ETXANIZ ERLE, Xabier:
Patxiki

Iñaki eta Itziar, ohi bezala, mahai inguruan daude eserita. Tortilla goxo-goxo bana afaldu dute ikastolako lanak egin ondoren. Orain, sabelak beterik, gaueroko ipuina entzutera doaz. Amak batzuetan eta aitak besteetan, beti kontatu ohi diete ipuin interesgarriren bat ohera joan baino lehen.
Gaur amak kontatuko die. Lentejak garbitzen ari da eta Iñaki eta Itziar bere alboan daude ipuina entzuteko prest.
-Beno, haurrok -esan die amak-, gaur ipuin polit bat kontatuko dizuet, baina badakizue, ipuina entzun eta gero ohera, e!
-Bai, ama, bai.
-Gaurko historia -hasi da halako batean ama- ez da abenturazkoa edo lehoi eta elefanteena, ez. Historia honetan ez da indio eta zaldunik azaltzen; ume txiki bati buruz da eta duela urte gutxi gertatu zen.
Iñaki eta Itziarrek hitzik galdu gabe jarraitzen dute kontaketa. Oraingo historia bat entzungo dute, benetako historia. Bai, gaur amak Patxikiren historia kontatuko die:

Duela urte gutxi gertatu zen, gurearen antzeko hiriburu batean, gutxi gorabehera. Kaleetan autoak ziren nagusi, trafiko handia zegoen beti; eta gauetan argi koloredunak ikusten ziren nonahi. Jende asko bizi zen hiri hartan eta etxeak bata bestearen ondoan eraikirik zeuden. Horietako etxe batean mutiko txiki bat jaio zen.
Patxi zuen izena, baina txiki-txikia zen eta laster jende guztia Patxiki deitzen hasi zitzaion.
Patxikik hiru anai-arreba zeuzkan. Bera zen etxeko gazteena eta denen artean zaindu ohi zuten.
-Ai ume hau! -zioen beti amak-. Ez da inoiz haziko!
-Nik zainduko dut -esaten zuen Joanak-. Nire panpinekin jolastuko du.
Eta, horrela, Patxiki txiki-txikitatik sartu zen panpinen munduan. Panpinentzako aulki batean eseri ohi zen, panpinen platera erabiltzen zuen, jantziak ere panpinen neurrikoak zituen. Izan ere, Patxiki panpinak bezain altua zen. Bere ohea zapata kaxa bat zen eta bigun eta erosoa zirudien.

Hasiera batean gurasoen gelan egiten zuen lo, baina hiru urte bete zituenean...
-Ai ume hau! Mutikoen gelara pasa beharko dugu! -esan zuen amak.
-Ederki -gehitu zuen aitak-, Joxantonio eta Keparen erdian jarriko dugu, gaumahaian. Eta handik aurrera Patxikik mutilen gelan igarotzen zituen gauak ametsetan; oso amets politak zeuzkan: aitarekin motorrean zebilen batzutan, bestetan altu-altua eta indartsua zen, mendira joaten zen, itsaso zabalean ibiltzen zen igerian edo zuhaitzik altuenetan jolasten zuen txoriekin. Bai, oso amets politak egiten zituen Patxikik, eta gainera asko gustatzen zitzaion Joxantonio eta Keparekin egotea.
Gauero mintzatzen ziren elkarrekin lo hartu baino lehen, eta etengabe mintzatuko ziren amarengatik izan ez balitz.
-Ai ume hauek! Ez al zarete isilduko? Ea ba, lo egitera denok!
-Ondo lo egin, ama -esaten zioten hirurek maitekiro, eta orduan amak musu bana ematen zien.
-Ondo lo egin eta bihar arte.

Etxean denek maite zuten Patxiki. Aitak lanetik etortzean beti galdetzen zion:
-Zer moduz gaur, Patxiki?
Eta erantzuna beti berbera:
-Ongi hemen behean baina hobeto zure sakelean.
Eta orduan aitak Patxiki hartu eta alkondararen sakelean sartu ohi zuen.
Anai-arrebek ere asko maite zuten Patxiki. Joxantoniok, zaharrenak, beti hitzegiten zion atsegin handiz eta ikastolako gertakarien berri eman ohi zion:
-Gaur irabazi egin dugu pilotan.
-Zer da pilota? -galdetzen zuen jakinguraz Patxikik.
Eta Joxantoniok pilota-jokua zer den esplikatzen zion ahalik eta xehetasun gehienak emanez. Kepa, berriz, Patxikirekin jolasten ibiltzen zen gehienetan. Ezkutaketan jolasten zuten sarri eta asko kostatzen zitzaion Patxiki aurkitzea; askotan besteen laguntza behar zuen Patxiki non zegoen jakiteko.
Joanak, berriz, panpinekin jolasten zuen gehienetan Patxikirekin; baina beste batzutan, ordea, Patxikik nahi zuen jokuan aritzen ziren.

Patxiki, ikusten duzuen bezala, oso zoriontsu bizi zen etxean. Marrazki bizidunak asko gustatzen zitzaizkion, gozokirik onenak berarentzat izaten ziren eta beti bazegoen norbait berarekin jolasteko prest. Baina hala ere, Patxiki ez zen erabat zoriontsua, oso gutxitan irteten zen kalera eta irteten zenean sakelean sartuta eramaten zuten.
-Begira Patxiki, hori autobusa da.
-Bai handia!
-Bai, autobusak handiak dira jende asko eraman ahal izateko. Eta orain gorde barruan.
-Zergatik? -kexatzen zen Patxiki.
-Zure txartela ez ordaintzeko. Gidariak ikusten bazaitu biona ordaindu beharko dugu eta.
Beste batean amarekin joan zen erosketak egitera. Azokan denetik zegoen eta Patxikik galdetu eta galdetu besterik ez zuen egiten:
-Ama, zer da horko hori?
-Eta lehen erosi duzuna?
-Ama, zergatik dauzkate eskularruak emakume horiek?
Amak ahal zuen moduan erantzun zituen semearen galderak; eta, gero, lasai-lasai joan ziren etxera erosketak eginda.

Patxiki, sei urte eduki arren, ez zen ikastolara joaten. Gurasoek uste zuten ez zuela ikastolarako balio:
-Ai ume hau! Zer egingo du, ba, umetxo honek besteen parean?
-Erraldoi batzuk dira honen alboan.
Egunak joan eta egunak etorri, Patxiki ez zen batere hazten eta etxe barruan igarotzen zituen orduak.
Egun batean, ordea, ikaragarrizkoa gertatu zitzaion Patxikiri. Imajina ezinezko abentura izan zen. Ordura arteko bizimodu lasai eta aspergarria aldatu egin zen erabat.

Larunbat arratsalde batean gertatu zen. Bero egiten zuen kalean eta denak etxean zeuden. Aita eta ama kafetxo bana hartzen ari ziren egongelan. Joxantoniok abentura liburu bat zeukan esku artean eta Joana marrazkiak egiten ari zen.
-Begira: Patxiki, aita, ama, Joxantonio, Kepa, zu, hemen seirok -esan zuen Joanak, baina Patxiki lehentxoago egondako tokian ez zen inor ageri.
-Patxiki! Patxiki! -hasi zen oihuka.
-Zer gertatzen da? -erantzun zioten Kepa eta Patxikik batera.
-Ikusi marrazki hau, begira! Aita, ama, Joxantonio, zuek, eta seirok gaude.
-Bai, bai, oso polita da baina gu orain jolasten ari gara eta utzi pakean.
Halaxe zen hain zuzen; ezkutaketan jolasten ari ziren eta orain Kepak aurkitu behar zuen Patxiki. Honek, ordea, ez zion erraztasunik eman nahi anaia zaharragoari eta sarrerako lorontzian ezkutatu zen. Handik, geranio hostoen artean ezkutaturik, Kepa ikusten zuen alde batetik bestera zebilela.
Halako batean aita altxatu eta atea ireki zuen, autoa garajera eraman behar baitzuen.
-Oraintxe etorriko naiz -esan zion amari-. Momentu bateko kontua da.
Patxikik atea zabalik ikustean, bi aldiz pentsatu gabe, irten egin zuen.
-Hemen bai ez nauela aurkituko Kepak -zioen bere golkorako. Baina geldi egon beharrean, kalera joateko gogoa sortu zitzaion. Eskailerak ikusi zituenean bonboi kaxa baten aurrean bezalakoxe antsia sentitu zuen. Astiro-astiro hasi zen jaisten; behetik haizetxoa zetorren eta barruan poza nabaritzen zuen. Gero eta beherago, orduan eta alaiago zegoen Patxiki; azkenean atea ikusi zuen zabalik. Ataria zeharkatu eta kalera egin zuen salto.
-Sei urte ditut eta handia naiz -esaten zuen pozik-, eta gainera oso pozik nago hemen behean inoren sakelean egon beharrean.
Kale batetik bestera zihoan eta kontu handia eduki behar zuen gizonen zapata eta emakumeen takoi azpian harrapaturik ez geratzeko. Ertz-ertzetik zihoan. Mota guztietako oinetakoak ikusi zituen Patxikik.
-Horiek Keparenak bezalakoak dira, eta haiek amarenak dirudite.
Bost kaletan zehar ibili ondoren, nekatzen hasia zen. Oinetan min zeukan eta arrisku bizian zebilen.
-Hauetako batek zapalduko nau azkenean! Ez dute inora begiratzen.

Patxiki, oso haserre, ertz batean eseri zen. Arratsaldeko seiak izango ziren eta jende dexente zebilen kalean. Denda batzuk zabalik zeuden oraindik. Gustora botako zuen lo kuluxka bat Patxikik. Eta hala, bat-batean, begiak erdi itxirik zituela, airean zeramatela konturatu zen; begiak ireki eta hortz handi batzuk ikusi zituen.
Zakurtzar batek zeraman hortzetan harturik. Patxiki, zakurtzarrak irentsi egingo zuelakoan, negarrez hasi zen. Orduan zakurrak, negar-zotinak entzutean, lurrean utzi zuen Patxiki harriturik.
-Baina bizirik al zaude? -galdetu zion zakurrak aho zabalik.
-Ez duzu ikusten edo? -Patxiki negar-zotinka ari zen oraindik.
-Barkatu, hezur arraro bat zinela uste nuen.
Patxiki zur eta lur zegoen, zakur bat hizketan!
-Badakit zer pentsatzen duzun -jarraitu zuen zakurrak-, ba bai, zakurrok ere hitz egin dezakegu; gertatzen dena da zuek, gizonok, ez diguzuela kasu handirik egiten.
Eta hori esan ondoren, zakurrak Patxiki hartu eta lepo gainean jarri zuen kontu handiz.
-Ni Blai naiz, eta zu?
-Ni Patxiki.
-Oso ondo, Patxiki, orain lorategi batera joango gara.
Eta besterik gabe, korrika hasi zen Blai. Oso zakur handia zen, edo hori uste zuen Patxikik. Zakurraren lepoko kateari helduta zihoan eta sakelean baino hobeto zihoala pentsatu zuen. Oso gustora zegoen eta kantari hasi zen:

Lurrean
baino hobeto
sakelean.
Eta sakelean
baino hobeto
zakur gainean.

-Iritsi gara -esan zuen Blaik-. Hau da hiriko lorategirik ederrena; oso handia da eta jolas egin daiteke.
-Handia da benetan.
-Ea, jaitsi azkar, jolas egingo dugu elkarrekin.
-Ni, ni -hasi zen Patxiki-, ni oso nekatuta nago eta nahiago dut lo pixka bat egin.
Ondoren, Patxiki zuhaitz handi baten itzalean geratu zen lotan eta Blai, berriz, beste zakur batzuekin jolasean inguru hartan.

Patxiki esnatu zenean ingurura begira geratu zen. Neska-mutil batzuk zebiltzan jolasean. Blai, urruti samar, beste zakur batekin ikusi zuen. Pelikuletako zaldiak bezala zebilen belar gainean.
-Blai nire laguna da, eta aitaren sakelean baino hobeto ibiltzen naiz bere gainean -esan zuen Patxikik.
«Aita» esatean, etxekoez gogoratu zen. Kezkaturik ibiliko ziren jadanik. Ordu pare bat zeraman etxetik kanpo eta sekula ez zen egon hainbeste denbora kalean etxekorik gabe.
-Urduri egongo dira -zioen bere artean.

Arrazoi zeukan Patxikik. Kepa, anaiaren bila asperturik, Patxikiri deitzen hasi zitzaion, eta ondoren etxeko guztiak hasi ziren bere bila.
-Ai ume hau! Nondik nora ote dabil? -zioen amak. Eta segituan oihuka hasi zen besteak bezala-. Patxiki! Patxiki!
Patxikik, ordea, ezin zituen deiadar haiek entzun. Blairen bila zebilen lorategi eder hartan. Belarrak oso luzeak ziren eta zuhaitz enborrek etxetzar handiak ziruditen. Lurra, berriz, biguna zen Patxikiren oin txikitxoen azpian. Inurriak eta matxinsalto bat ere ikusi zituen. Zuhaitzetako txorien txorrotxioa entzun eta haiei begira zegoela, halabeharrez, zulo batera erori zen. Nahiko zulo txikia zen, ume batek egina, baina Patxikirentzat lehoiak harrapatzeko tranpa bat bezain handia zen. Eta bera barruan zegoen.

Orkatila handitzen hasi zitzaion, min zeukan eta ez zekien zer egin. Etxekoak oso urruti zeuden bere deiadarrak entzuteko eta lorategi hartan bakar-bakarrik sentitzen zen.


© Etxaniz Erle, Xabier. Patxiki, Elkar, Donostia, 1985.