Euskal herritarren beste literaturak

Oharrak euskal herritarren literaturei buruz

© Estibalitz Ezkerra Vegas (University of Illinois at Urbana-Champaign)

© Itzulpena: Di-Da





Lehenik eta behin, komeni da zerbait argitzea: proiektu honen koordinatzaile María José Olaziregiren gonbidapenetik sortu da artikulu hau. Begiratu batean, mandatuak oso erraza zirudien: literatura euskaraz beste hizkuntza batean landu duten Euskal Herriko idazleei buruzko artikulu bat idaztea, Euskal Herriko literaturaren historiari buruzko liburu bat osatzeko. Baliteke azalpen hori susmagarria iruditzea irakurleei; litekeena da zera pentsatzea: excusatio non petita, culpa manifesta. Bada, kontua ez da hori. Besterik gabe, artikulu hau idazteko arrazoia argitzearen helburua da adieraztea zer distantzia eta arroztasun handia dagoen Euskal Herriko idazleek idazten dituzten literaturen artean; hainbesterainokoa da distantzia eta arroztasun hori, hor nonbait gure inguruan dabiltzan errealitateei buruz idazteko mandatua egin dute1. Inork esan dezake hizkuntza izan dela eta oraindik ere hizkuntza dela literaturaren historiak osatzeko parametroa. Bada, nahikoa da Euskal Herriko literatura izendatzeko erabilitako terminologiari begiratzea: "euskal literatura" terminoa erabiltzeko halako joera izan da, baina, Koldo Mitxelenak garai batean argi eta garbi utzi zuenez, "euskal literatura izan daiteke euskaldunek euskaldunentzat egin dutena besterik" (54). Hain zuzen ere, "euskal" hitzak finkatzen du lotura, euskararekin erlazionatuta dagoena bakarrik izan baitaiteke "euskal". Hortaz, Euskal Herriko literatura eta euskal literatura ez dira gauza bera eta, ildo berean, Mitxelenak berak dioenez, Euskal Herriko idazleak eta euskal idazleak ez dira gauza bera.

Beraz, nola izendatuko ditugu Euskal Herriko idazleek euskaraz beste hizkuntza batzuetan idatzitako literaturak? "Erdal/erdarazko literatura" eta "erdal idazle" terminoak erabiltzearen aldekoa da Mitxelena, baina "erdara" hitzaren esanahia nahiko konplexua da. Elhuyar hiztegiak dioenez, erdara da "euskara ez den edozein hizkuntza, bereziki gaztelania hegoaldekoentzat eta frantsesa iparraldekoentzat". Ohikoa da, baina, hitz hori atzerriko edozein hizkuntzarekin lotuta agertzea: esate baterako, Artezen web gunean, "Erdarak" atalean, gaztelaniaz eta frantsesez beste hizkuntza batzuetan ere idatzitako kontsulta-guneak ageri dira, hala nola ingelesezkoak. Halako egoeretan, zera esan dezakegu: hitz bakarrak esanahi bat baino gehiago izan dezakeela aldi berean. Alabaina, ezin tentagarriagoa da aipatutako bi esanahien arteko harremana (diferentziala eta erreferentziala) aztertzea, batek beste hizkuntza batzuk hartzen baititu kontuan eta besteak atzerriko hizkuntzatzat hartzen baititu zuzenean. Begien bistan dago batek zein besteak Euskal Herritik kanpokotzat hartzen dituztela gaztelania eta frantsesa, nahiz eta Euskal Herriko biztanle gehientsuenak bietako bat hitz egiteko gai diren, iparraldean edo hegoaldean bizi diren. Ikuspegi esentzialistatik, argi eta garbi dago gaztelania eta frantsesa ez direla Euskal Herriko hizkuntzak; izan ere, izenak berak dioenez, euskara da Euskal Herriaren (zazpi euskal probintziak biltzen dituen lurraldearen) berezko hizkuntza. Ikuspegi horrek, ordea, alde batera uzten du Euskal Herriko herritarren errealitatea, beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten baitituzte. Beste era batera esanda, nazio bat hartzen du kontuan, baina nazio hori ez dator bat lurraldean bizi diren subjektuen errealitatearekin; singularrean adierazten du errealitatea, baina ikuspegi linguistikotik plurala da errealitatea, eta are pluralagoa izango da denborarekin.

Can the subaltern speak? saiakera guztiz ezagunean, "esentzialismo estrategiko" izendatu zuenera jotzearen alde egin zuen Gayatri C. Spivak-ek, kolonialismoak isildutako ahotsei (subalternoei) hitza emateko -Gramsci-rengandik hartu zuen termino hori indiar akademikoak-. Hainbat lankidek zorigaiztokotzat jo zuten haren proposamena, hain zuzen ere, hauxe baita postkolonialismoaren helburua: eskematismo oro desegitea. Horretan guztian badatza paradoxa bat, baina: halako esentzialismorik gabe, ez litzateke izango ingeles-sailik ez beste sailik2. Gainera, autore kritiko horiek bazterrera utzi zuten garrantzi handiko kontu bat: estrategikotasuna. Hau da, statu quo akademikoaren ordezko aukera bat planteatu zuen Spivakek, baina, aldi berean, argi utzi zuen aukera horrek aldi baterako izan behar zuela3. Jakitun zen ikuspegi horri heltzea arriskutsua zela, arriskutsua zela iragana gelditutzat hartzea, dena beti berdina izan balitz eta inongo aldaketarik izan ez balitz bezala. "Betiereko iraganaren" inguruko ikuspegi hori James Clifford-ek antropologo tradizionalen jarrerari buruz argitutakoaren antzekoa da. Izan ere, iraganaren eta orainaren artean finko gelditutako elementua balitz bezala aztertzen zuen Cliffordek bere objektua: bertakoak. Horren ondorioz, ez zen ohartzen, sustraiez (root-ez) gain, bertakoek bideak (route-ak) ere zituztela eta, antropologoarekin topatu izanaren ondorioz, bide horiek are gehiago luzatuko zirela. Azken batean, iragana berreskuratzea (esentzialismo ororen helburua) ezinezkoa da, urruti dagoelako ez ezik, sozialki konplexua badelako ere, eta, hori dela eta, norabide horretan egiten dugun urrats oro ez da berreraikuntza besterik, alegiazko egintza berritzea baino ez.

Jakina, nabarmendu beharra dago Euskal Herriko herritarrek hitz egiten dituzten hizkuntzak ez daudela egoera berean. Martin Ugaldek garai batean azaldu zuenez, euskarari jazarri egin zaizkio hainbat hamarkadatan, eta, horren ondorioz, euskara ez da garatu normalki4. Era berean, horren ondorioz, euskarak bizirik irauteko neurriak hartu beharra dago. Nolanahi ere, euskarak laguntza behar izateak ez du esan nahi beste hizkuntzen kontra egin behar dugunik: euskararen balio kulturala ulertzeko eta haren alde egiteko gai bagara, beste hizkuntzen balio kulturala onartzeko gai izan behar dugu -gauza bera eskatu beharko genieke euskaraz egiten ez duten Euskal Herriko herritarrei, errespetuak elkarrekikoa izan behar baitu-. Are gehiago, hitz egiten ditugun neurrian, beste hizkuntzak gureak ere badirela ulertzeko gai izan behar dugu. Decolonising the mind liburu entzutetsuan, Afrikako hizkuntzen alde, haiek sustatzearen alde egin zuen Ngugi wa Thiong'o-k, eta ingelesa eta frantsesa Afrikako hizkuntza zirela onartu zuen. Alde horretatik, inori ere ez litzaioke bururatuko esatea, ingelesez idazte hutsagatik, Chinua Achebe ez dela idazle afrikarra5. Bada, jarrera postkolonialista proposatuko dut artikulu honetan6, Euskal Herriko errealitatea eratzen duten espektroak "irakurtzen" laguntzeko. Postkolonialismoaren helburua ez da gauzak garai batean ziren bezala birsortzea, "ukipenetik" aurrera espazio "kolonialean" izandako aldaketak ulertzea eta a posteriori sortutako arazoak zuzentasunez konpontzen saiatzea baizik. Ikuspegi postkolonialistatik, gaztelaniaz eta frantsesez idazten duten Euskal Herriko idazleez gain, diaspora osatzen duten Euskal Herriko autoreak ere azter ditzakegu -Euskal Herriko sentitzeak ez du zertan Euskal Herrian bertan bizi direnen kontua izan, euskalduntasun edo nortasunaren ikuspegitik ez baitago inongo monopoliorik-. Azterketa sakona egin beharko litzateke, baina, leku-kontuak direla eta, XX. mendetik aurrerako Euskal Herriko autorerik azpimarragarrienak besterik ez dugu aipatuko oraingoan, labur-labur.


Lehenik eta behin, gaztelaniazko prosa azalduko dugu, eta 98ko Belaunaldiko bi autore nabarmengarri aipatuko ditugu: Miguel Unamuno (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936) eta Pio Baroja (Donostia, 1872-Madril, 1956).

Miguel Unamunok Filosofia eta Letrak ikasi zuen, Madrilgo Unibertsitatean. 1883an amaitu zituen ikasketak eta, hurrengo urtean, doktore-titulua lortu zuen, "Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca" izenburuko tesiari esker. Euskal Herriko biztanleen jatorriari buruzko bere ideia aurreratu zuen lan horretan, eta Sabin Aranaren eta euskal abertzaleen kontra egin zuen, euskal arraza beste arraza batzuek kutsatu gabea zela baitzioten. Lehen eleberrian ere, Paz en la guerra lanean (1895), uste horiek zabaldu zituen. Hirugarren Karlistaldian oinarritzen zen eleberri hura -autorea bera txikia zela jazo zen Hirugarren Karlistaldia-, baina ez zuen batere zerikusirik aurreko belaunaldiaren elezaharretako literatura historikoarekin, hala nola Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII lanarekin (1879). Jesús María Lasagabasterren esanetan, 98ko Belaunaldiko Euskal Herriko idazleen literatura erregionalista "sería de hecho el certificado de defunción del fuerismo y del nacionalismo literario de las generaciones anteriores, de Trueba a Campión, pasando por Araquistain, Goizueta y Arana" (274). Hauek ere idatzi zituen Unamunok: Niebla (1914), Abel Sánchez, una historia de pasión (1917), Tulio Montalbán (1920), San Manuel Bueno, mártir (1930) eta Don Sandalio, jugador de ajedrez (1930). Halaber, hainbat antzezlan idatzi zituen: Freda (1912), La esfinge (1898) eta El hermano Juan (1929).

Pio Barojak kontaketa jorratu zuen nagusiki, baina saiakera ere landu zuen maiz, baita antzerkia, lirika eta biografia ere hainbatetan. Arthur Schopenhauerren ezkortasun sakonaren eragina zuen filosofia adierazi zuen bere eleberrietan, baina ekintzaren bidezko berrerosketa aldarrikatu zuen nolabait, Friedrich Nietzscheren ildoan: pertsonaia abenturazale eta bizizale ugari ageri dira bere eleberri gehienetan, baina baita pertsonaia gogogabe eta desengainatu batzuk ere, hala nola Andrés Hurtado, El árbol de la ciencia lanean, eta Fernando Ossorio, Camino de perfección (pasión mística) lanean; hain zuzen ere, bere eleberririk osoenetakoak dira bi horiek. Azkenean, doktrina liberalekin bat egin eta komunismoa gaitzetsi zuen, baina inoiz ere ez zituen utzi alde batera ideia antiklerikalak. 1935ean, Hizkuntzaren Errege Akademian onartu zuten; baliteke horixe izatea ofizialki egin zioten ohore bakarra. 1900. urtean, lehen liburua argitaratu zuen, Vidas sombrías izeneko ipuin-bilduma bat; Zestoan idatzitakoak ziren ipuin gehienak, eta eskualdeko jendeari eta mediku-lanetan izandako esperientziei buruz ziharduten. Ondoko eleberrietan adierazi zituen obsesio guztien ernamuina da lan hori. Autoreak berak bederatzi trilogiatan eta tetralogia batean bildu zituen bere eleberriak; halako arbitrariotasunaz egin zuen hori, zaila baita esatea zer elementu dituzten komunean: Tierra vasca (La casa de Aitzgorri, 1900; El mayorazgo de Labraz, 1903; eta Zalacaín el aventurero, 1909), La lucha por la vida (La busca, 1904; Mala hierba, 1904; eta Aurora roja, 1905), El pasado (La feria de los discretos, Los últimos románticos eta Las tragedias grotescas), El mar (Las inquietudes de Shanti Andía, 1911; El laberinto de las sirenas, 1923; Los pilotos de altura, 1931; eta La estrella del capitán Chimista, 1930), La raza (El árbol de la ciencia, 1911; La dama errante, 1908; eta La ciudad de la niebla, 1909), Las ciudades (César o nada, 1910; El mundo es ansí (1912); eta La sensualidad pervertida: ensayos amorosos de un hombre ingenuo en una época de decadencia, 1920), Los amores tardíos (El gran torbellino del mundo, 1926; Las veleidades de la fortuna, 1927; eta Los amores tardíos, 1942), La selva oscura (La familia de Errotacho, 1932; El cabo de las tormentas, 1932; eta Los visionarios, 1932), La juventud perdida (Las noches del Buen Retiro, 1934; Locuras de carnaval, 1937; eta El cura de Monleón, 1936) eta La vida fantástica (Aventuras, inventos y mixtificaciones de Silvestre Paradox, 1901; Camino de perfección (pasión mística), 1901; eta Paradox rey, 1906).

Bien bitartean, 1913 eta 1935 artean, eleberri historiko luze bat osatzen zuten 22 liburukiak plazaratu ziren: Memorias de un hombre de acción. Barojaren beraren arbaso baten bizitzan oinarritzen zen eleberria, Eugenio de Aviraneta konspiratzaile eta abenturazale liberal eta masoiaren bizitzan (1792?-1872), eta, haren bidez, Espainiaren XIX. mendeko historiako gertakari nagusiak adierazi zituen Barojak, Independentzia Gerratik Maria Kristinaren erregeordetzaraino, Fernando VII.aren erregealdi nahasia barne.


XX. mendeko lehenengo bi hamarkadetan jaiotako autoreen artean, aipatzekoak dira Rafael García Serrano (Iruñea, 1917), Antonio Menchaca Careaga (Areeta, 1921-2002), Bernardo Arrizabalaga (Markina, 1923), Ignacio Aldecoa (Gasteiz, 1925-Madril, 1969), Luis Martín Santos (Larache, Maroko, 1924-Gasteiz, 1964), Ramiro Pinilla (Bilbo, 1923), Luis de Castresana (San Salvador del Valle, 1924-Basurtu, 1986), Pablo Antoñana (Viana, 1927), Santiago Aizarna (Oiartzun, 1928) eta José María Mendiola Insausti (Donostia, 1929-2003).

Rafael García Serranok kazetaritzan jardun zuen. 1983an hasi zen kontaketan, eta lan luzea osatu du ordutik. Hain zuzen ere, Eugenio o la proclamación de la primavera izan zen argitaratu zuen lehen eleberria, Espainiako Gerra Zibilaren atarikoen nahiko deskripzio erradikala. Ondotik, La fiel infantería (1943), La plaza del castillo (1951), Los ojos perdidos (1958), La paz dura quince días (1960) eta La ventana daba al río (1963) kaleratu zituen, lehen eleberrian azaldutako gaien ildotik; hau da, gudarien gorespena eta pasibotasunaren, heriotza heroikoaren eta gerraren eta indarkeriaren apologiaren kritika jorratu zituen lan horietan. Azken eleberria, berriz, V Centenario (1986) izan zen, Espainiaren batasunaren V. mendeurrena ospatzeko politika-fikzioko lana.

Antonio Menchaca gerrako marinel izan zen lanbidez, eta idazle bokazioz. Diktadura frankistak iraun zuen bitartean, demokraziaren aldeko beste pertsona batzuk bezala, kartzelan egon zen. Hain zuzen ere, Carabancheleko espetxean Tierno Galván irakaslearekin eta Francisco Herrerarekin eman zituen sei hilabeteak kontatu zituen Las horas decisivas: memorias (1992) lanean. Menchacaren eleberrien artean, aipatzekoa da goi-mailako klaseko Bilbori buruzko trilogia bat. Azken karlistaldian (1870ean) hasi eta ehun urte azaltzen ditu, eta liburu hauek hartzen ditu barnean: Las cenizas del esplendor (2002), Amor siempre asediado (1989) eta La crisálida (1995). Orobat, eleberri hauek idatzi zituen Menchacak: Mar de fondo (1959) eta Resucitar en Palermo (1990); lehenari esker, Nadal sarirako finalista izan zen.

Bernardo Arrizabalagak kazetaritzan lan egin du, Hermano lobo, Egin, Triunfo eta beste hainbat argitalpenetan. Bere lehen eleberria, Los Barroeta, Bilbo Hiria sarirako finalista izan zen; sariketan, El hijo de Itziar zuen izenburutzat eleberriak eta, Torrente Ballester buru zuen epaimahai batek berehala argitaratzea aholkatu bazuen ere, argitaragabe dago oraindik. Azken lana (En el principio era el roble), berriz, eleberri luze bat da, Euskal Herriko familia arketipiko samar baten historia osatzen duena, ETAko kide ohi Javier Egurolaren baliabideen bitartez. Eusko Jaurlaritzaren Pio Baroja eleberri-saria irabazi zuen lan horrek.

Ignacio Aldecoa poesia idazten hasi zen, baina kontaketaren alde egin zuen berehala eta, bereziki, kontakizunei esker nabarmendu zen genero horretan. Gaur egun, Espainiako XX. mendeko ipuinlaririk onenetakotzat dugu. Hainbat kontakizun-bilduma atondu zituen, eta, horien artean, aipatzekoak dira hauek: Espera de tercera clase (1955), Vísperas del silencio (1955), El corazón y otros frutos amargos (1959), Caballo de pica (1961), Arqueología (1961), Cuaderno de Godo (1961), Neutral corner (1962) eta Pájaros y espantapájaros (1963). Aldecoaren kontakizunak joera neorrealistaren barnean daude -1950eko hamarkadan sortu zen neorrealismoa Espainian-, eta behartsuen eta babesgabeen mundua azaltzen dute. Orobat, hainbat eleberri argitaratu zituen Aldecoak: El fulgor y la sangre (1954), Con el viento solano (1956), Gran Sol (1957) eta Parte de una historia (1967); lehena Planeta sarirako finalista izan zen, eta Gran Sol lanak Kritika Saria lortu zuen.

Luis Martín Santosek Luis Martín Ribera zuen izena berez, baina Luis Martín Santos Ribera izena hartu zuen, Leandro aitaren borondatez. Alfonso Rey kritikariak dioenez (222), hiru multzotan sailka dezakegu haren lana: azterketa medikoak, saiakerak eta sorkuntza literarioa. Batetik, kirurgiari eta psikiatriari buruzko 50 artikulu baino gehiago eta bi liburu osatu zituen. Bestetik, literaturaren esparruan, poesia, kontakizunak eta eleberriak idatzi zituen. 1962an, Tiempo de silencio plazaratu zen, eta iraultza ekarri zuen orduko eleberrigintzara, hainbat berrikuntza estilistiko ezarri baitzituen eleberri horrek, hala nola barne-bakarrizketa, bigarren pertsonaren erabilera, zeharkako estilo librea eta kontzientziaren jarioa. James Joycez geroztik, europar eleberrigileak prozedura horiek lantzen arituak ziren, baina ez zuten batere zerikusirik orduan ohikoa zen errealismo sozialarekin. Horren guztiaren ondorioz, Martín Santosek berak "errealismo dialektiko" izendatu zuena sortu zen. Hilondoko bilduma bat eratzen dute Martín Santosen kontakizunek: Apólogos (1970). Bestalde, bigarren eleberria (Tiempo de destrucción) amaigabe utzi zuen autoreak, bukatu baino lehen hil baitzen, eta ondoren argitaratu zuten.

Ramiro Pinilla 1960an hasi zen literatura-munduan ezagun bihurtzen, Las ciegas hormigas lanari esker Nadal saria eskuratu baitzuen. J.J. Rapha Bilbaorekin batera, Libropueblo argitaletxea sortu zuen, liburuak eta herritarrak hurbiltzeko funtsean, eta hainbat lan kaleratu zituen argitaletxe horretan: Recuerda, oh recuerda (1974), Primeras historias de la guerra interminable (1977), La gran guerra de Doña Toda (1978), Andanzas de Txiki Baskardo (1980), Quince años (1990) eta Huesos (1997). Tusquets argitaletxean, berriz, Verdes valles, colinas rojas (2005) trilogia plazaratu zuen; La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro hartzen zituen barnean trilogia horrek, eta Euskal Herriaren eta abertzaletasunaren azkenaldiko historiaren irudi handinahia zen, baitaautorearen jaioterriaren (Getxoren) erretratu azkarra ere. 2005ean, gaztelaniazko eleberririk onenarentzako Euskadi saria irabazi zuen Pinillak, La tierra convulsa lanari esker, eta 2006an, Espainiako Narratiba Saria, Las cenizas del hierro lanari esker. Azken lanen artean, nabarmentzekoak dira La higuera (2006) eta Sólo un muerto más (2009).

José María Mendiolak zuzenbide-lizentzia lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Adingabeak Babesteko Bizkaiko Batzordearen aholkuari juridikoa izan zen. Hainbat urtez, El Diario Vasco egunkariko erredaktore eta liburu-kritikari izan zen, Donostian. 1962an izan zuen arrakasta gehien literatura-munduan, Nadal saria irabazi baitzuen Muerte por fusilamiento lanari esker. Ondotik, hiru eleberri argitaratu zituen: Maldito funcionario (1974), Las delicias del exilio (1984) eta En busca de la experiencia de Dios (1988); bigarrenean, J. Domingo Perónen erbestealdia azaldu zuen. 1990eko hamarkadan, bere literatura-ekoizpenari beste norabide bat eman eta gazte-literaturari heldu zion, eta prestigio handia lortu zuen esparru horretan.

Luis de Castresana gerrako haurra izan zen. Hain zuzen ere, "gerrako haurrak" ziren, Espainiako Gerra Zibilaren lazturatik libratzeko, Jose Antonio Agirreren gobernuak beste herrialde batzuetara (Frantziara, Belgikara, Errusiara...) eraman zituen haurrak. Castresanak esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen bere libururik ezagunena, El otro árbol de Guernica; Espainiako Literatura saria irabazi zuen liburu horrek, 1967an, eta Pedro Lazagak zinemaratu egin zuen, 1969an. Urtebete geroago, Planeta sarirako finalista izan zen Castresana, Retrato de una bruja lanari esker. Autore oparoa izan zen eta, eleberriaz gain, beste hainbat genero landu zituen, hala nola biografia eta saiakera.

Pablo Antoñanaren lanetan salaketa soziala da nagusi. Bere lehen eleberriak (El capitán Cassou lanak) eleberri laburrik onenarentzako Acento saria eskuratu zuen 1959an, eta Espainiako Gerra Zibileko pasarte batean oinarritzen zen; zehazki, bere ordenantza fusilarazi eta, harrak jota, hilik zegoela egiaztatzeko, egunero haren hilobira joaten zen kapitain baten eromenean. Hurrengo argitalpenean, No estamos solos lanean (1961), bi elementu erlazionatu zituen: "el tema de la Guerra con los condicionantes sociales que inciden en los personajes, en una actitud de denuncia crítica que va a estar presente a partir de entonces en toda su obra" (Martín Nogales 111); azken karlistaldian hasten da eleberri hori, galtzaileak etxera itzultzen direnean. Badira Antoñanaren beste liburu aipagarri batzuk, hala nola La cuerda rota, El sumario landa-giroko drama, Pequeña crónica eta Relato cruento; lehena Nadal sarirako finalista izan zen 1962an. 1996an, Vianako Printzea saria eman zioten Antoñanari, egindako bidea aitortzeko.


1930eko eta 1940ko hamarkadetan jaiotako autoreen artean, aipatzekoak dira Raúl Guerra Garrido (Madril, 1935), Jorge González Aranguren (Donostia, 1938), Ángel García Ronda (Donostia, 1939), Luciano Rincón, Anthon Obeso, Germán Sánchez Espeso (Iruñea, 1940), Rafael Castellano de la Puente (Deba, 1943), J.J. Rapha Bilbao (Getxo, 1943), Manuel Blanco Chivite (Madril, 1945) eta Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1949).

Raúl Guerra Garridok 1969an idatzi zuen lehen eleberria, Ni héroe ni nada, eta, ordutik, hogei bat lan argitaratu ditu. 1976an, Nadal saria irabazi zuen, Lectura insólita de El Capital lanari esker, eta, 1984an, berriz, Planeta sarirako finalista izan zen, El año del Wolfram lanari esker. 1987an, La mar es una mala mujer kaleratu zuen. Kritikarien ustez, horixe da Guerra Garridoren lanik osoena, Terranova izenburuaz zinemaratutakoa; Antxonek denboraren aurka egiten duen borroka azaltzen du lanak, eta indarkeria terrorista du gai nagusietako bat. La carta (1990) eta, berrikiago, La soledad del ángel del guarda (2007) lanek ere gai horretan sakontzen dute. Hain zuzen ere, terrorismoak mehatxatutako irakasle baten itzal bihurtzen den gizon baten erretratu psikologikoa da La soledad del ángel del guarda, eta, 2006an, Espainiako Letren Saria eskuratu zuen.

Ángel García Rondaren lehenengo eleberria, La levadura (1979), ETAren indarkeriaren jatorriari buruzko analisia da, eta trantsizio politikoaren irakinaldi betean idatzi zuen autoreak. Garibaldi está cansado (1989) eleberria eta Las Soledades (1995) kontakizun-liburua ere osatu ditu García Rondak. Saiakera ere landu du, eta hainbat gai landu ditu. Batetik, La transformación de la foralidad guipuzcoana (1837-1844) (1991) XIX. mendeko foru-araubideari buruzko azterketa da. Bestetik, 1998an, Raúl Guerra Garrido adiskidearen lanari buruzko saiakera bat argitaratu zuen García Rondak eta, hari esker, Espainiako Letren Saria lortu zuen 2006an. Azkenik, bere azken lana, La respuesta (2006), Euskal Herriko gatazkari buruzko hausnarketa da, eta epistola baten gainean egituratuta dago.

Germán Sánchez Espeso Experimento en Génesis (1967) eleberriaren bidez sartu zen literatura-munduan; "nouveau roman" delakoaren eragina du eleberri horrek, eta inguruko munduarekin harremanetan jartzea erabakitzen duen gizon bakarti bat du protagonistatzat: Hasierak azaltzen duen gaiaren (batetik, lehen gizonaren eta, bestetik, lehen emakumearen eta munduaren arteko bat-egitearen) antzeko gaia lantzen du, eta Pentateukoko ziklo biblikoan oinarritutako pentalogia baten abiapuntua da. Hain zuzen ere, aipatutakoaz gain, liburu hauek hartzen ditu barnean pentalogia horrek: Síntomas del Éxodo (1969), Laberinto Levítico (1972), De entre los Números (1978) eta Baile de disfraces (jatorrizko izenburua: Deuteronomio de salón) (1983). 1978an, Nadal saria eman zioten Sánchez Espesori, Narciso lanari esker, eta, ondotik, Espainia inperialean girotutako trilogia bat hasi zuen; alabaina, lehenbiziko bi liburuak bakarrik idatzi zituen, eta bigarrena amaigabe utzi zuen gainera: ¡Viva el pueblo! (1981) eta La reliquia (1983). Orobat, Paraíso kontakizun-liburua (1981) eta Pollo frío en la nevera eleberria (1984) idatzi zituen; psikiatra baten eta bere pazienteen arteko harreman pertsonalak jorratzen ditu eleberriak.

Toti Martínez de Lezeak nahiko berandu argitaratu zuen lehen eleberria, La calle de la judería (1998), baina, hala ere, benetako masa-fenomenoa da gaur egun, bere eleberri historikoek izandako arrakastaren ondorioz. Orain arte, zortzi lan argitaratu ditu: aipatutakoak XV. mendeko Gasteizko familia judu konbertitu baten bizitza kontatzen du; Las torres de Sancho (1999) Nafarroako errege Antso III.a Nagusiaren garaian girotuta dago, XI. mendean; La herbolera (2000) 1500. urtean Durangon jazo zen sorgin-ehizari buruzkoa da; El señor de la guerra (2001) Euskal Herriko bandoen arteko borrokan eta 1448an Arrasate erre zutenekoan girotuta dago; La abadesa (2002) Fernando Katolikoaren eta Bilboko emakume baten arteko sasiko alabaren bizitzari buruzkoa da; Los hijos de Ogaiz (2002) XIV. mendean girotuta dago, Lizarran, izurri beltzaren garaian; La voz de Lug (2003) K.a. I. mendean asturiarren eta kantabriarren artean izan ziren gerren garaian girotuta dago; eta La comunera (2003) Gaztelako komunitateen arteko gerran gertatzen da, XVI. mendearen lehen zatian.


1950eko hamarkadan sortutako autoreen artean, nabarmentzekoak dira Miguel Sánchez-Ostiz (Iruñea, 1950), Antonio Altarriba (Zaragoza, 1952), Miguel González San Martín (Muskiz, 1953), Enrique Gutiérrez Ordorika (Santurtzi, 1953), Paloma Díaz-Mas (Madril, 1954), Esther Zorrozua (Bilbo, 1955), Luisa Etxenike (Donostia, 1957), José Javier Abásolo (Bilbo, 1957), María Eugenia Salaverri (Bilbo, 1957), Fernando Marías (Bilbo, 1958), José Luis Urrutia (Bilbo, 1958), Alvaro Bermejo (Donostia, 1959), Fernando Aramburu (Donostia, 1959) eta Juan Bas (Bilbo, 1959).

Miguel Sánchez-Ostizek poesia-liburuak, kontakizunak eta hainbat eguneroko argitaratu ditu. Poesiaren barnean, aipatzekoak dira Pórtico de la fuga (1978), Travesa de la noche (1983), De un paseante solitario (1985) eta Reinos imaginarios (1986). Kontakizunen artean, berriz, nabarmentzekoak dira Los papeles del ilusionista (1981) -eleberri labur onenarentzako Nafarroa saria irabazi zuen-, El pasaje de la luna (1984), Tánger Bar (1987), La quinta del Americano (1987) eta La gran ilusión (1989) -Herralde saria eskuratu zuen-. Iragana ageri da nafar autore honen eleberri guztietan, baina ez du adierazten ikuspegi nostalgiko edo sentimentala, zera uste baitu Sánchez-Ostizek: "Volver al pasado es encontrar un muestrario de sombras, un conjunto de retratos descoloridos y de rostros borrosos; es indagar en la memoria, enfrentarse al olvido y contemplar el poder devastador del paso del tiempo" (Martín Nogales 301).

Antonio Altarriba Frantses Literaturako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Komikiari buruzko hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu, eta hainbat komiki-albumen egilea ere bada, hala nola Amores locos (2005) eta El brillo del gato negro (2008) albumena. Fikzioaren esparruan, besteak beste, Cuerpos entretejidos (1996) eta La memoria de la nieve (2002) plazaratu ditu; bigarrenari esker, gaztelaniazko Euskadi literatura-saria lortu zuen 2003an. Osatu duen azken liburua El arte de volar (2009) eleberri grafikoa da, eta Kim marrazkilariarekin elkarlanean atondu du.

Paloma Díaz-Mas Urrezko Mendeko Espainiar Literaturako irakasle izan zen hainbat urtez Euskal Herriko Unibertsitatean eta, gaur egun, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Gaztelaniaren Institutuko zientzialari titularra da, Madrilen. Hizkuntza eta literatura sefardian espezializatuta dago, eta hainbat azterlan idatzi ditu kultura sefardiari buruz, baita Erromantzeei eta poesia tradizionalari buruz ere. Los sefardís: historia, lengua, cultura saiakerari esker, Espainiako Saiakera Sarirako finalista izan zen eta, 2000. urtean, gaztelaniazko Euskadi literatura-saria irabazi zuen, La tierra fértil lanari (1999) esker.

Luisa Etxenikek Zuzenbideko lizentzia du. El País egunkariko zutabegilea da eta, duela zenbait urtez geroztik, sormenezko idazmena lantzeko lantegi bat zuzentzen du. La historia de amor de Margarita Maura kontakizun-bilduma eta Silverio Girón, Querida Teresa, Efectos secundarios, El mal más grave, Ejercicios de duelo eta Los peces negros eleberriak argitaratu ditu Bassarai argitaletxearekin, eta irakurleek eta kritikari espezializatuek harrera begirunetsua egin diete. 2008an, El ángulo ciego kaleratu zuen Bruguera argitaletxearekin: protagonistaren aita bizkartzaina da ofizioz, eta ETAk hil du.

Fernando Maríasek telebistarako gidoiak idatzi zituen hastapenetan. 1990ean, lehenbiziko eleberria plazaratu zuen, La luz prodigiosa, eta, ondoren, zinemarako egokitu zuen. Ordutik, hamar bat eleberri argitaratu ditu, eta, horien artean, nabarmentzekoak dira El niño de los coroneles (2001) eta Invasor (2004). Lehenengoari esker, Nadal saria irabazi zuen 2001ean, eta lanaren protagonistak dira naziekin kolaboratzen duen frantses bat, Bigarren Mundu Gerraren ostean Leonito Erdialdeko Amerikako errepublika alegiazkora ihes egiten duena, eta Jean Laventier, hainbat hamarkadatan nekaezin jazartzen zaion psikiatra bat; bigarrenari esker, berriz, Dulce Chacón Espainiako narratiba-saria eskuratu zuen 2005ean.

Álvaro Bermejok historia-gaietan jarri du arreta. Hainbat sari eskuratu ditu, hala nola eleberririk onenarentzako Pío Baroja saria 1993an, Benares lanari esker; eleberririk onenarentzako Ateneo saria 2001ean, La piedra imán lanari esker; eta eleberri historikorik onenarentzako Ateneo saria, Un pez en el Tíbet lanari esker. Un pez en el Tíbet eleberria bidaia literario bat da, eta Jesu Kristo Kalbarioko mendiko gurutzean hil zen ala ez aztertzen duen arkeologo bat du protagonistatzat.

Fernando Aramburu Fuegos con limón lanari esker bihurtu zen ezagun, 1996an: idazle-belaunaldi baten kronika da Fuegos con limón, eta Donostian girotuta dago, 1970eko hamarkadan. Ondotik, hainbat eleberri argitaratu ditu Aramburuk: Los ojos vacíos (2000) -gaztelaniazko Euskadi literatura-saria lortu zuen hari esker-, El trompetista de Utopía (2003) -Félix Viscarretek zinemarako egokitu zuen, Bajo las estrellas izendatuta-, Vida de un piojo llamado Matías (2004) eta Bami sin sombra (2005). 2006an, Los peces de la amargura kontakizun-liburua plazaratu zen: ETAren biktimengan jartzen du arreta lanak, eta, hari esker, 2007ko Dulce Chacón Espainiako narratiba-saria eta Espainiako Errege Akademiaren 2008ko saria eskuratu zituen Aramburuk. Hainbat poesia-libururen egilea ere bada Aramburu.

Juan Basek Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, baina amaitu baino lehen utzi zituen ikasketak. 1981ean, idazten hasi zen. Radio 3 irratirako gidoiak idatzi zituen lehenbizi eta, 2001ean, La taberna de los 3 monos kontakizun-liburua argitaratu zuen: neurri batean edo bestean, pokerraren ingurukoak dira kontakizun guztiak. Ondotik, hainbat eleberri argitaratu ditu: El oro de los carlistas (2001) -Zumalakarregiren tropek setiatutako Bilbon girotuta dago-, Glabro, legionario de Roma (2002), Alacranes en su tinta (2002) -euskal abertzaletasunaren kontrako kritika gogorra da- eta Voracidad (2006) ?errealitate garaikidearen eta egungo hedabideen produktuen erretratu satirikoa da, eta, hari esker, gaztelaniazko Euskadi literatura-saria lortu zuen Basek 2007an?. Halaber, La cuenta atrás (2004) idatzi du Basek, Urtain boxeolariaren eleberri erako biografia.


1960ko eta 1970eko hamarkadetan jaiotako autoreen artean, aipatzekoak dira hauek: Pedro Ugarte (Bilbo, 1963), Fernando Palazuelos (Bilbo, 1965), Oscar Alonso Álvarez (Bilbo, 1967), Alber Vázquez (Errenteria, 1969), Juan Manuel de Prada (Barakaldo, 1970), Agustín Vicente (Bilbo, 1970), J.M. Isasi Urdangarin (Bilbo, 1970), María Laura "Espido" Freire (Bilbo, 1974) eta Ander Izagirre (Donostia, 1976).

Pedro Ugartek Nerbioi poesia-saria eskuratu zuen Incendios y amenazas (1989) lanari esker, eta argitaratu zuen hurrengo poema-liburua El falso fugitivo (1991) izan zen. Kontaketaren esparruan, berriz, hainbat kontakizun-liburu kaleratu ditu: Los traficantes de palabras (1990), Noticias de tierras improbables (1992), Manual para extranjeros (1993), La isla de Komodo (1996) eta Materiales para una expedición (2003). Bere lehenengo eleberria, Los cuerpos de las nadadoras (1996), Herralde sarirako finalista izan zen, eta gaztelaniazko Euskadi literatura-saria eskuratu zuen 1997an.

Fernando Palazuelosen lehen eleberria La trastienda azul (1998) izan zen, eta, hari esker, Torrente Ballester, Ciudad de la Laguna eta opera primarik onenarentzako Tigre Juan sariak irabazi zituen autoreak. Ondoko eleberriek ere kritika ezin hobeak lortu zituzten: Papeles de penumbra (2001) lanaren protagonista psikologo bat da, eta paziente batek beragan duen eragina aztertzen du; Las manos del ángel (2006) lanak, berriz, bere nortasun nazionalaren bila dabilen lurralde batean nork bere nortasun pertsonala bilatzeko gatazkari buruz hausnartzen du. Orobat, Billete a Vidanueva (2006) antzezlana eta Pura chatarra (2007) eta Ianua Caeli (La puerta del cielo) (2008) eleberriak idatzi ditu Palazuelosek; autorearen beraren esanetan, Pura chatarra da "un canto a la libertad, a la calma, y a la vida sencilla".

Espido Freirek 25 urte zituela, 1999an, Planeta saria irabazi zuen, Melocotones helados lanari esker, eta, hartara, sari hori irabazi duen autorerik gazteena bihurtu zen; pintore gazte bat da lan horren protagonista, ezezagun baten heriotza-mehatxuak hartu ostean etxetik alde egin eta aitonaren etxera doana bizitzera. Aurrez, beste bi eleberri argitaratu zituen Espido Freirek: Irlanda (1998) ?Frantziako Millepage saria irabazi zuen hari esker? eta Donde siempre es octubre (1999). Liburu hauek ere idatzi ditu: Diabulus in musica (2001), Nos espera la noche (2003), La diosa del pubis azul (2005) eta Soria Moria (2007) ?Sevillako Ateneo saria lortu zuen hari esker?. Itxuraren anbiguotasuna, gizartearen balioen araberako ongia eta gaizkiaren liluragarritasuna lantzen ditu Espido Freireren obrak, bai mundu magikoetan, bai eguneroko bizitzan, eta, horretarako, oso unibertso konplexuak eta existitu ez diren garaiak darabiltza autoreak. Hori dela eta, irakurleak ahalegin handia egin behar du.


Poesiari dagokionez, autore hauek aipatuko ditugu lehenik: Ramón de Basterra (Bilbo, 1888-Madril, 1928), Ernestina de Champourcín (Gasteiz, 1905-Madril, 1999), Ángela Figuera Aymerich (Bilbo, 1902-Madril, 1984), Gabriel Celaya (Hernani, 1911-Madril, 1991), Blas Otero (Bilbo, 1916-Madril, 1979), Pilar de la Cuadra Echaide (Hondarribia, 1918-Donostia, 1996) eta Javier de Bengoechea (Bilbo, 1919-2009). Hain zuzen ere, "poesia sozialaren euskal triunbiratu" delakoa eratzen dute Ángela Figuera Aymerichek, Gabriel Celayak eta Blas Oterok.

Ramón de Basterra y Zabalak Zuzenbideko lizentzia lortu zuen, eta karrera diplomatikoan sartu zen gero. Hainbat kargutan aritu zen eta, besteak beste, agregatua izan zen: 1915 eta 1917 artean, Erroman; 1918ko ekainetik aurrera, Bukaresten; eta, 1924an, Caracasen. Lan bat sortu zuen hiri bakoitzean, eta Erroman datza bere obraren jatorria: Basterrak berak Las ubres luminosas eta Virulo (Las mocedades eta Mediodía) obra poetikoan adierazi zuenez, han aurkitu zuen Espainiak historian duen alde unibertsala. Batetik, Las ubres luminosas (1923) lanaren ezaugarri nagusia paisaiaren sentimendua, ideia humanistikoak eta euskal arazoak dira. Bestetik, Virulo, mocedades (1924) lanean, barroko, Góngorazale eta poesia hutsaren birtuoso ageri zaigu Basterra. Azkenik, Virulo, mediodía (1927) lanean, aurreko etapa gainditu eta bere garaiari aurrea hartzen dio poetak, jauzi bat egin eta abangoardiaren aitzindari ageri baita; futurismoaren teknika erabiliz, hispaniar herrien patu oparoa eta makina kantatzen ditu: Superespainia, hispanitatea iragartzen duen kontzeptua.

Ernestina de Champourcín 27ko Belaunaldiko kide izan zen, eta poesia intimista landu zuen, hiru fasetan: lehen fasean, 1905 eta 1936 artean, giza maitasunaren poesia; bigarrenean, 1936 eta 1974 artean, jainkozko maitasunaren poesia; eta, hirugarrenean, 1974 eta 1991 artean, maitasun sentituaren poesia. Hain zuzen ere, lehen fasekoak dira Madrilen ezagun bihurtu zuten lehenengo poema-liburuak: En silencio (1926), Ahora (1928), La voz en el viento (1931) eta Cántico inútil (1936). Espainiako Gerra Zibilean, erizain jardun zuen Juan Ramón Jiménez eta Zenobia Camprubí senar-emazteek haurrak babesteko fundatutako batzordean eta, ondoren, Lola Azañak gobernatutako ospitalean sartu zen, erizain laguntzaile. Esperientzia horietan oinarrituta, eleberri bat idazten hasi zen, Mientras allí se muere, baina inoiz ere ez zuen amaitu. Matxinoen garaipenaren ondoren, senarrarekin batera erbesteratu zen, eta erbestean argitaratu zituen Presencia a oscuras (1952), Cárcel de los sentidos (1960) eta El nombre que me diste (1960). 1959an, senarra hil zitzaion, eta, ordutik aurrera, kutsu erlijioso handiagoa eman zion poesiari: Hai-kais espirituales (1967), Cartas cerradas (1968) eta Poemas del ser y del estar (1972) kaleratu zituen. 1972an, Espainiara itzuli zen, Madrilera, eta han osatu zituen Primer exilio (1978), La pared transparente (1984), Huyeron todas las islas (1988), Los encuentros frustrados (1991) eta Del vacío y sus dones (1993) lanaren lehen zatia.

Ángela Figuera Aymerich 27ko Belaunaldiaren barnean egon daiteke adin aldetik, baina, poesiaren esparruan, haren obrak lotura handiagoa du gerraosteko poetenarekin. Joera modernistako poesia landu zuen, emakumetasuna eta amatasuna ospatu eta emakumeen eta haurren kontrako gehiegikeriak salatzeko. Bere lehen liburua Mujer de barro izan zen, 1948an argitaratutakoa, eta, ondotik, Soria pura (1949), Vencida por el ángel (1950), Víspera de la vida (1953), Los días duros (1953), Belleza cruel (1958) eta Toco la tierra (1962) plazaratu zituen. Azken biek arreta handiagoa jartzen dute gizarte-gaietan, eta sufritzen ari den gizakiaren aldeko jarrera sutsua adierazten dute.

Gabriel Celaya poeta aipagarria izan zen "poesia konprometitu" delakoaren barnean. Industria-ingeniaria zen ofizioz, eta poesia existentzialista landu zuen lehen etapan. 1950eko hamarkadan, konpromisoaren estetikarekin bat egin zuen, eta horren fruitu dira Lo demás es silencio (1952) eta Cantos íberos (1955) poema-liburuak; hain zuzen ere, Cantos íberos poesia sozialaren bibliatzat hartzen dute askok eta askok. Eugenio de Nora eta Blas Oterorekin batera, poesia elitista ez izatearen alde egin zuen, poesia gehiengoen zerbitzura egotearen alde, "para transformar el mundo", baina, poesia sozialaren eredu hori krisialdian murgildu zenean, bere poesiaren jatorrira itzuli zen Celaya: La linterna sorda kaleratu zuen, eta 1936 aurreko poemak berrargitaratu zituen. Halaber, esperimentalismoa eta poesia konkretua saiatu zituen, Campos semánticos (1971) lanean. 1986an, Espainiako Letren Saria eman zioten.

Blas Oteroren ibilbidea hiru etapatan sailka dezakegu, poetak izan zituen hiru krisialdien arabera: etapa espirituala, etapa existentziala eta etapa soziala. Lehen etapan lehenbiziko poemak osatu zituen, hala nola Baladitas humildes -luistar jesuiten aldizkarian argitaratu zituen-; poemen ezaugarri nagusia sinesmen erlijiosoa zen, eta espainiar mistikoen eta kristau literaturaren eragina zuten. 1945ean, depresio batean murgildu zen Otero, eta haren jarrera erlijioso irmoa suntsitu zuen horrek; orduan sortu zituen ziklo existentzialeko ia lan guztiak: Ángel fieramente humano eta Redoble de conciencia; "ni" bakarti eta sufritzailea "zu" baten bila zebilen orduan, hitz egiteko, baina isiltasuna bakarrik aurkitzen zuen. 1955etik aurrera, gerraosteko poeta nagusietakotzat zuten Otero, baina, haren prestigioa handitu ahala, banako gisa sentitzen zuen bakardadea ere handitzen zen. Porrot egin zuen solaskide izango zuen "zu" baten bila, baina bakardadea arintzeko modu bat topatu zuen: besteekin elkartzea, gizadiaren barnean gizaki izatea. Hartara, "gua" agertu zen bere poesian. Poetak Parisera erbesteratzea erabaki zuenean sortu zen poesia sozial mota hori, eta han jaio zen Pido la paz y la palabra, Oterok gizakiarengan zuen fede berritik. Parisen plazaratu ziren En castellano eta Ancia ere -Ángel fieramente humano eta Redoble de conciencia bat egitearen emaitza da Ancia-, baita hainbat poema berri. 1960an, SESBera eta Txinara bidaiatu zuen Oterok, Idazleen Nazioarteko Elkarteak gobidatuta. Garai hartan, Esto no es un libro (1963) eta Que trata de España (1964) plazaratu ziren, Puerto Ricon eta Parisen hurrenez hurren, Espainiako zentsura zela medio.

Javier de Bengoecheak Zuzenbideko lizentzia lortu zuen Deustuko Unibertsitatean. Literaturari eman zion bere bizitzaren zati handi bat, eta idatzizko hainbat hedabidetan arte- eta antzerki-kritikak egiten nabarmendu zen. Lehenengo bi liburuei esker bihurtu zen ezagun, 1950eko hamarkadaren lehen erdialdean. Habitada claridad lanak Adonais sariaren accesita irabazi zuen 1950ean, eta Hombre en forma de elegía lanak, berriz, saria bera lortu zuen, bost urte geroago. 1959an, Fiesta nacional argitaratu zuen Bengoecheak. Ondoren, isilaldi luze batean murgildu zen. Inoiz ez zion utzi poesia idazteari, baina ez zuen argitaratu nahi izan. 2006. urtearen amaiera aldean, Euskal Herriko Unibertsitateak bere poesia osoa kaleratu zuen, A lo largo del viaje izenburua zuela, eta, horretarako, poema-liburu ezagunei beste hiru argitaragabe erantsi zizkien: Pastiches, divertimentos y otras melancolías (1974-1994), Del corazón y sus asuntos (1978-2005) eta Hojas sueltas (1979-2005); José Fernández de la Sota idazleak egin zuen bilketa.


1920ko eta 1930eko hamarkadetan jaiotako poeten artean, aipatzekoak dira Vidal de Nicolás (Portugalete, 1922), Mario Ángel Marrodán (Portugalete, 1932-2005), Ángel Urrutia Iturbe (Lekunberri, 1933), Blanca Sarasua (Bilbo, 1939), Jesús Mauleón Heredia (Arroitz, 1936) eta Jorge G. Aranguren (Donostia, 1938).

Jorge G. Arangurenek hainbat sari eskuratu ditu, hala nola Irun Hiriko Saria, 1971n, Largo regreso a Ítaca lanari esker, eta Adonais saria, 1976an, De fuegos, tigres, ríos... lanari esker. Hainbat poesia-antologiatan parte hartu du, euskarara, ingelesera, alemanera eta italierara itzulitako jatorrizko poemen bidez.

Blanca Sarasuak poema-liburu hauek kaleratu ditu: Cuando las horas son fuego (1984), El cerco de los pájaros (1986), Ático para dos (1989), Ballestas contra el miedo (1990), ¿Quién ha visto un ambleo? (1994), Rótulo para unos pasos (1997) eta La mirada del maniquí (2000). Azken poema-liburuari, Música de aldaba (2008) lanari esker, San Juan de la Cruz nazioarteko XIX. poesia-saria irabazi zuen.


1940ko hamarkadan sortutako poeten artean, nabarmentzekoak dira hauek: Ignacio Ochoa de Olza Sanz "Iñaki Desormais" (Iruñea, 1940), Javier Aguirre Gandarias (Bilbo, 1941), Carlos Aurtenetxe (Bilbo, 1942), Ramón Irigoyen (Iruñea, 1942), Miguel D'Ors (Santiago de Compostela, 1946), Pedro González de Langarika (Bilbo, 1947) eta Mikel Jauregui (Bilbo, 1948).

Carlos Aurtenetxe Kantil literatura-aldizkariaren sustatzaileetako bat izan zen, Ángel García Ronda eta Jorge G. Arangurenekin batera. Besteak beste, poema-liburu hauek osatu ditu: Caja de silencio (1979), Figuras en el friso (1982), Las edades de la noche (1983) eta Los cormoranes (2002). Orobat, poema-sorta bat eskaini die hiru euskal artista nagusiri: Eduardo Chillida, la casa del olvido (1999), Jorge Oteiza, la piedra acontecida (1999) eta Remigio Mendiburu, acanto ciego (2002). Garaikideek oso harrera beroa egin diote Aurtenetxeren poesiari, eta, adibidez, honela kalifikatu du Bernardo Atxagak: "poeta de las palabras exactas".

Ramón Irigoyenek lau poema-liburu ondu ditu: Amor en carne muerta (1972), Versos de entretiempo (1976), Cielos e inviernos (1979) eta Los abanicos del Caudillo (1982). Hizkuntza librearen adierazgarri da bere poesia: oldarkorra eta amorruz betea batzuetan, samurra eta txistez, biraoz eta hitz itsusiz betea beste batzuetan. Greko-itzultzaile ospetsua ere bada Irigoyen, eta horren emaitza dira lan hauek: Poemas (Constantino Kavafis), Ocho poetas griegos del siglo XX, Orientaciones (Odiseas Elitis) eta Medea (Euripides).

Pablo González de Langarikak Zurgai poesia-aldizkaria zuzentzen du 1970eko hamarkadaren amaiera aldetik; aldizkari horrek eragin nabarmena izan du azken hamarkadan Euskal Herrian gaztelaniazko lirika idatzia garatzeko. Autoreak argitaratu zuen lehen poesia-liburua Canto terrenal izan zen eta, hari esker, Bahía saria irabazi zuen 1975ean. Ondotik, Contra el rito de las sombras (1976), Del corazón y otras ruinas eta Los ojos de la iguana y otros poemas (1988) plazaratu ditu; hain zuzen ere, Del corazón y otras ruinas lanari esker, Alonso de Ercilla saria eskuratu zuen 1985ean.


1950eko hamarkadan jaiotako poeten artean, aipagarriak dira hauek: Jesús Ferrero (Zamora, 1952), Juan Ramón Corpas (Lizarra, 1952), Eduardo Apodaca (Bilbo, 1952), Julia Otxoa (Donostia, 1953), Francisco Javier Irazoki (Lesaka, 1954), Iñaki Ezkerra (Bilbo, 1957), Fernando Chivite del Pozo (Iruñea, 1959) eta Joseluis González (Iruñea, 1959).

Eduardo José Apodaca Urquijok Euskal Herriko hainbat poesia-argitalpenetan kolaboratu du, hala nola Kurpil eta Kantil aldizkarietan; hain zuzen ere, bertan argitaratu zituen lehenbiziko poemak, baita Zurgai aldizkarian ere. Autorerik berezienetakoa izan da joan den mendearen azken laurdeneko poesia kaletarraren barnean, eta ezaugarri bereziko obra poetikoa osatu du, bi liburukitan: Introducción a la tierra /Lurrerako atari gisa (1991) eta Sus ojos diminutos (2004).

Julia Otxoa sortzaile aldakorra da, eta poesia, arte plastikoak, haurrentzako kontaketa, mikroipuin edo mikrotestua eta poesia bisuala landu ditu hasiera-hasieratik, saiakeraz eta egunkarietako artikuluez gain. 1978an argitaratu zuen lehen liburua, Composición entre la luz y la sombra, eta, hasiera batetik, gerra aurreko eta gerra osteko poeta existentzialista eta konprometituen (Antonio Machadoren, Federico García Lorcaren, Miguel Hernándezen, Blas Oteroren, Ángela Figueraren) eragin handia duen poesia landu du, baita isiltasunaren poesiatik hurbil dagoen poesia minimalista ere, prosa poetikoranzko eta aforismoranzko joera duten poemek osatutakoa; hain zuzen ere, literarioak baino gehiago, bere erreferenteak filosofiko bihurtu zirenean egin zuen hori, 1980ko hamarkadaren erdialdean. Orain arte, hamalau poesia-liburu argitaratu ditu Otxoak, eta, horien artean, nabarmentzekoa da Taxus baccata (2005). Argitasun intelektual handiz eta kemen handiko herritarra dela erakutsiz ?kontuan izan beharra dago disidente izateak nork bere bizia edo maite dituenena arriskuan jartzea ekar dezakeela Euskal Herrian?, bizitzaren arroztasunean sakontzen du liburuak.


1960ko hamarkadan sortutako autoreen artean, aipatzekoak dira José Fernández de la Sota (Bilbo, 1960), Kepa Murua (Zarautz, 1962), Sergio Arroeta (Marseilla, 1961), Javier Alcibar (Bilbo, 1962), María Maizkurrena (Londres, 1962), Amalia Iglesias Serna (Menaza, Palentzia, 1962), Eli Tolaretxipi (Donostia, 1962) eta José Blanco (Barakaldo, 1965).

José Fernández de la Sotak argitaratzaile-lanetan jardun zuen 1997 eta 2002 artean, asko jardun ere, Los pliegos del norte poesia-bildumaren, Pérgola literatura-gehigarriaren eta Ipar Atea, Boletín de Ficciones eta Blas Otero Fundazioaren Ancia kultura-aldizkarien zuzendari izan baitzen; hain zuzen ere, María Maizkurrenarekin batera zuzendu zuen Ipar Atea. Bestalde, Zurgai poesia-aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kide da 1988tik. 1994an, La Gracia del enano poema-liburua kaleratu zuen, eta, 1997an, berriz, Todos los Santos; hurrengo urtean, gaztelaniazko Euskadi literatura-saria lortu zuen lan horri esker. 2000. urtetik aurrera, bi bilakaera-ildori jarraitu die bere poesiak: baten adierazgarri Material de construcción (2004) eta Aprender a irse (2007) dira, eta bestearenak, Cumbre del mar (2005) eta Vacilación (2009).

Kepa Muruak Bassarai argitaletxea zuzentzen du; Gasteizen du egoitza argitaletxeak, eta gaztelaniaz idazten duten Euskal Herriko autoreen lana ezagutarazi du azken bi hamarkadetan. Poesia-liburu hauek osatu ditu Muruak: Abstemio de honores, Cavando la tierra con tus sueños, Siempre conté diez y nunca apareciste, Un lugar por nosotros, Cardiolemas, Las manos en alto, Poemas del caminante, Cantos del dios oscuro eta No es nada. Orobat, saiakera-lanak eta hainbat artista-liburu argitaratu ditu.

María Maizkurrenak oso gaztetan ekin zion literaturari. Bere zenbait poema Zurgai, Literatura eta beste literatura-aldizkari batzuetan plazaratu dira, eta Los otros reinos (1987), Los cantos del Dios oscuro y otros poemas (1989), Una temporada en el invierno (1991), Viento del Norte (1992), Tiempo (2000) eta Vuelta del aire (2006) poema-liburuak argitaratu ditu. Batetik, Los otros reinos lanari gaztelaniazko aipamen berezia eman zioten Alonso de Ercilla poesia-sariketan; bestetik, Viento del Norte lanak Imagínate Euskadi saria lortu zuen; azkenik, Vuelta del aire lanak nazioarteko XIX. poesia-saria eskuratu zuen 2006an, ex aequo José Daniel Espejo Balanzaren Música para ascensores poema-liburuarekin. Kontaketaren esparruan, berriz, Adiós a doña Laura (2000) eleberri laburra kaleratu du.

Amalia Iglesias de la Sernak Filologia Hispanikoko lizentzia lortu zuen Deustuko Unibertsitatean. Osatu dituen poema-liburuen artean, nabarmentzekoak dira hauek: Un lugar para el fuego (1985), Memorial de Amauta (1988), Mar en sombra (1989) plaquettea, Dados y dudas (1996) eta Lázaro se sacude las ortigas (2005). Batetik, Un lugar para el fuego lanak Adonais saria eskuratu zuen 1984an; bestetik, Memorial de Amauta lanak Eusko Jaurlaritzaren Alonso de Ercilla saria lortu zuen 1987an; azkenik, Dados y dudas lanak Jaime Gil de Biedma sariaren accesita irabazi zuen 1995ean. Euskal Herriko Unibertsitateak Antes de nada, después de todo antologia ondu zuen, eta autoreak ordura arte argitaratutako liburu guztiak bildu zituen bertan.

Eli Tolaretxipik Ingeles Filologiako lizentzia lortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta poesia-itzultzailea da. 1991z geroztik, urtero Donostian antolatzen dituzten emakume idazleen topaketak koordinatzen lagundu du, eta intentsitate handiko obra osatu du. 1999an argitaratu zuen lehen liburua, Amor muerto, naturaleza muerta -sentimenduen mundua argitasun handiz marraztu zuen bertan-, eta, ondotik, Los lazos del número (2003) kaleratu du. Frantsesera, ingelesera eta italierara itzuli dute bere obra poetikoa.


Jarraian, gainerako generoetako (haur- eta gazte-literaturaren, saiakeraren eta antzerkiaren esparruko) autore nagusiei buruzko zenbait ohar labur egingo ditugu.


Haur- eta gazte-literaturari dagokionez, aipatzekoak dira Asun Balzola (Bilbo, 1942-Madril, 2006), Lucía Baquedano Azcona (Iruñea, 1938) eta Seve Calleja (Zamora, 1953).

Asun Balzola entzute handiko irudigilea izan zen, eta idazketan eta itzulpengintzan ere aritu zen. Idatzi eta irudiztatu zuen lehen lanak, Historia de un erizo (1978) liburuak, Espainiako Ilustrazio Saria irabazi zuen. Besteak beste, hauek ere osatu zituen Balzolak: Santino el pastelero (1986), Ala de mosca (1989), Muniari buruzko saila (Munia y la luna, Los zapatos de Munia, Munia y la señora Piltronera eta Munia y los hallazgos) eta La cazadora de Indiana Jones; azkenari esker, Euskadi saria eskuratu zuen 1990ean.

Lucía Baquedano Azcona Gran Angular sarirako finalista izan zen 1979an, gazteentzat idatzi zuen lehen eleberriari (Cinco panes de cebada lanari) esker. 1986an, Barco de Vapor saria eskuratu zuen Fantasmas de día haurrentzako ipuinari esker -IBBYk ohorezko zerrendan sartu zuen ipuin hori 1988an-. La casa de los diablos gazteentzako eleberria Infanta Elena nazioarteko sarirako finalista izan zen 1990ean -Biblos Fundazioak deitzen du sariketa horretara-, eta CCEIren saria irabazi zuen 1993an. Me llamo Pipe haurrentzako eleberriak Almeríako liburu-azokako saria lortu zuen 1995ean.

Seve Calleja kritikaria, ikertzailea eta irakaslea da. Hainbat argitalpenetan kolaboratzen du, hala nola Reseña, Diálogos, CLIJ eta Peonza aldizkarietan, eta Zurgai poesia-aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kide ere bada. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu orain arte, eta horietako asko euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu ditu. Sari hauek eskuratu ditu: Ignacio Aldecoa ipuin-saria (Gasteiz, 1981), Lizardi haur- eta gazte-literaturako saria (Zarautz, 1985), Pio Baroja eleberri-sariaren accesita (Eusko Jaurlaritza, 1989), Gabriel Aresti ipuin-sariaren accesita (Bilbo, 1991) eta "Leer es vivir" haur-literaturako saria (León, 1998).


??

Saiakerari dagokionez, nabarmentzekoak dira hauek: Ramiro de Maeztu (Gasteiz, 1874-Madril, 1936), Jorge Oteiza (Orio, 1908-Donostia, 2003), Elías Amézaga (Bilbo, 1921-Getxo, 2007), José María Jimeno Jurio (Artaxoa, 1927-Iruñea, 2002), Manuel Leguineche (Arratzu, 1941), Fernando Savater (Donostia, 1947), Jon Juaristi (Bilbo, 1951), Felix Maraña eta Daniel Innerarity (Bilbo, 1959). Ramiro de Maeztu 98ko Belaunaldiko kide izan zen. Jorge Oteiza eskultoreak hainbat lan argitaratu zituen, eta, horien artean, aipatzekoa da Quousque Tandem...! Ensayo de interpretación del alma vasca. Elías Amézaga autore oparoa izan zen, eta zuen baztertu gai bat ere. José María Jimeno Jurio etnografo eta historialariak Nafarroako historiari, ohiturei, hizkuntzei, tradizioei eta toponimiari buruzko azterlanak egin zituen. Manuel Leguineche kazetariak gaztelaniazko Euskadi literatura-saria irabazi zuen 2008an, El club de los faltos de cariño lanari esker. Fernando Savater filosofoak etikaren eta moralaren arteko lotura engainagarriak askatu eta etika bere autonomia propioa duen sorkuntza-lan ireki bihurtzeko interes nabarmena du. Jon Juaristik hainbat esparru ikertu ditu: nortasunen formazio historikoa, literaturaren historia, ahozko tradizioko literatura... Felix Marañak literaturari buruzko azterlanak egin ditu. Azkenik, Daniel Innerarityk Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saria eskuratu zuen 2008an.


Antzerkiaren alorrean, autore hauek nabarmenduko ditugu:

Alfonso Sastre (Madril, 1926) 1955eko edo mendearen erdialdeko belaunaldiaren adierazgarri nagusietakoa da, eta lan oparoaren egile. Antzerkiaz gain, saiakera, poesia eta eleberria landu zituen. Bere lanen artean, aipatzekoa da Escuadra hacia la muerte: bi ekitaldiko lana da, eta 1953an estreinatu zuten, baina hirugarren emanaldiaren ondoren debekatu egin zuten; soldadu talde bat Hirugarren Mundu Gerran zigortuta ageri du, baina taldea matxinatu egiten da eta kaporala hiltzen du -alabaina, estutasuna eta bakardadea sentitzen dute taldekideek, eta nork bere gisara egiten dio ihes-. La mordaza (1954) lana, berriz, diktadurari, errepresioari eta zentsurari buruzkoa da ezkutuan. Tierra roja (1954) lanak, azkenik, esplotazioari buruz dihardu. 1993an, Espainiako Literatura Saria eman zioten Sastreri, Literatura Dramatikoaren esparruan.

Rafael Mendizabal (Donostia, 1940) Teatro Español Universitario eta Lorquianos taldeetako zuzendari eta Madrilgo lehen kafe-antzokiaren (Lady Pepa delakoaren) fundatzaile izan zen. Hainbat argitaletxetan plazaratu zituen bere lanak, eta horietako batzuk turkierara, ingelesera, frantsesera eta italierara itzuli eta hainbat hiritan estreinatu dituzte.

Ignacio Amestoy Eiguren (Bilbo, 1947) Trantsizioko Belaunaldian sartu dituzten autoreen promoziokoa da -"82ko Belaunaldi" ere esaten diote promozio horri, data horren inguruan estreinatu ahal izan baitzituen bere lanak zentsurarik gabe-. Bere sorkuntzaren zati handi bat euskal gatazkari buruzkoa da. Geroa eta Gasteiz taldeekin elkarlanean, hainbat lan sortu ditu Amestoyk: Doña Elvira, imagínate Euskadi; Durango, un sueño; 1493; Betizu: El toro rojo eta Gernika, un grito, 1937. Ezin konta ahala sari eman diote, eta, 1990etik aurrera, irakaskuntzan dihardu, Arte Dramatikoko Errege Antzerki Eskolan; Literatura Dramatikoko titularra da han. Berriki, Eskolako zuzendari izendatu dute.

Badira beste autore aipagarri batzuk, hala nola Xabi Puerta eta David Barbero (Grijalva, Burgos, 1944). Halaber, nabarmentzekoa da Hiru argitaletxeak antzezlanak kaleratzeko egin izan duen lana; Alfonso Sastre eta Eva Forest senar-emazteek sustatu zuten Hiru, eta, Skene eta BreveSkene bildumen bitartez, hainbat lan argitaratu ditu: La baladilla de San Sebastián, Maite Agirre aktore eta zuzendariarena, eta El Mendieta, Carlos Panerarena (Bilbo, 1956). Bestalde, garai batean, Euskadi sariek antzerkiaren alorreko lanik nabarmenenak saritzen zituzten berariaz -Eusko Jaurlaritzak sustatzen ditu sariok-, eta, urtez urte, hauek izan ziren sarituak: Ignacio José Bercianok aipamen berezia lortu zuen 1986an, eta accesita 1988an; Andrés Ruizek, aipamen berezia 1986an; Mikel Osoro Uriguenek, accesita 1987an; eta Arturo del Barrio Rodríguezek, accesita 1989an; 1990ean, David Barbero saritu zuten; 1991n, Álvaro Bermejo; 1993an, José Luis San José; eta, 1995ean, Roberto Herrero.


Frantsesezko literaturari dagokionez, bi izen aipagarri ditugu: Marc Legasse (Paris, 1918) eta Marie Darrieussecq (Baiona, 1969).

Marc Legassek hiru hizkuntzatan lan egin du: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Les carabines de Gastibeltsa (1977) da bere lanik ezagunenetako bat, Maskarada taldeak antzeztu baitzuen, 1985ean eta 1986an. Hona hemen Legasseren beste lan batzuk: Cantar del rey Sancho de Navarra (1955, gaztelaniaz, eta 1985, euskaraz), Evangelio y apocalipsis del euskara (1980, gaztelaniaz eta euskaraz), Los contrabandistas de Llargizarra (1981, gaztelaniaz) eta Crónica de un país que no existe (1984, gaztelaniaz).

Marie Darrieussecq Frantziako autorerik entzutetsuenetakoa da gaur egun. Emakumezko pertsonaiak, bikote-harremanak eta amaren eta seme-alaben arteko harremanak dira nagusi bere lanetan, eta desagerpenez, absentziaz, mamuez eta oroimena galtzeaz dihardu maiz. Nortasun- eta kidetasun-kontuak ere etengabeak dira bere obran, zera uste baitu: "escribir es... un humanismo: se trata de abandonar la piel de una e ir hacia el Otro". Lan hauek argitaratu ditu orain arte: Truismes (1996), Naissance des fantômes (1998), Le mal de mer (1999), Précisions sur les vagues (1999), La plage (2000), Bref séjour chez les vivants (2001), Le bébé (2002), White (2003), Le pays (2005), Zoo (2006), Tom est mort (2007), Tristes pontiques (2008) eta Le musée de la mer (2009) antzezlana.

Duela zenbait urtez geroztik, Gatuzain argitaletxeak funtsezko lana egin du frantsesez idazten duten Euskal Herriko autoreen lana ezagutarazteko eta, besteak beste, Marie José Basurcoren lehen eleberria dakar katalogoan: L'Éxilée (1997); arrakasta handia izan zuen eleberri horrek. Harez gain, Marie José Basurcok beste hiru lan plazaratu ditu argitaletxe horrekin: Nouvelles d'ici (1987), Retour d'exil (1997) eta Sois forte, Lucia (2007). Halaber, Gatuzainek kaleratu zuen Les bohémiens (2009), Nicole Lougarot-ena (Gotaine-Irabarne, 1963).


Ibilbide hau amaitzeko, ozeanoaren beste aldean, Ameriketako Estatu Batuetan ingelesez sortutako narratibak laburbilduko ditugu. Duela bi mendez geroztik, euskal komunitate ugaria bizi da AEBetan, eta euskal-amerikarren bigarren eta hirugarren belaunaldiko autoreak aipatuko ditugu guk: Mirim Isasi, Robert Laxalt, Frank Bidart, Frank Bergon, Monique Laxalt, Trisha Zubizarreta, Gregory Martin eta Martin Etchart.

Mirim Isasik bi liburu osatu ditu: Basque Girl (1940) eta White Stars of Freedom: a Basque Shepherd Boy Becomes an American (1942), Melcena Burns Dennyrekin elkarlanean idatzia, gazteentzat. Basque Girl lan autobiografikoa da eta, haren bidez, haurtzaroko oroitzapenak (Euskal Herriarekin lotutakoak) helarazten dizkigu autoreak. Isasiren ikuspegitik, haurtzaroak eta lurrak esanahi bakarra dute: zorion perfektua. Hala ere, Isasik oroitzen duen lurra ez da edozein lur, hizkuntzaren lurra baizik, fedearena -liburuko kapitulu batek izenburu hau du: "To be Basque is to be faithful"-, ohiturena, tradizioarena, iraganarena, eta iragan horri eutsiz bakarrik euts diezaioke osorik bere nortasunari, bere euskalduntasunari. Horren adierazgarri dira bai liburuaren hasiera, bai bukaera: hasieran, Isasiren beraren irudi bat ageri da, neskatilaz jantzita eta atzean "Jaun goikoa eta legi zara" dioen ikurrin bat duela; amaieran, berriz, Gernikako arbolari buruzko ereserkiaren zati bat dakar liburuak, euskaraz eta ingelesez, aldarrikapen honekin batera: "Devotion to Home, Pride of Race, Love of Tradition--I am Basque. Gora Euzkadi!".

White Stars of Freedom lanak, berriz, Narbik mutikoaren ibilerak kontatzen ditu, Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetarako bidaian. Euskal Herrian funtsezkoa izan zen garai batean plazaratu zen liburua: Espainiako Gerra Zibila eragin zuen altxaldi militarrean, matxinatuak gailendu ziren, eta Francoren diktadura ekarri zuen horrek. AEBetan bizi zen euskal komunitateak espero zuen ozeanoaren beste aldeko lagunak eta senideak zapaltzen zituen erregimenari aurre egingo ziola beraiek babesten zituen gobernuak. Alde horretatik, White Stars of Freedom lanaren helburua da euskal herritarrenganako begikotasuna piztea, askatasuna maite baina kendu egin baitiete euskal herritarrei eta, horren ondorioz, askatasuna maite duen beste herrialde batera ihes egin behar izan baitute. Karen Sands O'Connor irakaslearen hitzetan, "the book begins with and is framed by the main character Narbik's quest to become an American citizen. All roads lead to America: being Basque is, in White Stars, prelude to but consistent with being and becoming an American" (Sands 4). Alabaina, autoreak sakrifizioz betetako prozesutzat azaltzen du herritartasunez aldatzeko prozesua, beste kultura batera gerturatzeak esan nahiko balu bezala nork bere kulturaren zati bati uko egitea. Isasiren ikuspegia ez da ezohikoa; aitzitik, melting pot delakoan oinarritzen da. Lana sortzeak berak, testuari darion tentsioak adierazten dute zer konplexua den nortasuna eta zer zaila den asimilazio-prozesu oro, inoiz gauzatzen bada betiere.

Robert Laxalt (Alturas, California, 1923 ? Reno, Nevada, 2001), zalantzarik gabe, ozeanoaren alde bateko zein besteko autore euskal-amerikarrik ezagunena da. Sweet Promised Land (1957) lanaren bidez, Ameriketako Estatu Batuetan bizi zen euskal erkidegoaren ordezkari aritzeaz gain, diasporaren errealitatea helarazi zien Europan bizi ziren euskal herritarrei, euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenei esker. Urte askoren buruan jaioterrira itzultzen den emigratzailearen esperientziaren lekuko leialtzat hartu izan dute lan ho6