GARZIA, Juan

(Legazpi, 1955)

© Mari Jose Olaziregi

Filologia Hispanikoan lizentziatua den itzultzaile eta idazle honek gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuan dihardu lanean. 1987an Ignacio Aldecoa Saria irabazi zuen Pernixio ipuinarekin (Erein, Milabidai, 1996) eta urte berean argitara eman bere lehenengo ipuin bilduma: Akaso (Erein, 1987). Bertan biltzen diren ipuinetako batzuk argi erakusten dute garaiko euskal ipuingintzan nagusi zen landa giroko istorio beltz eta dramatikoen eredua. Adibide baterako, lehenengo ipuinean, soldaduskara ez joateko aitajaunak eskua aizkoraz mozten dion Hilario gizajoa mintzo bazaigu, liburuko ipuinik lortuena den Pernixiok, berriz, Ameriketara joateko ametsa zuen pilotariaren istorioa kontatzen digu eta nola amets hori Bartzelonan zapuztu zitzaion, besteak beste, hanka batean izandako istripuagatik. 1991n Irun Hiria Saria irabazi zuen Gabonak Gubbion lanarekin. Ondoren etorri ziren Itzalen itzal (Pamiela, 1993; itz.: Sombra de sombras, Alberdania, 2006. Itz.: Manu López Gaseni) ipuin liburua eta Fadoa Coimbran (Pamiela, 1995) eleberria. Azken honetan, maitasun istorio bat kontatzen zaigu, maitemindu berri den bikote batek Portugalera egiten duen bidaia aitzakia hartuz. Bidaia horretan, fadoaren doinuek inguratuko dute bikotearen baitan sortuz doan desamodioa, melankolia. Teknikari dagokionez, perspektibismoa eta polifonia azpimarratuko genituzke, baita Garziak bertan erabiltzen dituen idazkera ugari eta anitzak ere. 1994an, Mundua sudur puntan (Alberdania, 1994) gazteentzako narrazioarekin, Antonio Maria Labaien Saria irabazi zuen. Horiez guztiez gain, aipagarriak dira sintaxi arazoez diharduen Joskera lantegi (IVAP, 1997) liburua edo Txirritaren bertsoak aztertzen dituen Txirritaren baratzea Norteko trenbidetik (Alberdania, 1997). Edonola ere, Juan Garziaz ari garelarik, ezin aipatu gabe utzi trebetasunez itzuli dituen literatura unibertsaleko maisulanak. Berak itzuliak dira, besteak beste, H. Melvilleren Bartleby izkribatzailea (1991, Erein), W. Shakesperearen Soneto hautatuak (1995, Alberdania), R. Barthesen Idazkuntzaren zero gradua eta Testuaren atsegina (1996, Pentsamenduaren klasikoak), Chesterton-en Ostegun izan zen gizona ( 1997, Ibaizabal), Euskadi Saria Irabazi zuen J.L. Borgesen Ipuin hautatuak (1998, Ibaizabal), Primo Leviren Sistema periodikoa (Alberdania, 1998), S. Becketten Godoten esperoan (Alberdania, 2001) edo W. Shakespeareren Hamlet (Ibaizabal, 2002).

Edonola ere, Itzalen itzal (1993) da, gure aburuz, egilearen sorkuntza lanik sendoena. 11 atalez eta hondar-solas (borgestar) batez osatua, Italiako hirietan barna (Pisa, San Gimignano, Firenza, Siena, Orvieto, Erroma, Perugia, Gubbio, Venezia, Verona eta Milano) egindako bidaia kontatzen da bertan. Ezin esan ipuin solteen bilduma denik, elkarren arteko loturaz osotasun batean biltzen baitira. Ipuin gehienen abiapuntuan testu bat dago, literatur lanen bat, dela gutuna, dela beste motakoren bat, Erdi Aro edo Berpizkunde garaikoa, eta egungo protagonistak testu edo dokumentu horren bila dabiltza deskubrimendu harrigarriak egin arte. Beraz, bi literatur garai ez ezik, bi aldi historiko ere konparatzen dira liburuan eta hortik ipuinek duten denbora-maila bikoitza. Lehen plano batean, arte eta eraikuntza lanei buruz hitz egiten zaigu modu zinez erudituan, estilo eta erregistro oso aberatsak erabiliz. Garziaren prosa zoli eta landuak irakurle arretatsua eskatzen du, bigarren edizioaren hitzaurrean R. Saizarbitoria idazleak zioskun modura, eta irakurleak ez du harritu behar bere burua ipuinetan nahastuta ikusten badu, Orvietoko ipuinean gertatzen den modura. I. Aldekoak liburuari buruz Egan-en (1996) argitara emandako kritikan zioskun modura, Itzalen itzal-en hitzek ez dute ezer adierazten, guztia itzal da, konbentzio edo artifizio huts. Hortik, liburuak planteatzen digun berreraikitze lanean, J.L. Borges edo I. Calvinoren itzalak duen garrantzi funtsezkoa. Iturri okerrak aipatuz, liburu apokrifoei gorazarre eginez, umorea eta absurdua uztartuz... literatura jolas interesgarria izan daitekeela erakutsi digu lan honetan Garziak.

Idazleari buruzko informazio gehiago:

  • Euskal Idazleen Elkartearen web orria: EIE.
  • "Armiarma"-ren Literaturaren zubitegia.
  • Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen web orria: EIZIE.
  • J. L. Borgesen ipuinen itzulpenarengatik 1999an lortutako Euskadi Sariari buruzko argibideak hemen


© Argazkia: Zaldi Ero

© Ipuin hautatuak: Ibaizabal

© Itzalen itzal: Alberdania