan ziren, ordea, atzerriko unibertsitateetan euskaldunak eurak baino hobeki prestatuta baitzeuden. Euskaldunek ekarpen garrantzitsurik egiteko Gezeren zubererazko gramatika (1873) eta Arturo Campionen lau euskalkien gramatika (1884) argitaratu arte itxoin beharko dugu. Azkenik eta ezinbestez Hugo Schuchard (1842-1928) aipatu behar dugu: 1886an Saran finkatu zen euskara ikasteko, eta XX. mendean hainbat lan argitaratu zituen.

Hizkuntza ikertzeaz gain euskarazko herri-olerkigintzaren tesaurusaren bilduma bultzatu zuen eta ildo horri jarraituz kantutegi anitz egin ziren, adibidez Txahorena eta Duvoisinena, biak ere eskuz idatzita gorde direnak. Beste kantutegi batzuk zorte handiagoa izan zuten eta argitaratu egin ahal izan ziren. Horien artean honako hauek nabarmen ditzakegu: Bordeleko Unibertsitateko katedratikoa zen Francisque Michelen Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique (1857); Santestebanen Colección de aires vascongados para canto y piano (1864); Madame Villehelio zuberotarraren Souvenirs des Pyrénees, douze airs basques (1869); euskal kanta zenbait jasotzen dituen Lamazouren Cinquante chants pyrénéens (1869); Chants populaires du Pays Basque (1870), besteak beste XV. mendeko Bereterretchen khantorea ospetsua jasotzen duen bilduma garrantzitsua, edo gazte hil zen Jose Manterolaren Cancionero (1877-1878), hori ere garrantzi handikoa. Abestiak biltzeko jarduera horrek XX. mendean ere jarraitu zuen.

Euskal legenden biltzaile gisa, Paueko Akademiako ikuskatzaile izan zen Jean-François Cerquand eta beraren Légendes et récits popularires du Pays Basque (1875-1882) azpimarra daitezke. Gai berbera landu zuen Wentworth Webster elizgizon eta euskaltzale ingelesak, 1879an Basque Legends collected chiefly in the Labourd kaleratu baitzuen, eta 1883an, berriz, Historiako Errege Akademiaren aldizkariko artikulu batean, Garai Monglave eta Louis Duhalde agerian utzi zituen Altabiskar kantu apokrifoaren egile bezala (1834). Pastoralak ere aztertu zituen 1897an euskal tradizioari buruz egin zen biltzarrean. Azkenik, Julien Vinsonen Le folklore du Pays Basque lan etnologikoa 1853an argitaratu zen.

Antropologia fisikoa zientzia berria zen XIX. mendean eta Euskal Herrian Brocak landu zuen, 1868an argitaratutako Mémoire sur les crânes des Basques de Saint-Jean-de-Luz lanean. Ikus dezakegunez, XIX. mendeak garrantzi handia izan zuen euskal hizkuntzalaritza, literatura eta etnologiaren azterketan.


Erromantizismoa

Erromantizismoa Alemanian XVIII. mendearen azken laurdenean jaio zen literatur mugimendua izan zen, eta handik Ingalaterrara eta Frantziara hedatu zen. Esan dezakegu XVIII. mendean nagusi zen klasizismoari aurre egin ziola eta haustura bat baino, giza arimaren adierazpen guztietarako irekiera eragin zuela. Ingalaterran erromantikoek Erdi Aroa, legenda zeltarrak, natura, exotismoa, fantastikoa eta naturaz gaindikoa hartu zituzten langai bezala. Frantzian XIX. mendea joria izan zen eta aurreko mendean arrazoia nagusitu bazen, oraingo honetan sentimenduzko gaiak argi nabarmendu ziren.

Erromantizismoak munduaren ikuspegi berria dakar, pentsatzeko eta bizi izateko molde berri bat. Norbanakoaren sena, erlatiboarena, ametsaren nagusitasuna, irudimenarena. Espainiara eta Euskal Herrira geroago iritsi zen. Ondorenean 1820-1830 hamarkadan poesian nabarmendu ziren pertsonaia batzuk aipatuko ditugu.

Pierre Topet-Etxahunekin hasiko gara (1786-1762): Barkoxen jaio zen, Zuberoan. Olerkari eta bertsolaria izan zen, euskal kantagintzaren teknikak barneratzen jakin zuena. Etxahun garai baten lekukoa izan zen eta Zuberoako herrietako gertakizun txikiak jaso zituen, ezteiak zirela (Sohütako ezteietan), ezagutu zituen politikarien edo epaileen gorazarreak zirela (Musde Chaho, Musde Renaud eta Musde Deffis, Musde Clérisse). Ezagunak dira Barkoxeko eta Eskiulako apaizei egindako kritikak (Barkoxeko eliza eta Musde Tiraz), edo Gaztelondo auzoko emaztekiei egindakoak; haiei buruz erraten zuen gauez ibiltzen zirela, eritu egiten zirela eta bederatzi hilabetera sendatu egiten zirela. Garindainen eta Arrokiagan izandako hilketen lekukoa ere izan zen (Amodio gati eta Hegilus). Hala, herriaren kronikari bat dugu Etxahun: batzuk zauritu egiten ditu eta beste batzuei irria eragiten die. Azken batean olerkari baten nolakotasunak dituen pertsonaia, batzuen laudagai, gehienen beldur-iturri.

Etxahunek euskal bertsolari askoren patu bera, ahaztura, izango zukeen, beraren biografiagatik izan ez balitz. Familia ugari baten semea izan zen eta gurasoek oinordeko izendatu zuten, baina gaztaroko maitasun bat zela eta gurasoei aurre egin zien. Etxeko neskame batekin ume bat izan zuen eta gurasoek neska hori abandonatzera, eta geroago Gaztelondo auzoko emazte batekin ezkontzera behartu zuten. Banaketa honetatik usapalaren lehen negarra sortu zen: utzitako emaztea olerkariari zorrotz mintzo zaio eta honek erraten dio maite duela eta beti maiteko duela: "Oi ene traidoria zer düzü erraiten/ Elhe faltsü erraitez etzireia asetzen?/Ene flakü izanez zira prebalitzen/ Hortarik ageri?zü nunko seme ziren". Zalantzarik gabe, konposizioaren tonuak, "ni" bat izateak eta haren sentimenduak agerrarazteak, tradiziozko kantutegian ohi zenetik aldentzen du. Sakonki maite duen izaki baten aitzinean gara, baina garaiko gizarteak inguratzen du eta ez du onartzen egokia ez den ezteirik.

1808an ezkondu eta gero, senar-emazteak Etxahunia etxean gurasoekin bizi izan ziren eta zenbait haur izan zituzten. Ama hil zenean Etxahunek aitari eta anaiei aurre egin behar izan zien jaraunspen kontuak zirela eta. Zorra zuen gizon batekin liskarraldia izan ondoren, Etxahun preso sartu zuten eta bi urte eman zituen espetxean, 1824an. 1826an espetxetik itzuli zenean etxea suntsituta aurkitu zuen, emaztea auzokide bat maitale hartuta, eta etxaldeko lurretako batzuk salduta. Emaztearen maitaletzat jo zuen lagun bat balaz zauritzeaz eta etsaiarena zen bihitegi bati sua emateaz salatu zuten. Zuberoako bortuetan bertze artzain batzuekin elkarturik, Etxahunek bere zoritxarraren berri eman eta honako abesti hau sortu zuen:

Ene izterbegia bahin emaztoa
Herrestarazi gabe nik nian flakia.
Bestek eraman derik hik behar kolpia
Bena kubera dirok orano hartzia

Aurreko abestia Etxahun erruduna zela frogatu nahirik erabili bazuten ere, azkenean kargurik gabe libro irten zen, ez baitzen demostratu ahal izan armarik zuenik. Hori gertatu ondoren olerkaria erromes abiatu zen Erromara, Loretora eta Italiako beste santutegi batzuetara. Itzuli zelarik bere lurrak berreskuratzen saiatu zen baina dirudienez ez zen zuzen aritu, eskritura publikoak faltsutzea egotzi baitzioten (1841). Bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten (1846-1848) eta espetxealditik berriz itzuli zenean etxekoek abandonatua zuten eta bere ondasun guztiak galduak zituen. Etxahun bakarrik hil zen, ia eskale bihurtua, herri batetik bestera ibilki, harik eta seme nagusiak Etxahunian jaiotetxean jaso zuen arte. Bertan hil zen 1862an. ?Urxaphala? lanean gaztaroko maitasunaz aritu zen bezala, Etxahunek beste lau abesti liriko handi ere idatzi zituen bere bizitzaren ibilbidea agerrarazteko.

Horietako bat, Mündian malerusik (1827), 18 ahapalditako kanta, amorruz betetako garrasia da. Lehen bi ahapaldiek zoritxarreko "ni" bat erakusten dute, jendeari ihesi egiten dioten basamortuko animalien parekoa, emaztearekiko jelosiaz betea. Hurrengo ahapaldiek emaztearen maitaleaz, etsaiaz, amorrua adierazten dute. Emaztearekin duen mintzaldian, tradiziozko abestiaren ereduari jarraiki dio eta emaztearen hutsegiteen ondorioak agerrarazteko erabiltzen du. Gero Haritxabalet apaiza, emaztearen osaba, hartzen du kritikaren jomugatzat, eta emazteak bezala hark ere sasiko seme-alabak dituela ematen du aditzera. Azken salatua aita bera du, semea kanpoan zen bitartean aberastu izana egozten baitio. Azkenik, olerkariak egia erran duela adierazten du, eta dagoeneko azken ahapaldian, bortuetan, Barkoxetik urrun, dela dio, Barkoxen espetxeratu egin nahi baitute. Ikus dezakegunez dagoeneko 1827ko olerkian oinazea aldarrikatzen duen gizabanakoaren "ni-a" nagusitzen da; erromantizismo garaiko adierazpen garbia.

Bi berset dolorusik 1831an idatzi zuen, Erromara joan aitzin. Auzokideen aitzinean, iragan dituen bost urte latzen kontakizuna egiten du. Bost bertsotako 22 ahapalditan, bi hemistikio berdineko erritmo berezi batean (7+7), jasan behar izan zuen epaiketa kontatzen du, eta espetxean zelarik Jainkoari egin zion promesa bete nahi duela iragartzen du. Etsaiei barkatzeko borondate giristinoa erakusteagatik ere, ez du horrela jokatzen etxekoak aipatzen dituenean, ez baitie ezer barkatzen ebatsi dizkioten ondasunak itzuli bitartean. Emaztearen maitaleari hura utz dezala eskatzen dio, eta emazteari, ildo zuzenetik abia dadila. Alkhat notarioaren eskuetan jartzen ditu seme-alaben interesak, eta horien tutore izan dadila eskatzen dio. Izpiritu Sainduari seme-alaba umezurtzak zain ditzala erregutzen dio eta, azken adioan, Barkoxeko jendea eta etxekoak agurtzen ditu, egunen batean Josafaten zelaian, betirako paradisuan, berriz elkartuko direlakoan. Hartara, oinazez betetako ni giristino baten aurrean gara, Jainkoaren seme-alaben gurutzea bizkar gainean daramala sinesten duen ni-a.

Hiru urte berantago, erromesalditik itzulian, Etxahunek olerkari eta bertsolari ospea eskuratua du, eta haren olerkiak, eta batik bat Mündian malerusik eta Bi berset dolorusik, ezagunak eta abestuak dira. Clerisse jaunak, erregearen prokuradoreak, ospe honen berri duenean, Legouvé gonbidatuari erromantizismoaren itzala Euskal Herrira iritsi dela erakusteko profitatu nahi du: Clerissek Etxauni bere bizitza kontatuko duen olerki bat konposatzeko eskatzen dio eta honek baiezkoa ematen dio. 49 ahapalditako olerki bat idatziko du ohiko estiloan (bost bertso, 7+6 erritmoan), horietako bakoitza bizitzako urte bati emana. Egiatan, gertakizun garrantzitsuenak kontatzeko hainbat ahapaldi erabiltzen ditu eta zoritxarrak kontatuz luzatzen da: etxekoekin dituen harreman txarrak azpimarratzen ditu, amari zuzentzen dion ahapaldi lazgarri honetan ikus daitekeen bezala: "Amak idor bihotza bai eta titia".

1848an espetxetik irten zenean idatzi zuen Etxahunek bere azken olerki autobiografikoa: Ahaide delezius huntan. Berak deleziusa deitzen dion aire berezian idatzia da, erritmo zabaleko lau bertsoko ahapalditan, 9 eta 8 silabatako bi hemistikiorekin. Azken testamentu honetan era guztietako sentimenduak tropelean ageri dira: Gaztelondoko Topetia, oinordegabetu zuen aitabitxiaren etxearen madarikazioa, eta aitaren, anaiaren, semearen, errainaren eta emaztearen aurkako amorrua. Azken ahapaldietan berriz ere adierazten ditu sentimendu giristinoak, semeei, eta zehazki Barkoxeko Oholegi etxera ezkonduriko alabari, egindako agurrean batik bat. Zeruko Jaunaren esku uzten du oinazez betetako bere burua, eta bizi izateko ezer ez duelarik, herriz herri harat-honat dabil. Erromesaldi berri bati ekingo dio. Azken ahapaldian kantak zuberotarren esku uzten dituela dio, bere oroitzapenez kanta ditzan.

Khantore hoiek huntü nütin Ünhürritzeko olhetan
Errumarat juiten nizala erraiten beitüt hoietan
Maleruski hil banendi bidaje lazgarri hortan
Ziberuan khanta-itzazie ene orhitzapenetan.

Lau bertso horiek erakusten digute erromantizismo garaiko gizakia dugula aurrean, ziurrenik Euskal Herriko lehena; erromantikoa bizi izateko moldean eta erromantikoa oinazea adierazteko moldean. Alta, halakorik zenik ere ez zekien erromantikoa.

Erromantikotzat jo zuen behintzat Albert von Chamisso olerkari alemaniarrak, 1685an Nantesko ediktua baliogabetu ondoren erbesteratutako frantziar familia protestante baten ondorengoak. Paueko Mémorial Béarnais aldizkarian eta ondoren Parisko La Gazette des Tribunaux aldizkarian argitaratutako artikulu batek Etxahunen berri eman zion. Biarnoko kazetariaren artikuluan Chamissok Etxahunen deskribapen erromantikoa hauteman zuen (gaizki jantzia, begirada sutsua, ahots dardaratia) eta gainera artikuluaren izenburuak nahigabeko hilketa aipatzen zuen, patuaren zamaren adierazle. Artikuluak Mündian malerusik olerkiaren ahapaldi zenbaiten itzulpena zekarren eta horri esker Chamissok Etxahunen poesia ezagutzeko parada izan zuen. Horren ondorioz Chamissok Des Basken Etchehon's Klage, olerkia idatzi zuen, 1831an argitaratua. Chamissorentzat Etxahun heroi erromantikoa da. Hiltzaile gisa deskribatzen du, maitasun gartsu baten biktima. Haren etsaia, Hegiapal, Tenorio ziniko bat bailitzan agertzen da, tragedia honetako deus ex machina, lotsagabe hutsa. Amorruaren eta mendeku grinaren pean da Etxahun, infernuzko indarren eskuetan jostailu hutsa besterik ez, tragedia erromantiko bateko pertsonaia. Hegiapali azken ahapaldian botatzen dion erronka esanguratsua da: "Indar batek sakanerat nakar, jaio nintzen haranerat. Ikusiko dugu gu biotarik zein izango den zeruko saientzako bazka". Epaiketan Etxahun errugabe irtetea garrantzirik gabeko kontua zen Chamisorentzat. Bere olerkia egiteko beharrezkoa zuen euskal heroia hiltzailea izatea, pasioen -mendekua eta amorrua- biktima eta, batik bat, patuaren biktima.

Euskal erromantizismoaren bigarren pertsonaia Jean-Baptiste Kamusarri (1815-1842) da. Ziburun jaio zen, Donibane Lohitzune ondoan, eta haur txipia zelarik umezurtz gelditu zen. Larresoron eliza-ikasketak egin zituen eta Donibane Garaziko bikario izendatu zuten. Hainbat urte eman zituen bertan etxera itzuli aurretik, eta 27 urte zituelarik hil zen XIX. mendean hain ohikoa zen tuberkulosiak, birikako minak, jota. Apaiza izanik, Kamusarrik latinez zekien eta humanitateetako ikasketen aztarna erraz antzematen da Melibe eta Koridon bezalako olerkietan (1834). Erlijio-gaiko olerkiak ere baditu, garai hartako ideologia katoliko fermuari atxikiak (cf. Mendekoia, Basa koplakari), bai eta Zumalakarregi edo Harispe jenerala bezalako pertsonaiei eskainitako olerkiak ere. Dena delarik ere, haren poesian gai erromantikoa nabarmentzen da. Izan ere, Kamusarrik jakin bazekien eri zena, eta laster hilko zela barneratua zuen "ni" hori lanaren erdigune bihurtu zuen. Menditik nola doa olerkian, adibidez, olerkariak bere heriotzaren deskribapena egiten du, ia makabroa. Beste zenbaitetan, hala nola Ene liraren auhenak olerkian, olerkariak lirari eskatzen dio bere bihotz minduaren sentimenduak adierazten lagun diezaiola. Irudien segidak ederki asko erakusten du olerkiaren muina: itsasontzia portura iritsi aurretik urperatzen ari da; erreka ondoan den zuhaitza hazi eta hostoak galtzen hasi da; zeruan mirua usoa harrapatzear da; haurra amarengandik bereizi dute, eritu egin da eta hil egin da. Gainera, auhen bertsuak ematen dio amaiera sekuentzia bakoitzari: "ni nauk untzi hura, ni nauk zuhaitz hura, ni nauk paluma hura, ni nauk seme hura". Heriotzaren erresuman gara. Jean-Baptiste Orpustan irakaslearen (1996, Précis?) ustez, Kamusarri euskal erromantikoen artean erromantikoena izan zen, agian irakurri zuenari esker garaiko giroa antzeman baitzuen.

Jose Maria Iparragirre 1820an jaio zen, Kamusarri baino bost urte geroago, Urretxun, Gipuzkoan. Gasteizen hasi zen ikasten eta gero Madrilen, Colegio Real de San Isidron, jarraitu zuen. Hamalau urte zituela ikastetxetik ihes egin eta gudaroste karlistan sartu zen. Zauritu egin zuten eta Carlos V zaintzen zuen eskoltarekin destinatu zuten. Bergarako besarkadaren ondoren Frantziara eta Italiara joan zen eta bere ahots ederra nabarmendu zuen, beti ere gitarra lagun zuela. Bere konposizioen hitzak eta musika, biak sortu eta gainera abestu ere egin zituen lehen euskal olerkaria izan zen ziurrenik. Zentzu horretan gainerako euskal bertsolariengandik bereizi zen, beste guztiek aire tradizionalak erabiltzen baitzituzten.

1853an Madrilgo San Luis kafetegian Gernikako arbola abestu zuen. Abestiaren arrakastaren ondorioz Hegoamerikara joan behar izan zuen, eta erbesteratze horrek Euskal Herriaren herrimina adierazten zuten hainbat abesti eragin zituen, besteak beste Adio Euskalerria. Bigarren Guda Karlista amaitu eta gero Iparragirrek ez zuen zalantzarik izan familia Uruguain uzteko eta Euskal Herrira itzultzeko. Abbadiak Elizondon antolatutako Lore Jokoetara joan zen (1879) eta bi urte beranduago hil zen, batzuek laudatua eta bestetzuek kritikatua.

Europan eta Ameriketan egin zuen ibilbide erromantikoak "arlote" ezizena ekarri zioten. Baina ez da beste edozein erromantikoren parekoa: erromantiko politikoa da. Ezaguna da karlistekin bat egin zuela, bere borondatez joan zela erbestera eta, foruen zale izaki, euskal aberriari eta askatasunari abestu ziela. Gernikako arbola kantak Iparragirreren sen abertzalea erakusten du. Zuhaitz mitikoak, zeinaren azpian Espainiako erregeek foruak gordetzea zin egiten zuten, balio erantsia hartu zuen Lehen Guda Karlistaren ondoren. Konposizioak hamabi ahapaldi eta hiru mugimendu poetiko ditu, eta horietako bakoitzaren bukaeran otoitz bat. Lehenean haritza aurkezten da: bedeinkatua, maitatua, saindua. Guztiak ere erlijioko terminoak. Gainera, euskal haritzak munduari fruitua ematen diola esaten da: "eman ta zabal zazu munduan frutua", euskaldunek unibertso osoari egiten dioten ekarpena. Zuhaitza bizitzaren ikur ez ezik, euskal herriaren bizitzarena ere bada. Horregatik ez da hiltzen ahal, euskaldunak lasai bizi ahal izan daitezen: "pakean bizi dedin euskaldun jendea". Iparragirrek Jainkoari zuzentzen dio otoitza, haritza luzaroan bizi dadin eskatuz.

Bigarren mugimendua politikoagoa da, euskaldunak mehatxatzen dituzten indarrak, anonimoak, baititu aipagai. Lurraren eta zeruaren artean lotura egiten duen zuhaitzarekin mintzo da gero. Zuhaitzak erantzuten du eta Jainkoari erabateko bakea (orain eta beti) eman dezan otoitz egitea eskatzen du, "pake emateko orain eta beti".

Hirugarren mugimenduak geroago erantsia dirudi, ez baitakar ezer berririk. Azken ahapaldia ere otoitza da, baina Ama Birjinari. Ez dezagun ahantz Andre Mari Birjinaren Sortze Garbiaren dogma 1854koa dela eta posible dela 1854 eta 1858 bitartean (Uruguairantz abiatu zen garaia) Iparragirre Mariologian erortzea eta azken lau ahapaldi hauek eranstea. Bizirik zela Iparragirrek arrakasta handia izan zuen eta hala izaten jarraitzen du gaur egun ere. Ume eder bat, Nere maitearentzat edo Nere andrea abestiek bizi-bizirik diraute oroimen kolektiboan. Beste zenbaitzuek, hala nola Ara nun diran abestiak, bertsio ezberdinak izan dituzte garaiaren arabera.

Iparragirreren ia beste muturrean, batez ere arlo fisikoan, Indalecio Bizkarrondo, Bilintx dugu (1831-1876). Bizkarrondo erromantiko berantiarra zen. Zenbait konposiziotan, hala nola Pozez ta bildurrak olerkian, itzulia ez den maitasunari abestu zion, eta beste zenbaitetan, ordea, erdietsitako zorionari, adibidez Juramento olerkian. Donostian bizi izan zen eta hiriko aldizkari irrigarri baten parekoa izan zen. Horren adibide dira Jose Mari kale-garbitzailearen zaldi gosetiari idatzitako abestia (Zaldi baten bizitza), edo apaiz batek taberna batean egiten duen tripakadari burla egiten dion abestia (Potajiarena). Sentibera eta umoretsua, karlistek jaurtitako granada bat logelan sartu eta bi hankak birrinduta hil zen. 45 urte baizik ez zituen.


Kezka pedagogikoak: alegia

Alegia antzinatetik ezaguna den generoa izanik ere, haren garairik gorena Frantzian izan zen, XVII. mendean La Fontainerekin eta XVIII.ean Florianekin. XVIII. mendean bertan Espainian alegiaren garai gorena izan zen, Tomas Iriarteren (Fábulas literarias, 1782) eta Felix Maria Samaniegoren bidez (Fábulas morales, 1781-1784). Garai berean agertu zen genero hori Euskal Herrian, Juan Antonio Mogel apaizaren eskutik. Mogelek bi alegia erantsi zizkion Peru Abarka liburuari (1802).

Beste apaiz batek, Agustin Pascual Iturriagak, Fábulas y otras composiciones en verso vascongado argitaratu zuen 1842an. Izatez, Samaniegoren 55 alegiaren gipuzkerarako itzulpenak dira eta ikasgelan eskolak emateko erabili zituen. Mateo Zabalak idatzitako alegiei dagokienez, bera hil eta gero, 1840an, argitaratu zirela esango dugu. Jose Antonio Uriarte ere aipagarria da, Manterolak beraren alegiak jaso baitzituen Cancionero liburuan. Eusebio Maria Azkuek, berriz, zenbait alegia tartekatu zituen konposizio poetikoen artean.

Jean-Baptiste Arxu maisu zuberotarra (1811-1881) Ipar Euskal Herriko lehen alegien egilea izan zen. Haurrentzako gramatika elebidun baten egilea izan zen; Etxepare eta Oihenarten lanak frantsesera, eta Frantziako abesti aberkoiak frantsesetik zubererara itzuli zituen. 1848an La Fontaineren alegia berheziak, neurthitzez franzesetik uskarara itzuliak eman zuen argitara. Itzulpena baino, egokitzapena dela erran genezake, eta liburuak bi idazkiak, frantsesezko originala eta euskararako itzulpena, eskaintzen dituelarik, bi hizkuntzen irakaskuntza sustatzeko balioa zuen.

Urte batzuk geroago, 1852an, Leonce Goietxe apaizak (1791-?) Fableac eta aleguiac Lafontenetaric berechiz hartuac, eta Goyetche apheçac franxesetic escoarara berxutan itçuliac argitaratu zuen. Liburuak lapurteraz idatziriko 150 alegia jasotzen ditu, eta Iturriagak egindako gipuzkerako eta Arxuren zubererazkoari erantsi zitzaizkion. Esan behar da Goietxe apaizak La Fontaineren alegietako batzuk itzuli gabe utzi zituela, bere ustez lizunegiak zirelakoan.

XIX. mendearen amaieran Gratien Adema ?Zaldubi? apaiz eta olerkariak (1828-1907) 18 alegia argitaratu zituen, Artzain beltza ezizena erabiliz. Alegia-abestiak dira, Oxalde eta Ibarrarte bertsolariek Anton Abbadiaren Lore Jokoetan erabili zuten generoa.


Anton Abbadiaren Lore Jokoak

Anton Abbadia (1810-1897), Frantziako Iraultzaren ondorioz erbesteratu baten eta irlandar emakume aberats baten semea zen eta Urruñan (Lapurdi) finkatu zen, Arnaud anaiarekin egindako esplorazio-bidaien ondoren. 1851 eta 1852 urteetan euskal pilotaren mezenasa izan zen. 1853an euskal pilotari laguntzen jarraitu zuen baina gainera lehen aldiz poesia lehiaketa bat antolatu zuen Hego Euskal Herriko pertsona ospetsuekin batera; pertsona horiexek osatu zuten, hain zuzen, lehiaketako epaimahaia. Horrelaxe sortu ziren euskal Lore Jokoak. Mugaz bi aldeetako edozein euskaldunek har zezakeen parte eta lehen ekitaldirako saria urrezko ontza bat eta makila bat izan ziren.

1853ko poesia lehiaketan hautatutako gaia Montevideora migratzen zuten euskaldunen kexuak eta penak izan ziren. Garai hartan bizi-bizi zegoen gaia eta arazoa zen, 1830az geroztik Uruguaira migratzea Hego Euskal Herriko, eta Biarnoko, herritar askorentzako irtenbide bakarra baitzen. Hurrengo ekitaldietan epaimahaiak ezarri zituen gaiak honako hauek izan ziren: "Nekazaritzaren eta herriko bizimoduaren gorazarrea" (1854), "Emakume zurruteroa" (1855), eta "Herrietako santu patroiaren jaia" (1852). Ikusten dugunez, gaiek garai hartako kezkak eta errealitatea islatzen dituzte.

Baserriak bizitza ekonomiko eta sozialean zeukan garrantzia nekazaritzaren gorazarrean islatzen zen. Gorazarreak beste helburu bat ere bazuen: herritarrek herria utzi eta hirira edo atzerrira joan ez zitezen saiatzea. Bitxiagoa da, ordea, emakume zurruteroaren gaia. Zalantzarik gabe bertsolarien artean satirarako joera sustatzea bilatzen zuten, eta baliteke epaimahaiaren ustez deigarria izan zitekeelako proposatu izana. 1856an proposatutako gaiari dagokionez, herriko jaien ingurukoa, jaiei gorazarre egiteak euskaldunen bertuteak nabarmentzea zekarren; euskal dantzen bidez, euskal abestien bidez, pilotaren bidez, igandeetan egiten zen patroiaren jaiaren bidez eta ondorengo egunetan ospatzen zen jai profanoaren bidez. Jai horietan Euskal Herriaren irudi zehatz bat gauzatzen hasi zen: sakonki giristinoa den herri baten irudia, erlijio katolikoari lotua, herrietan bizi dena, familia ugariez osatua... Zalantzarik gabe, herri langilea da, herrialde eta lur idilikoa. Jean-Baptiste Elizanburu (1828-1891) olerkari saratarrak (Lapurdi) irudi horixe gauzatu zuen bere lanean. Militarra zenez ezizenez sinatzen zuen. Gai erromantikoei esker, adibidez hilzorian den gaztearena, edo tximeletaren eta liliaren arteko maitasun-mintzaldia, hainbat lehiaketatan sariak irabazi zituen. Olerki-abesti batzuk gaur egun ere oroitu eta abesten dira. Horien artean da Nere etxea, euskal etxearen aipamen idilikoa: muino batean eraikia, etxaurre zuria, lau haritzez inguratua, iturria saihetsean, bake eta zoriontasun gunea. Bertan bizi da familia herritarra, senar-emazteak eta bi seme-alabak, herri miresgarri bateko kideak eta bat eginda dagoen familiaren ikurrak. Semeak aitaren nolakotasun berak izango ditu: langilea izango da, eta alabak amaren nolakotasun berak: etxeko andre ona izango da. Beste olerki batean ere ikusiko dugu euskal emakumearen eredua: Maria. Panpina baten parekoa, airosoa eta graziaz betea, etxeko erregina, salgaiak salduz etxean dirua sartzen laguntzen duena eta igandeetan arropa dotoreenak jantzita elizara abiatzen dena. Olerkiaren bukaeran olerkariak ozen aldarrikatzen du: "Errege balin banintz, zer erregina!". 1871an Elizanburu gerran preso hartu zuten eta Xori berriketaria olerkian herrimina adierazi zuen, ohitura zaharrak eta ordena etikoa errespetatzen den herri baten mina.

Hogei urtez gora izan ziren Lore Jokoak Urruñan lehenik eta Saran gero, eta behin bakarrik Donapaleun (Behe Nafarroan), 1877an. Jean-Baptiste Elizanburuz gain, jokoetan nabarmendu ziren olerkarien artean Donibane Lohitzuneko Larralde doktorea oroituko dugu, bertsolari familia baten ondorengoa baitzen. Haren osabak Galerianoaren kantua ezaguna sortu zuen. Larralde 1856an garaitu zen eta saria Luis Luciano Bonaparte Printzeak eman zion, Abbadiak gonbidaturik izan baitzen bertan. 1859an eta 1864an ere irabazle izan zen, Lo, lo ene maitea eta Mutil zaharra olerkiei esker.

Martin Hiribarren apaiza (1810-1866) ere ekarri behar dugu gogora. Azkaindarra zen eta olerkari oparoa, Eskaldunac olerkiak (1855) erakusten duen bezala, 5000 bertso inguru baititu. Mitxelenaren arabera "(Eskaldunac) ez da lan epikoa eta are gutxiago epopeia, gauzen eta pertsonen kontakizun atsegin eta etxekoia baizik, xehetasun eta datu interesgarriz betea" (1960:130). Montebideoco berrioac eta Eskaraz eguia ere argitaratu zituen. Alta, beste hainbat lan argitaratu gabe utzi zituen, hala nola gramatika bat, atsotitzak, Inperioaren historia bat, sermoiak, hiztegi bat, eta abar. 1853tik 1878ra bitarteko Lore Jokoen lehen garai horretan, geroago nabarmenduko diren beste hiru olerkari ere aipatuko ditugu: Oxalde eta Ibarrarte bertsolariak, eta Gratien Adema-Zaldubi idazle eta apaiza, Jean-Baptiste Elizanbururen garaikidea.

1876an Bigarren Guda Karlista bukatu zenean Hego Euskal Herrian foruak bertan behera gelditu ziren eta horrek eragin nabarmena izan zuen euskal bizitza soziokulturalean. Urtebete berantago, 1877an, Iruñean Asociación Euskara sortu zen, Arturo Kanpion buru (1854-1937) eta Anton Abbadia ohorezko kide zituela. Garai hartan sortu zen Revista Euskara ere, luzaro iraun ez bazuen ere (1878-1883).

Anton Abbadiak Elizondon Hego Euskal Herriko lehen Lore Jokoak antolatzea erabaki zuenean Arturo Kanpionen eta Asociación Euskara elkartearen oniritzia jaso zuen. Lore Jokoak mugaren bi aldeetan txandaka egiteko Anton Abbadiaren erabakiak berebiziko garrantzia dauka, ordura arte Hego eta Iparraldeko herrialdeen artean ez baitzegoen ia inolako loturarik eta hortik aurrera lotura horiek indartzea ekarri baitzuten. Elizondoko jaiek arrakasta itzela izan zuten eta arrakasta horretan lagundu zuen Jose Maria Iparragirre bertan egoteak, denek ere oso txalotua izanik. Olerkariek proposatutako gaien artean hauta zezaketen: Euskaldunen gauzik maiteena edo gai aske bat. Elementurik maiteena euskara izango da eta esan daiteke 1879 urte horretatik aitzina, ordura arte oso gutxi aipatu den hizkuntzaren gaia nagusi bihurtuko dela mende amaierara arte. Felipe Arrese Beitia (1841-1906) Ama euskeriari azken agurra olerkiari esker nagusitu zen Elizondoko lehiaketan. Elegia-tonuan, euskararen, herriaren hizkuntzaren, galeragatik eta gaztelaniaren inbasioagatik negar egiten du, eta euskal zuhaitza jaten duen harraren metafora erabiltzen du. Arrese Beitia bera nagusitu zen hurrengo urtean ere, Maulen (Zuberoa) izan zen lehiaketan. Alta, garaile izan zen olerkiak, Bizi da ama Euskera, euskararen bizi iraupenaren aldeko mezu baikorra izan zuen aldi horretan. Ikuspegi zerutiar batean, olerkiak Tubal, euskaldun guztien aita, aurkezten du eta paradisuan abesten diren abesti guztien artean, euskara argiena, garbiena dela aldarrikatzen du. Olerkariak euskaldun guztien batasuna aldarrikatzen du.

Hartara, Euskararen gaia, haren egoera eta biziraupena, izan zen 1880 hamarkadan Lore Jokoetan aurkeztu ziren konposizioen gai nagusia. Aipatu ditugun adibideez gain, horrela erakusten digute Antonio Arzaken Iltzen bazaigu Ama Euskera, euskaldunek illak gera olerkiak, Irunen 1881ean nagusitu zenak; Claudio Otaegiren konposizioak, Euskal Herri batua imajinatuz; Martin Hazpandarrak, euskararen transmisioaren arazoa aipagai duenak; edo Felipe Casalek, Gure euskara maita dezagun olerkiaren bidez 1890ean Maulen izan ziren Lore Jokoen garaileak. Pentsatzekoa da garai hartan sortu zela ?Haurrak ikas-azue euskaraz mintzatzen/ Ongi pilotan eta oneski dantzatzen? kanta lapurtar ezaguna.

Lore Jokoen antzeko kultur ekitaldiak ugaldu ziren garai hartan, hasiera Hego Euskal Herriko olerkarien eskutik, gero handik Ipar Euskal Herrira hedatzeko. Anton Abbadiak bultzatu zituen jai eta lehiaketekin batera beste asko izan ziren Donostian, Begoñan, Irunen, Beran, Oiartzunen, Bilbon. Prosan gai historikoak edo etnografikoak lantzen hasi ziren, adibidez Berako 1880ko lehiaketan aurkeztutako "Konstituzioa eta Nafarroako Gorteen garrantzia" ikerketa historiko-kritikoa, edo 1880an Donostiako urrezko domina eskuratu zuen euskal dantzen deskribapen hoberena. Zenbait urte aurrerago, 1883an, Donostian bertan, Arturo Kanpionek zilarrezko koroa eskuratu zuen Okendoko eriotza kondairari esker. Hizkuntza, historia eta etnografia, euskal nortasunaren kontzientzia hartzea sustatu zuten elementuak izan ziren.

Hurrengo hamarkadan, 1890 urteetan, abertzaletasun grina areagotu egin zen. XVIII. mendeko Azkoitiko "caballeritoek" zuten Iruac bat lelotik Laurac bat lelora iragan zen. Halaxe agertzen da 1867an Semanario Católico Vasco Navarroko hamar artikuluetan, eta Iparragirrek berak ere aipagai zuen Gernikako arbolan, dagoeneko 1853an. 1881ean Claudio Otaegik zilarrezko domina eskuratu zuen Elkar gaitezen denok Napar-Euskaldunak olerkiari esker. Konposizioak ez ditu ahanzten Ipar Euskal Herriko herrialdeak. Aldarrikapen-ildo honi jarraitu zion Martin Hazpandarrak Eskuara eta Eskual Herria maita olerkian. Martin Hazpandarrak Iparraldeko hiru herrialdeak ez ezik Hegoaldeko hiru ere biltzen ditu. Araba kanpoan uzten du, han ez baitzen euskaraz egiten.

Gure ustez Zazpiak bat leloa Iurretan izandako Lore Jokoetan sortu zen. Han aurkeztu ziren sonetoek, hala nola Ama Euskarari-Akrostikoa eta Zazpiak beti bat olerki akrostikoak, Euskal Herriko zazpi herrialdeen batasuna finkatu zuten. Zazpi herrialdeek osatutako Euskal Herriaren aldeko jarrera horren une gorena 1892an izan zen, Donibane Lohitzunek Anton Abbadia omendu zuenean, 82 urte zituela eta Frantziako Zientzien Akademien lehendakari izendatu berri zutela. Euskal Herri osoko herritarrak bertaratu ziren Abbadia jauna omentzeko asmoz, eta Euskaldunen Aita izena eman zioten. Donibane Lohitzuneko omenaldiko ekitaldi guztiak Zazpiak bat leloaz jantzi ziren (meza, banderatxoez betetako kaleak,...). "Herkide maiteok, elkartu zuen ahotsak dagoeneko ahuldua den nireari eta aldarri dezagun denon artean Zazpiak bat" izan ziren Abbadiaren hitzak bazkariari amaiera ematerakoan. Adema-Zaldubiren olerki ospetsua ere oroituko dugu, haren seigarren ahapaldiak honako hau baitzioen: "Lapurdi, Behe Nafarroa, Zuberoa, hiru gara Frantzian, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, lau Espainian"; olerki hori ere oso presente izan zen ospakizunetan. Adema-Zaldubiren beste olerki bat ahoz aho ibili zen Azkoitiko ekitaldian, 1893an: Gauden euskaldun olerkiaz ari gara. Bertan, zazpi adarreko haritz batek sinbolizatzen du Euskal Herria. Olerki hau pixka bat aldatu zuten 1894an, Serbiako Natalia Erreginak eta Anton Abbadiak antolatu zituzten euskal jaietan. Ahapaldi bakoitzaren ondoren eransten den leloak honelaxe dio: "Zazpi Euskal-herriek bat egin dezagun/ Guziak beti beti, gauden gu euskaldun". Ikus dezakegunez, bidea ideologikoki landua zegoen Arana Goiri anaiek Eusko Alderdi Jeltzalea sor zezaten (1895).


XIX. mendeko narratiba

Gure ustez euskalduna aiseago moldatzen da abesturiko poesian prosan baino. Garai hartako erlijio-prosaren artean Aita Bartolome Santa Teresa (1768-1835) azpimarratuko dugu. 1816an Euscal Errijetaco olgueeta ta dantzeen gatz-ozpinduba argitaratu zuen, dantzek dakarten kalte morala kritikatuz nahiz eta, haren arabera, apartatutako lekuetan egiten diren beste era bateko jarduerak baino hobeak izan. 1816an bertan argitaratu zen Ikasquisunac, herriarentzako moral-lezioak. Ignacio Lardizabal apaizak (1806-1855) bizitzaren amaieran Testamendu Zaharraren eta Berriaren historia idatzi zuen. Lan hori oso irakurria izan zen XIX. mendean.

1809an, hau da, bera hil eta bost urtera, Martin Duhalderen (1753-1804) lan handia argitaratu zen: Meditazioneac gei premiatsuen gainean, baina beste izen bat ere eman zitzaien: Meditazione handiak. Laburtera oso klasikoan idatzitako 51 meditazio-bilduma da.

Juan Bautista Agirre gipuzkoarrak (1742-1823) Eracusaldiac, aitormenari eta jaunartzeari buruzko tratatu arrakastatsua, idatzi zuen. Garai berean idatzi zuen Jose Ignacio Gerrikok (1740-1824) Sayaquera, dotrina kristauaren azalpena. Aita Pedro Antonio Añibarro bizkaitarrak (1748-1830) pietateari buruzko hainbat liburu idatzi zituen eta Axularren Gero liburuaren bizkaierarako "itzulpena" egin zuen. Añibarrok Axularren lana zentsuratu egin zuen, eta horrek ongi erakusten digu nolakoa izan zen XIX. mendea erlijio gaiei eta eliza-ideologiari dagokionez.

Joakin Lizarragak (1748-1835), Elkanoko Lizarraga bezala ere ezaguna, lan interesgarria egin zuen hegoaldeko goi-nafarreraz. Haren sermoiak 1844an argitaratu ziren, eta poesiak, berriz, 1868an. Juan Jose Mogel (1781-1849), Juan Antonio Mogelen loba, aitorpenaz eta jaunartzeaz aritu zen Baserritar nequezaleentzaco escolia liburuan. Landako bizimodua idealizatu eta euskal giristinoentzako eredutzat jarri zuen. Dialektologia alorreko proiektuan Bonaparte Printzearen laguntzaile bizkaitarra izan zen Aita Uriartek (1812-1869) Marijaren illa edo Maijatzeco illa argiratu zuen 1850ean, fedearen egiei buruzko hausnarketak eginez. Bonaparteren laguntzaile izan zen Manuel Intxauspe zuberotarra (1815-1902), Baionako elizbarrutiko bikario nagusia ere izan zena. Jincouac guiçonarequin eguin patoac argitaratu zuen 1851an, eta Axularren Guero berrargitaratu zuen 1864an, moldaketa ugariak eginez eta inoiz zentsura ere ezarriz, Añibarrok egin zuen bezala.

Aita Basilio Joanategi beneditarrak (1837-1921) Ehun bat sainduen bicitcea argitaratu zuen 1876an, eta San Benitoren bizitza 1887an. Fedearen propagacioneco-urtecaria aldizkaria ere zuzendu zuen 1897tik aitzina. Francisco Lapitz apaizak (1832-1905) fede kristauak Euskal Herrian duen errotzea Iñigo de Loyola eta Francisco Javier sainduekin lotu zuen Bi saindu heskualdunen bizia liburuan (1867). Jean-Pierre Arbelbide (1841-1905) Baionako katedraleko kalonjeak deboziozko hiru liburu idatzi zituen: Bokazione edo Jainkoaren Legea 1888an, Erlisionea, Eskual Herriari dohazkon egiarik beharrenak 1890ean, eta Igandea edo Jaunaren Eguna 1895ean.

Anai Inozenzio edo Mitxel Elizanburuk (1826-1895), Jean-Baptiste Elizanbururen lehengusuak, aipamen berezia merezi du. La Salleko San Joan Bataialariaren bizitzari buruzko lan bat argitaratu zuen 1891an, eta Lehenagoko eskualdunak zer ziren 1889an. Lan honetan hezkuntza laikoari buruzko legeak ezartzearen ondorioz Ipar Euskal Herrian izan zen eztabaidan parte hartu zuen. 1890ean Zer izan diren eta zer diren oraino Franmazonak munduan liburuan (1890), berriz, masoien aurka aritu zen. Azken liburu honek XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, batik bat "Dreyfus aferaren" inguruan Frantzian hedatu zen ideologia eskuindar antisemita eta antimasoitarraren adibidea ematen digu.

Erlijio gaien ingurukoak baino eremu urriagoa betetzen badu ere, prosa profanoa bada izan. XIX. mendearen hasieran Juan Antonio Mogelek (1745-1804) Peru Abarca idatzi zuen, hil baino bi urte lehenago. Eibarren jaio zen 1745ean eta ia bizitza osoa Markinan eman zuen apaiz. Pascalen Pentsamenduak euskaratu zituen eta bere izpiritu irekia ere erakutsi zuen, Frantziako Iraultzatik ihesi zetozen frantziar apaizak hartuz. Erlijioaren inguruko lan batzuk idatzi zituen, baina lanik nagusiena Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o diálogos entre un Rústico solitario bascongado y un Barbero callejero llamado Maisu Juan izan zen. Liburua ez zen argitaratu 1881 arte. Elkarrizketa-ereduari jarraiki idatzita dago eta bizitza landatarra goratzen duen proto-nobela dela esan dezakegu. Bizitza landatarraren gorazarre horrek, hain zuzen, XIX. mende osoan eta XX. mendeko zati handi batean ere iraun zuen, Euskal Herriaren industrializazio nabarmenaren gaindi.

Mogelen lobak, Vicenta Antonia Mogelek (1782-1854) Ipui onac idatzi zuen gipuzkeraz (cf. Etxaniz, Xabier: "Literatura Infantil y Juvenil").

Dantzazaletasuna zela eta bizitza nahasi samarra izan zuen Juan Ignazio Iztuetak (1767-1845) 1824an Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira idatzi zuen, Gipuzkoako dantzen deskribapen atsegina eginez. Bera hil ondoren argitaratu zen, ordea, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, 1847an. Etnografo lan hori txit interesgarria da.

Ipar Euskal Herrian, Bonaparte printzearen laguntzaile izan zen Jean Duvoisin kapitainak (1810-1891) Bibliaren itzulpena egiteaz gain Laborantzako liburua ere argitaratu zuen 1858an. Liburuan aita-semeen arteko elkarrizketa ematen da, nekazaritzari buruz. Kritiko zenbaiten ustez Juan Bautista Daskonagerreren (1844-1927) Atheka gaitzeko oiharzunac izan zen euskal eleberrigintzaren lehen liburua (1870). Alta, Les échos du Pas de Roland (1866) bere liburuaren euskararako itzulpena baizik ez da. Jean-Baptiste Elizanburu (1828-1891) olerkariak idatzi zuen Piarres Adame kontakizun laburra, non Piarres zaharraren eta Pello gaztearen elkarrizketa ematen den, Saratik Azkainera doazelarik.

Euskal eleberrigintzaren benetako sortzailea, zinez berant, Txomin Agirre (1864-1920) da, Zumaiako Karmeldarren komentuko apaiz eta kapilaua izan zena. 1898an argitaratu zen Auñemendiko lorea liburuak San Amandoren dizipulua izan zen Santa Rikrudisen bizitza kontatzen du. Txomin Agirre ohitura-eleberrien idazle ezaguna izan zen, eta lan garrantzitsuak argitaratu zituen, hala nola Kresala (1906) edo Garoa (1912). (Cf. Olaziregi, M.J.: "Narrativa vasca del siglo XX").

XIX. mendean euskal prosak euskarri berri bat bilatu zuen: aldizkaria. Lehen saioa Agustin Chahoren eskutik etorri zen 1844an, berak sortu baitzuen Ariel aldizkaria. Lehen alea euskara hutsez argitaratu bazen ere, hurrengoak frantsesez kaleratu ziren. Euskarazko idazki bakarrak Chahoren kantutegitik atera eta aldizkarian tartekatzen ziren euskal kantuak izan ziren.

Almanakei dagokienez, argitaratu zen lehena Escualdun laborarien adiskidea izan zen. Etxeberri abadeak sortu zuen eta 1848tik 1914ra urtero kaleratu zen. 1878tik aitzina Gipuzkoan Almanaque bilingüe hasi zen kaleratzen eta 1887tik aitzina, aldiz, Zuberoan Iribarneren Almanaka üskara kaleratu zen.

Bigarren Guda Karlistaren ondoren Hego Euskal Herrian izan zen kultur susperraldiaren eta pizkundearen adibide dira garai horretan sortu ziren aldizkari pila. Jose Manterolak Euskal-Erria aldizkari elebiduna sortu zuen (1880-1918). Aldizkari horretan idatzi zuten Antonio Arzak (1885-1904), Francisco Lopez Alen (1866-1910) eta Ramon Artola (1831-1906) olerkariek, guztiak ere Anton Abbadiaren Lore Jokoetan parte hartutakoak. Ipar Euskal Herrian 1886an Berdolik Le Réveil basque sortu zuen helburu politikoekin, eta hantxe idatzi zuen Jean-Baptiste Elizanburuk, besteak beste. Aldizkari errepublikano horren aurrez-aurre, Louis Etxeberrik Escualduna aldizkaria sortu zuen hurrengo urtean (1887). Horrako hori eskuindarren ahotsa izan zen, hauteskunde-lehia bizia zen hartan. Astekari elebiduna zen, baina Jean Hiriart-Urruti (1859-1915) zuzendariari esker pixkanaka euskaldunduz joan zen.

Euskal antzerkigintzak berpizkunde interesagarria izan zuen XIX. mendean zehar. Zuberoak pastoralen ohiturari jarraitu zion baina gaiak aldatuz joan ziren eta besteak beste gai historikoak tartekatzen hasi ziren. Alabaina euskal antzerkigintza dramatikoaren pizkundearen gorena Hego Euskal Herriko antzezlan eta idazleen eskutik etorri zen, hala nola Marcelino Soroa (1848-1902). Savoiako Amadeo erregearen aurkako bertso satirikoak idazteagatik Ziburun erbesteratua izan zen. Soroarena da Iriyarena opereta; nahiz eta gaztelaniaz izan euskarazko tarteak ere bazituen. 1876an Ziburun antzeztu zuten eta geroago Donostian, 1878an. Harrez geroko lanak euskaraz idatzi zituen: Antton Caicu (1882), Farce de Maïtre Pathelin-en egokitzapena; Au da Ostatuba (1884) eta Alcate Berriya (1885). Jose Artolak, Victoriano Iraolak eta beste batzuek Soroaren bide berari jarraitu zioten. Herri-antzerkiak arrakasta itzela izan zuen Donostian, garai hartan hiri hori izan baitzen euskal antzerkigintzaren iturburua.

Garai bertsuan antzeztu zen Serafin Barojak, Pio Baroja idazlearen aitak, idatziriko Pudente, Santestebanen musikarekin (1885). Raimundo Sarriegik idatzi zituen, ordea, Aita Pello eta Luchi (1895). Buenaventura Zapiraineren Txanton Piperri (1899) ospetsua izan zen mende hartako azken euskal lana.

Ikus dezakegunez, euskal literaturak garapen nabarmena izan zuen XIX. mendean zehar eta batik bat bigarren erdialdean. Lore Jokoei esker euskal poesiak bultzada izan zuen, eta mendearen azken laurdeneko kultur berpizkundeak, berriz, prosa, eta batik bat eleberria, ugaltzea ahalbidetu zuen. Genero gehiago ere suspertu ziren mende bizi horretan, ordea: mendean bertan sortutako kazetaritza, antzerkigintza, opera,...

Garai horretako kultur batasunaren grinaren adibide nabarmenak Zazpiak bat ezaguna eta Donibane Lohitzunen 1897an izandako Euskal Tradizioaren Biltzarra dira. Alabaina batasun hori, eta bereziki ortografiaren batasuna, ezinezko bihurtu zen Hendaiako (1901) eta Hondarribiko (1902) Biltzarren ondoren. Ipar eta Hego Euskal Herrian bi elkarte bereizi sortu izanak (Euskaltzaleen Biltzarra Iparraldean eta Euskal Esnalea Hegoaldean) erakusten digu zer nolako zama zekarren mugak, alor politikoan ez ezik kultur alorrean ere.