ZUBIZARRETA, Patxi:
Atlas sentimentala


Afrikara astebeterako joan denak, liburu bat idatziko du; hilabete baterako doanak, artikulu bat; urtebeterako joan denak, deus ez
Bidaiari anonimoa



Nik uste nuen, eta oraindik ere hala uste dut, zoriona ezinezkoa zela terrza bat izan gabe, baina terrazak aipatzean, ez naiz inondik ere azotea europarrei buruz ari...
Fatima Mernissi, Sueņos en el umbral



Martxoak 25

(17:15)

Azkenean, joan egin dira. Gurasoak, Hassan, Ali eta mandoa mendian gora doaz. Nik, ordea, Imi Oughlad herrixkan geratu behar izan dut, bakarrik, bihotzeko minez, eta ilunabar triste honetan begirik kendu gabe jarraitzen diet. Adio...

(22:20)

Eguzki erloju bat egun hodeitsu batean bezala sentitzen naiz, edo zapatilak kontrako oinetan jarriak banitu bezala, edo arabiar bat teontzirik gabe dagoenean bezala...

Bost ordu inguru dira gurasoak joan direla; hiru bat ordu ilundu eta afaldu dudala. Oraintsu arte Rafik Schamiren Eskua bete izar nobela irakurtzen aritu naiz. Nola edo hala denbora agudoago igaro zait eta ez naiz honen bakarrik entitu. Baina orain egonezina daukat, urduri eta zer suma nago, sabelean halako korapilo estua banu bezala.

Eta bakardadea uxatzeko eta denbora arinago igarotzeko hasi naiz, bada, egunkari hau letraz eta marrazkiz zirriborratzen; horregatik eta, giltzarrapo gorria!, txizalarri naizela ahantzi nahi dudalako, zeren Marokoko mendialdeko herrixka hauetan ezin baita inon komunik aurkitu...

Hala ere, hori ez da okerrena. Komunik ez izateaz gain, lehen begiratu batean herrixka hauek bonbardatuak izan zirela irudi du. Hassan-ek, gure gidariak, ez zuen hain deskribapen dramatikoa egiten: "Asto batek, pasaeran, txiki-txiki egindako intxaur oskolak dirudite". Eta neurri batean halaxe da: etxeak teilatu gabeak dira, terraza bat daukate teilatuaren ordez; lurraren kafesne kolore bertsukoak dira, soil-soilik leihoak margoturik dituztela; bata bestearen ondoan daude; haien artean bidexka hertsi eta lokaztuak ageri dira; tira, hertsi, lokaztu eta ilunak, zeren, egon, argindarrik ere ez baitago.

Baina gauzak nola begiratzen diren. Gure amak esaten zuen paisaje honek postre bat ekartzen ziola gogora: gaztanbera, ezti eta intxaurrekin. Gaztanbera, Atlas Handiko gailurretako elurrarena; eztia, lur malkartsu onen kolorearena; eta intxaurra, herrixka hauetan nabarmentzen diren intxaurrondo ugariengatik.

Nik berriro diot: niri bonbardatutako herrixkak iruditzen zaizkit, edo, leihoak begi zuloak balira, pila batean bildutako kaskezur mordoxka. Eta, egia esan, postrea baino gehiago lehen plater bat oroitarazten didate: dilistak. Baina orain ez zait axola kale edo argindarrik ez izatea, orain bost piper axola zait abenida, zinema edo kafetegirik ez egotea, orain komun bat behar dut, agudo demonio behar ere, eta hori bai axola zaidala...

Hassanek esaten zuen mendia dela komun publikorik handiena, eta prakak nonahi askatzen ahal genituela, baina ni ezin naiz orkatila bihurrituarekin gau beltzera irten eta zer egin ez dakidala nago. Giltzarrapo gorria! Orain soil-soilik dakit txizalarriaren txizalarriaz lehertzeko zorian nagoela, eta hori ahaztuko badut, idazten eta marrazten jarraitu beharra daukadala.

(22:55)

Asko dira bidaia bat egiteko izan daitezkeen arrazoiak, baina nik orain giltzarrapo gorrika madarikatzen ditut honaino ekarri gintuzten arrazoiak, zeren nik ez baitut hemen bakarrik egon nahi, nik orain Iruņean egon behar nuen, Unai, Uxue eta gainerako lagunekin.

Gure bidaia honen arrazoiak topatzeko aski atzera jo behar da, hain zuzen ere bost bat hilabete atzera. Dena institutu batean hasi zen, gizarteko azterketa fotokopiatzera zihoala, irakasle bati idazkaria hurbildu eta zuzendariarengana lehenbailehen joateko esan zionean.

-Hara...- hasi zitzaion hura kopetilun-, telefonoz deitu dizute eta, zera, ama...

Emakume gaztea, negarra begietan, leihora inguratu eta han egon zen puska batean, hitz erdika adierazi zioten albistea bereganatu nahian: irakaslearen ama beti ibilia zen bihotzetik makal samar, baina hortik egun batetik bestera hiltzera... Edozein modutan, bere onera etortzen saiatu ondoren, irakasleak telefonoz dei bat egin nahi izan zuen, baina amarenean inortxok ere erantzuten ez zionez, zuzendariak esan zion:

-Joan lasai eta utzi geure kontu hemengo ardurak. Azterketa beste batean egin dezakezu, orain hori gutxienekoa da.

Eta irakaslea agudo demonio abiatu zen Iruņetik. Autopistan aurrera, ama, ustekabea, heriotza gupidagabea, hiletak... beste pentsamendurik ez zuen. Eta Tafallatik hurbilago eta bere larritasuna handiagoa.

Noizbait ere heldu da amarenera, beldurrak airean igo ditu eskailerak eta, azkenik, arnasa sakon harturik, ateko txirrina jo du. Behin eta berriro deitu behar izan du, harik eta, halako batean, atea zabaldu dioten arte. Eta, atearen bestaldean nor ikusiko eta, ama!

-Jesus, Maria eta Koxme! Hau sorpresa ederra! Nolatan zu hemen? Gaur ere jairen bat ala? -esan zion besarkatzearekin batera. Baina irakasleari ongieza egin zitzaion eta ziplo erori zen lurrer. Eta haren ama izan zen larrialdietara deitu behar izan zuena. Eta itxuraz deus larririk gertatu ez zitzaion arren, irakaslea izugarri hunkitua gertatu zen, batez ere jaki zuelarik ikasleren bat izan zela, gizarteko azterketa bertan behera utzi nahian edo, ama hilaren kontuarekin institutura deitu zuena.

Eta itxuraz deus larririk gertatu ez zitzaion arren, psikologoak gaixo-agiria eman eta Tranxilium izeneko pilulak (elefante bati eragiteko modukoak) hartzeko agindu zion.

-Zaldi lasterketa batean ufaka eta ezinean doan asto baten antzera sentitzen zara -amaitu zuen psikologoak. Normala da, baina orain lasterketa utzi beharra daukazu; orain atseden hartzea komeni zaizu, atseden hartzea etaikasleak puska baterako ahanztea...

Eta nik hori guztia ez dakit deia egin zuen ikaslea ni naizelako, ezta haren klasekoa naizelako ere; ez, irakaslea nire ama delako dakit hori guztia, eta horrekin batera dakidana da gaur arratsaldean ama mendian gora joana dela, aita, Hassan eta Alirekin batera, eta nik, ordea, hemen geratu behar izan dudala.

Deiaren egunaz geroztik, ama zeharo gogogabetua eta deusetarako gauza ez zela egon zen, ni orain nagoen bezalatsu. Lehen institutua sarritan aipatzen bazuen ere, harrezkero tabu bihurtu zen gurean. Aitak, bederen, hala esaten zidan, hau da, institutuko konturik amaren aurrean hizpidera ez ekartzeko. Eta aitak eta biok beste gai batzuk aipatzen bagenituen ere, irribarrea pizteko txisterik onenak kontatzen bagenituen ere, dena alferrik izaten zen. Ez Tranxilumak ez guk, ez genuen deus ere lortzen.

Baina egun batez aitak bidai agentzia bateko orritxo bat ekarri zuen postontzitik. Baraņaingo Natura agentziakoa zen eta honela zioen: "MAROKO-ATLAS HANDIA. Ezagutu itzazu ibilian-ibilian Lurreko paisajerik ederrenak. Gainera, eguraldi ona lagun, Toubkal mendira (4167 m) igotzeko aukera izango duzu". Eta aitak hain sutsuki hitz egin zuen, eta gero ni ere bidaiaren hai aldeko agertu nintzen, azkenean ama animatzea lortu eta hirurok Marokora etortzea erabaki baikenuen.

(23:30)

Txirrindulari lasterketen amaiera aldean, kotxeskoba joaten da erretiratuak jasoz. Bada orain ni ere haietako bat sentitzen naiz, erretiratua edo, bestela, erorialdi bat egin eta ospitalera daramaten txirrindulari zauritua...

Ez dago eskubiderik! Marokoraino etortzeko prestakuntza piloa egin behar izan genuen: mapak eskuratu, gidaliburuak irakurri, agentziako Koldorekin mintzatu, tetanoaren kontrako txertoa hartu, mendiko materiala prestatu, pasaportea atera... Eta Aste Santuko oporrak baliatuz, martxoaren 21a iritsi zenean, Iruņeatik Madrileraino autobusez joan, handik Casablancan barrena Marrakexera hegaldatu, taxi eta kamionetaz Atlas Handiko Mendikate honetara hurbildu, zenbait egunez Lurreko paisajerik ederrenak ezagutuz ibili, eta orain, Toubkal mendira (4167 m) igotzeko hain gutxi falta genuela, usterik gutxienean zer, eta orkatila demonio hau bihurritu!, noiz, eta kasik ikuste ez zen errekasto bat zeharkatzean! Giltzarrapo gorria! Oina harri koloka batean (7 cm) pausatu, eta krask! egin zidan orkatilak, atx! ahoak.

Istripua Toubkaletik jaistean edo izan balitz, gaitzerdi, baina ez, orain behar zuen? Eta okerrena zera da: institutura itzuli eta ezin izango diedala lagunei gailurreko argazkirik erakutsi. Beharbada izan genuela esango diet, eta, orkatilarena zuritzeko, beherakoan haitz ikusgarri batetik erori nintzela, edo elur jauzi batek harrapatu ninduela. Zer edo zer bururatuko zait: edozer, nire alfer bidaiaren berri inori eman baino lehen...

Gaur goizean, orkatila bihurritu dudanean, gurasoak bidaia bertan behera uzteko prest agertu dira. Baina nik ez nuen inondik ere nahi eta, kostatu bazait ere, azkenean konbentzitu ditut eta aurrera jotzea erabaki dute. Gainera, ez dakit zergatik, baina irudipena daukat Toubkalera igo eta gero amak ez duela Tranxilium pilula gehiagorik hartu beharko (Iruņera itzulitakoan beharbada ni neu izango naiz horien beharra izango duena...).

Filmetan, arerioa ?edo Herioa- gainean duenean, heroiak honela esaten die bere lagunei:

-Ez arduratu niregatik. Nireak egin du eta gutxienez saia zaitezte zuen bizitzak salbatzen.

Eta nik gurasoei antzera esaten diet:

-Ez arduratu niregatik. Ni hemen moldatuko naiz eta, benetan poztu egin nahi bainauzue, saia zaitezte Toubkalera igotzen.

Hala ere, egia osoa esan behar bada, hori ez diet heroiek bezain tinko esan, eta kandelari negarra bezala, niri orain malkoren bat edo beste datorkit begietara.

-Lehenbailehen itzultzen saiatuko gaituk ?agurtu nau aitak.

-Etortzen garenerako sendatuta nahi zaitugu ?agurtu nau amak.

-Erizain faltan, behintzat, ez haiz egongo? -agurtu nau Hassanek.

-Kuraia on! ?agurtu nau Alik.

Eta adiskide fidelek alde egindakoan heroiaren gainera abailtzen diren arerioen antzera (hura preso hartu, torturatu eta txiki-txiki egiteko), niri bakardade gorria abaildu zait (gutxienez bost egunetan arrotz sentiarazi, asperraren asperraz zigortu eta kitto egiteko).

Eta bihotzean sentitzen dudan oinazea orkatilekoa baino askoz handiagoa da. Baina mina, benetako mina orain puxikan sentitzen ari naiz. Bestela ere gutxi banu... Giltzarrapo gorria! Ezin dut gehiago. Zerbait egin beharra daukat: lozakutik irten, candela itzali eta leihatilatik bertatik egingo dut. Gehienera ere, etxekoek euria dela pentsatuko dute...

(1:15)

Ordubete baino gehiago da leihotik txiza egin dudala eta, egia esan, a ze lasaitua hartu dudan. Baina txoria atzera kaiolan sartu dudanean tanta batzuk isuri zaizkit eta horrek, loezarekin batera, argi adierazten du inondik ere ez nagoela neure onean. Bai, txiza egin ondoren galtzontziloak bustitzen bazaizkit -izan azterketengatik, izan egindako deabrukeriaren batengatik-, horrek barrena asaldatua dudala esan nahi du, eta izan ere halaxe da, zeren berriro ere urduri eta zer suma bainabil, sabelean halako korapilo batek estutuko banindu bezala.





Š Zubizarreta, Patxi. Atlas sentimentala, Alberdania, Irun, 2001.