Ipuina
(in Olaziregi, M. J. (arg.), An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies - University of Nevada, Reno, 2004, 11-27. orr).
"HITZAURREA"
Diotenez, antologia oro hutsegite (itz: error, mistake) baten ondorio izan ohi da, asmorik hoberenarekin eginda ere, aukeratzeak beti baitakar ahanztura nabarmen bat egiteko arriskua. Kontua gehiago korapilatzen da, antologiari hitzaurre bat eransteko gonbidapena luzatzen zaigunean, irakurleok ezer maite badugu testuarekin aurrez aurre dugun elkarrizketari lehenbailehen ekitea baita. Ipuinak dira, ezbairik gabe, garrantzizkoak liburu honetan, eta R. Ford-i hitzaurre batean irakurtzen genionaren ildotik(1), ipuinak irakurtzea hitzaurreetan esan daitekeen ezer baino zentzuzkoagoa dela azpimarratuz hasi nahiko genuke. Horregatik ahaleginduko gara, ipuin onetan bezala, zehatz eta labur, hitz justuak aukeratuz, jokatzen.
Literatura orok partikularra eta unibertsala arteko elkarrizketa sortzen duela jakinda ere, gutxi izan dira euskal mugak gainditu dituzten idazleak. Denbora luzeegiz kolore eta logika bakarrekoa izan den mendebaldeko panorama literario kanonikoan euskal idazle gutxik lortu dute euren ahotsak entzunaraztea. Bernardo Atxaga dugu, segur aski, bakarrenetakoa eta gaur egun 25 hizkuntzatan irakur daitekeen bere Obabakoak (1988) liburuan muga geografiko eta literario horiek apurtu nahi zituen kartografia berri bat proposatzen zigun: "These days nothing can be said to be peculiar to one place or person. The world is everywhere and Euskal Herria is no longer just Euskal Herria but (...) the place where the world takes the name of Euskal Herria"(2).
Euskal orografiaz zipriztindutako kartografia horren berri izateko, ingelesezko irakurleek Mark Kurlansky-ren The Basque History of the World(3) liburura jo dezakete. Atzerritar batentzat deigarriak suerta daitezkeen xehetasun ugari aipatzen da gutaz bertan: Europako hizkuntzarik zaharrenean, euskaraz, mintzo garela, guztira 700.000 hiztun dituen hizkuntzan; 8.218 milia karratu baino gehiago neurtzen ez duen lurraldea dela gurea, hau da, New Hampshire baino apur bat txikiagoa; lurralde hori Espainia eta Frantzia artean banatzen dela, baina Kurslanskyk dioen bezala: "Basqueland looks too green to be Spain and too rugged to be France" (p. 18)... eta horretaz gain, "euskal" adjektiboarekin lotzen diren zenbait gertakari edo protagonista zehazki aipatzen dira: gure sukaldaritzaren ospea (bakailaoaren kontserbazioari eta prestakuntzari dagokiona, adibidez); gure kirol ezaguna, euskal pilota; gure erlijio-gizonik famatuena, Inazio Loiolakoa; euskal eskultore garaikide bikainak: J. Oteiza eta E. Chillida; Bilboko Guggenheim Museoa... eta 2.4 milioi euskal herritarren arazo nagusitzat hartzen den terrorismoaz egiten den hausnarketa interesgarria. Liburuan gogoratzen den modura, EEBBetan kaleratutako artikuluen % 85ek terrorismoaren arazoa dute hizpide Euskal Herriaz mintzo direnean. Ezin ukatu gure bizitza errotik baldintzatzen duen errealitate bortitz hori eta halaxe agertuko da antologia honetako zenbait ipuinetan ere (Iban Zalduaren Bibliografia izeneko ipuin indartsuan, kasu). Horretarako balio baitu, besteak beste, literaturak: norbanakoen eta herrien deabruak exortzizatzeko. Literatura, zernahi generotan delarik ere, egiatiagoa baita komunikabideetan nahiz historia liburuetan azaleratzen den diskurtso ofiziala baino. Helburu hori, egia bilatzearena, hain zuzen, egotzi omen zion E.A. Poek ipuingintzari eta hori onartuz, antologia honetan euskal egia batzuk aurkituko ditu irakurleak. Egia horiek, gure beldur, mamu, amets, edo André Gidek zioen modura, miseriez hitz egiten dute, horiez guztiez egiten dute galde.
Eta galderak euskaraz adierazten dituzte antologia honetako idazleek, jatorri pre-indoeuropearra duen gure hizkuntza zaharrean. Euskarak ematen dio izena (eta izana) gure herriari (cf. "Euskal Herria": "the land of Euskera speakers"), eta horregatik ahalegindu gara, debekuak debeku, arazoak arazo, gure hizkuntzari mendeetan eusten. Azken batean, G. Steinerrek gogoratu zigun bezala, hizkuntza bat hiltzen denean, mundua ulertzeko modu bat, mundua begiratzekoa ere hil egiten dela sinesten dugulako. Hizkuntzari eusteko modu bat gure mugak gainditu eta, itzulpenen bidez, irakurle berriak irabaztea da. Baina mugak, Claudio Magris-en aburuz, sormen literariorako akuilu direnak, astunegiak suertatu zaizkigu euskaldunoi. Horregatik dira urriak gure lekukotza atzerrian eman duten idazleak eta, gaur egun, Euskal Irrati Telebistari esker, euskara Europako 87 milioi etxeetara edo EEBBetako 3 milioi familiatara irits badaiteke ere, ez da horrelakorik gertatu euskal liburuak egin duen bidearekin. W.C. Audenen Letters from Iceland parafraseatuz, irlen bakardadearekin konparatzen zuen antologia honetako idazle batek, Harkaitz Canok, gure literaturaren egoera. Irla bat, beraz, Europa zaharrean, idazle ezagunek itzulpenei esker askotan bisitatua (gaur egun Joyce, Faulkner, Eliot, Txekhov... edo Carver euskaraz irakurtzea plazer hutsa da), baina bere kostetatik atzerriratze gutxi ezagutu duena. Guztira, 60 titulu bakarrik omen daude itzulita euskaratik nazioarteko beste hizkuntzetara, itzulpen gutxiegi, ezbairik gabe, bidaiari nekaezina izan den herri batentzat.
Euskararen egoera sozio-historikoak baldintzatu du gure literaturaren bilakaera berantiarra. 1545ean lehenengo euskal liburua kaleratu zenetik, Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, apenas 100 izan ziren 1879 artean euskaraz kaleratu ziren liburuak. XX. mendearen etorrerarekin hasi zen ugaritzen eta sendotzen euskal literatura, orduan soilik lortu zuen, B. Atxagak darabilen metaforaren ildotik, trikuak lozorrotik esnatzea. Birpasa azkar bat eginez, XX. mendeko euskal literaturaren bidean, Lizardi eta Lauaxeta poeta post-sinbolistak aurkituko genituzke 30.eko hamarkadan; poesia sozialaren ordezkari bikaina izan zen Gabriel Aresti bilbotarra 50-60etan; edo XIX. mende bukaeran sortutako euskal eleberri ohiturazkoa berritu zuten 60. hamarkadako nobelagile berriak (Sartre eta Camusen jarraitzaile izan zen Txillardegi, batetik, edo esperimentalismoa euskal eleberrigintzara ekarri zuen Ramon Saizarbitoria, bestetik). Hala ere, ibilbide horretan gertakari historiko funtsezkorik badago, Franco diktadorearen heriotzarena da, ezbairik gabe, 1975a. Orduan bakarrik lortu zituen euskal literaturak bere garapenerako beharrezkoak ziren baldintza objektiboak gauzatzea (irakurle potentzialen kopurua igo zuen elebitasun dekretua, argitaletxe eta banatzaile sarea sendotu zuten dirulaguntza ofizialak, euskarazko produkzioa babestu zuten dirulaguntzak ....). Gaur egun euskaraz urtero argitaratzen diren 1.500 liburuetatik, % 14 inguru da literatura-liburua, eta bertan, narratibak protagonismo itzela du, argitara ematen denaren % 60 baita narratiba(4). Baina hori egia izanik ere, eleberria da gaurko gure literatur sisteman gune zentrala daukana, besteak beste, inguruko literaturetan gertatu den bezala, gurean ere merkatuak agintzen duelako eta hau onartuz, generorik errentagarriena, eleberria, gailendu delako.
Horregatik suertatzen da ausarta antologia hau, gurean garapen berantiarrena izan duen generoa hautatu dugulako, ipuina, Basque Literature Series honi hasiera emateko. Arrazoiak, bistakoak dira. Batetik, antologia batek gure 300 euskal idazleen ordezkaritza anitzagoa eskaintzeko aukera ematen zigulako. Hau onartuz, argitalpen honetan topatuko du irakurleak gaur egun gure narratiba definitzen duen ezaugarri berezkoena: belaunaldi eta joera estetiko aniztasuna. Bestetik, merkatu anglosaxoia genuelako helburu, eta ipuingintzak bertan duen tradizio eta errekonozimendua kontuan hartuz, genero egokia iruditu zitzaigun sailari hasiera emateko. Instituzio literarioetatik arreta eskasa jasotzen duten egungo ipuingile euskaldun, espainiar edo frantsesentzat, merkatu anglosaxoian ipuingintzak izan duen harrera hobea inbidiagarria izan da betidanik. Ez bakarrik, ipuin modernoaren (ibid. "ipuin literarioa", "erlatua") sorrera finkatu zuen lehenengo teorizazioa Amerikatik etorri zitzaigulako (nola ez gogoratu E.A. Poeren lanak), baita ipuingintzak XX. mendean izan duen bilakaeraren berarengatik ere. Finean, 80ko hamarkadan gurean nahiz Espainiako literaturan ipuingintzak izan duen berpiztearen arrazoietako bat, Hegoameriketako hainbat egile ezagunen lanak eragindako irakaspenaz gain (Quiroga, Borges edo Cortázar, esaterako), EEBBetako idazle garaikideek eragindakoan aurkitu beharko genuke (Cheever-egandik hasi eta minimalismoaren ordezkari omen direnen Carver, Wolff edo Ford-engaino iritsiz). Ispilu horietan begiratu dira euskal idazleak eta azken bi hamarkadak gure ipuingintzan oso interesgarriak izan badira ere, oraindik urruti gaude W. Faulknerrek "The most demanding form after poetry"(5) kontsideratu zuen genero honen kontsiderazio sozio-literario erabatekotik.
Azken urteotako euskal ipuinez osatutako antologia egin nahi izan dugu eta ipuin pare bat 80ko hamarkadakoak badira ere (beti daude salbuespenak), beste guztiak 90eko hamarkadan argitara emandakoak dira. Horretaz gain, ez dugu joerazko edo generozko orekarik bilatu, ipuinen beren kalitatea, gure aburuz, antologia bat egiteko irizpide nagusia, izan dugu akuilu. Eta kalitateaz mintzo garenean, behiala R. Carverrek T. Jenks-ekin batera burututako antologiako ipuinei eskatutako ezaugarria bilatu dugula esan nahiko genuke, hau da, "stories which on occasion had the ambition of enlarging our view of ourselves and the world"(6). Ipuinekin batera, antologia honetako idazleei eskatu dizkiegun bio-bibliografia laburrak eskaintzen ditugu liburu honetan. Irakurlea laster ohartuko da egileek idatzitako aurkezpenezko testu labur horietan ipuinak bizitzaren misterio, galdera, edo zirrikituekin dituen loturak azpimarratzen direla. Azken batean, kontzentrazioa, tentsioa eta argiztapena (cf. Concentration, tension, ilumination) bere egiten dituen literatur genero honek horixe bilatzen baitu, irakurleak bereganatzea eta ipuinok euren biografian denbora labur batean bederen atxikita geratzea. Helburu horrekin, antologia honetan ipuin liburuak soilik (edo nagusiki) idatzi dituzten egileekin batera (Cillero, Garzia, Iturbe, Linazasoro, Lizarralde, Mujika Iraola, Zaldua), beste literatur generoetan ere ekarpen interesgarriak egin dituzten egileak aurki daitezke (Atxaga, Cano, Lertxundi, Montoia, Oñederra, Rozas, Sarrionandia)... edo bibliografia zabaleko egileak, ibilbide oso laburrekoekin batera. Azkenik, bada hautatutako testuen gainean azpimarratzea merezi duen beste ezaugarri bat: luzerari dagokiona. Ipuin gehienen luzera antzekoa bada ere (15 orri baino gutxiagoko ipuinak dira gehienak), badira ipuin zinez laburrak eskaintzen dizkiguten egile interesgarriak. Horien kasuan, ipuin bat baino gehiago hautatzea erabaki dugu, ikuspuntu literario batetik diskutigarria baina era berean ulergarria izan daitekeen nolabaiteko oreka bilatzeko asmoz.
Ipuingintza, helduentzako literatur genero autonomo moderno eta landu gisara fenomeno berria da euskal literaturan. A. Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) kontsideratu izan da euskal ipuingintza modernoaren lehenengo emaitza. Bertan, nabarmenak ziren Hego Amerikako errealismo magikoaren nahiz absurdoaren antzerki eta ipuingintzaren eraginak (García Márquez, Rulfo, Kafka, Artaud...). 1970etan kaleratu ziren beste euskal ipuin liburuek, tradiziozko herri ipuinen ereduak edo eleberrigintzan ere nagusi izan ziren joera esperimentalak bereganatu zituzten. Edonola ere, 80ko hamarkada dugu, ezbairik gabe, euskal ipuingintza modernoaren sendotze eta ugaritzearen hamarkada. Beste herrialde batzuetan bezala, gurean ere, aldizkari literarioen ugalpenak eragin handia izan zuen ipuingintzaren igoeran, baina baita, 1975az geroztikako egoera politikoak ahalbidetu zituen dirulaguntza, sariketa literario eta alfabetatze kanpainek. 1978an Bilbon sortu zen POTT Banda (pott=fracaso) izan zen, euskal ipuingintza garaikideari unibertso literario berriak ireki zizkiona. Besteak beste, bertako kide izan ziren Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia edo Joxemari Iturraldek 80ko hamarkadan euskal ipuingintzaren panorama aldatu zuten lanak kaleratu zituzten. Tradizio anglosaxoira begiratu zuten POTT bandakoek (nobela poliziakoa, zinea, abenturazko fikzioa, etab.) eta tradizio horretara iristeko bide funtsezkoa J.L. Borgesen lanak izan ziren, bere liburutegi laberintikoan gordetzen den ondare unibertsala. Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) kontsideratu dira, POTT Bandaren emaitza aipagarrienak ipuingintzan.
Poliki-poliki, 80ko hamarkadatik aurrera, euskal ipuin tipologia aberastuz joan da eta eleberrigintzan gertatzen denaren antzera, eklektikoa da, zinez, gaurko panorama. Modernitate ostea definitzen duten ezaugarriak bereganatuz, gaurko euskal ipuingintzan ikuspuntu espresionista batetik egindako errealismoa, Cortázar edo Borgesen ildotik antolatutako fantasia (neofantasia ere deitua), metafikzioa, iraganean sakontzen duten tonu lirikoko erlatuak, bizitzaren absurdoaz mintzo zaizkigun istorioak, minimalismoa bere egiten duen egunerokotasunaren kontaketa, hibridazioa... dira nagusi. Baina, batez ere, 70eko hamarkadako esperimentalismoak baztertu eta istorioak kontatzeko desirari eusten dio gaurko euskal narratibak eta, bereziki 90eko idazleen artean, gero eta nabarmenagoa da zineak, musikak edo komunikabideek duten eragina. Finean, errealitatea beira apurtu bat dela onartzen da eta irakurleari dagokiola beiraren zatiak antolatzea. Era berean, irakurlearekiko elkarrizketa berri bat eskatzen dute ipuinaren mugak auzitan jartzen dituzten hibridoek, dela ipuinen arteko loturak eta egituratze berriak proposatzen dituzten bildumen bidez (ik short story cycle), dela kronika edo saiotik gertu dauden fikzioen eskutik.
Narrazioak arrakastatsua da Joseba Sarrionandiaren lehenengo ipuin liburua, 1983an idatzia. Irudi eta metafora iradokitzailez beteriko prosa poetikoan, fantasiarako eta iraganeko legendetarako zaletasuna erakusten du idazleak. Hor kausitzen ditu irakurleak, sirenak eta marinel zaharrak (Coleridge edo Melvillerekiko lilura azpimarratzen dutenak), ziklo Arturikoari gorazarre egiten dioten pertsonaiak: Ginebra, Galahad... geltoki bakartiak, eta literaturari buruzko hausnarketa, hots, metaliteratura. Narrazioak-eko marinel zahar horietako bat aurkituko du irakurleak antologia honetan, eta baita Han izanik hona naiz (1992) eta Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk (1995) liburuetatik hartutako narrazio oso laburrak. Azken hauetan, Sarrionandiaren lanaren ezaugarri den hibridotasuna antzematen da, generoen muga hertsiak apurtzeko desira. Tradizio literariotik zein ahozkotik jasotako istorioei buelta emanez, umore beltz eta ironiarekin jolastuz, A. Monterroso eta besteren testu hiperlaburrak oroitarazten dizkiguten narrazioak eskaintzen dizkigu idazleak.
Lehen esan bezala, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) liburua mugarria izan da euskal literatura garaikidean, eta antologia honetako idazle batek, Anjel Lertxundik, baieztatu zuen bezala, gauzak ez ziren berdinak izan euskal literaturan liburu horren ondoren. Egitura berritzailea zuen ipuin bilduma bat eskaini zigun egileak, antzinateko euskal sineskeriak literaturari buruzko hausnarketa posmosdernoarekin uztartzen zituena. Mila gau eta bat gehiago-rekin hasi, eta XIX. mendeko nahiz XX. mendeko ipuingile maisuekin egindako bidaia intertestual gisara definitu zuen nazioarteko kritikak (Chejov, Waugh, Maupassant, Villiers d?Isle Adam, Borges, Cortázar edo Calvino zituen, besteak beste, Atxagak bidaia-lagun). Bidaia horretan, literatura eta bizitzaren arteko mugez, edo natura eta zibilizazioaren arteko borrokaz mintzatu zitzaigun egilea, eta horretarako, literatura fantastikoaren teknikak egin zituen bere. Eta beldurra zegoen fantasia horren oinarrian, R. Caillois eta bestek definitu bezala, beldurrarekin jolasten baitu literatura fantastikoak. Antologia honetarako aukeratu dugun ipuinean, Teresa, poverina mia izenekoan, egileak berriro gizakiaren beldur eta desiretan arakatzen du, eta The Lone Man (Harvill, 1996) edo The Lone Woman (Harvill, 1999) nobeletan bezala, M. Montaigne inbokatuz, pertsonaia nagusiaren barne mundu gatazkatsuan barneratzen gaitu. Tonu liriko nabarmena du ipuinak eta Chejov-en narrazioak irakurtzen ditugunean gertatzen zaigun modura, bere irudi eta metafora errepikatuak gugan itsatsita geratzen dira.
Tonu zinez lirikoa du, halaber, prosa poetikoa, Inazio Mujika Iraolak. 1987ko Azukrea belazeetan liburuan, Hego Ameriketako errealismo magikoaren hainbat baliabide eta, batez ere, J. Rulforen irakaspena egiten zuen bere. Errealismo mota horrek urte haietako hainbat euskal nobela neorruralista ez ezik, ipuin aipagarriak ere liluratu zituen (ik. I. Zurutuzaren "Haizeak iparlaino beltzak dakartzanean" 1989ko ipuina), eta ahozko euskal tradiziozko literaturan edaten zuen fantasia batekin jarri gintuen aurrez aurre. Gure iragana bisitatzeko modu bat ahalbidetu zuen narratiba horrek, urtetan ukatu zaigun identitatea berreskuratzekoa. Eta memoria bihurtu bada gaur egungo euskal eleberrigile ezagunen obsesio nabarmena (ik. Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean (2000)), berdin generrake Mujika Iraolaren lanetan memoriak duen garrantziaz. Legendak eta erudizio borgiarra nahastuz sortutako fikzioak dira bere Hautsaren Kronika (1994) ipuin liburuaren oinarri. Antologia honetarako aukeratu dugun ipuinean, II. Mundu Gerraren garaian kokatutako oroimen dramatikoak Like the waters released their dead azaleratzen dira, oso poliki.
Iragana berreskuratzen da, halaber, antologia honetako beste bi ipuinetan. Javi Cilleroren Hollywood eta biok (1998) ipuin bildumatik hartutako A Kiss in the dark ipuinak, esaterako, nerabezarorantz egindako flash-back-a du abiapuntu. Zine eta narratiba estatubatuarretik edaten du Hollywood eta biokek eta bertan, edergailurik gabeko prosa, umore eta ironia, edo erudizioa bere egiten duten narrazioak aurkituko ditu irakurleak, luzeraz nahiz moldez anitzak diren kontakizunak. Iragan garaietara jo du, halaber, Xabier Montoiak bere Gasteizko hondartzak (1997) liburuan. Egilearen azken bi nobeletan ere gure historiaren une eta garai desberdinen berreskurapen fikziozkoa egiten bada ere, Montoiaren narratibaren helburua ez da lekukotza historikoak ematea izan. Errealismo zikinaren ezaugarriak bere egiten zituen Emakume biboteduna (1992) ipuin bilduman, kasu, amodio-desamodioa ardatz zuten ipuin errealista eta zorrotzak eskaini zizkigun, liburuaren azalean zetorren M. Duchampen koadroaren jite probokatzailea bere egiten zutenak. Baina bihotzak dio (2002) ipuin liburuak, berriz, Euskal Herriarekiko herrimina ardatz zuten ipuinak eskaini zizkigun, baina, batez ere, topikoez haratago dauden pertsonaia sinesgarrien azalean sartzeko aukera eskaini zigun. Sinesgarritasun eta intentsitatea dario antologia honetarako aukeratu dugun Black as coal ipuinari. Gasteizko hondartzak (1997) liburuko lehenengo ipuina den honek hasiera ematen dio Gasteiz hirian, 60 urteren epean, gertatzen diren liburuko 22 istorioei. Hiriaren historia pasatzen zaigu begien aurretik, baina, batez ere, ipuinetik ipuinera agertu eta desagertuz doazen pertsonaien bizitzen narrazio bizia.
Montoiaren antzera, errealismoaren zolan kokatzen dira antologia honetan sartu ditugun Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano edo Iban Zalduaren lanak. Arantxa Iturbek, gaur egun % 11ra iristen ez den euskal emakumezko idazle talde horretako kide denak, amodioa eta desamodioa gai duten ipuin biziak argitaratu ditu Ezer baino lehen (1992) eta Lehenago zen berandu (1995) liburuetan. Protagonista femeninoak dira nagusi, gaurko gizarte mediatiko eta estresatuan bizi diren emakumezko urbanoak. Euren egunerokotasunean eta gizonezkoekin dituzten gaizkiulertuetan kokatzen ditu Iturbek bere narrazio bizi, espontaneo eta ahozko erregistrotik edaten dutenak Bestelakoa da, berriz, Harkaitz Canoren ipuingintza errealista. Jazzaren edo bluesaren erritmoan idatzitako nobela beltzak, Basquiat, Boris Vian, Maiakovski, Carver... eta zine-zuzendari famatuek zipriztintzen dituzten poema liburuak, Capoteren ikasle saiatua dela erakusten duten kronika liburuak... horra Canoren unibertso literarioa. Hiri desolatu modernoa, telefono dei anonimoz eta kale abandonatuez betea, edo desamodioaz mintzo zaizkigun istorio pusketak azaleratzen dira bere ipuin minimalistetan. Genero beltza eta absurdoa ditu osagai Telefono kaiolatua (The Caged Telephone) (1997) ipuin liburuak. eta bertatik aukeratu dugu The mattress ipuina. Chejov edo Carver maisuen ipuinetan bezala, elementu eta detaile xumeek protagonisten barne egoeren berri ematen digute, konparaketa eta metafora deigarriek gure gogoa harrapatzen. Protagonisten bizitzaren erradiografia den koltxoi zahar eta zikinduak, edo premonizio gisara botatzen diren baieztapenek itxuraz gauza gutxi pasatzen den ipuin horietako baten aurrean kokatzen gaituzte.
Euskal ipuingile gutxi dira narrazio oso laburrei (short short story) Iban Zalduak bezain ongi neurria hartu dietenak. Borges-en edo Calvinoren joera metaliterarioa, edo Cortázarren fantasia asaldagarria dira, besteak beste, Zalduaren istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuen abiapuntu. Eta topikoak apurtu nahi ditu egilearen begirada kritikoak, literaturari, bizitzari, euskal errealitateari... buruzko topikoak. Hortik, bere ipuin liburu batzuen izenburu esanguratsuak: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), edo Traizioak (2001), kasu. Erregistro eta molde aberatsetan idazteko gai dela erakutsi digu Zalduak, hitz bakar bat ere soberan ez duten ipuinak antolatzen. Baina, batez ere, irakurlea hotz utziko ez duten ipuinak idatzi nahi dituela, ipuin intentsuak, J. Cheeverrek esandakoaren ildotik, horixe baita Zalduarentzat ipuina: heriotzaren une zehatzean geure buruari kontatzen dioguna.
Heriotzak eragiten duen angustia existentziala oso dago presente Karlos Linazasororen obran. Angustia hori absurduaren literaturaren ezaugarriekin azaleratzen da bere ipuinetan (ik. Kafka, absurdoaren antzerkia...), eta logika arrazionala hankaz gora jartzen duen fantasiarekin adierazten (ik. Cortázar). Errealitate eta ametsaren arteko nahasketa, giro itogarria, delirioa, ankerkerkeria... horra Linazasororen ipuinen osagaiak. Horregatik dago hainbeste zoro bere ipuinetan, arrazionaltasunaren maskararen atzean dagoen absurdoa irudikatzen dutelako. Bere lau ipuin liburuetatik, bigarrenetik, Ez balego beste mundurik (2000), aukeratu dugu antologia honetako ipuina: The derailment. Cioran irakurriz doan treneko bidaiariaren narrazioa surrealista eta ankerra irudituko zaio irakurleari, eta ziur gaude ipuinean deskribatzen diren konparaketa eta eszena izugarriek asaldatu egingo dutela.
Literaturaren eta bizitzaren arteko muga labainkorrak dira metafikzio lanek eztabaidatzen dituztenak. Fikzio eta saiakera arteko desberdintasuna bigunduz, idazketa aipuen collage gisara planteatuz, guztia esana dagoela oroitarazten digute eta idazketa oro berridazketa dela. J.L. Borgesen Babelgo Liburutegia edo I. Calvinoren artefakto literarioak oso presente daude Anjel Letxundi eta Juan Garziaren hainbat narraziotan. 1970ean lehenengo euskal ipuin liburu modernoa idatzi zuen Anjel Lertxundi ibilbide luzeko egile oparoa da euskal literaturan. Edonola ere, ezerk definitzen badu bere narratiba (hamar nobela, lau ipuin liburu...) etengabeko bilakuntzak definitzen du, adierazpide literario desberdinen esplorazioak. Hastapenetatik dago presente metafikzioa bere lanean, baina, bereziki, Urtero da aurten (1984) ipuin-liburua, edo Argizariaren egunak (1997) nobela azpimarratu beharko genituzke. Antologiarako aukeratu dugun Berlin is not so far away ipuinean Jean Fouquet XV. mendeko margolariaren Madonna and Child koadroa da istorio harrigarri baterako abiapuntua. Benetako gertakari historikoetan oinarritzen den fikzio honek artearen eta errealitatearen arteko loturez egin nahi du hausnarketa, eta artelanak bere eraikuntzarako erabili diren erreferentzia errealak irentsi eta desagertarazi behar dituen galdetzen digu Lertxundik. Besteren artean, W. Shakespeare, Melville, Beckett edo J.L. Borges itzuli ditu Juan Garziak eta Itzalen itzal (1993) da, bere ipuin libururik sendoena. Bertan, 11 atal eta hondar-solas (borgestar) bat aurki dezakegu, baina ezin esan ipuin solteen bilduma denik, elkarren arteko loturaz osotasun batean biltzen baitira. Ipuin horietako bat da Gubbio, antologiarako aukeratu duguna. XIII. mendean moja bati gertatutako istorio asaldagarria kontatzen da bertan, mojak egindako transgresioaren (blasfemiaren) ondorio dramatikoak kontatzen dituena. Iturri okerrak aipatuz, liburu apokrifoei gorazarre eginez, umorea eta absurdua uztatuz... literatura jolas interesgarria izan daitekeela erakutsi digu lan honetan Garziak. Iñaki Aldekoa kritikariak ogi azpimarratu zuen modura, guztia da itzal, guztia da konbentzio Garziaren liburu honetan.
Begiradekin jolasten dute antologia honetako hurrengo bi egileek. Lourdes Oñederraren narrazioetan, dela Eta emakumeari sugeak esan zion (1999) nobelan, dela *Mrs. Anderson?s Longing ipuinean, begiradak desira adierazten du. Horregatik aipatzen da antologia honetako ipuinaren hasieran Doris Lessingen Love, again*, Oñederraren narrazioak emakume edadetu baten desira duelako hizpide. Begiradak, perpaus labur eta etenak, erritmoa markatzen duten izen eta elementuen errepikapenak, deskribapen sentsualak... horiek dira egilearen idazkeraren osagaiak. Baina, batez ere, isiltasunarekin jolasten duen prosa neurtua, irakurlearen partehartzea bilatzen duten hutsune eta tarteak. Ixiar Rozasek, berriz, kanpora begiratzen du Korronteak ipuinean, kanpora, barrura begiratzeko. Sartu, korrontea dabil (2001) liburuko ipuinek lotura desberdinak dituzte eta eleberritik gertu dagoen egitura osatzen dute. Bertako lehenengo ipuina aukeratu dugu, A draft, a current, eta bertan antzeman daiteke zine kamara baten hoztasuna duen Rozasen begirada gizatiarra. John Berger miresten duen idazle honek, behin baino gehiagotan esan du idazle ingelesarekin ikasi zuela begiratzen, hiri handietan galtzen diren izaki ikusiezinak (etorkinak, baztertuak...) ikusten. Pertsonaia ezezagunen arteko begirada gurutzatuak, keinu esanguratsuak harrapatzen ditu orainaldian kontatutako sekuentzietan, baina, batez ere, pertsonaia horien arteko hutsuneak areagotzen edo txikiagotzen dituzten korronteak.
Pello Lizarralde idazlearen Un ange passe ipuinak osatzen du antologia hau. Isiltasunarekin jolasten duen prosa minimalista da berea, atmosfera zinez harrigarriak sortzen dakiena. Eta berriki argitara eman duen Larrepetit (2002) nobelan gertatzen den bezala, ihesean, etengabeko joan-etorrietan dauden pertsonaiak aurkezten dizkigu. Irakurlea laster ohartuko da, gauza gutxi "gertatzen" dela bere istorioetan eta balio ia-epifanikoa duten keinu, usain, kolore eta mugimendu xumeenetan kokatzen dela etengabe narratzailearen begirada. Indar liriko handiko deskribapenez baliatuz, kontamolde objektiboak muturretara eramanez, giroak, barne egoerak agintzen du Lizarralderen narratiban. Sargori (1994) liburuan frogatu zuen trebezia bera erakutsi du oraingoan ere giroak sortzen.
Walter Benjaminek esandakoarekin bukatu nahiko genuke: "story stays in the memory and compells the listener to tell it to someone". Horixe bilatzen du antologia honek. Hala bedi.
OHARRAK
(1) ik. Ford, R. (ed.) Antología del cuento norteamericano, Galaxia Gutemberg & Círculo de Lectores, Barcelona, 2002.
(2) Atxaga, Bernardo, Obabakoak, Vintage, New York, 1994, page 324.
(3) Kurlansky, Mark, The Basque History of the World, Penguin, New York, 2001.
(4) Euskal literatur sistema sendotu ahala, narratibak gero eta protagonismo handiagoa lortu du. Horrela, 1876-1935 bitartean literatur produkzioaren % 18,7 bazegokion narratibari, 1936-1975 bitartean % 23,8 zegokion eta gaur egun, esan bezala, literatur produkzioaren erdia baino gehiago dagokio narratibari.
(5) Ikus, Meriwether, J.B. & Millgate, M., Lion in the Garden: Interviews with William Faulkner 1926-1962, Nebraska University Press, Lincoln, page 238.
(6) Stull, W.L. (ed.), 1991, No Heroics, Please. Uncollected Writings, Harvill, London, page 147.
