ZABALETA, Patxi

(Leitza, 1947)

Idazle ez ezik abokatu, politikaria eta Euskaltzaina da Patxi Zabaleta. 1970 hamarkadakoak ditugu bere estreinako literatur lanak, Zorion baten zainak (Gero, 1972) eta Ezten gorriak (Egilearen edizioa, 1975) poemategiak zein Eskomunia ala Zoroastroren artalde (Egilearen edizioa, 1977) ipuin bilduma. Nafarroako azken mariskala (Txalaparta, 1991) antzezlana argitaratu ostean, nobelagintzari heldu zion nafarrak XX. mendearen lehen erdialdeko Nafarroako herritar xumeen bizimodua islatzen duen trilogia osatzeko. Ukoreka-k (Txalaparta, 1994) eman zion hasiera trilogia horri; gerora etorri ziren Badena dena da (Txalaparta, 1995) eta Arian ari (Txalaparta, 1996).

Ukoreka eleberriak Beñaten bizitzaren berri ematen digu, istorioa 1923tik -Primo de Riveraren diktadura hasiera- 1936ra -II. Errepublikaren erorialdia- doan epean garatzen delarik. Artean jaioberria dela, umezurztegi batean uzten dute Beñat. Hamahiru urte betetzen dituenean, familia batek semetzat hartuko du eta Kexuri baserrira eramango du, bertan lan egin dezan. Zenbait zorigaizto tarteko, Beñatek baserritik ihes egingo du. Baina horrekin ez dira gaztearen buruhausteak amaituko, eta etengabe sentituko du zapalkuntzatik libratzeko nahia eta beharra. Mari Jose Olaziregiren aburuz, nobelak «...mende hasierako Nafarroaren irudi errealista-naturalista ematen du, baserriaren inguruko landa-munduaren amaiera eta bideetako benten desagerpena gertatu zen garaiaren irudia. Txomin Agirrek Garoa-n hasitako tradizioari jarraiki, Zabaletak landa mundua irudikatzeko darabilen sakontasun lexikalak autorearen zaletasunetako bat gogorarazten digu: etnologia. Zabaleta ez baitzen alferrik izan Jose Miguel Barandiaran antropologo eta etnologo gipuzkoarraren lankide. Zentzu honetan, autoreak berak behin baino gehiagotan nabarmendu izan duen asmoa, ekarri etnografikoa, agerian gelditzen da» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Bien bitartean, Badena dena da 1936ko gerraren hasieran kokaturik dago, eta aurreko nobelan bezala etnografiak zein gogoeta filosofikoek toki handia betetzen dute istorioan. Hain zuzen, Nafarroako Erriberako leizeetan bizi izandako pertsonen lekukotasuna ematen du eleberriak. Olaziregik azaltzen duen bezala, leize gehienak 1940ko eta 1950eko hamarkadetan dinamitatu zituzten, baina han bizi zen jendeak lurrarekiko atxekimendu berezia zeukan.

Trilogiako azken liburuak, Arian ari, 1950eko hamarkadako gertakariak islatzen ditu ETAko komando bat eta Nafarroako mugaldean bizi diren kontrabandista batzuk protagonista dituelarik. Lehenengoek bigarrenen laguntza behar dute mugaz bestaldera joateko. «Apurka-apurka, narrazioa komandoko lau kideetan zentratuz doa, haien bizipenetan, maitasun bizipenak barne», azaldu du Olaziregik (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.).

1998an Errolanen harria kaleratu zuen Zabaletak Txalapartarekin. Behin gehiago nobela historikoari heldu zion egileak, kasu honetan Orreagako guduaren ingurukoak -778. urtean euskaldunek Karlomagnoren gudarosteei eraso egin zieten- azaltzeko. «Baina Zabaletaren eleberria Errolanen mitoaren birsortze literarioa baino gehiago ere bada, XII. mendean Euskal Herrian bizimodua nolakoa zen islatzen baitu, trebezia handiz kontatuz euskaldunak eta musulmanak barne hartzen zituen komunitate konplexu haren harreman, ohitura eta bestelako gora-beherak» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.).

Eneko Aritzaren hilobia (Egilearen edizioa, 2005) eleberria dugu idazle nafarraren azken lana.




Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

Euskal Idazleen Elkartea

Literaturaren Zubitegia

Txalaparta argitaletxea

Euskal Poesiaren Ataria




© Argazkia: aralar.net