LETE, Xabier:
Hainbat poema
Poeta hoiek
Gizona preso
daramate.
Zer esan du?
zer egin du?
SEMEENTZAT
OGIA
ESKATU DU.
Eta poeta
Eta poeta
ixilik gelditu da,
bildurrak eraginda.
Gizona
preso
daramate.
Zer esan du?
Zer egin du?
JUSTIZIA
ESKATU
DU
Eta
Poeta
eta poeta ixilik gelditu da
etxean
sartuta.
Gizona
zigorrez
jo
dute
Zer esan du? Zer egin du?
LIBERTATEA
ESKATU
DU
Eta poeta eta poeta
ixilik dago ateak itxita
Ai, poeta!
Gogorra
izango
da zuretzat
Askatasun
Eguna.
Egunetik egunera orduen gurpillean (1968)
Gauzen izentatze etengabe bat
Poesia
gauzak izendatzeko era bat da.
Beraz
ez dizut
lorategi aberats ugaria
erakutsiko
ez eta izarren ordenarik
agertuko.
Gure bideak ez darama
eskainitako hirira
bide soila baizik ez da:
gauzen izentatze etengabe bat.
Gure bidea
bide soila,
eta gure mintzaira
gizon kateatuen lur lehorra
bustitzen duen
euri epel baten antzeko.
Bigarren poema liburua (1974)
Eta bizitza
Eta bizitza
ondar fin bat bezala
behatzen artetik irristatzen zitzaigun.
Soroetako ke urdin
eta ur kantarien oihartzunarekin
batera
iragaiten zitzaigun:
maitasun zaharren melankoliaren gisan.
Eta baratze bat zen,
usai gozoz beterikako baratze bat.
Eta desio bat zen,
ase ezinezko irudimenez gainezka
lehertzen zitzaigun desio lehena.
Eta zorabiatzen gintuen
sexo usai bat zen.
Bigarren poema liburua (1974)
Ezaren semeak
Gu
ezaren seme
zalantza orokorraren zaldun lurreratu
odol eta lokatzezko denbora hauetan
nostaljiaren sabelean bilduta aurkitzen garenok...
gure kondaira
letra ttipiekin eskribitzen den horietakoa da
eta gure etorkizuna
laino grisen ezparadisu prolematikoa.
Oroitzapenak gordetzen dituen maleta zaharra
zuloz beterik dago aspaldian
eta horietatik ixurtzen doaz
esperantzak
fantasiak
gorroto farregarriak...
Neguaren atariko arratsaldetan
gure aterabideak banan-bana kontatzen
aspertzeraino saiatutakook...
baina sentimenduaren ariak
ezin ditu iñork behar bezala lotu,
elkarri itsatsi.
Arrazoiaren gurdia
bere ardatzaren inguruan
geratu gabe bueltaka dabila,
eta bihotza
mazkatzeraino mekanismoz beterikako
makina karrankari bat besterik ez da
neguaren atariko arratsaldetan.
Bigarren poema liburua (1974)
Lur erre bat baino haratago
Lur erre bat baino haratago
aurkitu nahi zintuzket...
Suak kizkali dituen
hitz
keinu
irri
negar
jarrera
guztietatik haratago.
Izarren hauts urdina
eta itsas-hegi luzea
besterik ez legokeen
lur errearen beste alde hortan.
Jatorrizko biluztasunean,
menta-beltxen usaiak dastatzen,
sekso inuzentearekin jostatuz
maitasun infinitoak egiten...
Eta itsasoa
bere begi urtsuekin
ortzadar gazi bat bezela
mila koloretan
lehertzen eta lehertzen.
Lur erre hau baino haratago
aurkitu nahi zintuzket...
Bigarren poema liburua (1974)
Eta hitza oinaze izanen da
Eta hitza
oinaze izanen da.
oinazeak gure zauriak
sendatuko ditu,
zornea kanporatuko.
Eta sendatzean,
egunek emeki-emeki
bata bestearen gainera
ixurtzen
jarraituko dute.
Bigarren poema liburua (1974)
Izarren hautsa
Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean
noizpait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.
Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu,
saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia:
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizpait erditu
hortan jokatuz bizia.
Gizonen lana jakintza dugu:
ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen.
Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
burruka hortan iraungo duten
zuhaitz-ardaska gazteak.
Beren aukeren abe eraikiz
ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiaztatuko dutenak.
Bigarren poema liburua (1974)
Kulpa ezarriak
Desolaziozko basamortuetan
aurkitu nahi bainauzue
jarrai haratago haurtzaroko iturburuetara,
bila han harriduraz josiriko
begi babesgabeak,
neguak hotzez ximelduriko sustrai zaurituak,
hainbeste min sufritutako sentimendu umezurtzak.
Galdegin oinazeari
zergatik jabetu zen hain goiz
biziaren gela itzaltzuetaz,
nolakoak ziren esperantzaren esku hautsiak
aragi kolpatuaren kulpa ezarriak.
Ez begiratu orainak zer dioenaren kontuei,
ikasi dugularik
zati barreiatuak elkarri itsatsirik
kalez kale ibiltzen,
irrifarre guztiak defentsaz erabiltzen,
heriotza azkenik maitekor begiratzen.
Une bat izan baizen
hasiera berean
oharraren legeak martxan jarri baino lehen
dena posible zena,
norberaren izena eta nor izatea,
askatasunerako sortu izan baginduzten.
Baina apurturikan doa gure kondaira
hasiera beretik hain madarikatua
beldurra baizen lege denboraren muinean
eta gu haren seme molderik txarrenean.
Horregatik haurra ez da iñoiz helduko
eta bere begiek ihes egiten dute
urrutiko aintzina ahaztu batetara,
oroitu nahirik dabil
posible den zerbait
ukatu zitzaiona noizpait behin betirako,
sortzearen unean baitago urradura
alegin erotuek osatzen ez dutena.
Alferrik baita orain
haruntz abiatzea,
bidea galdu eta
haurra beldur denean,
ahaztu zitzaiolarik
zorionaren hitza
bizitzaren ekaitzek
gaua dakartenean
aingeru zapuztuen
infernu gris hontara.
Urrats desbideratuak (1981)
Bizitza ebatsiko didazue
Bizitza ebatsiko didazue
ukazio ankerraren arma koldarrekin.
Ebatsiko dizkidatzue
dintasuna eta kuraia,
kondaira eta arrazoia ohostuz,
lorpena eta maitasuna ukatuz
keinurik zekenarekin.
Baina iñork ez nau herbesteratuko
zentzuen aurrean oparo datzaten
aro ederren siñuetatik:
margo eta usai
ihintz eta lanbro
zuhaizti itzaltzuen kaligrafia miresgarritik...
Eta «bedi» errepikatzeko ordu zehatza iristean
urguilo apal bat itzuliko diet
nire lilluraren ernegai maitatuei.
Haiek zuzpertuko naute
azken une eskergean,
eta ororena ororentzat utziz
ziur izango naiz
ez duzuela lortu nire begirada lausotzerik.
Urrats desbideratuak (1981)
Ez nau izutzen negu hurbilak
Ez nau izutzen negu hurbilak
uda betezko beroan
dakidalako iraute duela
orainak ere geroan
nolabaitezko kate geldian
unez uneko lerroan
guztia present bihurtu arte
nor izanaren erroan.
Ez nau beldurtzen egunsentian
arnas zuridun izotzak
nun dirudien bizirik gabe
natura zabal hilotzak
eguzki eder joan guztien
argia baitu bihotzak
eta zentzuen mila ernegai
iraganaren oroitzak.
Ez nau larritzen azken orduan
arnasa galdu beharrak
bide xumea hesitu arren
amildegiaren larrak,
ardo berriak onduko ditu
mahastietan aihen zaharrak
gure oraina arrazoiturik
beste batzuren biharrak.
Ez nau iluntzen baratzatikan
azken loreak biltzeak
muga guztien arrazoi bila
arnas gabe ibiltzeak
arratsaldeko argi betera
zentzu denak umiltzeak
amets betezko loa baitakar
behin betirako hiltzeak.
Urrats desbideratuak (1981)
Nere izatearen ordu ilunenak maite ditut orain
Nere izatearen ordu ilunenak maite ditut orain
haiek zirelako kontzientziaren ingude garratza,
itzaltzear delarik zentzu iratzarrien lorezko baratza,
ezin baitut hazia gatzak estali zuen lur antzuan erein.
Zuhaitz heldua naiz hilobiari itzal isil dagiona,
menturazko ametsa gazte batek noizpait abesti egina:
atsedena balitz ausaz iraunkorra eta lotan grina
bere soseguan argitsu litzateke lurrezko gizona.
Itzuliko dira esaltazio baten elikagai zaharrak
uda ederrarekin kantak asmatutako irudi galkorrak:
gorputzak, irriak, mahastien urrea, pozaren abarrak.
Ez du idatziko liburu zaharrean mutu eta gorrak
zorabio batetan nahasten direlarik begi hain nabarrak:
azken arnasarekin ordainduko ditugu aintzinako zorrak.
Zentzu antzaldatuen poemategia (1992)
