IRIGOIEN, Joan Mari:
Lur bat haratago

Beti erran izan didate hitz gutiko mutila nintzela, baina gauzak arras aldatu zitzaizkidala, noiz eta, bortz urte nituela eta oilo baten gibeletik jostetan nenbilela, behaztopa egin bainuen, buruz behera erori eta buruz harri bat jo; eta erraiten didate, halaber, ezen, kolpearen ondorez, tentua eta zentzua galdu eta hil hurran izan nintzela, baina, hartarik jalgi nintzenean eta perila gibelean utzi, kolpearen aitzinetik ez nuen erraztasunarekin mintzatzen hasi nintzela, eta hitzak eta eleak hain segidan eta hain elkarren ondoan zetozkidala, non baitzirudien ezen Spiritu Saindua ene mihitik ari zela. Eta, ez dakit kolpe harengatik ote zen edo Jainkoak sortzez hala egin ninduelako, kontua da ezen memoria ere halakoa dudala, eta mila gertaki oroit dezakedala, baita aspaldi hartan gertatuak ere, xehetasun eta ñabardura osoz. Eta, hala, gezur erraiteko beldurrik gabe erran diezazuket ezen sasoineko hainbat pertsona bezain ongi mintzatzen nintzela ni sei urte baizik ez nituenean; baina berdinzki aitortu beharra dizut ezen, mintzairaz denaz bezainbatean halakoa banintzen ere, ez nintzela hargatik gizon adinetarat heldua, eta bertze edozein ume bezain heldugabe eta umogabe nintzela, hauskorra eta alditsua. Ba ote du esplikazionerik gertaki hark, jaun André? Descartesek errana egia bada, badirudi ezen gorputz osoa dela arimaren egoitza, eta garuna —edo garunaren erdiko guruina, zehatzago— egoitza horren gelarik inportantena, nondik giharretarat eta organoetarat hedatzen baitira sareak osatzen dituzten hodi tipi batzuk —nerbioak—, zeinek beren baitan eta beren barrenean animalien spiritu-en airea edo haize mehea gordetzen duten, eta zeinek odolaren osagairik mehe-enarekin bat egiten duten. Eta, batzuetan galdetzen diot neure buruari, Descartesen teoriak gogoan, ez ote nintzen ni, neure nerbioen aldetik denaz bezainbatean, akatsen batekin munduratu, hodi batzuek zerbaiten traba zutela, konparazione, eta ez ote ziren spiritu batzuk ere, ondorez, hantxe trabatuko... eta ez ote nintzen hargatik ez mutu baina kasik mutu jaio, harik eta, kolpearen eraginagatik, traba guztiak destrabatu eta spirituek beren bidea ediren zuten arte... Horrelako zerbait gertatu ote zitzaidan, jaun André? Edo, arestian erran bezala, halakoa ote nintzen sortzez, eta ez ote zuen kolpe hark nehongo eraginik izan ene hazte-hezteetan... eta hizketan hasi ote nintzen, halatan, hura ene hitz egiteko ordua zelako, bertzerik gabe...?

Baina, etxekoei kasu egin behar badiet, iduri du ezen akats batekin jaio eta kolpe hark akasgabetu ninduela, edo hala uste izan zutela haiek. Eta, handik harat, gauzen ikasteko ere halako erraztasun baten jabe, aitzina eta aitzina egin nuen, halako suertez, non bederatzi urterekin bainekien apez don Frantziskok —Mattin eta bion lehen prezeptoreak— jakin zezakeen guztia, nominatiboak eta genitiboak, kredoak eta gloriak.

Halarik ere, erran behar dizut ezen jakintsutik guti zuela don Frantziskok, bihotz oneko gizona zen arren. Baina ez dakit jadaneko ongi ari naizen, zeren eta hitz ustez sagaratu eta ukiezin baten aitzinean baikaude, jaun André: jakintsu. Izan ere, zer da bizitza honetan jakintsu izaitea, edo jakintasunaren jabe izaitea? Hagitz aritmetika eta geometria dakiena dea? Erretorika dakiena dea, eta mintzoaren jabe dena? Haatik, jakintsua izan ote daiteke gizon bat, munduko numero guztiak dakizkiena baina, oihanaren erdian bakarrik utziz gero, galdu eginen litzatekeena, nola behin baino gehiagotan ikusi behar izan nuen nik ibai Orinocok zeharkatzen zituen oihanetan? Eta nor ote jakintsuago: munduko mintzalaririk handiena eta hitzaren sehi eta mirabe dena, edo isilik egoiten dakiena eta isiltasunaren mintzoa duena, bertzerik gabe? Eta nor da jakintsuago, finean: baserritar noharroin on-beharra baina Jainkoaren bidetik dabilena, edo kapare aberats kasik guztiahalduna baina deabruari arima saldua diona? Eta gogorat datozkit Indietan ezagutu nituen indiar haiek: ez zekiten skribatzen, ez irakurtzen, baina arraitasun eta bizipoz hura zuten, hain handia, hain betea eta hain barnekoa, non baitzirudien ezen, deus ere ez zekitelarik, guztia zekitela, zeren eta ditxaren eta felizitatearen sekeretuaren berri baitzekiten; eta nik galdetzen dizut: nor ote jakintsuagoak, indiar ustez inorant haiek, skribatzen eta irakurtzen ere ez zekitenak eta bizitzeko deus guti behar zutenak, edo harat joan ziren konkistatzaileak, skribatzen eta irakurtzen jakin zezaketenak, baina deusekin asetzen ez zirenak? Nihil necesse sapienti est, erraiten zuen Senekak, eta baldin egia bada ezen jakintsuak ez duela deus ere behar, orduan, jakintsuagoak ziren indiar haiek konkistatzaileak baino, eta jakintsuagoa zen, halaber, don Frantzisko bertze anitz jende baino, zeren eta honek ere deus guti behar baitzuen bizitzeko. Eta, baldin egia bada ezen jakintsuak bere burua ezjakintzat duela, nola erraiten baitzuen Publilio Siriarrak —Non pote non sapere qui se stultum intelligit—, jakintsua zen orduan don Frantzisko, zeren ikasleak baino gutiago dakiela aitortzen duen irakaslea, nola aitortu baitzuen berak, kontatuko dizut noiz, ez baitzitekeen bertzerik izan. Finean, Prima docet rectum sapientia, erraiten zuen Juvenalek, eta ezin uka ezen don Frantzisko gizon justua eta zuzena zela, eta bide justutik eta zuzenetik ibili izan zela, eta zuzentasun hura izan zitekeela haren jakintasunaren froga.

Baina, erranik aitzinetik hori guztia, orain erraiten dizut ezen don Frantzisko ez zela jakintsu, ez bederen hitz hori komunzki endelegatzen den moldean. Latina zekien —hala-hola, murduskatzen bertzerik ez—, baita gramatikaren eta eskolastikaren funtsezko arauak ere, baina, handik harat, deus guti gehiago. Muga haien aitzinean, ordea, bazuen dohain bat, gizonen artean batere ohikoa ez dena, eta zen ezen bazekiela bere mailaren eta bere neurriaren berri, eta haren arauaz jokatzen zuela, itxurarik egin gabe. Gurasoak, izaitez, laborariak zituen, eta ez zen bere etorkia ezkutatzen ibiltzen; etxeko zamaria asto bat zuen, eta ez zen Kaligularen zaldiari beha bizi, bere asto hura ere kontsul noiz eginen ote zuten, halako moldez, non ez baitzuen zaldirik nahi izan, bai gurasoek eta bai aitona Nikolasek ere zaldi eder bat erregalatu nahi izan ziotenean, jende printzipalaren eredurat eta haien idurirat ibil zedin. —Ez. Behin zalditik erori nintzen, eta, erran zaharrak dioen bezala, nahiago dut asto jasan nazan bat ezen ez zaldi egotz nazan bat... —eta, argumentu hura, Sancho Panzarena berarena izan zitekeena, bertze argumentu teologiko batekin indartzen zuela, don Frantziskok segitu zuen—: Ama Birjinaren zaldia, bertzalde, asto bat zen, eta ni ez naiz Ama Birjina baino gehiago —eta, berriro ere lur gainerat egiten zuela, baina begiak zerurantz iraulirik, akabatu zuen—: Halarik ere, dakizuen bezala, lehengoan san Isidroren iduria erori zitzaigun buruz beheiti elizan, eta bertze san Isidro bat bai, onartuko nizueke, atsegin-sari gisa, hautsi zitzaigunaren orde, zeren, dagoen bezala, aingeruek ere ez baitute ezagutuko... eta nekez etorriko dira haiek, halatan, Urbiainerat, nekazarien lurren laboratzerat.

Eta xakean ere halakoa zen.

Zeren, oraino erran ez badizut ere, aitona Nikolasek lagun zuen don Frantzisko, eta gero eta haren lagunago egin zen, batik bat bere azken urteetan. Eta egun batean aitonak apezari joko hartan irakatsi eta, handik harat, noiznahi-den aritzen ziren biak xake taularen aitzinean. Eta batzuetan ni ere haiei beha egoiten nintzen, eta oroitzen dut ezen apezak edonoiz eramaiten zituela zaldunen zaldiak, haien jauzietan, koadro bat edo bi koadro haratago, batez ere ikasi berritan. Eta aitona Nikolasek, nola baitzuen Miguel de Cervantesen don Kixote irakurria, erraiten zion:

—Ez nekien zure zaldi horiek hegan zekitenik, don Kixote-ko apezaren mandoak bezala eta Pegasok bezala...

Eta apezak ihardesten zion:

—Hauxe mundua: behin neure neurriko zaldi pare bat aurkitu eta ezin ibil haiekin nahi bezala...

Baina, don Kixote-ko apezarekin baino gehiago, Sancho Panzarekin konparatu nahi nizuke don Frantzisko, arestian bezala, eta, horrela, derradan ezen, don Kixote Mantxakoaren ezkutariak bezala, gure apezak ere bere astoa zuela, eta, hark bezala ere, bere ateraldi zorrotzak zituela, erran komunez eta errefrauez hornituak eta errekaitatuak; baina, aldiz, frankoago eta eskuzabalago zen eta, zuenarekin kontentatzen zelarik, aitzurraren berdin nahian dabilen jorraia ez bezala, ez zuen beregainezko eta ezinezko insulekin amesten: erran nahi baita ezen gehiago bizi zela eliztarrei beha bere buruari baino, ebanjelioko parabolako artzain onaren molderat. Eta okasinoa zuenean golos samarra zen arren eta gularat apur bat emana, ez zen Kixoteren ezkutaria bezainbat. Ordu arte, osaba Joanikotek irakatsi izan zizkigun aritmetika, geometria eta lehenengo letrak, denetik apur bat, batzuetan jostetan bezala, aitona Nikolas hartan ere lagun zuela, eta bertzeetan seriosago. Haatik, aitonak nahi zuen ezen latina eta erretorika ere behar bezala ikas genitzan, baita erlijionea ere, jakina, eta, nola aitona Nikolasek, arestian erran bezala, biziki estimatzen baitzuen gure apez don Frantzisko, hala izendatu zuen hura Mattin eta bion prezeptore, nik buruz harria jo eta handik gutirat, sei urte bete berri nituela eta Mattinek bederatzi.

—Mundu bat dira letrak, bertze bat numeroak, eta mutilek goizean mundu bat landu beharko lukete, arratsaldean bertzea, nola egin baitzuten Martinek eta Joanikotek bere mementuan, Pariserat joan aitzin.

Ordea, gure guraso jaun Martin eta andere Grazianak ez zuten gogo onez hartu aitonak don Frantziskoren alde egin hautua: nola hartuko zuten, bada, erabaki hura gogo onez, baldin aitak handiki handi ezin handiago bat izaitearekin egiten bazuen amets, Parisko egonaldiaren ondotik? Eta amets hartarik halaxe mintzatu zitzaion aita aitona Nikolasi: —Axola ez bazaio, garbi hitz eginen nioke berorri, aita. Don Frantzisko den bezalakoa da, eta ez dago garia eskatzerik zumarrari. Erran nahi baita ezen don Frantzisko apez ezin hobea izan daitekeela herriarendako, baina ez jauregiarendako, zeren, barka biezat berorrek segidan erranen diodana: zaldunen neurria zaldia da, ez astoa... eta gu zaldunak gara.

—Bai, seme, gu zaldunak gaituk, nobleak, eta ez didak halakorik oroitarazi behar; izan ere, alde batetik, handitasunaren mendi-gaina galdu duenak, nola galdu baitzuen gure familiak eta gure leinuak, Gaztelaren aurkako gerla maradikatu haien ondotik, ez dik mendi-gaina baizik oroitzen; eta, bertzetik, umetarik ez diat bertzerik erakutsi... Baina ez diat uste horrek zer ikusirik duenik herriko apeza honat ekartzeko eta gure mutilei eskola batzuen emaiteko deliberamenduarekin... Eta zaldi eta astoen kontu horretan, seme, alde batetik arrazoin emaiten badiat ere, zalduna, deus ere bada, zaldi-duna delako, eta bistan delako ezen zaldia astoa baino abere ederragoa eta airosagoa dela, eta, halatan, jende printzipalarendako egokiagoa, jakin ezak, bertzalde, zaldiak irrintzi egiten duela, eta astoak arrantza, eta ez dagoela alde handirik irrintzitik arrantzarat. Dena den, baldin gure buruko minik handiena hori bada, zaldi bat eskain geniezaiokek apezari, eta kito... —ihardetsi zion aitona Nikolasek, jakin gabe artean don Frantziskok uko eginen ziola eskaintza hari.





© Irigoien, Joan Mari. Lur bat haratago, Elkar, Donostia, 2000.