IRASTORTZA, Tere:
Algunos poemas

Esadazu
zer pentsatzen duzun
nitaz
Bic merkeaz
izkribatutako poema:
zer sentitzen duzun
ene arnas hotza
eta odol beroak
ezin itzali ditudanean;
zer,
pelota eginik
ezkerreko zokoko paperontzi funtzional horretara
botatzen zaitudanean;
zer,
garrasika etorri
eta ene minak
zeure koadratu tristeetan
itotzen ditudanean.

Esnai-ametsetan ari nintzen
eta erantzunik gabe
ikusi naizenean,
zu ere,

orri merke mesprezatu
misterio aurkitu zaitut:
maite dudan
misterio koadratua,
gauza guztien artean
maite dudan
orri horituan
izkribatutako poema.

©Irastortza, Tere. Gabeziak, Pamiela, 1980




Bizitzako gaueko hamabietan
zeure presentzia zeure
ausentzia-
tik datorkidala sentitzen dudanean,
edaten zaitudanean usaina malkoen ondora oheratzetik
datorkidala sentitzen dudanean

ez zait nahikoa

ez zait nahikoa eta
zeure eskuak eskatzen ditut
ee, neure larrien artean,
ez zait nahikoa eta
zeure eskuak behar ditut
larrion lehertzeraino.

Bizitzako gaueko hamabietan
geure
bertsoa besarkatzerakoan
zeure ausentzia des-
egin nahi nuke

desegin nahi nuke
eta ez dakit nola
ez dakit nola eta
ilargia kareziatzen dut
falta zaizkidan eskuz,
ilargia kareziatzen dut
bizitzak gauean duen aterpean,
gaueko ordu guztietan
zure presentzia
zeure
ausentziari
balerio bezala

©Irastortza, Tere. Gabeziak, Pamiela, 1980




Zergatik
gauza guztietarako balio duen
koadernoak
ez du zure ezpainen errainua
godetzeko balio,
zergaitik?

Zergaitik
edozer gauaz zikindu dudan
orrian
ezin dut zure aztarrana
lotu,
zergaitik?

Zergaitik
mila aldiz erabilitako
boligrafoz
ezin dut
zure azalean poemarik
kontatu?

©Irastortza, Tere. Gaia eta gau-aldaketak, Pamiela, 1983




Ekar iezazkidazu
matematiketako operazioetan
tartekaturiko
ametsak,
historiako laburpenen atzean
pintaturiko bihotzak
behatzetan,
formula,
kalkulu,
hodeiak
musuetan

irrintzika zetozen ezpainei
zildairik ezarri gabe,
labanek bultzaturiko
oinen korrika
gibelatu gabe

eta
inoiz
izkiratu ez zenituen gauezko
poema karamelutsuak
nitaz pentsatzen ihardun zaren
orduetan
bilduak.

©Irastortza, Tere. Gaia eta gau-aldaketak, Pamiela, 1983




Egunsentikoak III

Dardara
hartzen zaitut

ispiluari eskeinitako
behingo musua
mokoan,
ispilu aurrean kateatu
eta deskubritzeko gelditu zen
gure espazio besarkagaitzean,
ispiluan miresten den
gorputz arrotzean.

Dardaraka
narraizu

behin betikoz
lore eta hostoak
traktoreetatik askatzean,
behin bakarrik
brodatzen den
irrizapian,
behin
ametsak
zakar eztuletara amiltzean.

Dardarka
ahitzen zaitut,
itxaron ere
dardarka.

©Irastortza, Tere. Gaia eta gau-aldaketak, Pamiela, 1983




Hemen,
zereginik ez dutenak,
haizeari lehiatilarik jartzen ez diotenak.
Hemen,
negua sutondoan eseritzerik
nahi ez dutenak,
gaua, ibai biluzian murgiltzerik
nahi ez dutenak.
Hemen,
aidea ordaindu
eta dastatu gabe
bizitza bortxatzeko
arrenka ari zaizkigunak.

Baina hona,
ilargia
pasabide ezagun balitz;
izarrak,
gauari eteniko lepokoaren
perla balira:
bizitza
deskuidu santu balitz
aldegino genukeenak,
apika,
txinpartetara
izotzak suzkoa balu bihotza;
errotetara
apika,
malurak edo ahal balira;
opatzera, baina,
krabelin balitz
maitasuna.

©Irastortza, Tere. Gaia eta gau-aldaketak, Pamiela, 1983




Bi begi zituen
bizitzak
eta ezin atzeman
zoriona,
ahoa
eta ezin trinkatu
eromen berdezko
erromantzea.
Bi esku
baina ezin eutsi
gauaren gonei!

Bizitza zuten
eskuek,
bizitza
begiek,
ahoak
eta ezinak ere
ezin bizia,
baina ezinezkoa
bizitza edoskitzea,
heriotza akabatzea;
ezinezkoagoa
gizatasuna gainditzea.

©Irastortza, Tere. Gaia eta gau-aldaketak, Pamiela, 1983




Ahosabaiean kateatu zait
egarria,
arratsari
ertzetan argi izpiak
txintxetatzean;
ozpinezko ezintasunez zetorkidan,
asun hazkura amilgaitzez
azpiak ozpin,
bizi izpi
zure ahosabaiean;
ez dakit, auskalo
zenbat bakardade urteen ortura
amiltzean kateatu zaidana
ezin ezti
nigan,
bizi izpi
zugan
-arratsaren ertzetan-.

©Irastortza, Tere. Hostoak, Pamiela, 1983




Hitzik tristeenak esango ditut
nik ere
joan, hosto, gaixotu...
bizia

larrosak portzelanazko arantzetan
ihartzen dira

hitzik tristeenak esango ditut
uso, borta, bertan...
lainotan

limoi garratzez kupel bihurtu duzu
ene sabela,
tertziopelozko andrekilaren musuaz
ezin jantzi
maitasuna

hitzik tristeenaz aitortuko
banako, esan, bizitza,
hitza...
gabe, zu, ken, ezer ez...

hitzik tristeenak esango ditut
agian, bihar, bazintut...
heriotza
jelazko ontzian gorderiko
sua

eta bizitza da
hutsik tristeena.

©Irastortza, Tere. Hostoak, Pamiela, 1983




Banoa
neure herria
uste gabean topatua
banu bezala,
neure etxea
ostatu,
neure gela
nirea ez bailitzan,
argi berriari
ihes egingo banio bezala

banoa

zure ateak
ireki ez balira bezala,
zure aulkiek
ezagutu ez
eta ukatu banindute bezala?
zure fruituak debekatuak
banitu bezala,
neure egarriak
itoko ez bazintu bezala,

iritsi berria ez banintz bezalaxe.

©Irastortza, Tere. Hostoak, Pamiela, 1983




Iritsiko naiz
orri hauetan neure minak irristatuz
gero,
partxisean bezala galduriko
egunak sorbaldan,
ilunabarrean
sartaldeari irekiriko
zauri ateetan zehar

iritsiko naiz momentuz
modazko trenez,
esku banatan bizikizun hilobi
banatuak zintzilikaturik,
ezerk geldituko ez zituen
pasioen geltokira,
galarazi gintuenera.

Iritsiko naiz
ikusnahiaren grina
ahultzen ez bazait.

©Irastortza, Tere. Hostoak, Pamiela, 1983




Aski daiteke edozein gauza
nigarrez hasteko:
oroitzapen tristeen besarkatzea,
Charloten filmerik ikustea,
itsasoan
ilargia itotzen sentitzea,
etorkizunaren kremailera kamustea

Aski daiteke edozein gauza
nigarrez hasteko

baina nigarrez segitzeko
ez da asko
bere buruaz beste
bat
egin duenik kale ertzean topatzea.

©Irastortza, Tere. Derrotaren fabulak, Pamiela, 1986




Negarraustu zaitezke hitzetan
ez sintaxi eta ez koordinazio duten esaldiez
har ditzakezu bertsoak
egun eta gauak
itsaso lehorrak bezain mugatu eta estu
hitzar zaitzake saminak
eta iratzarri arte
Jainkoaren patuak merkatuan zenbat egiten duen
erabakitzen ihardun
hitzustu zaitezke hondo-hondotik
zelai berdeetako azken loreen hazietatik
erreka txokoko harpeko amuarrain arrautzetarik
eta hala ere kaina bakartiagorik behar da
osin esankorragorik
oihu egiteko
labemozorroa bizitzaren kolkoan bapatean
sartu baitzaizu
xaguxarra egunaren begietan itseki
isil disimulatuagorik behar da
zuri-tanta bailitzan begi hondoa lehortzeko
txanpan burbuila gisara irensteko
bakartate handiagorik
ohearen bilduan negar egiteko
sufritzen hasteko.

©Irastortza, Tere. Derrotaren fabulak, Pamiela, 1986




Gela berean aldentzen gintzaizkion
elkarri:
nik, leihoa irekitzen nuen
arrubiozko mina joan zedin,
begiak astintzen
malkorik ez jausteko lehia haundienean;
zuk,
argia paltrikan sartu
txanponekin nahasian,
egunez
begiak zabaldu
izarren artean zintzilik ziren soketan
hasperenez haizeari deituz,
eta hanka punttetan gerturaturik,
gerritik heltzen
ni oratu nahiean
ene gerrian itsatsirik
ni zinelakoan
-eta gezurra zen-.

©Irastortza, Tere. Derrotaren fabulak, Pamiela, 1986




Ilunpe ospel bakoitzaren atzetik
herio zain naiz
eta kuadrikulatzen dut
kartulina zuriz
leihoak irekitzen dizkiot
eta dametan hasten natzaie
alkoholez kargaturik datozen suzko
hodei kiskalgaitzei
harik eta
eguna zabaldu eta
bildurra
zarata bihurturik
disimulatu arte
harik eta egunaren koadernu kaligrafiatua
zabaldu eta bertan
itsutu arte.

©Irastortza, Tere. Derrotaren fabulak, Pamiela, 1986




Jainkoaren graziazko halako urtean

Hiltzen naizenean
ez dezatela ispilurik estali
erreka iragaitean
bestekaldetik itzul diezadan
honetan itzali eta izkutatua.

©Irastortza, Tere. Osinberdeko khantoreak, Pamiela, 1986




Klaroak dira zure begiak eta
ez nituzke sekula glosatu nahi
flash-poemak

zabal nahi dute
poetaren hitzek eta
ez al dizut sekula itxiko
liburua lurrean uztean!

©Irastortza, Tere. Osinberdeko khantoreak, Pamiela, 1986




Ihesean eta ihesagatik
maite izan zuen
txorien zoriari itxaron gabe
sekula itzul ez zitekeen arren
bide huraxe berreginagatik
instante haren eternalera.

©Irastortza, Tere. Osinberdeko khantoreak, Pamiela, 1986




Hiztegi zoletako thombetatik
atera eta neurtzen nuen
urruneko sentsazio bila
eta gertu nituenen izenak
galdu.

©Irastortza, Tere. Osinberdeko khantoreak, Pamiela, 1986




Eta maitaldiak bizibideko
geltoki bakarrak

eta maitaldiak bideko
atseden bakarrak.

©Irastortza, Tere. Osinberdeko khantoreak, Pamiela, 1986




Lau arotan

                    1

Bederatzigarren hilabetearen seigarren egunaz geroztik
ez du hotzik egin.
Goizaldera ez du lainoak ihintzik utzi bideetan,
ez da txapela beharrik izan arratsapalean.
Gauean, haize zakarrak eraman ditu zeruko hodeiak
zekarren arimako urratuak erakutsi beharrarekin,
eta ilargia, bete-bete eginik,
jarri da, herriko jagole, kanpaitorre gainean.
Begiratzen diot herriari:
denak aldatua dirudi;
zer nola den nahi nuke ikusi.

Jar itzak, lagun, setazko kojinak balkoian
eta ekartzak, beste garai batzuetan bezala,
ekartzak ardoa parrastadan!



                    2

Goizaldean, beste ezertarako ahalgorik ez eta,
begiratzen dut leihotik.
Garai bateko apaizak fabrika-adarrari erne,
gaurko herri-zaindariak kanpai-hotsari amen.
Gardena da paisaia ezkerrerantza,
fotograma erromantikoenaren gisako.
Eskubian fundizioko keak zeru urdinerantz:
ez dute etsiko zerua pitzatu arte.
Burdin meheak omen
berehala berotu eta segidan hozten garelako.
Baina urratuak ez du inola orbaindu nahi, hala ere.

Jar itzak, lagun, setazko kojinak balkoian,
kojinak balkoian,
hitz bi hire ezpainetan,
eta ekar iezazkidak garai bateko argazkiak,
tristurak triska ez nazan
jagole-guardakoen begiek beldurtzen nautenean.



                    3

Eguerdi-eguerdian fabrika adarrak eta angelusaren kanpaiak
sartzen dira leihotik hezurretara.
Nekatuak, fabrikanteak, goserik doaz etxera,
eta etxekonekoak egunkaria irakurtzen dio
emazteari, lanetik etxerakoan,
haurrak ekarri eta bazkaria prestatzeaz gainera,
munduaren berri jakin dezan.
Begiratzen dut ingurura
eta denak lehengokoan segitzen du,
aspaldiko gizaldien gurpilean.

Kenduko zetiat, lagun, setazko kojinak balkoitik
eta hire ezpainak nire minetik.
Barau egingo diat, leihoak itxita,
ez dituk eta urratuak osatzen
enpalaguzko hitz eta ukenduz igurtzita.
Nola ez haiz aspertzen, lagun,
horrelako gizonezkoen artean gizon izaten!



                    4

Gauerako, ke-adarrak jausi egiten dira
balkoietara, zabaldutako arropetara.
Eguzki errainuak pitzatu bezala
egiten dira erreka arreetan,
eta txakurzaleek populatzen dituzte
kale eta parkeak.
Tabernako musika ulertezinak
armonian hasten dira elkarren artean
eta gauak gomazko sedantea dirudi
insomneentzat.

Irakurri ditiat, lagun, poeta erromantikoen liburuak
eta euskal ipuinlari berrienak.
Txikitu denak
eta alamartxoa piztu, nahi niake,
hauster egun honetan!

©Irastortza, Tere. Izen gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoreak, Pamiela, 2001




Espazioak bete egiten dira:
ez dira laburtzen,
ez eta luzatzen;
ez baitira geometrikoki trasladatzen,
ez argazki eta irudietan gordetzen.

Espazioak bete egiten dira
-gure baitan aurren-.

©Irastortza, Tere. Izen gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoreak, Pamiela, 2001




Anatidoak bezala

zeinetarik ezagunetarik diren ahate eta antzarrak,
ingurune urtsuenetara hurbilduko naiz,
nire malkoz haztera emandako ibaia bazina bezala;
ANATIDOAK bezala, dimorfismo sexualaz
kezkatu gabe,
hegan egin nezakeelakoan
eginen dut hegan eta hegan

oilarite gorrietan

oilarite gorrienetan

©Irastortza, Tere. Glosak. Esana zetorrenaz, Pamiela, 2004




Elkar gorrotatzera iristea pentsaezina zela
erabaki genuen.
Hotzik minenarekin ere elkarrekin paseatzen genuen, artean,
ilun bistan,
gorputz-arimen ilunabarretan
pentsamenduak lurrin bihurtzen ziren bitartean.
Nahiz gorrotoa,
maitetasunaren baratzean sortzen den

aipatzen genuen,
etxeko sabaietan,
gau lainotuenetan, izar bila
ekiten genion bitartean.

Maitatuz gorrotatzeaz eta antonimoen ispilu-jokoan
ez ginena ez amestera errenditu ginenerako
belar txar hori
garbitu ezina zela

igarri genuen.
Ondo genekien amodiozko pasioaren hondarra dela
Obsesioa, esaiozu, nahiago baduzu,
gorrotoa
.

Borrokarik eza etsipen osoa denean
ezinezkoa da materia eta antimateria elkartzea ere
,
esan zenidan.
Lurrina zurruntzen sentitzen nuen,
arnasaldi bakoitzean
eta lehen euri tanta izatera iritsi zitezkeen malkoek,
burruntziak bezala,
eguzktan urtu ezean,
isurbiderik asmatu ezin zuten. (3)

noski

(3) Finean, gorrotoaren eremua habitatzea erabakitzen duenak
badaki,
mortu hartan,
hutsarekin bakarrik dela mugante gorrotoaren soroa.
Finean gorrotoaren bideak eragiten duena,
batera abiatzen dela edo bestera doalakoan,
inora beharrik gabeko ibili beharra da,
bistan denez.

©Irastortza, Tere. Glosak. Esana zetorrenaz, Pamiela, 2004




© Manual devotio gabecoa: Pamiela

© Gabeziaren khantoreak: Pamiela

© Derrotaren fabulak: Pamiela

© Osinberdeko kantoriak: Pamiela

© Izen gabe, direnak: Pamiela