Poesia

XX. MENDEKO EUSKAL POESIA

© Lourdes Otaegi Imaz (Euskal Herriko Unibertsitatea)

©Itzulpena: Di-Da





  1. EUSKAL PIZKUNDEA (1879-1929)
  2. OLERKARIAK: EUSKAL PIZKUNDEAREN ALDIRIK GORENA (1930-36)
  3. HONDAMENA ETA GERRAONDOA (1937-1963)
  4. POESIA SOZIALA ETA SINBOLISMO BERRIAK (1964-1976)
  5. LITERATUR ABANGOARDIAK (1976-1986)
  6. EKLEKTIZISMOA ETA ASKOTARIKOTASUNA (1986-2005)




1. EUSKAL PIZKUNDEA (1879-1929)

Euskal literaturan, XX. mendeko lehen urteek ?1936 artekoek? eta XIX. mendeko azken hogeiek aro bat osatzen dutela esan daiteke, Lehen Euskal Pizkundea deiturikoa. Euskal literaturaren historiografian ere mugarri gisa agertzen da behin eta berriz 1876. urtea. Urte horretan amaitu zen Bigarren Karlistaldia, eta, foruak abolituta, kontzientzia berri bat sortu zen Euskal Herrian. Autonomia galtzea gertaera erabakigarria izan zen euskal kulturarentzat oro har, eta berdin-berdin eragin zien karlistei eta liberalei, herri gisa zuten nortasunaz jabetu zirelarik.

Euskal literaturaren historiagileen artean, Luis Mitxelena (1960) mintzatu zen lehenik eta behin foruek aldi horretan politikan izan zuten garrantziaz: "Herriaren kulturaren eta iraganaren inguruko interes handiagoa piztu zen gutxiengo garrantzitsu batzuen artean". Mugimendu sozio-kulturala da Pizkundea, Erromantizismoaren itzalean sortutakoa, eta idealista alemaniarren lanak oinarri hartuta Europan zabaldutako hainbat kontzeptu ditu ezaugarri. Kultur aldaketaren zati da literatura batetik, eta horren isla, berriz, bestetik. Foruen aldeko edo nazionalismo aurreko konnotazio ideologikoen kontzientzia hartzea ekarri zuen literatur berrikuntza horrek. Eta horrek eragin zien batik bat literatur sistema osatzen duten arloei (literatur lehiaketak, argitalpenak, bildumak...) eta, ondorioz, baita literatur sormenari ere. Herrialdearen iraganari eta tradizioari buruzko interesak narrazio historikoak eta kondairak ugaltzea ekarri zuen euskal literaturan. Gaztelaniaz idatzitakoak ziren gehienak, Antonio Truebaren gidaritzapean betiere, eta Navarro Villoslada, Araquistain, Goizueta, Vicente de Arana eta Arturo Campion zituzten egile. Hala ere, euskaraz idatzitako kondairak sustatu ziren pixka bat geroago, eta euskarazko narratiba sortu zen XIX. mendearen bukaeran, Azkuerekin eta Txomin Agirrerekin.

Aldizkari berriak ere hasi ziren, eta idazle askoren lanak ezagutzeko bide izan ziren horiek. Ipar Euskal Herrian La semaine de Bayonne (1868-1918) eta Le Journal de Saint-Palais (1884) aldizkari elebidunak aipatu behar dira, erreferentzia eta adierazpide izan baitziren idazleentzat. Gainera, joera errepublikanoa zuen Le reveil basque (1886-1894) astekari elebidunak luze iraun zuen Eskualduna (1887-1944) astekari kontserbadorea sorrarazi zuen hurrengo urtean. Eskualduna desagertu zen arte, haren inguruan garatu zen Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura, eta ardatz izan zen "Gizaldi gaztea" izeneko idazle taldearentzat. Talde horretakoak ziren J. Barbier, J. Etxepare, P. Lhande, J. Saint-Pierre, J. Moulier Oxobi eta Jean Elizalde Zerbitzari (J. Casenave, 2005). Penintsulako argitalpenei dagokienez, honako hauek aipatu behar dira: La Paz (Madril, 1876-1878), La Revista Eúskara (Iruñea, 1877-1883) eta La Revista de las Provincias Eúskaras (Gasteiz, 1878-1879). Euskarazko literatur lanak argitaratzeagatik, berriz, honako beste aldizkari hauek dira azpimarratzekoak: Euskal Erria (Donostia 1880-1918), Jose Manterolak sortutakoa; Euskal Esnalea, Gregorio Mujikak argitaratutakoa, bai eta R. M. Azkueren Euskaltzale (Bilbo 1897-1899) ere.

Euskarazko poesia literatur lehiaketen bidez sustatu zen. Lore Jokoak eta Euskal Jaiak izan ziren euskal literaturaren sustatzaile nagusiak, baina abesti edo poesia bildumek ere lagundu zuten horretan; horri guztiari esker, indarra eta jarraitutasuna lortu zituen poesiak aldi horretarik aurrera. Ibon Sarasolak dioen bezala (1976a), testu apologetiko eta erlijiosoak izan ziren nagusi euskal literaturan ordura arte, baina "literatur lanak zirenek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten poliki-poliki Euskal Pizkundean".

Euskal Herriko kultur prozesuaren (Pizkundea) eta Kataluniako (Renaixença) eta Galiziakoen (Rexurdimento) antzekotasunaren ondorio da hainbat historiografok hirurogei urteko aldi horri (1876-1936) Eusko / Euskal Pizkunde izena eman izana, Lore Jokoak baitzituzten guztiek lotura. Euskal Herrian Anton Abadia nobleak sortu zituen, 1851n; zortzi urte geroago hasi ziren Katalunian, eta hamar geroago, berriz, Galizian. Besteak beste, "Koplarien guduak" izeneko literatur lehiaketak izaten ziren. 1879an hasi ziren Lore Jokoak Hego Euskal Herrian, eta 1897 arte iraun zuten Anton Abadiaren babespean. Donostiako eta Euskal Herriko beste hainbat herritako Euskal Jaiek hedatu zituzten Lore Jokoak; 1936 arte egin ziren, eta euskarazko narratiba eta drama sustatzen lagundu zuten.

Lehiaketa horien itzalean sortutako lanen balioaren inguruan hainbat iritzi daude. Sarasolaren iritziz, "garai hartako poesiak ez du autonomia eta heldutasun nahikoa" (1976a); Juaristiren arabera, berriz, Lore Jokoetan nahitaez landu beharreko gaiak -antolatzaileen obsesio ideologikoen isla ziren horiek- oztopo ziren lehiakideen sormenarentzat. Honako hauek izan ziren 1879 aurretik proposatutako gaietako batzuk: emigrazioa eta horren inguruko aurreiritziak, baserriko bizimoduaren gorazarrea, emakumea -ikuspegi paternalista eta tradizional batetik ikusita betiere- eta horren dohainen gorespena (zuhurtzia, maraztasuna eta diskrezioa), eta ohitura txarren kritika (edatea, eralgitzea, koketkeria, gaizki esaka aritzea...). 1879tik aurrera, foruak abolitu ondoren, berriz, euskarak atzera egiteko zuen arriskua eta Gernikako Arbolaren gaineko mehatxuak -herrialdearen espirituaren sinbolo zen hori- izan ziren Hego Euskal Herrian egindako lehiaketetan proposatutako gaiak. P. Urkizu ikertzaileak lehiaketa horien alde onak azpimarratu ditu, literatur sormena errazten baitzuten: "Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, hizkuntza antolatu eta zabaltzeko, nortasuna berreskuratzeko eta literatur sormena planifikatzeko lehen plataforma bereziak izan ziren Lore Jokoak" (2000, 330).

Esan behar da, dena dela, lehiaketetan nahitaez erabili beharreko gaien bidez bizimodu kontserbadorea, erlijioa eta ohiturak sustatu zituztela Lore Jokoetan. Aldekoaren iritziz (2004), "horrek asko baldintzatu zuen morala, eta trabatu eta atzeratu egin zuen poesia modernoaren garapena, ikuspegi subjektibo eta indibidualizatua baitu horrek ezaugarri". Edonola ere, plataforma horiei esker ezagutu ziren hainbat idazle handiren lan lirikoak; besteak beste, Gratien Ademaren (1828-1907) Zazpi euskal herriek ereserki ezaguna eta J. B. Elizanbururen (1828-1891) poemak, herrialde osoan ezagunak. Horiek horrela, Lore Jokoen testuinguruan sortutako poeta handienatzat jotzen da J. B. Elizanburu. Lore Jokoen penintsulako aldian, oso garrantzitsuak izan ziren F. Arrese-Beitiaren (1841-1906) olerkiak; ezin hobeto adierazi zuen euskara hiltzeak sortzen zion nahigabea, iruditeria erlijioso eta politikoaren sintesiaren bidez, eta gerora eragin handia izango zuen horrek. Haren eresi jori eta hunkigarriek -arranditsu samarrak ere baziren- eskola sortu zuten, eta jarraitzaile asko izan zituen; hala, XX. mendeko lehen hamarkadetako poeta onenatzat jo, eta haren poemak buruz ikasten zituen jendeak; batez ere, Ama Euskeriari azken-agurrak (Orixe, 1922).

Literatur lehiaketekin batera, Jose Manterolak Cancionero Vasco (1877-1880) osatzen egindako lan handia azpimarratu behar da. Ordura arte egunkari eta eskuorrietan euskaraz idatzitako poesia eta argitaratu gabe zegoena bildu zuen lan horretan. Cancionero Vasco lanarekin batera, aipatzekoak dira mendearen amaieran Jean François Cerquand-ek eta Wentworth Websterrek egindako poesia eta narratiba bildumak: Légendes et récits populaires du Pays Basque eta Basque Legends, hurrenez hurren. Hala ere, Resurreccion Maria Azkuek (1864-1951) osatu zuen lan hori guztia Cancionero popular vasco (1922) eta Euskalerriaren Yakintza (Espasa, 1935-1947) lanekin, herri literaturako testuak biltzen baitira bilduma horretan, genero guztietakoak.

Horrek guztiak foruen aldeko giroa sortu zuen kulturan eta politikan; sustrai erromantikoak zituen mugimendu honek nazionalismorantz egingo zuen pixkanaka-pixkanaka Sabino Arana Goirirekin (1865-1903). Euskal nazionalismoaren sortzaileak eragin handia izan zuen garai hartako hainbat ideia erabat aldatuko zituen espiritu berrian; esaterako, kultura propioa garatzeko euskarazko literatura egiteko beharraren inguruko kontzientzia harrarazi zuen. XIX. mendearen amaieran, euskara eta euskal literatura ulertzeko modu berria ekarri zuen nazionalismoak, eta garbizaletasun eta estilo landua nagusitu ziren gutxienez XX. mendearen lehen erdian.

Politikan eta gizarte arloan aldaketa handiak ekarri zituen mende berriak eta, sarrera honetan esan bezala, kulturari dagokionez, XIX. mendeko azken urteak oso garrantzitsuak izan ziren euskal kulturarentzat. 1870etik 1936ra izandako industrializazioak eragin berezia izan zuen Gipuzkoan eta Bizkaian; izan ere, Espainia Lehen Mundu Gerran (1914-1918) neutral izateak mesede egin zion bertako industriari. Horren guztiaren ondorioz, azkar modernizatu zen euskal gizartea, batez ere kostaldeko probintzietakoa, eta atzean utzi zituen herrialdeko gainerako herri nekazariak. Politikari dagokionez, foruzaletasunetik nazionalismorako (1893) bidea egin zen Sabino Arana Goirirekin, bai eta sozialismoranzkoa ere Pablo Iglesiasek (1879) Bizkaiko hiriburuan sortutako Alderdi Sozialistarekin; gainera, lehen langile mugimendu eta sindikatu garrantzitsuak hasi ziren. Euskal Herriaren zati handi bat bizkor modernizatu eta industrializatzea, nazionalismoa sortu eta hedatzea eta 1932ko hauteskundeen ondoren erakundeak eratzea gertakari erabakigarriak izan ziren herritarrak beren nortasunaz jabetzeko. Ipar Euskal Herriak, berriz, Frantzia zentralistaren erasoa pairatzen zuen: frantsez hutseko eskola laikoa inposatu zuen herritar guztientzat. Kexa ugari eragin zituen horrek, baina I. Mundu Gerra hastearekin batera isildu ziren protestak, Frantzia mehatxatuaren alde jarri baitzuten herritarrek beren indar guztia.

Mende hasieran, Sabino Arana Goiri eta R. M. Azkue izan ziren euskal kulturako izen garrantzitsuenak. Lehena, ideologian, kulturan eta literaturan izandako eragin handiagatik, eta bigarrena, berriz, euskararen eta euskal literaturaren alde egindako lan izugarriagatik. Beti bezain zorrotz laburbildu zuen Orixek bi gizon horiek aldi horretan -Bizkaiaren aldia deitu zion berak- izan zuten garrantzia; haren iritziz, hantxe sortu ziren garai hartako indar nagusiak. Esan behar da, hala ere, mendearen hasiera ez zela oso emankorra izan literaturari dagokionez; filologia lanek R. M. Azkueren gidaritzari esker hartu zuten ospea, Julio Urkixorekin eta Arturo Campionekin batera ikerketa eta antolaketa lan handia egin baitzuen; horren guztiaren fruitu sortu zen 1918an Euskaltzaindia. Filologia ikerketen emaitzarik onenetako bat Azkueren hiru eledun hiztegia izan zen, eta Larramendiren hiztegiak ia bi mendean izandako tokia hartu zuen. Gainera, Urkixoren eta Campionen lanak oinarri izan ziren literatur hizkuntza jaso eta bateratua garatzeko, eta Oihenarten, Axularren, Etxepareren eta beste hainbat euskal idazle klasikoren lanak berrargitaratzea bultzatu zuten. R. M. Azkuek, T. Aranzadik, J. M. Barandiaranek, Aita Donostiak eta Manuel Lekuonak egindako bilketa eta teorizazio lanek ere euskarazko kultur literatura tradizionalaren oinarriak ezarri zituzten. Tradizio hori ezagutzea ezinbestekoa izan zen euskal kultura garatzeko; izan ere, eskolan eta unibertsitatean sartu, eta XX. mendearen hasierako euskal herritarren eguneroko bizimodu urbanora egokitzeko ahaleginean baitzen euskara.

Sabino Arana (Sukarrieta, 1865-1903) ere gizon garrantzitsua izan zen XX. mendearen hasieran, euskal kultura garatzeko. Batetik, euskarazko literatura sustatu zuelako kultur aldarrikapenaren barruan -horrek justifikatzen zuen nazionalismoa-. Bestetik, berriz, arau edo molde modernoekin landu zuelako poesia, XIX. mendean nagusi izandako bertsolaritzaren metrikatik bereizita. Horrela, 1936 arte garatuko zen sorkuntza bide berri bati ekin zion. Haren poesiak, 1919an Olerkijak izenburupean argitaratuak, eta 1896an Lecciones de Ortografía del eusquera vizcaíno lanaren gehigarri gisa argitaratutako poesia egiteko arauek literatur berrikuntza ekarri zuten, literatura landu modernoaren ezaugarriak hartuta. Sentimendu erlijioso eta abertzaleei buruzkoak dira bere poemak, eta lakonikotasunarekin eta zorroztasunarekin batera hunkigarritasuna eta sentimendu erakuspena ditu ezaugarri. Formari edo metrikari dagokionez, ordura arteko moldeetatik ihes egin eta lerro askea erabiltzen du. Eresi eta ereserkiak lantzen ditu; oso ezagunak dira Itxarkundia, Mendiko negarra edo Eusko abendaren ereserkija, egun Euskal Autonomia Erkidegoko ereserkia dena.

Haren eraginak ez zituen mende hasierako idazle nagusiak (Emeterio Arrese, Luis Jauregi Jautarkol edo Claudio Sagarzazu Satarka) atxiki, eta olerkariak iritsi arte itxaron beharko da euskal literaturaren inguruan egindako proposamenen eragina ikusteko. Emeterio Arrese (Tolosa, 1869-1954), poeta neoerromantikoa, Lore Jokoetako idazleek hasitako bideari jarraitu ziona; gai bukolikoak zituen gustuko, eta horren isla dira Nere bidean (1913) eta Txindor (1928) liburuak. Liberala bazen ere, haren poesia xaloa eta erromantikoa da; baserri giroko lasaitasunaren miraz dago, Claudio Sagarzazu Satarka (Hondarribia, 1895-1979) Txinpartak (1922) eta Intza begietan (1957) lanetan bezala. Luis Jauregi Jautarkol (Errenteria, 1896-1971), berriz, erromantizismo geroratu baten jarraitzaile da; Becquer, Campoamor eta erromantiko alemaniarrak izan zituen eredu, batez ere H. Heine. Biozkadak liburua (1929) da baserriko bizimodua eta balio tradizionalak goraipatzen dituen poesia horren adibide azpimarragarria, gehiegizko sentimentalismoz eta irudi apalez osatutakoa. Neurri batean, Unamunok "euskal poesia xaloa" deitu zuenaren erakusgarri da.

Orain arte agertutako idazle horiez gain, Jules Moulier Oxobi (1888-1958) aipatu behar da Ipar Euskal Herrian, garai horretako poeta garrantzitsuena baita hainbat historiograforen iritziz. Hitz lauzko nahiz poesiazko lan asko idatzi zituen, baina batez ere alegiek egin dute ezagun, Alegiak (1926) izenburupean argitaratutakoek; poema batzurekin batera, erlijiosoak barne, berriz argitaratu zituzten alegia horiek 1992an Fabulak eta poemak lanean. Lafittek (1941) haren lanen trinkotasuna azpimarratu du -oinazez beterikoak dira askotan-, baina baita indarra ere. Mitxelenak, berriz, lirikotasuna, eta euskarazko alegiagile onenatzat jo zuen, "bizitasunagatik, malgutasun zoragarriagatik eta haren hizkeraren adierazkortasunagatik" (1960). Adierazpide ederrarekin batera, gizakiari buruzko haren ikuspegiari darion "irribarre gaiztoa" azpimarratu du Villasantek (1961). Haren poesiaren ezaugarri formalei dagokienez, herri tradizioa da nagusi ahapaldi eta errimetan; askotan, poema sortzeko erabilitako melodia ageri da izenburuaren alboan. Estilo soila eta eliptikoa du; bertsoa arindu nahi du, eta horretarako eten puntuak, hitz-erdiak, eta jakintzat emandakoak direnak erabiltzen ditu maiz. Esaerak, atsotitzak, onomatopeiak eta herri esamoldeez ere baliatzen da. Figura erretorikoei dagokienez, konparazioak eta metaforak erabiltzen ditu gehien, horiek ere herri kulturan ohikoak direnak. Hizkuntzari buruz esan behar da, berriz, garai hartan garbizaletasuna zela nagusi hegoaldeko euskal literaturan, eta hitz berriak eta aditz sintetikoak sartu zirela; hegoaldeko idazleekiko interesa erakusten du horrek. Alde horretatik, Jean Etxepareren antzeko kasua dugu Oxobi prosan; hegoaldeko idazleen lanek iparraldeko idazleengan izandako eraginaren isla da haren Beribilez (1930) liburua, bai eta literatur hizkuntza bateratu bat lortzeko ahaleginarena.

Bestalde, garai hartako argitalpenei esker ezagutu ziren XX. mendeko lehen urteetan emakumezko hainbat idazleren lanak. Ipuina, antzerkia edo saiakera landu zituztenekin batera (Maddi Ariztia, Karmele Errazti, Tene Mujika, Maria Etxabe, Errose Bustintza, Julene Azpeitia, Julia Gabilondo...), poesian honako idazle hauek aipatu behar dira: Rosario Artola (Donostia, 1869-1950), 40 poema argitaratu zituen Euskalerriaren alde lanean, eta lan dramatikoengatik ezagun diren idazle donostiarren multzoan (Serafin Baroja, Pepe Artola...) sartu behar dena, eta Sorne Unzueta Utarsus (1900-2005). Maite Nuñez Beteluk gerra aurreko emakumezko idazleak ikertu ditu bere tesian (Género y construcción nacional en las escritoras vascas, 2001), eta azpimarratu duenez, nazionalismoaren ideiak babestu zituzten parte harturiko kultur ekitaldietan, hala nola hitzaldi, egunkari, aldizkari eta abarretan. Bereziki Emakume Abertzale Batzako (1922-1936) emakumeek ezaugarri propioak dituzte. Nazionalismoaren babesera argitaratu zutenen poesiak nazionalismoak emakumeei emandako funtzioak ditu ardatz: ama ziren aldetik balio erlijiosoen eta euskararen babesa eta transmisioa, eta literatura arloan, balio horien aldarrikapen sutsua. Igone Etxeberriak (2000) hainbat lan monografikotan eman du ezagutzera Utarsusen poesia. Jon Kortazarrek ere nolabaiteko modernismo iradokitzailea azpimarratu du haren lanean, eta Frantziska Astibia Onintzeren poesia existentzialista eta hizkera modernista ere ekarri ditu gogora, hainbat poema interesgarri argitaratu baitzituen Euzkerea (1929) aldizkarian, Kortazarrek berak berriz argitaratu eta iruzkindutakoak (1995). Haren lanak izan ziren, Tapia-Perurena, Zaitegi, F. Etxeberria, eta abarrenekin batera, olerkarien lanen hazia.


2. OLERKARIAK (1930-36)

Euskal Pizkundeko poetei esaten zaie olerkariak, beren lanak Euskaltzaleak elkarteak antolatutako literatur lehiaketen harira egin zituztenei ?elkarte horrek Arana-Goirik proposatutako arauak sustatzen zituen?. Euskaltzaleek antolatutako Euskal Poesiaren Lehen Jaia Jauregiren omenezkoa izan zen, Biozkadak liburua argitaratu zuenean. Baina epaimahaiak eta prentsa idatziak orduan saritu edo "aukeratutako" poetek haien aurreko idazle erromantikoek ez bezalako berrikuntza zekarten.

Euskaltzaleak elkartea euskarazko kulturarekin konprometitutako lagun talde batek osatu zuen eta, hasiera-hasieratik -1927an sortu zen, Arrasaten- Jose Maria Agirre Xabier Lizardi (1896-1933) izan zuen buru. Euskarazko egunkari bat sortzen eta ikastolak eta hezkuntza babesten jarri zituen hark bere ahalegin guztiak, ezinbestekoak baitziren horiek, haren iritziz, euskarak bizirik iraungo bazuen. 1930etik aurrera, nabarmen ugaritu eta hazi ziren elkartearen jarduerak, eta jende ikasia erakarriko zuen goi mailako euskarazko literatura egiten saiatu ziren. Jose Aristimuño Aitzol (1896-1937) tolosarra izan zuen buru prozesu horrek, Bigarren Euskal Pizkundeak, eta euskal nortasunaren ordezkari sinbolikoa izango zen euskarazko literatura sortzeari eman zion lehentasuna. Finlandiako mugimendu nazionalista izan zuen hark erreferentzia, zeinetan Lonrott poetak suomi herria Kalevala poemarekin identifikarazi eta kultur berreskuratzearen ikur bihurtu baitzuen hura. Arreta berezia ipini zuen Proventzako eta Kataluniako pizkundean ere. Aitzolen iritziz -Europako literatura garaikidearen irakurle sutsua zen, Frantziako poesiarena bereziki-, euskal poesiak genero propioa sortzen saiatu behar zuen, ezagutzeko moduko ahotsa izango zuena, nahastezina, euskal kulturaren aldekoak eta irakurleak erakarriko zituena; Euskal Pizkundearen abangoardia izan behar zuen euskal kulturak, azken batean.

Aitzolen eta haren laguntzaileen lanari esker -zorrotz hartzen zituen Aitzolek horiek- hainbat kultur plataforma sortu ziren euskal idazleen lanak ezagutarazteko eta euskaldunen eta Europako jende ikasiaren aurrean balioesteko. Euskaltzaleak elkarteak Euskal Poesiaren Eguna, Euskal Antzerkiarena, Bertsolari Guduak eta abar antolatu zituen 1930etik 1935era, eta literatur jaialdi horien bitartez egin ziren ezagun garai hartako idazle eta bertsolari onenak. El día (1930-36) egunkari elebiduna ere sortu zuen eta, haren bitartez, elkartearen jarduera nagusiak ezagutzera eman eta egunkariko orri nagusietan argitaratu zituen sustatu nahi zituen lanak edota horien kapituluak, bai eta euskarazko produkzioari buruzko kritikak, iritzi artikuluak, iruzkinak eta aipamenak ere, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. El día egunkariaz gain, euskarazko Yakintza (1933-37) kultur aldizkaria argitaratu zuen, eta haren bidez iritzi ziren jendartera literatur lanak ez ezik, baita hizkuntzari, literaturari, elebitasunari eta abarri buruzko saiakerak eta bestelako eta lan espezializatuak ere.

Aitzolen ustez, euskarak etorkizunera begira zuen arrisku latza uxatzeko tresna izan behar zuen euskal poesiak. Literatur lehiaketek ospea ematen zieten saridunei, eta leku berezia literatur sisteman; saridunen lanak argitaratzea ere errazagoa zen, eta haiei buruzko iritzi ona sortzen zen. Prestigioko literatura sortzea zuten helburu. Irakurleen erantzun kaskarra ikusita, baina, utzi egin zion bere ahalegin guztiak poesia jasoaren alde jartzeari. 1933tik aurrera, herri poesiaren aldera egiten dute bere artikuluek, herritarrak errazago identifikatzen baitira horrekin. Arreta berezia jarri zuen abesti bildumetan eta balada tradizionaletan, baina 1935etik aurrera etsia zegoen bertsolariek dutela jendetza euskarazko lanetara erakartzeko gaitasuna.

Aitzolen proiektuaren berrorientatze etengabe hori literaturaren erabilgarritasuna aintzat hartuta soilik uler daiteke; Euskaltzaleak elkartean harekin aritutako idazle handiek, ordea, Lizardik eta Orixek besteak beste, nekez egin zuten bat ikuspegi horrekin, eta ez ziren gai izan hura literaturaren ikuspegi "praktiko" horretatik aldentzeko. Aitzolen borondate makurrezin horri zor dizkiogu lehen aipatu ditugun gizarteko proiektu garrantzitsuenetako batzuk, baina baita hain egokiak ez ziren batzuk ere; adibidez, ustez euskal kultura salbatuko zuen poema nazional bat sortzeko asmoa. Aitzol ez zen pozik geratu lortutako emaitzekin, eta ez zuen jakin berak sustatutako jardueren bidez sortutako lanen balioa neurtzen; izan ere, emaitza nabarmenak nahi zituen, oihartzuna, eta ez zen halakorik izan. Sei urteko tartean, garai hartako literatur lan garrantzitsuenetako batzuk baztertu zituen, "eraginkorrak" ez zirelakoan; esaterako, Orixeren poema lirikoak eta Lizardirenak, Barne-muñetan eta Umezurtz olerkiak (1933). Ezin ederragoak baziren ere, uste zuen ez zutela euskal kultura piztuko.

Azkarregi ibili zen, noski, eta emaitzak lehenbailehen lortzeko irrika horretan, ez zuen itxaron kultur aldaketa orok behar duen denbora; agian, beste inork baino argiago ikusten zuen une hartako egoera sozial eta politikoa aldakorra zela. Nabarmentzekoa da, halere, Euskaltzaleak elkartean bildu zen idazle taldea -Lizardik, Lauaxetak, Orixek eta Loramendik osatua eta lanak 1930 eta 1936 bitartean argitaratu zituztenak- euskal literaturaren ardatzetako bat izan izana. XX. mendeko lirikaren hiru mugarrietatik lehena izan zen behintzat, ondorengo euskal lirikaren erreferentzia etengabea, gai eta ikuspegi aldaketaz gain, metrikarekiko arreta eta euskal literaturako erreferentzia sinbolikoak aberastea ekarriko zuena. XX. mendeko euskal literaturaren irakurleek eta idazleek unibertso poetiko berarekin egin zuten bat neurri batean; izan ere, idazleok esperantza papereratu baitzuten, euskal literatura pizteko itxaropena, horren balioaren eta iraganaren jakitun batetik, eta kultura klasikoaren eta modernoaren ekarpenei zabalik, bestetik.

Beren lan onenak egiteko aukera eman zien aldi bereziak olerkarien taldeari nolabaiteko trinkotasuna eman bazion ere -historiografo batzuen iritziz, literatur belaunaldi bat osatzen dute-, nortasun poetiko guztiz desberdinak zeuden talde hartan; horien lanen kalitatea dela eta, baina, garrantzitsua da horietako bakoitza.

Jose Maria Agirre Xabier Lizardi (Zarautz, 1896-1933). Esan bezala, elkarlanean aritu zen Euskaltzaleak elkartearekin, nahiz eta bat ez etorri Aitzolek literaturari buruz zuen ikuspegi "praktikoarekin"; hainbat eztabaida izan zituzten 1931 eta 1933 bitartean bat ez etortze hori zela eta, eta azkena, oso gogorra. Hala, Lizardik utzi egin zituen Euskaltzaleak elkarteko buruzagitza-ardurak eta Gipuzko Buru Batzarreko idazkaritza, literaturari ekiteko buru-belarri. 1925etik Euskal Esnalea aldizkarian, Bilboko Euzkadi egunkarian eta El Dían kalitateko hainbat poesia argitaratu bazituen ere, Euskaltzaleak elkarteak 1930ean eta 1931n antolatutako literatur lehiaketetan eman zituen ezagutzera bere lanik onenak; 1931n lehen saria irabazi zuen, eta saridunari ematen zioten zilarrezko haritz adar preziatua eskuratu zuen. Tolosako enpresa txiki bateko gerentea zen Lizardi, eta maiz ibiltzen zen Espainian eta Frantzian barrena. Merkataritza eta zuzenbide ikasketek eta lanbideak kultura biziberritzeko eta euskara bizirik mantentzeko behar ziren baliabideen inguruko ikuspegi errealista eman zioten. Helburu horiekin guztiz konprometituta zegoela erakusten du Euskaltzaleak elkartearen jarduerak sustatzeko idatzitako artikulu piloak. Literaturazalea zenez, gogoko zituen Espainiako literatura klasikoa eta garaikidea, idazle latindarren eta greziarren testuak eta Julio Urkixori esker mendearen hasieran RIEVen argitaratutako euskal idazleen lanak. Lizardiren lehen lanetan (1916 eta 1919 bitartean argitaratutakoak) erromantizismoaren eragina nabari da, hura baitzen nagusi mendearen hasierako euskal lirikan, eta haren lanek mendearen amaieran modan zeuden elezaharren oihartzunak dakartzate. 1925etik aurrera, berriz, poemak argitaratzen hasi zen tarteka; Xabier Lizardi ezizenarekin sinatzen zituen, ezagun egingo zuten izenarekin. Sabino Aranak 1896. urtean argitaratutako arauak dituzte ezaugarri bere poemek, eta metrikari dagokionez, ahapaldi berriak dituzte, laburrak eta arinak, modernistak.

Pixkanaka-pixkanaka, ezaguna bihurtzen da Lizardiren idazkera, nahastezinak baitira haren estiloa eta hizkera literarioa; hala, hizkuntzaren indar adierazlea bilatuko du estetika kontzeptista eta estilizatu berriarekin 1927tik aurrera. Uko egingo dio apaindurari, etengabe kimatu eta limatuko ditu zaharkitutzat jotzen duen erromantizismo sentimentalistaren usaina duten elementuak. Lizardiren poesia "modernoa" den edo ez eztabaida baliteke ere, hitza bere zentzu zabalenean hartuta, garbi dago hark horixe bilatu zuela. Hizkera poetikoa errotik aldatu eta adierazkorra, erakargarria eta, era berean, sendoa eta landua bihurtuko zuen abangoardia berritzailea hasi nahi zuen. Sabino Aranak metrikaren inguruan emandako arauak lagungarri izan zitzaizkion horretan, eta apenas erabili zituen arau haiek ontzat emandako lizentziak. Perfekzio formal eta intelektuala bilatzen zuen poema bakoitzean, pentsaerarekin orekatua zen sentimendua zehatz-mehatz adieraztea; horiek ziren bere iruzkin kritikoetan besteei proposatzen zien poetikaren alde batzuk. Edertasun kanon berria proposatu nahi izan zuen euskal estetikan, eta bere bikaintasunari esker, molde iraunkor bat ezarri zuen.

Erritmoa ezin hobe erabiltzeagatik -ahapaldien musikalitate zoragarriak erakusten du hori- eta Biotz-begietan (1932) libururako aukeratutako poemen sakontasunagatik, aho batez goraipatu du historiografiak Lizardiren literatura. 1933 eta 1936 bitartean Aitzolen, Orixeren, Jautarkolen eta Lauaxetaren hainbat lan argitaratu zituzten, zeinetan adierazi zuten Lizardi hain gazte hil izanak sortutako mina, eta haren poesiaren perfekzioa eta euskal lirikan egindako berrikuntza azpimarratu zituzten. Batzuek (Aitzolek) lan abangoardistatzat eta beste batzuek (Lauaxeta) klasikotzat jo zutena erromantizismo eta gehiegizko sentimentalismotik urrundu, eta poesia garbizalearen eraginpeko mugimendu poetikoen intelektualismoa baztertu duen poetika baten emaitza da. Bere garaiko literatur arauak baztertzera eta hizkuntza landua, ezaugarri kontzeptistak zituena egitera ausartu zen Lizardi; hizkuntza berria, zaila baina erakargarria. Bere estilora egokitutako kode bat sortu zuen, hizkuntzak eskaintzen dizkion baliabideak erabilita; berdin hizkuntza arruntak nola klasikoek eta ekialdeko euskalkietako idazle garaikideek (Orixe, Larreko, Manezaundi, Oxobi, J. Etxepare ) darabilten hizkuntza landuak. Ordena sintaktikoa behartu, eta hitz elkarketari eta eratorpenari ahalik eta probetxu handiena ateratzen dio Lizardik, tresna malgu eta erabilgarria lortzeko. Ildo horretan, elipsia, hiperbatoia eta zangalatraua erabiliko ditu maiz hizkera berri bat sortzeko. Garibaik bildutako sententziak, Axularren hizkera dotorea edo Ziburuko Etxeberrik erabilitako hiperbatoi arriskutsuak dakartza gogora hizkera horrek, hain zuzen, eta horietako batzuk inolako lotsarik gabe darabiltza "Asaba zaarren baratza" eta "Agur!" poemetan. Literatur abangoardiaren buru izan nahi du Lizardik. Hitz hori bere zentzu historikoan erabil ezin badaiteke ere, horri gerra arteko abangoardien ezaugarriak aplikatuta (surrealismo, ultraismo...), Lizardiri esker etorriko da poesia erromantikoak eta horren hizkera landuak ezarritako ereduaren haustura, eta bertsolaritzaren tradiziotik eta horren ezaugarri metriko, sintaktiko eta espresiboetatik aldentzen den poesia liriko landua. Bi iraultza horiek euskal lirikaren berritzaile bihurtuko dute Lizardi. Hain poetika eta poesia adierazpide bereziak egingo ditu Lizardik, non ezin den literatur mugimendu jakin batean sartu; ezaugarri hori, baina, berdin-berdin aplika dakiekegu gainerako olerkariei ere; izan ere, testuinguru hura berezia izanik ?itxaropen, proiektu eta esperimentu arriskutsuz betetako garaia izan zen hura?, ezaugarri bereziak ditu haietako bakoitzaren aukera poetikoak.

Lizardiren literatur unibertsoan, adibidez, atal garrantzitsua osatzen dute naturari eta urtaroei eskainitako poemek; bizitzaren misterio horrek emango dio atsegina, errealitateari ez baitio inolako zentzurik aurkitzen. Maitasun poemak eta naturari buruzkoak elkarri uztartuta aurkituko ditugu Lizardiren poesian, eta Espainiako poeten eragin petrarkarra duen maitasun iruditeria sortuko du; Gutierrez Cetinarena besteak beste, Lizardiren testuetan aipatzen da hori. Bestalde, euskara eta aberria agertzen dira poema batzuetan sinbolikoki, eta horien salbazioa edota etorkizun ilunaren konponbidea adierazten duten kondaira edo bizipen pertsonalak darabiltza dramatikoki. Euskal Pizkundeari buruzko bere ikuspegi pertsonala islatzen du Lizardik poema horietan; bereziki, "Eusko Bidaztiarena" poeman. Euskal arima esnatu nahi zuen, piztu, berrituta hegan egiten lagundu, eta munduaren ezagutzaz eta edertasunaz gozatu, horretarako bere nortasuna galdu gabe. Hirugarren poema multzoa ere aipatu behar da, senide maiteak galtzeari eta heriotzari buruzkoa. Fedeak ematen dion laguntza dakar poema horietara, horrek laguntzen baitio mina eta heriotzaren ezinbestea onartzen.

"El poeta" (1930) artikuluan, honela definitzen du Lizardik bere poesia: ikusmen berezi batez jantzitako edo hornitutako gizakia da poeta, eta errealitateko elementuak prisma sublimatzaile baten bidez begiratu eta modu harrigarrian aurkezten dizkigu. Lizardiren begirada Biotz-begietan liburuko lehen lerroetan agertzen da: "Biotz-begietan zatzaidate sortu: biotzeanago batzuek; besteak betsein-betseñotan... Biotz-gabe ta itsu, nork, izan ere, bil olerti-loreak...". Maitasunari, aberriari eta hizkuntzari buruzko ikuspegi pertsonala da Lizardiren poesia-berrikuntzaren hazia, horien sinbolizazio berritzailea. Lizardiren ideia poetikoak modernitatearen irrikaz daude, baina berrikuntza orok berekin dakarren hausturak euskal literatur tradizioa du barnean. Hala ere, Lizardiren metafora, konparazio eta pertsonifikazioek lagundu egiten dute Lizardiren unibertso naturala sortzen, eta mundu mitologiko subjektibo gisa erabiliko du. Naturako elementu arruntenak aurkituko ditugu unibertso horretan, baina zorigaitzeko bizitzako pertsonaia bihurtuko ditu. Plastizitatez beteriko irudien bidez, elkarri kateatzen zaizkion eszenak irudikatuko ditu, eta poesiak biltzen dituen gai oinarrizkoak iradokiko dizkigu: denbora, maitasuna, heriotza? Poeta horretan guztian nahasita dago, gainera; izadiari, irakurleari eta bere buruari ari zaie, eta hunkidura, mina eta bere maitasunaren zentzua transmititzea lortzen du.

Bere poetikaren koherentzia eta oreka kontuan hartuta, Lizardi Euskal Pizkundeko euskal lirikako idazle garrantzitsuena bada ere, Lauaxetak ospe handia izan zuen bere garaian, eta gerraondoko poesiaren eta gaur egungo poeta garrantzitsuenen eredu garbia izan zen.

Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiniz, 1905-1937) idazleak aitzindarien karisma izan zuen, eta bere Bide barrijak (1931) lanak polemika sortu zuen euskal lirikaren berrikuntzan. Haren poetika finkatze bidean zegoen, izan ere lehen liburua 26 urte zituela argitaratu baitzuen, Lizardik baino urtebete lehenago, eta Euskal Pizkundeko literatur polemiketako bat piztu zuen, ederkien aztertu denetako bat. Jesuita izateko ikasketak egin zituen, baina, 1928 arte Loiolan ikasi eta gero, utzi egin zuen apaizgoa. Espainiako Gerra Zibila hasi zen arte Orixerekin aritu zen Bilbon, Euzkadi egunkari nazionalistan. Gernikako bonbardaketaren ondoren atxilotu egin zuten, eta 1937an, 32 urte zituela, fusilatu egin zuten Gasteizen, bere "ideia nazionalistak zirela eta", oraintsu ezagutu ditugun epaiketako agirietan ageri den bezala.

Prestakuntza klasiko sendoa jaso zuen Lauaxetak jesuitekin; greziar eta latindar literatura daude ondoren irakurriko zituen lanen oinarrian; literatura irakasle onek gidatu zuten horietara, aita J. M. Estefaniak besteak beste. Jesuita kritikari eta artikulugile honek Europako literatura modernoarekiko eta batik bat poesia korronte modernoekiko lilura transmititu zien bere ikasle eta laguntzaileei. Prestakuntza horri esker, inolako diletante lotsarik gabe irakurri zituen Lauaxetak, miresmenak bultzatuta, lirika klasiko eta modernoko obrak, eta poema haietako edertasuna euskarazko poemetetara ekartzen saiatu zen. Izan ere, euskal lirika berritu nahi zuen inspirazio zituen literatur ereduak birsortuz; gainera, estetika ez ezik, euskara ere landu nahi zuen: euskarari malgutasuna eta adierazpen gaitasuna eman nahi zizkion, hain miretsiak zituen testuetan atzematen zuen edertasuna poesiaz janzteko.

Bide barrijak izena jarri zion Lauaxetak bere lehen liburuari, eta 1931n argitaratu zuen, Errenterian egin zen Poesiaren Lehen Egunean lehen saria irabazi ondoren. "Maitale kutuna" poema euskal poesia berriaren ikur gisa hartu zuen Aitzolek, eta gorazarre egin zion Euskaltzaleak elkarteak lehiaketara aurkeztutako poema onenekin egindako lehen alean. Lauaxetaren lehen liburuak Aitzolena du sarrera, eta bere lana poesia garbizalearekin lotzen du horrek. Hala ere, kritika garratzak jaso zituen Lauaxetaren liburuak poesia errazago eta herrikoiagoa aldarrikatzen zutenen aldetik, eta Lauaxeta, Lizardi eta gainerako berritzaileak egoera deserosoan jarri zituzten; ez zuten idatzizko hedabideetako luma garrantzitsu batzuen babesik izan, Orixerena besterik ez. Izan ere, Lauaxetarena eta Lizardirena ez bezalako poesia babesten bazuen ere, berehala jabetu zen haien lanek zekartzaten berrikuntzaz eta zuten kalitateaz.

Lehen liburuaren kalitate lirikoak eztabaida sortu zuen hain zuzen, bai hizkuntzaren zailtasunagatik, bai eta Orixek berak kritikatutako ezaugarri modernoengatik ere. Lauaxetaren iritziz, ez dago betiko balio duen klasizismorik; bere garaira egokitzen den oreka klasikoa bilatu behar du egileak, eta bera Europako literatura garaikideari begira dago; bereziki, Frantziako poesiari. Bere testuetan nabari den sentimentaltasuna hobeto zaintzeko ere eskatuko dio Lizardik, erromantizismo hondar horrek Jautarkolen, Sagarzazuren, Arreseren eta abarren testuen kide egiten baititu bereak. Liburuko testu onenetako batzuek ("Maitale kutuna", "Itxasora", "Artxanda ganian", "Itzarrik", "Jaungoitija", "Ezilkortasuna"...) transmititzen duten subjektibotasuna eta idealismoa positibotzat jo eta "adimenaren poesiatzat" hartzen ditu Lizardik; horrekin batera, baina, horien hoztasun gehiegizkoaz ere ohartaraziko du Lauaxeta. Azken batean, Lauaxeta gaztearen irakurketak islatzen ditu liburuak: nabaria da bere poesiaren forma berria, eta nabariak dira, halaber, literatur iturriak. Egileak ez du hori inolaz ere ukatuko; poeta erromantikoak (Keats, Heine, Baudelaire) eta poeta sinboliko batzuk (Verlaine, Rimbaud, Maeterlink) irakurri zituen gaztetan; hala ere, inguruan nagusi zuen Sabino Aranaren garbizalekeriak inposatzen zion adierazpide zurruna, eta edertasuna adierazi nahi zuen sentsibilitatea, sentimendua eta poeta moderno baten pertzepzioa uztartzen ahalegindu zen. Bere erlijio sinesmen kontserbadoreek orduko prototipo sinbolistei kontrajartzen zitzaizkiela baziruditen ere, eragin nabaria du sinbolismoak bere lehen liburuan; metaforak berritzen laguntzeaz gainera, poemako elementu erritmikoetan, sentsazio adierazpenetan, kontzientziaren egoeratan eta gogoetan jartzen du arreta; ezin hobeto ikusten da hori euskal pizkundeari buruzko "Itxasora" poeman, bertan bere sineste suharra erakusten duelarik.

Arrats beran (1935) bigarren liburua bere lanik onenatzat jotzen da. Bere sentimentaltasuna pixka bat leundu, eta herri lirikatik hartutako elementu estilistiko berriak sartuko ditu, erromantzeetatik eta kopla zaharretatik. Arrats beran liburuaren eta Federico Garcia Lorcaren Romancero gitano (1928) lanak Lauaxetagan sortutako miresmenaren arteko lotura aztertu du Jon Kortazarrek bere tesian (1986) -Garcia Lorcaren liburu horrek oihartzun handia izan zuen garai hartan-. Aitzolek 1932tik aurrera poetei markatutako bidearen alde egin zuen horrek, arreta euskal lirika tradizionalaren ezaugarrietan jartzera bultzatu baitzituen, garai hartan sakon ikertzen hasitako lirika tradizionalean. Kantu bihurtutako bertsioei esker ezagun egin diren Lauaxetaren poemak biltzen dira liburuan. Izan ere, Arrats beran liburuko poemek kantuetatik edo baladetatik hurbil dauden ezaugarri metriko eta erritmikoak dituzte, horietatik hartzen baititu baliabideetako asko: elipsiak, izen sintagmen errepikapenak efektu erritmikoa sortzeko, atzera egiteak (ritornelo), dekorazio elementuak ("din-dan balendan"), ahapaldi laburra...

Arrats beran liburuan bere ideia nazionalistak ("Amayur gaztelu balaza", "Mendigoixaliarena"), erlijio sinesmenak ("Goxaldeko otoya", "Mayatzeko gurutza", "Ziñeste-bakuarena") eta erantzunik gabeko maitasuna ("Artzain baten erijotzena") ageri dira. Bide barrijaken ere agertzen ziren gai horiek guztiak, baina sentimentaltasun gutxiagorekin eta dotoreago dakartza bigarren liburu honetara. Hala ere, hainbat elementu, gai eta protagonista berri ere badaude: piratak, zaldizkoak, zaldunak, mairuak eta emazte erosiak, errotari maltzurrak eta marinel ausartak. Poema narratibo edo erromantze zaharretako protagonistak dira, Lauaxetak sinbolismoak eraldatutako metafora berriekin berregindakoak. Liburuan nagusi den herri usaina areagotu egiten da ardoari, neskatxari, errondari eta abarri buruzko poema alai eta anakreontikoekin. Literatur jostetak ere badaude: Nartzisori ("Narkis") eta Kupidori ("Begijen omenez") eskainitako poemak, edo Sevresko txarroa eskaintzen dion markesa iheskorraz diharduena ("Sevresko murkua"), eta itxura nabarmen sinbolista duen "Jostalluba" izenekoa.

Olerkari ezagun horiekin batera aipatu behar dira Loramendi eta Orixe; azken horrek bakarrik iraun zuen bizirik 30eko hamarkadatik aurrera.

Juan Arana Ezpeleta Loramendi (Bedoña, 1907-1933) olerkari gazteena zen, kaputxinoa, eta 1927tik aurrera hasi zen bere poemak argitaratzen, Zeruko Argia aldizkarian. 1931n aipamen berezia jaso zuen Tolosan, Euskal Poesiaren Egunean -Lizardik irabazi zuen?, eta hurrengo urtean irabazi egin zuen, Hernanin, "Barruntza-leioan" poemarekin. Sentsibilitate handiko poeta zen, eta lehen aipatutako poeten ezaugarriak ditu. Bere lana oso oparoa ez izanagatik, baina, ez zuen garatu bere poetika pertsonala. Lauaxetak eta Lizardik bezala, ahapaldiaren musikalitateari eta irudi metaforikoen aberastasunari ematen die lehentasuna Loramendiren estetika sinbolistak, sinbologia klasikoa gainditzeko ahaleginean. Loramendiren poesia landua da, eta hizkuntza, berriz, garbizalea, Lauaxetarena bezalakoa; aditz sintetikoa erabiltzen du maiz. Hala ere, sintaxiari malgutasuna ematen saiatzen da, eta hitz elkarketak eta eratorketak ematen dizkioten aukerak erabiltzen; horrenbestez, ezinbestekoa da Lizardiri eta Orixeri buruzko aipamenak egitea. Metrikari dagokionez, zorrotz betetzen ditu Sabino Aranaren arauak, eta horrek are landuagoa bihurtzen du bere poesia; erritmoa herri lirikatik hartutako baliabideekin markatzen badu ere, batzuetan errepikapenak, onomatopeiak eta dekorazio-poesiaren beste hainbat elementu erabiltzen ditu anafora eta paralelismoekin batera; horrek arinagoa bihurtzen du bere poesia, eta xarma xaloa ematen dio nolabait. Izadia, maitasuna eta fedea dira poemen gaiak. Poema erlijiosoak otoitz aszetikoak dira. Maitasun poemei dagokienez, berriz, horietan darabiltzan irudi delikatuek eta ahapaldien harmoniak egiten dute Loramendi aipagarri. Loramendiren lan poetikoa laburra bada ere, maiz agertzen da mundu sinbolikoa naturaren indarrean, eta hori hautemateko gaitasun sentsorial nabarmena erakusten du; hain zuzen ere, olerkarien euskal poesiaren ezaugarri da hori.

Nicolas Ormaetxea Orixe (Orexa, 1888-Añorga, 1961). Oso ibilbide pertsonala egin du idazle honek XX. mendeko euskal literaturan. Ospe handiko poeta eta prosagilea izan zen gerra aurrean, 1936an erbestera jo behar izan zuen, eta Iberoamerikako hainbat herrialdetan bizi izan zen 1954 arte. Jesuita izateko ikasketak egin zituen arren, 1926an bota egin zuten ordenatik, eta itzali egin zitzaion apaiz izateko zuen irrika; argi eta garbi zioenez, trauma handia izan zen hori beretzat. Hizkuntzalaritza arloan prestakuntza handia zuenez, berekin eraman zuen R. M. Azkuek Euskaltzaindiak sortu zenetik Bilbon egiten zuen lana egiteko. Garai hartako euskal prentsan aritu zen kolaboratzaile, batez ere Euzkadi aldizkarian; euskararen eta euskal literaturaren inguruko gaiak zabaltzea zen haren betebeharra. Euskal Pizkundeko figura garrantzitsuetako bat izan zen Orixe; aditua zen medio horretan, eta mugimendu hartan parte hartzen zuten asko eta asko, berriz, gazteak eta hizkuntzalaritzan eta literatur arloetan prestakuntza eskasagokoak. Erbestean, Guatemalan, Euzko-Gogoa aldizkarian aritu zen kolaboratzaile, eta hizkuntzalaritzari, kritikari eta literaturari dagokienez, gerra aurreko belaunaldiko kideen artean izan zuen itzalari heldu zion.

Oso zabala da haren lana; bere bizitzako hainbat alditan irakasle izan bazen ere, literaturatik bizi izan zen euskarazko lehen idazlea izan zela esan daiteke. Poesia landu zuen batik bat, eta Lizardirekin eta Lauaxetarekin batera, XX. mendeko figura garrantzitsuenetako bat izan zen genero horretan. Lehiakide eta epaimahaikide gisa parte hartu zuen Euskaltzaleak elkarteak antolatutako literatur lehiaketetan -ez zen sekula ados egon Aitzolekin, lehiaketaren antolatzailearekin-, baina ez zuen sekula lehen saria irabazi. Hala ere, eta paradoxa badirudi ere, Aitzolen ustez euskal literatura salbatzeak ekarriko zuen poema nazionala idazteko poeta egokienatzat jo zuten. Nahiz eta hasieran ezetz esan, Frederic Mistralen Mireio (1930ean itzuli zuen lan hori) eta Lonrotten Kalevala lanen ildoko poema sortzeko enkargua onartu zuen, batzuek eta besteek behin eta berriz eskatu ondoren. Hiru urte eman zituen proiektu hartan, eta 1933an amaitua zuen poema. Euskaldunak izena jarri zion. Hala ere, atzeratu egin zuen Aitzolek argitaratzea, dirurik ez zela argudiatuz. Azkenean, 1950ean eman zuen argitara A. Labaienek, eta proiektua, horren helburua nahiz hura sortzeko erabilitako ereduak zaharkituta zeudenez, oso bestelakoak izan ziren irakurleen harrera eta kritikak. Garaiz kanpo zegoen lana, bai eta gerraondoko Euskadi hartako testuingurutik kanpo ere.

Amaiera zoriontsua duen maitasun istorioa kontatzen du; landa inguru bukoliko batean kokatuta dago eta ukitu errealistak ditu. Euskal Herriko herri kulturaren zati bat islatzea zuen helburu, Euskal Herriko folklorea, morala, erlijioa eta literatura esparru egoki batean kokatzea. Euskal Herriko herri literaturak leku handia du poeman eta, batzuetan, pieza tradizionalak edo lehengo estiloari jarraituz sortutako pieza berriak egokitzeko aitzakia hutsa dirudi argumentuak. Horrek guztiak mendearen hasierarako galtzear zeuden bizimodu eta balio batzuk islatzen ditu. Anakronia eta Euskal Herriko bizimodua adierazteko orduan erakusten duen partzialtasuna izan dira Euskaldunak lanaren inguruko kritika nabarmenenak, belaunaldi berriak ez baitzetozen bat ideologia kontserbadore harekin. Gainera, oso kanon berezia aukeratu zuen Orixek poemak egiteko: hizkuntzaren garbitasunari dagokionez, jatortasuna bilatzen zuen, herri hizkera, baina literatur aldetik zehaztasuna eta irmotasuna. Gerra aurreko irakurleek asko miresten zuten Orixeren poemetako lakonikotasun, sinkretismo eta soiltasuna, baina arazo larri bihurtu ziren ezaugarri horiek Euskaldunak ulertzeko; izan ere, folklorearen eta lirikaren ezaugarrien inguruko narrazio luzea da hori.

Hainbat narrazio ere idatzi zituen Orixek (Santa Kruz apaiza, 1929), bai eta itzulpen garrantzitsuak egin ere, Tormesko itsu-mutilla (1929), Frederic Mistralen Mireio (1939) eta Agustin Gurenaren Aitorkizunak (1950), besteren artean. Prosari dagokionez, prosa sendoa sortu zuen Orixek, eta Quiton arrebarekin (1954) da haren saiakera lanik azpimarragarrienetako bat; fikziozko elkarrizketa moduan idatzita dago, eta erlijioa du gai. Estetikaren inguruko haren Antze eta Eder idatziak (Euzko-Gogoa, 1951-1955) arteari eta edertasunari buruzko saiakera lantzat har daitezke, eta tratamendu horixe eman dio haren lanen (1991) editore Paulo Iztuetak "egilearen poetika pertsonala" deitu duenari.

Euskal literatur tradizioaren ereduei jaramon txikia egindako idazlea da Orixe, nahiz eta horiek ondo baino hobeto ezagutu; halaxe ikus daiteke euskal literaturari buruzko Euskal literaturaren atze edo edesti laburra (1922) saiakeran. Horren ordez, klasiko latindarren ereduei jarraituz garatu zuen bere unibertso poetikoa, izugarri miresten baitzituen. XX. mendeko lehen urteetan idazleen artean nagusitu zen garbizaletasunaren erakusle dira Orixeren lanak; hala, euskararen ildorik jatorrizko eta bereziena aurkitu nahi izan zuen lexikoari eta egitura morfosintaktikoari dagokienez. Ezin hobeto ezagutzen zuen euskara; K. Mitxelenaren ustez, garai hartako beste edozein idazlek baino hobeto; gainera, oso idazkera berezia zuen, sormen handikoa, gerraondoan oso miretsia zena.

Ezaugarri landuak ditu Orixeren poesiak, bertsolaritzarenak eta mendearen hasierako poesia erromantiko xumearenak ez bezalakoak. Entzumena aintzat hartuta idatzitako poesia da; ahapaldiaren musikaltasuna bilatzen du, eta Horaziorenaren antza duen hizkera kontzeptista eta eliptikoa erabiltzen du kontzeptu abstraktuak adierazteko. Sintagmen aposizioa erabiltzen du maiz, eta adjektibazioa eskasa da. Korrelazio, antitesi eta izen nahiz aditz sintagma geminatuen bidez lortzen du erritmoa. Horrez gain, monotonia hausteko, hiperbatoia eta zangalatraua erabiltzen ditu, sintaxiari dagokionez. Luis Mari Mujikak klasiko latindarren (Horazio eta Virgilio) poesia erlijiosoa, Salmoak eta Abestirik Ederrena aipatzen ditu Orixeren poesiaren iturri gisa, eta, bereziki, mistiko espainiarrak (Fray Luis de Leon, San Juan de la Cruz eta Santa Teresa). Inguru bakartu eta isilak ditu gogoko; baratze eta lorategiak, iturrien, hostoen, airearen edo txorien doinu lasaia. Horietan guztietan antzematen da Horazioren, Virgilioren eta mistiko espainiarren sinbologia klasikoa. Batzuetan, baita landako paisaia bukoliko eta geldoetan ere, nor bere baitara biltzera bultzatzen dutenetan. Entzumenaren bidez ditugun sentsazioak nabarmentzen dira beste guztien gainetik, eta ukimena edota ikusmena -Pizkundeko mistikan hain garrantzitsuak- bigarren maila batean geratzen dira. Orixeren mistikak isiltasuna eta atsedena behar ditu; nork bere burua uztea, ahaztea, Fray Luisen mistikak oso berezkoa duen "hori" harrapatzeko. Sorkuntza osoarekin bat egin nahi du Orixek, horren magal gozoan kulunkatu eta horren barnean galdu.

Klasizismoa da nagusi Orixeren lanetan, baina 1930etik 1935era bitarteko poemak azpimarratu behar dira haren ibilbidean; olerkariekin harremanetan jarri, eta poema gogoangarriak idatzi zituen aldi hartan, Lizardiri eskainitakoak besteak beste: "Lizardi gurean", "Beti lagun", "Gure zizak". Hunkigarria da nahitasunak adierazteko modua; fedean eta lagunari eskainitako poemetan aurkitzen dute erantzuna haren adierazpide biluziak, inolako artifiziorik gabeak, eta bete-betean adierazten duen txera-gabeziak. Bere egia inolako itzulingururik gabe adierazteko eta bere pentsaera eta esperientzia argi eta garbi deskribatzeko duen gaitasunak maisulan bihurtu ditu Orixeren hainbat poema.


3. HONDAMENA ETA GERRAONDOA (1937-1963)

Etorkizunari itxaropentsu eta asmo onez begiratzen zioten gerra aurreko idazleen lanak tonu bizi eta indar handikoak ziren; gerra ondoren, aldiz, oinarrizko gaiak gutxitu egin ziren. Hala, nostalgiaz beterik begiratzen zieten pizkundeko ilusioari, gaiak lantzeko indarrari, umoreari, ironiari, garai hartako gai askotarikoei eta planteameduen bizitasunari. 1942-1963 urteetako poesia egileek euskararen eta euskal kulturaren egoera islatu zituzten; horien etorkizuna eta horien inguruko arazoak izan zituzten poemetako gai. Larritasuna eta ezkortasuna nabari dira poema horietan, baina baita etsipenean ez erortzeko gogoa ere. Gogoeta eta nostalgia dira nagusi, eta ezaugarri dramatikoak ere ikusten dira hainbat idazleren lanetan. Horregatik, literaturtasunean minbera eta zentzu guztietan oso konprometitua da gerraondoko lirika.

Orixek erbestearen lazeria eta euskal gizartearen gerraondoko abaildura latza bizi izan zituen, baina, hala ere, bere munduari eutsi zion hein batean, eta haren lanak beste batzuenak baino gutxiago islatu zituen Euskal Herriaren porrotaren ondorio atsekabezkoak. Jarraian aipatuko ditugun beste hainbat egileren lanak, aldiz, idazleek bizi izan zuten egoera gogorraren adierazgarri dira. Gerraondoan, erbesteko idazle Telesforo Monzonek eta Jokin Zaitegik argitaratu zituzten lehenengo euren lanak; erbestera joan ez zirenen artean, berriz, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Juan San Martin Otsalar eta J. I. Goikoetxea Gaztelu azpimarratu behar dira; Ipar Euskal Herrian, J. Diharce Iratzeder eta M. Erdozaintzi-Etxart. Testuinguru horretan sortu zen Parisen, A. Ibiñagabeitiaren eskutik, Jon Mirande heterodoxoa. Azpimarratu behar da, halaber, Monzon, Otsalar eta Mirande izan ezik, hainbat ordena erlijiosotako elizgizonak zirela gerra ondorengo idazle gehienak errepresio giro hartan euskal poesiaren garrari eutsi ziotenak. Beraz, oso nabarmenak dira ikuspegi eta gai erlijiosoak.

Telesforo Monzon (Bergara, 1904-Donibane Lohizune, 1981), abokatu eta lehen Eusko Jaurlaritzako Gobernazio ministro Espainiako Gerra Zibilaren garaian; erbestean, Mexikon, Urrundik. Bake-ori (1945) poema liburu nostalgikoa idatzi zuen, gerraondoren euskaraz argitaratutako lehena. Bi urte geroago, Gudarien eginak (1947) argitaratu zuen Lapurdin. Lehenengoan, haurtzaroaren nostalgia adierazten du Euskal Herri nahiko bukoliko baten, ohiturak ere islatuta. Bigarrenean, aldiz, gerrako gertakizunak kontatzen ditu, modu epikoan. Kritikariak bat etorri dira haren lanei indar lirikoa eta barruko sentimendua falta zaiela esatean. Erbesteratu orok bezala nostalgia handia sentitu bazuen ere Monzonek ez zuen lortu poemei garai haietako bizipenen indarra ematea -oso dramatikoa izan zela pentsa daitekeen arren-.

Jokin Zaitegi (Arrasate, 1906-Donostia, 1978). Euskaltzaleak elkarteak antolatutako 1934ko Euskal Poesiaren Egunean saridun izan eta bi poema liburu argitaratu bazituen ere (Goldaketan, 1946; Berriro ere goldaketan, 1962), Euzko-Gogoa (1950-59) aldizkarian egindako lan nekaezinari zor zaio euskal literaturan duen lekua; Koldo Izagirreren iritziz, "euskal literaturak inoiz izan duen askatasun esparru handiena" zen hori, hainbat eta hainbat egilek aldizkari horren orrietan izan zuten lekuagatik; Orixek, Juan San Martinek eta Jon Mirandek, hainbaten artean. Guatemalan eta Donibane Lohizunen argitaratu zen, eta garai hartako poesia modernoaren adierazpide izan zen, harik eta 60ko eta 70eko hamarkadetan Euskal Herrian argitalpen ugari sortu ziren arte. Gerraondoko Zaitegiren poesiari dagokionez, galdutako eta hondoa jotako herrialdearen nostalgia da bertan nagusi, baina originaltasun falta eta topiko eta arrunkeriak gaitzetsi dituzte kritikariek, bere lanei eman nahi zien ukitu dotore eta berritzailearekin bat ez zetozenak. Zaitegirekin batera Andima Ibiñagabeitia (Elantxobe, 1906-1967) aipatu behar da, bien elkarlanari zor baitzaio gerra aurreko eta gerra ondorengo euskal literaturaren arteko zubilana.

Salbatore Mitxelena (Zarautz, 1919-Suitza, 1965). Frantziskotarra, Arantzazun bizi izan zen eta, agintari frankistek kanporatu zutenean, Kubara eta Suitzara joan zen. Arantzazu, euskal-sinismenaren poema (1949) idatzi zuen, gerraondoren Euskal Herrian idatzitako lehen liburua, bai eta beste hainbat lan ere: Ama-semeak Arantzazuko kondairan (1951), Ogei kanta Arantzazuko (1952) eta Arraun ta amets (1955); gero, Idazlan guztiak (1977) lanean bildu zituzten lan horiek denak. Garai hartako idazle garrantzitsuena izan zen, eta gerra ondorengo tristuran eta itxaropenik ezan murgildutako Euskal Herriaren agoniaren samin biziena adierazi zuen. Bere fedeak eskatzen zion itxaropenaren eta herritarren minaren arteko tentsioaren lekuko da Mitxelenaren poesia; sinbolo erlijiosoen bidez adierazten du min hori; penitentziaren, kalbarioaren eta gurutzearen bidez, hain zuzen. Kristoren nekaldia eta Espainiako Gerra Zibilean sakrifikatutako euskal herriarena bat dira, eta zapalduen sufrimendua ez ezik zapaltzaileen aldekoa den Elizaren aginduak betetzeko atakan dauden kristauen krisia ere adierazten du. Lizardi eta Orixe olerkarien miresle sutsua izan zen Mitxelena, eta, haiek bezala, esaldi zehatzak, laburrak eta indar espresiboz beteak zituen gogoko. Ez zen estilista, ordea; haren estiloa kantu erlijiosoetako irudiz elikatzen da, eta teknika, berriz, bertsolarien ahozko tradizioz. Gandiagaren lehen poesien gaien bultzatzaile ere bada Mitxelena, nahiz eta hark erraz gainditu zuen sinboloak sortu eta lantzeko orduan.

Hego Euskal Herriko gerraondoko beste autore batzuk dira Nemesio Etxaniz (Azkoitia, 1899-1982) eta Juan San Martin Otsalar (Eibar, 1922-Hondarribia, 2005). Hainbat aldizkaritan argitaratu zituzten euren lanak 50eko eta 60ko hamarkadetan, baina haien obra sakabanatuta egon zen, harik eta lehenaren antologia Poesia kaierak (2000) sailean jaso zuten arte eta bigarrenarena Aberri min (1954-77) (EHU, 1998) izeneko bilduman. Etxanizen lanean erlijioso baten barne gatazka islatzen da: sekularizazio prozesuan murgildutako munduak eta giza maitasunari uko egiteak eragiten diona. Otsalarren lana, berriz, garaiaren lekuko da: existentziaren, erlijioaren eta nazioaren inguruko kezka ageri dira haren poesian; esan behar da, halere, ez dakarrela Etxanizenak beste oinaze. Etxanizekin eta Otsalarrekin batera J. Ignacio Goikoetxea Gaztelu (Gaztelu, 1908-1983) kaputxinoa aipatu behar da; ikuspegi aurrerakoia zuen, aipatu berri ditugunek bezala, eta Bizitzaren erroetan eta Gauean oihu (1972) poema liburuak argitaratu zituen, besteak beste. Mitxelenaren, San Martinen eta Etxanizen poesian bezala, giza sufrimendua eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko kezka ageri dira Gazteluren poesian. Musika ixilla (1963) ere idatzi zuen, gaztelaniazko hainbat poesia mistikoren itzulpena; euskal metrikari buruzko hainbat atal ere badaude bertan. Olerkarien poesia landua ere hartu zuen, batez ere Orixerena. Baina P. Withmanen, L. Aragonen, eta Eluarden lanak ere irakurtzen zituen, eta naturari eta maitasunari buruz zuen ikuspegia berritu zuen haiei esker.

Ipar Euskal Herrian, Jean Diharce Xabier Iratzeder (Donibane Lohizune, 1920) apaiz benediktarra ekarri behar da gogora. Hainbat poema bilduma idatzi zituen, Pindar eta lanho (1954), Zeru-menditik (1959), Argiz argi (1969) eta Uhaineri nausi (1972) besteak beste. Iratzederren poesiak Ipar Euskal Herriko tradizioko kantu liriko aberatsak ditu iturri. Haren lehen poemek 1936ko gerrak utzitako atsekabea islatzen dute. Gertutik ezagutu zituen erbesteratu euskaldunak eta haien sufrimenduaren lekuko izan zen; hala, bere herriaren zoritxarrari buruzkoak idatzi zituen lehen poemak, eta samin hari guztiari nazien kontrako gerran galdutako anaiaren heriotzak sortutakoa batu zitzaion. Sentimendu erlijiosoarekin batera, txeren eta ilusio galduen nostalgia da Iratzedereen poemetako gai nagusia. Iratzeder aita Letxundirekin aritu zen elizako kantuak biltzen; kantu horietan maisu bihurtu da, eta hori da, hain zuzen, haren ekarpen garantzitsuena. Herri tradizio jakin batean sortutako kantuen bidez adierazten ditu Iratzederrek bere sentimenduak; hizkuntza gozoa, irudi gutxikoa, hunkitze ahalmen handikoa eta batez ere musikalitatea ditu horrek ezaugarri. Iratzederrekin batera Manex Erdozaintzi-Etxart (Ibarla, 1934-1984) frantziskotarrak egin zuen lanik handiena gerraondoren Ipar Euskal Herrian eskubide kultural, sozial eta politikoen alde. Hainbat eta hainbat artikulu eta eleberri bat ere idatzi zituen, eta kulturak atzera egiteak sortzen dion minaren eta ezinegonaren isla da haren poesia; hizkuntza argia, hunkigarria eta zuzena erabili zuen horretarako. Hinki hanka (1978), Herri honen erraietan (1985), eta Bizitza pilpirak. Nafarroari poema irekia (1994) dira haren lan aipagarrienetako batzuk.

Guztiz bestelakoak dira lehen aipatutako bi poeten garaikide Jon Mirande (Paris, 1925-1972) zuberotarraren posiaren ezaugarriak. Gizon ikasia zen Mirande, autodidakta eta formazio oso heterogeneokoa. Haren literatur lanek Europako poesia modernoan sartu zuten euskal poesia, Charles Baudelaire poeta frantsesari eta E. A. Poe estatubatuarrari zor diegun sinbolismoaren ezaugarriak dituen estetizismoaren bidez. Miranderen ideologiak ?iraultzailea oro har? Nietzscheren eta Spenglerren teoriak ditu oinarri, gizakiaren benetako izaera zapaltzen eta ahultzen duen giza ikuspegi judu-kristau demokratikoaren eraginaren ingurukoak. Horregatik, Nietzscheren supergizonarekin bat egin, eta guztiz arbuiatu zituen kristau morala eta demokraziaren planteamenduak, eta, horrekin batera, planteamendu arrazista eta nazionalsozialistei heldu zien. Euskal literaturako gainerako idazle eta sustatzaileek gaitzetsi egin zituzten bere artikulu, poema eta narrazioetan adierazi zituen planteamendu horiek, eta bakartu egin zuten. Muturretara (prostituzioa, alkohola, pedofilia eta homosexualitatea...) eta utopiara jotzen du Miranderen lanak. Horiek horrela, interes handia izan zuen Erdi Aroari, paganismoari, kultura zeltiarrei eta erlijio esoterikoei buruz. Azken horiei dagokienez, Federico Krutwig (Getxo, 1921-1998) idazlearen zordun da Mirande; Krutwigek poesia gutxi idatzi bazituen ere (1948-1952), azpimarragarriak dira bere testuetan planteatutako hizkuntza eredu landua, lapurtera klasikoan oinarritutakoa, eta muturreko nihilismoa eta joera budista bultzatzen dituzten gaiak.

Hainbat genero landu zituen Mirandek, adinaren arabera: poesia eta ipuina gaztetan, eta saiakera eta eleberria helduaroan. Hala ere, Miranderi buruzko saiakera lanak idatzi dituzten zenbait egilerengan dago haren marka, Sarrionandiarengan, Gil Berarengan edo Juaristirengan, besteak beste. Egan, Euzko-Gogoa eta Igela aldizkarien bidez ezagutu zen Miranderen lana; 1950 eta 1952 bitartean Ihun-Argi izeneko bilduma argitaratu nahi izan zuen, baina proiektua ez zen aurrera atera. Hura hil ondoren haren lanaren hainbat argitalpen egin dira: Orhoituz (1976), A. Eguzkitzak egindakoa; Ene jainko eidol zaharra, lur! (1984), X. Olarrarena; Poemak (1950-1966) (1984), Tx. Larrearena eta, azkena, Ilhun-Argiak. Claroscuros (EHU, 1993), I. Aldekoak eta E. Gil Berak atondua.

Gerraondoko literaturaren ildo berritzaileenetako bat zor diogu Miranderi, Europako sinbolismotik etorritakoa. Esteta da, gutxiengo berezi batentzat idazten du. Haren lana ez da oso zabala; 1950 eta 1955 bitartean idatzi zuen, eta lotura falta nabari zaio. Gaiei dagokienez, begien bistakoa da berrikuntza, ortodoxia ideologiko handiaren erdian oldarrez sartu baitzen -Krutwig har liteke salbuespen bakartzat-. Agian, horixe izan nahi zuen Mirandek: antikonbentzionala, Xabier Letek (Zeruko Argia, 1976, 23, 30) iradoki bezala; izan ere, ez zuen inolako arauri lotuta egon nahi, eta zoriontasun aske, inolako arau etiko edo moralik gabea irrika zuen. Ideologiari dagokionez, pentsa daiteke gerraondoko inpotentziak, umiliazioak eta zapalkuntzak nolabaiteko "handinahikeria" piztu zutela Miranderengan, garai hartako euskaldunen konformismoa arbuiatzera eta herria indarkeriaren bidez askatuko zuten gizaki berriei abestera eraman zuen inkonformismo erromantikoa. Heriotzarekin batera indarkeria eta umore beltza ageri dira maiz Miranderen lanetan. Nihilismo iluna nabaritzen da haren poemetan. Miranderen poetika Heine alemaniarraren erromantizismotik hurbil zegoen hasieran; betiko maitasuna eta iruzurra, zorion ororen amaiera ditu gai. Era berean, zorrotz erasotzen dio euskal nazionalismoari eta horren atzean dagoen kristautasun sendoari, eta horren eraginkortasun eza uzten du agerian; heriotzaren eta giza existentziaren itxaropenaren aurka ere agertuko da. Baudelaireren, Mallarmeren, Verlaineren eta Rimbauden eragina ere oso nabaria da Miranderen sentsualitate erotikoan.

Kritikariek J. Miranderen poesiak forma aldetik duen berrikuntza azpimarratu dute; haren hizkera berria, euskal poesiako eredu klasikoen haustura eta musikalitatean eta balada landuen erritmoan oinarritutako edertasuna. Haren estetika oso zorrotza da, eta irudi, metafora eta konparazioek edertasun erakargarria sortzen dute poemetan. Trebea da kontzeptu, paradoxa, homonimia eta paralelismoak erabiltzen, eta ahapaldiekin ezin hobe datozen erritmoak lortzen ditu; metrika ere oso landua da. Poema batzuk kantatzeko modukoak dira, sinpleak, baina gehienek erritmo eta errima landuak dituzte; ongi antzematen da hori balada landuetan. J. Sarrionandiaren saiakera lan garrantzitsuenak Miranderi eskainiak dira. Ni ez naiz hemengoa liburuan "Malenkonia eta Jon Mirande" (174-178) atala eman zuen eta, bertan, Tx. Peillenek Albert Dürerren Malenkonia grabatuari buruz egindako iradokizunak eta horrek Miranderen poetikarekin dituen loturak garatu zituen. Mirandek eredu dituen Poeren eta Baudelaireren erromantizismo intelektualetik gertu kokatu du Sarrionandiak Miranderen poesia; poesia horrek adimena, kalkulua eta metodoa lehenesten ditu, baina aske uzten du irudimena, ametsak eta misterioak adierazteko. Sarrionandiaren iritziz, moralismoaren eta didaktismoaren aurka altxatu zen Mirande. Edertasuna bilatzen du haren poesiak, ez egia. Haren poesiak ez du errealitatea interpretatzen; aitzitik, ihes egiten du errealitatetik, horren aurka dago.

Formaren eta edukiaren aldetik Mirandek landutako sinbolismo baudelairetarrak ez zuen jarraitzailerik izan garai hartako euskal literaturan; hala ere, nolabaiteko arrastoa utzi zuen Arestiren lehen poemetako planteamendu nietzschetarretan. Joera hori Mikel Lasaren (Getaria, 1938) poesian gauzatu zen indar handiz; Poema bilduma (1971) idatzi zuen Lasak, baina poema horiek 60ko hamarkadaren hasieratik ziren ezagunak, hainbat aldizkaritan agertu baitziren. Mikel Lasaren lan guztiak Memory Dump (1960-1990) liburuan bildu eta 1993an argitaratu ziren; XX. mende hasierako Frantziako poesiaz elikatzen da Lasaren lana, Baudelaireren spleen-aren eta Rimbauden poesiaren artekoaz. Paisaia atsekabe, huts eta tristea eskaintzen du, erabat gizatiar bihurtutako kontzientziarena; kontzientzia horrentzat jada ez baitago errealitatetik eta bakardadetik ihes egiten lagunduko dion idealik. Lasak atzean uzten du naturara horren islaren bila hurbiltzen den erromantizismoa: haren poemak padura, hondartza, euri eta areto hutsez osatutako paisaia bakartuetan kokatuta daude. Haren poesia kontzeptuala eta metafisikoa bihurtzen da; malenkoniak eta tristurak, zentzurik ezak eta nihilismoaren eragina duen ikuspegiak markatzen dute errealitatearen inguruko pertzepzioa, azken batean.


4. POESIA SOZIALA ETA SINBOLISMO BERRIAK: INTIMISMOA ETA HERRI LIRIKA (1964-1978)

Aldekoaren iritziz (2004), XX. mendearen erditik aurrerako poeta garrantzitsuena Gabriel Aresti (Gasteiz, 1933-Bilbo, 1975) da, azken ehun urte hauetako idazle esanguratsuenetako bat. Oso idazle eztabaidatua izan zen, baina esan daiteke haren Harri eta herri lana (1964) erabakigarria izan zela garai hartako egile gehienentzat, nahiz eta kritikariek haren lehenagoko lanak hori baino gehiago goraipatu, Maldan behera, besteak beste. Lotura handia izan zuen Bilborekin, eta haren poemen bidez, hiriaren errealitatea sartu zen euskal poesian. Euskaldun berria zen, abertzalea, demokrata eta garai hartako kristau arrunta, gaztetan. Lehen lanak Euzko-Gogoa (1954-56) eta Egan (1956- ) aldizkarietan argitaratu zituen, eta 1959-1960 bitartean bi poema luze idatzi zituen, Mirandek gogor gaitzetsitako nazionalismo tradizionalaren mundu ikuskera hausten zutenak.

Bere lehen lan garrantzitsua, Bizkaitarra poema, 1959an eman zuen argitara; hiru poema-sorta luze ziren, bertsolariek erabiltzen zituzten neurriekin idatzitakoak. Poema horretan, argi eta garbi ikusten da Gabonetako ikuskizuna antzezlanaren irakurketa. XVII. mendeko antzerki horren ezaugarrien iruzkina egin zuen Euskera aldizkarian 1959an, eta, bertan, herri lirikaren espresio gaitasuna miretsi zuen. Poema sinboliko handi bat ere idatzi zuen aldi berean, Maldan behera, eta Euskaltzaindiaren Loramendi saria jaso (1959); lan hori 1960an eman zuten argitara. Aldekoaren arabera, Erresuma Batuko poeta sinbolistak eta 27ko belaunaldikoak zituen gustuko Arestik 1954-1959 urteen jiran, T. S. Eliot eta Pedro Salinas bereziki, eta horien lanak ezinbestekoak dira, itxuraz, Arestiren lana ulertzeko.

Arestik oso hurbiletik ezagutu zituen 1958an industrializazioaren ondorio ankerrak, pobrezia eta langileen esplotazioa, eta Gabriel Celaya eta Blas de Otero poetei irakurtzeak protesta poesia-mota egitera eraman zuten; bi urte geroago izan zuen horrek emaitza: Harri eta herri (1964) poema. Poesia sozialak indar handia izan zuen 1955-1965 bitartean, baina hurrengo urteetan nabarmen egin zuen behera. Horren ondorioz, Arestiren lehenagoko lanek kritikaren interesa sortu zuten, batez ere Maldan behera poemak. Ibon Sarasolak (1976b) eta Aurelia Arkotxak (1993), besteren artean, zehatz-mehatz aztertu dute lan hori.

Oso ezaugarri bereziak ditu Maldan behera lanak; begien bistakoa da sinbolismo mitikoaren eragina eta, horrenbestez, hainbat eta hainbat modutara uler daiteke. Ezaugarri metrikoak dira herri lirika oinarri duten ahapaldien aberastasuna, baina Arestik aldatu eta berritu egin zituen. Argia eta espresiboa da hizkuntza, zuzena eta indar handikoa; Bizkaitarra poemaren ildotik idatzita dago, baina balio unibertsala duen iruditeria sinboliko-literario eta filosofiko baten adierazgarri da. Herri poesiaren teknika tradizionalen eragina ere azpimarratu du Aurelia Arkotxak; bai bertsolariena, bai eta bestelako azpigenero tradizionalena ere; esanahi anitzeko iruditeria baten zerbitzura daude horiek, betiere. Arkotxak hiru zati nagusi bereizi ditu morfologiaren eta egitura semantikoaren aldetik, eta tituluek eta izenen sinbolismoak osatutako esanahi-sarea du oinarri; sinbolismo horrek hutsik gabe garamatza Nietzsche eta Zaratustrarengana, Danterengana, Itun Berrira, Elioten The Waste Land lanera eta euskal lirika garrantzitsuenera: Lizardi, Loramendi eta Iratzederrengana.

Joane du poemak protagonista; Dantek infernuetara bezala, bidaia bat egingo du, eta haren ibilbideak eta ibilbide horren aldiek osatuko dute poemaren egitura. Poemako aipu, titulu, eta pertsona nahiz leku izenek hainbat irakurketa sinboliko egiteko aukera eman dute; azpimarratzekoa da Ibon Sarasolak Gabriel Aresti: idazlan guztiak lanari (1976b) egindako hitzaurrea. Sarasolaren arabera, "giza kolektibitatearen, eta konkretuki euskaldungoaren, ebokazio sinboliko bat mamitzen eta gorpuzten du, lehen gizonetik gizarte hiritarrera. Poeman gertatzen den gaibide honi kontrajarririk, edo hobeki, hartan kontraispilaturik, euskal poesiaren aurrerabidea adierazten da". Arkotxa ez dator bat ikuspegi horrekin, sinplifikatzailea iruditzen baitzaio. Bere ustez, Joaneren bidaiak ziklo bat osatzen du ?erori, hil eta piztu?, eta, aldi berean, egitura mesianikoa planteatzen du hasierako paradisuaren galerak, kosmoseko harmoniaren hausturak eta infernuetara jaisteak osatzen dutena; eta hori guztia islatzen dute gizakiak gizakiaren esplotazioak eta iraultza bidezko ondorengo harmoniaren berreskuratzeak.

Aldekoa bat dator Arkotxaren interpretazio koherentearekin, poemaren batasun formalaren eta Divina Comediaren batasun arketipikoaren arteko paralelismoa azpimarratzen baitu. Izan ere, "Kristoren irudi da Arestiren pertsonaia, eta Dantek bere poema alegorikoan erakusten duen bezala, hura baino ez zen jaitsi infernuetara eta hirugarren egunean piztu" (2004, 167). Hala ere, Juaristiren (1987) iritzikoa da batez ere Aldekoa, "Maldan beherak krisi bikoitza islatzen du: poetarena berarena eta euskal gizartearena, edo, agian zehatzago, 50eko hamarkadaren amaierako euskal komunitate abertzalearena". Borroka pertsonal baten erdian dago poeta, 60ko hamarkada arte euskal poesian nagusi izan zen iruditeria idilikoaren eta horren ukazio den hiriaren artean. Aldekoaren ikuspegiak Bizkaitarran obsesio diren planteamenduetara garamatza berriz ere sinbolismoari dagokionez, eta, zabal hartuta, baita egilearen poetika guztira ere: paradisu galduaren nostalgia nabari da lan osoan, hiria eta horren gogorkeria onartu beharra, deserritzea eta galera gainditu ahal izateko.

Arestiren lanaren kritikariek 1961. urtearen inguruan ezarri dute haren lanaren lehen zatiaren amaiera, baina Maldan beheraren aldia guztiz bereizi nahi izan dute Harri eta herrirenetik. Aldaketa hori poliki-poliki gertatu zen; Poesia eta euskal poesia hitzaldia (1960) izan zen horren urratsik garbienetako bat, poesia sozialaren aldeko hautua nabari baitzen bertan. Arestiren aldi sinbolistako azken lana Zuzenbide debekatua (1961) izan zen. Arkotxaren iritziz, Maldan beheran dago Harri eta herri laneko elementu oinarrizkoen hazia, hizkuntza sinboliko landu eta polisemiko batekin adierazita bada ere. Batetik, hizkuntza zuzena landu du, inolako garbizalekeriarik gabea, eta tradizioa aldarrikatuta, ahozkoa (bertsolaritza) eta idatzia (Axular). Bestetik, erreferentzia zuzena egiten dio bere Bilboko eguneroko bizimoduari; gogorra da bertako bizimodua askotan; tristea eta tarteka negargarria, baina goxotasuna, maitasuna eta adiskidetasuna ere nabari dira, eta bere ikuspegi filosofikoa adierazteko erabiltzen ditu horiek idazleak; horiekin batera, gai mitikoak eta sinbolo oinarrizkoak ekarriko ditu.

Gain behera zegoen poesia sozialaren eraginpean argitaratu zuen Arestik Harri eta herri (1964), Blas de Otero bilbotarrari erreferentzia eginda. J. San Martinen arabera, Harri eta herri poema bildumak lotura estua du Celso Emilio Ferreiro poeta galiziarraren Longa noite de pedra (1962) liburuaren irakurketarekin eta, bere ustez, liburu horrek eragin handia izan zuen Arestirengan. Celso Emilio Ferreiro (Ourense, 1912-1979) tragikotasun handiko poeta soziala zen; 1962ko poema liburu horrekin lortu zuen arrakasta, eta Galiziako poesia errealista-sozialaren ordezkari nagusi bihurtu zen. Beste horrenbeste gertatu zen Arestirekin ere euskal literaturan, urtebete geroago. Arestik harreman estua zuen Kataluniako eta Galiziako literaturarekin -hainbat egile katalan eta galiziarren lanak itzuli zituen euskarara-, eta testuinguru horretan eragin zuen liburu horrek Arestirengan. Celso Emiliok bezala, ahapaldi librea erabili zuen Arestik liburu horretan, bai eta poesia sozialaren erretorikari dagokion lexikoa ere: hitzaren garrantzia azpimarratu zuen, bai eta ahotsak borrokarako arma gisa duen indarra ere; hautatutako hitz guztien ertzak leunduko ditu, zuzen-zuzen eta garbi-garbi egiarekin bat egin dezaten. Hortaz, argia eta erakuspenez betea da Harri eta herrik dakarren mezua; eta ideologizatuz joango da Arestiren poesia, batez ere 1965etik aurrera. Hurrengo lanetan ere bide beretik aritu zen, eta Euskal harria (1967) eta Harrizko herri hau (1970) eman zituen argitara.

Arestiren lehen lanak irakurleen aldetik izandako arrakasta izan zen gerraondoko literatur gertaera esanguratsuena: gizartearen balioak azkar ari ziren aldatzen, eta laster egin zuen bat gazteekin. Arestiren irakurleek beste kezka batzuk zituzten, eta literatur lan zuzenago eta hurbilagoak nahi zituzten, euskara ulergarri eta malguagoa. Arestik ongi bildu zituen horiek guztiak literaturaren eta hizkuntzaren aldetik erabakigarria izan zen lan horretan; izan ere, hor erabili zen euskara batuaren lehen eredua, Luis Mitxelenak Arantzazun (1968) proposatuko zuenaren erreferentzia izan zena. Euskal kulturak baztertuta ez bizitzeko eskubidea zuela aldarrikatzen zuen ideologiaren sinbolo bihurtu zen Harri eta herri, eta euskara modernoaren proposamen aurrerakoia izan zen.

Arestiren poesiaren literatur ezaugarri garrantzitsuenetako bat Aldekoak "Arestiren ahots biblikoa" deitu duena da, eta sakon aztertu dute (Atienza, 1979; Ascunce, 1986); indar komunikatibo handia du erregistro horrek; aurreko lanetan ere ageri zen, baina are nabarmenagoa da Harri eta herrin, profetikoa ere bai, zentzu batean. Bibliako mezua aplikatu zuen Arestik poesia sozialean, baina sekularizatuta: mito historiko gisa. Bertan, esperantza bat elikatu zuen ideologia marxistak, iraultza marxistak gizakia bere miseriatik aterako zuen esperantza. Idazlearen ikuspegia laburtzeko, haren alderdi dramatikoa azpimarratu du Aurelia Arkotxak. Gustuko zuen bere iritziak antzeztea eta aurkariak zirikatzea, baina paradoxa bihurtzen zen askotan, eta ñabardurak bereizteko gai ere ez izateraino itsutzen zen; beste horrenbeste gertatzen zitzaien eztabaidan parte hartzen zuten gainerakoei ere. Aldekoak ere dio hura ez zela ñabarduretarako garaia izan, polemika sutsuenerako baizik. Itxuraz Arestik hain gogoko zuen eztabaida giro hura suntsigarria izan zen azkenean beretzat, batez ere 1968tik aurrera, bere iritziek ezker abertzale berritik eta komunistengandik urrundu baitzuten.

Aresti bera eta bere lana garrantzitsuak izan ziren, dudarik gabe, eta haren inguruak literatur sormenean eta garai hartako euskal literaturaren balorazio kritiko eta ideologikoan izandako eragina ere bai. Gauza jakina da B. Gandiagak eta Juan M. Lekuonak poesia sozialaren eraginpean bideratu zutela euren poetika sinbolista, haien lehen lanek hainbat hedabidetan oso kritika ona eduki eta gero. Lizardiren eta Lauaxetaren lanei esker euskal literaturan sustraitutako lehen sinbolismoak luze iraun zuen, eta bete-betean harrapatu zituen gerraondoko sortzaile nagusiak izan zirenak: Bitoriano Gandiaga eta Juan Mari Lekuona. Tradizio horretakoak izan ziren haien lanak, eta poesia iradokitzaile eta iraunkorra egin zuten, balio unibertsalak zekartzana. Lizardiren, Lauaxetaren eta Orixeren lirikan sustraitutako poesia sinbolista zen; haurtzaroan konturatu gabe, baina ikasle garaian guztiz jakitun izanda jasotako ahozko literatura izan zen haien ekarpena. Baladei, erromantzeei, kopla zaharrei, dekorazio olerkiari, maitasun kantuei eta bertsolaritzari esker, euskarazko lirika landuan hartu zuten tokia herri lirikaren ezaugarriek. Garbi dago, gainera, Arestik onartu zuela, nolabait, herri lirika tradizionala poesia modernoan sartzea, eta molde zaharren aukera espresiboak ere ikertu zituen; horrek guztiak Oteizaren estetikaren eragin garrantzitsuarekin egin zuen bat. Zenbait paralelotasun daude sinbolismo intimista berritu haren ordezkari nagusien biografien artean, eta horiei esker uler ditzakegu euren arteko antzekotasunak; batez ere, literatur prestakuntza eta ongi baino hobeto ezagutzen zuten euskarazko ahozko zein idatzizko tradizioa oinarri hartuta sortu duten literatur eredu zorrotz, landu eta balio unibertsalak dakartzana kontuan hartuta. Oinarri-oinarri horretan bat etorriagatik ere, baina, ordezkari horien poetikek ez dute bilakaera bera izan; Gandiaga poesia liturgikoa eta herri poesia egiten hasi zen berriz ere azken urteetan, eta Lekuonak, aldiz, surrealismorantz jo zuen.

Bitoriano Gandiaga (Mendata, 1928-Arantzazu, 2001). Gandiaga frantziskotarra izan zen, S. Mitxelena bezala, eta 1962an argitaratu zuen Elorri -izenburu horrek Arantzazuren heteronimoa dirudi, eta izenburu horixe bera zuen S. Mitxelenaren poemak ere-. Mistizismo naturalaren arkadia da Arantzazu liburu horretan; ez zuen 1974an argitaratu zuen Hiru gizon bakarka lanean irudikatu zuen mundu nahasiaren inolako antzik. Gandiagaren lehen liburua erdeinuz hartu zuten Arestiren ingurukoek, eta kritika ideologikoa egin zioten, bertako sinbolismoa "zaharkitua" zegoela esanda, gainditua. Haren bigarren liburuak, aldiz, arrakasta handia izan zuen kritikarien eta irakurleen aldetik. Hala ere, Arestiren kasuan bezala, berriz balioa eman zaio Elorriko poesiari, horren trinkotasun liriko eta aberastasun emozionalari. Liburu horretan 1952 eta 1957 bitartean idatzitako poemak bildu zituen, baina zentsura zela-eta, ez zuten 1962 arte argitaratu. J. Azurmendik hautatu eta antolatutako poemek duten egitura ez dago aldez aurretik pentsatuta: frantziskotar baten kezkak, haragiaren eta arimaren borroka, eta herri zapaldu baten bizitzeko irrika dira bertan bildutako gai nagusiak. Azpimarragarriak dira, bereziki, poetaren sentimendua eta ama lurrarekin duen bat egitea, bere altzoan hartzen baitu ama horrek. Poetak onartu egiten du besarkada hori, elorriak sinbolizatzen duen gizaki horrek itxaron eta sufritu egiten baitu. Hala, fedeari eta itxaropenari esker soilik loratzen da udaberrian.

Gandiagaren hitzetan, bere libururik onena izan zen Elorri: poesia erlijiosoa, besterik ez. Arantzazun idatzi zuen, bakartuta, alboan eguneroko bere bizipenak eta liburutegiko liburuak baino ez zituela. Lizardi eta Lauaxeta idazle sinbolisten liburuak zeuden haien artean, bai eta S. Mitxelenarenak ere. San Juan de la Cruz eta Fray Luis de Leon klasiko espainiarrak, J. R. Jimenez eta A. Machado modernistak eta latindar klasikoak ere irakurri zituen, Horazio eta Virgilio, besteak beste, bere estetika sortzeko oso garrantzitsuak izan zirenak. Irakurtzen zituen idazle batzuen moldeak erabili ohi zituen Gandiagak bere poemak idazteko, baina poema horietako batzuek -"T'euria", "Ementxe dago arkaitza" edo "Zarpil"- doinu propioa dute, ahots intimista eta sinbolista berezia. Kontenplazio estatiko eta intentsifikatzailea da haren begirada, eta ikusten dituen elementuen esentzia eta ingurua estilizatzen ditu. Bakartzea, arkadismoa eta bukolismoa kritikatu bazizkioten ere, Gandiagak egokiro aipatu zituen bera bezalako herritar xumeek ikasitako etsia, garai hartako agintariek ezarritako zentsura ?lau urtean eduki baitzuten liburua bahituta?, eta azken batean, kezka erlijiosoek beregan zuten lehentasuna. Hala eta guztiz ere, inguruabar hori guztia balio unibertsaletara eramaten jakin zuen, eta asmatu zuen gizakiaren existentziaz eta erroak botatzeko beharraz mintzatzen, eta bizitzari zentzua ematen dioten sinboloak aurkitzen.

Liburu horretako sinbolismoa garden-gardena da: "Elorria da gure giza biziera, batean zarpail, bestean ederraren sinbolo, bere betiko arantza eta udaberrietako loratze dena betekoan" (Hegats 1991, IV, 209-218). Guztiz esplizitoak dira sinboloak: elorria bizitza da; arantzak, bizitzako miseriak; lorea, poza; harkaitza oinarria, segurtasuna eta basamortua; bidea aszetismoa da; hosto eroriek zalantzak dakartzate; ipurtargia itxaropena da; belea, zorigaitza? Gandiagaren begietan, giza bizitzaren drama adierazten du naturak; horregatik, elorriaren ingurukoa da irudi nagusia: horren loratzeak gogoa bahitzen dio, hain zuria eta hain garbia izaki; gainerako elementuek, berriz, tristatu egiten dute, sufritu egiten du, etsi. Formari dagokionez, paralelismo eta simetriek ematen diote itxura irudikatu nahi duen bizitzaren dualismoari. Behin eta berriz, begirik kendu gabe, behatzen dituen irudien bidez adierazita dago Elorriko hizkera sinbolikoa, emozioak transzendental bihurtzeraino. Espiritualtasun frantziskotarra transmititzen du lan honek: Natura guztian dago Jainkoa; horregatik, natura kontenplatzeak joera erlijiosoa erakusten du. Espiritualtasun horrek xaloa emango du, gehienon eguneroko bizimoduaz kanpokoa, baina ez bere sentsibilitateak, bere ni poetikoaren sakontasunak.

Elorrin erabilitako metrika berritzailea da, ez zion S. Mitxelenaren bideari jarraitu, bertsolaritzako neurriak erabili baitzituen hark. Lizardik eta Orixek bezala, bertso-lerro laburrak hautatu zituen, errimadunak, eta ahapaldi berrietan antolatu. Herri lirikako elementuak sartu zituen, kopla zaharrak eta dekorazio olerkiak, adibidez, baina ongi sartuta daude, eta ezin hobeto kabitzen dira poema berritzaile horietan. Gizarte poesiak iruditeria tradizionala erabiltzen zuen; Gandiagak, berriz, irudiak berritzen jakin zuen, eta lirika tradizionaleko elementu iradokitzaileenak erabili zituen, barru-barrutik ezagutzen baitzuen hori. Haren poesiaren itxurazko sinpletasuna lanketa sakon baten fruitu da. Ez dago erromantizismo izpirik ere bere lanean. Adjektibo gutxi erabiltzen ditu, eta horiek zehatzak; Joan Otaegik (1977) eta Amaia Iturbidek (1999) ongi bereizi dute Gandiagaren estiloaren ezaugarri hori; haien azterketen arabera, adjektibazio hori da bere poesiaren oinarrietako bat, eta zehaztasuna bilatzen du behin eta berriz konkrezioa lortzen saiatuta. Errepikapena, ñabardurak hainbat fasetan garatzea eta horiek kontrajartzea dira Gandiagaren poemen erritmoaren sekretuaren zati. Izen sintagma lantzen du batik bat; adjektiboen eta izenen ordenarekin, kontrastearekin eta errepikapenekin jokatzen du. Batzuetan, hitz jokoekin amaitzen ditu ahapaldiak: "Ta xirimiriak, geldo eta geldi". Ezaugarri du arte figuratiboetara hurbiltzea; pintura eta eskultura batez ere behin eta berriz ageri dira bere poetikan; izan ere, arte plastikoen irakasle izan zen Gandiaga Arantzazun. Koadroetako adjektiboak dira nagusi Elorrin; milaka kolore batzen dira Arantzazu bezalako paisaia biluzi batean. Zuria da nagusi, elorriaren loreak bizitzaren edertasuna adierazten baitu Gandiagarentzat; gorriak eta beltzak, berriz, lorerik gabeko urtaroak erakusten dituzte. Naturak beste mila ñabardura ere baditu, eta askotan sinestesiaren indarraren eta ni poetikoaren emozioaren bidez ekarri ditu koloreetara.

Gabriel Zelaia, Blas de Otero, J. San Martin Otsalar, Joxe Azurmendi edota Gabriel Aresti poeta sozialek iragarria zuten sinbolismoaren amaiera, poetika zaharkituta zela eta ihesbide baino ez zelakoan. Horregatik, bakartu eta isiltasunean murgildu zen Gandiaga. Zorionez, Gandiagak berriz ere bere gaitasun poetikoan sinets zezan lortu zuen Oteizak, eta haren lanak entzun zituen Arantzazuko basilikako apostoluak zizelatzen aritu zenean. Ondoren, Mikel Lasak lagundu zuen Hiru gizon bakarkako poemak egituratzen eta liburua argitaratzen (1974). Kontraste handia dago liburu honen eta Elorri mistikoaren artean. Modu dramatikoan entzuten da adierazi nahi duen kezka sozial eta politikoa. Sormenaren testuingurua erabat aldatu da Gandiagarentzat hamabi urte horietan, noski; gizarte arazoetatik gero eta hurbilago dago Eliza, Joan XXIII.aren Pacem in terris entziklikaren garai honetan, Vatikanoaren II. Kontzilioaren ondoren. Gandiaga, berriz, Eliza 2000 mugimenduan zegoen, Askapenaren Teologiaren aldekoa zena. Gandhi miresten zuen batik bat, bere arma bakarrak baraua eta hitza izan zituen borrokalari handia.

Bigarren liburu honen itxura eta egitura ere desberdinak dira, lehenengoarekin alderatuta. Ez da hain landua, eta hizkuntza zuzenagoa da. Bere erara egindako poesia soziala da, beren lurrean baztertuta bizi diren euskaldun xumeen samina adierazi nahi baitu. Premiazkoa da samin hori adieraztea, ezin da luze landu. Horregatik erabili zituen zuzen-zuzen komunikatzeko balio duten bi estilo, ongi baino hobeto ezagutzen zituenak: bertsolaritza eta herri lirika, batetik, eta Bibliako hizkuntza, bestetik; batez ere San Lukasek Magnificaten erabilitakoa, baina baita Itun Zaharreko profetena ere. Euskara eta herriaren sufrimendua dira gai nagusiak; erresistentziak era errebeldiak alde batera uzten dute lehen liburuko jarrera etsia. Sentimenduak guztiz desberdinak dira, ezina adierazten dute, desilusioa, hilzoria, eta batzuetan bakarrik nabari da itxaropen izpi txiki bat. Liburu honetan, kristau existentzialismoa aurkitu zuen kritikak (Lete, Iturbide, Aulestia), gizartearen aldarrikapen kristaua eta kristau fedearen izenean mintzatzen den ni kolektiboa. Gandiagaren poesiaren gai nagusia bizi nahi duen eta bizitzeko eskubidea duen herri bat da, S. Mitxelenaren lanean bezala. Bere herriaren etorkizunak larritu egiten badu ere, poetaren ahotsa ez da auhen hutsa; animoa piztu nahi du, esperantza eman; horregatik erabiltzen ditu "Ibarrera!" eta antzeko aholkuak. Liburuaren lehen atalean -"Txakolinaren ospakuntza"-, bilakaera bat dago: "Pentsatzen hasteko garaia da", "erabakiak hartzeko garaia" (46), "ibiltzen hasteko garaia" (60). "Hamaseiarrieta" poemak dira batez ere ezagunak, apostoluen eta Pietatearen drama oteizarraren irudi direnak; bertan, besoetan haur hila duen amaren mina adierazteko erabiltzen du herri lirika. Azkenik, bere idatzirik onenak ageri dira liburuaren amaieran: "Artasoko salmuak"; ezin hobeto adierazten du naturarekin bat-egite bete-betea, eta "Nire lurra" poemarekin estasi mistikoa lortzen du.

Gandiagak esaten zuen umetan ikasitako kantuez eskribitzen zituela bere poemak (Uria & Zubiria, 1985), doinu haiek laguntzen ziotela poemen tonua aurkitzen, errimaren katetik libre baina erritmoa sekula ahaztu gabe. Hiru gizon bakarka lanean Elorrin baino libreago ibili zen, baina neurria, barne errima edo ahapaldiaren egitura guztiz ahaztu gabe; nolabait ere, beti dago homofonia. Bestalde, Gandiagak ez du sinbolismotik surrealismorako muga zeharkatuko; haria beti da nahiko ulergarria, metaforak luzatuta eta sinbolo bihurtuta. Sintaxiari dagokionez, simetriak eta errepikapenak, bien arteko konbinazioak, eta paralelismoa dira nagusi; oso poesia analogikoa egiten du. Tesi-antitesi egitura dialektikoa ere funtsezkoa da bere poemetan.

Poesia espazialaren lehen arrastoak ere ageri dira liburu honetan, eta Uda batez Madrilen (1976) liburuan nabarmen ugarituko dira poemako elementu figuratiboak, adierazpide berriak aurkitu nahian. Elorrin, izen sintagman jarriko du arreta Gandiagak; Hiru gizon bakarkan, berriz, ekintzak izango du garrantzia, aditzak, eta estatikotasunaren ordez eszenifikazio dramatikoa eta elkarrizketak aurkituko ditugu. Txakolina egiteko erabiltzen den mahatsondoak herri xumea adierazten du, eta horrek ardo mikatza baino ez du sortuko, ardo ondu gabea. Izateko amets bete gabea, baina irauteko nahiari eusten diona. Ahapaldiak ez dira hain laburrak, esaldiak luzeagoak dira, eta estilizazioa alde batera utzi eta deklamatu egiten du, hitz egin. Euskal gizarte xumeenaren elementu materialetara jotzen du Gandiagak, bere mezua argi eta garbi hel dadin nahi baitu, eta ahalik eta jende gehienarengana.

Folklorea eta kultura tradizionala asko interesatzen zitzaizkion Gandiagari, Arantzazuko Folklore-gaien biltzeaz (Euskera, 1956) lana da horren lekuko, bai eta Angel Irigarairekin batera egindako ipuin bilduma ere. Horri esker, Roberto Mielgoren (1996) iritziz, Arestiren ametsa betetzen da 1974ko lan horretan, hau da, sustraiak kultura tradizionalean dituen euskal kultura eguneratua edukitzearena. Bestalde, Oteizak Arantzazun egindako eskulturak eta haren estetika aurki daitezke liburuan, eta zapalkuntza kultural eta politikoaren dramatismoak eta euskal erresistentziak ere indar handia dute Gandiagaren poeman. Bere indar komunikatiboaren isla dira Oskarbik, Lurdes Iriondok, Antton Valverdek, Gorka Knörrek eta beste hainbatek haren poemak gai hartuta egindako grabazioak. Horregatik guztiagatik, Aresti sektore aurrerakoienetara iritsi zela esan daiteke, eta Gandiaga euskal gizartearen bihotzera, kantuaren bitartez; haren poemen ezaugarriei esker ?tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituzte?, gainera, ordura arte ezagutu gabeko gaitasun komunikatiboa zuten mezua eta estetika sortu zituen, ondoren Kantagintza Berriak zabalduko zituenak.

Uda Batez Madrilen (1977) liburua hiri handiak Gandiagari eragindako zirrara estetiko eta emozionalaren emaitza da, eta hizkuntza berri bat aurkitu nahi izan zuen errealitate berri harentzat; lerroen soiltasunak eta irudi geometrikoek laburbiltzen dute poetaren ikuspegia; forma hutsetara mugatzen du bere pertzepzioa, eta plastikoa da espresioa ere. Bere ikuspegi estetiko eta emozionala adierazteko erabili zuen Gandiagak poesia espaziala. Herri literaturako elementu estilizatuak sartu izanari dagokionez, azpimarratzekoa da trikitia, erritmo alaikoa, eta dekorazio olerki tradizionala poesia espazialarekin uztartu izana; grafiaren eta orriaren antolaketa espazialaren bidez adierazten du azken hori: gizakiak hirian bizi duen gizatasun galtzea iradoki nahi du collage plastiko espresionistaren bidez. Denbora galdu alde (1985) Gandiagaren azken liburuetako bat izan zen, eta ahalegin handia egin zuen ipuinen eta abestien bidez haurtzarora eta haurtzaroko oroimenetara itzultzeko; sufrimendu eta samin bete-betea ageri dira bere izaera zorrotz eta perfekzionistaren isla den prosa poetikoan. Aurreko liburuetako gaiekin batera, bere egoerari buruzko aipamenak agertzen dira, eta Cesare Paveseren Il mestiere de viviré lanaren irakurketa ere aurkituko dugu, teilakatuta. Amaitzeko, erlijioaren eta gizarte arazoen inguruko Gabon dut anuntzio (1986) liburuarekin batera, Ahotsik behartu gabe (1997) aipatu behar dugu, bai eta argitaratu gabeko hainbat idatzi ere, orain gutxi ezagutu ditugunak (2005); horien kritika oraindik egiteke dago, baina.

Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927-Donostia, 2005), apaiza eta unibertsitate irakaslea euskal literaturaren arloan, XX. mendearen azken hogeita bost urteetako idazle garrantzitsuenetako bat izan da, bai bere poema liburuengatik, bai eta poesiari eta herri literaturari buruz egindako ikerketengatik ere. Juan Mari Lekuonaren poesiak hizkuntza poetikoari buruzko gogoeta egiten du, horren lanketa behin eta berriz zalantzan jarrita. Lekuonaren poesian, landu eta zaindua beti, ez dago garapen handirik. Gehienetan, oso trinkoak dira, semantikaren aldetik; landuak, estetikari dagokionez, eta bere gizarte, erlijio, kultur eta estetika sinesmenei lotuak. 50eko hamarkadaren jiran hasi eta 90eko hamarkadara arteko ibilbide luze hori Itinerario/ Ibilaldia (1996) liburuan bilduta dago, eta urteetako bere ideia estetikoak laburbiltzen saiatu zen liburu horren hitzaurrean.

Lekuonaren lehen lanak Eusko-olerkiak izenburupean eman ziren ezagutzera; ikaste prozesu baten emaitza direnez, ez zituen ondoren hautatutako poemen artean bildu. Mindura gaur (1972) kristau existentzialismoaren adierazpena da, gizarte poesiak eraginda beste hainbat eta hainbat idazlerekin egin zuen bat ikuspegi horretan. Gizakiaren eta horren testuinguru sozialaren arteko elkarrizketa zuzena eta gozoa izan dadin nahi du, bere ustez beharrezkoa baita bizi-bizirik dagoen gizartearekin komunikazioa bideratzea. Lekuonak Arestiren eragina aitortu zuen lan honetan; eta Añorgako parrokiako jende xehearekin zuen harreman zuzena poesiarako gai izan zitekeela ikusi zuen. Gainera, ikaste garaiko ahapaldien zurruntasunetik libratu zuen Arestik, eta herri tradiziora jotzeko modua eman zion, berak hain ongi ezagutzen eta horrenbeste miresten zuen herri tradiziora.

Hirugarren ibilbide batek bere poesiaren nondik norakoak gogo handiagoz hartzera eraman zuen Lekuona. Oteizak Quosque Tandem. Ensayo para la interpretación del alma vasca (1963) lanera ekarritako ikuspegi berriari esker, konplexurik eta kultur aurreiritzirik gabe agertuko zaigu oiartzuarra. Era berean, balio handiko hizkuntza zientifikoa erabiliz garatutako oinarri teoriko sendoa ikusi zuen Barandiaranen Euskal mitologia (1963) lanean. Lan horretan aurkitu zuen euskal pentsaeran gertatzen zen antzinako kulturaren eta kristau kulturaren arteko sinbiosia. Hondarrean idatzia (1973) liburuan, Teilhard de Chardinen eragina nabari zaio ideologiari dagokionez; existentzialismotik urruntzen hasten da, eta gizarte poesiaren eskema sinplifikatzailea ere atzean utzi nahi du. Lekuonak arkeologia poetikoaren ildoari jarraitzea erabaki zuen, kultur arketipoak beste irudi batzuen bitartez irakurtzea. Honelaxe aitortu zuen: "...neuk ere, arketipoak hartzen ditut eta hauek antropologiatik, Bibliatik eta beste ikuspegi kulturaletatik irakurtzen". Elkarrizketa irekia planteatzen du errealitate materialekin -horietarik batean aurkitzen da gizakia mundu naturalean-. Lurraren, airearen, uraren eta suaren arketipoak poetikoki sortuak daude, kontu handiz. Inpresioa edo sentsazioa alde batera utzita, gizaki biluzia bera da berak nahi duen materia, bizi nahi duena. Ilargiaren eskolan (1979), berriz, hainbat material bildu zituen. Lehenek, Igmar Bergmanen Garrasiak eta xuxurlak filmari lotuek, telurismoa gainditzera eta giza irudira itzultzera bultzatzen dute, gizakiaren irakurketa poetikoa egin nahi baitu. Estiloari dagokionez, testuaren egituraren zorroztasun klasikoa eta hizkuntza barroko eta nahita landua uztartu zituen. Hautatutako gai bakoitza hiru emanalditan gauzatuta dago: lehenean filmaren hariari segitzen dio; ondoren, emakumearen irudia abstraktuki hartzen du, arketipoa sinbolo xeheagotan aurkeztuta eta surrealismora makurtuta; hirugarren emanaldian, berriro ere arketipo abstraktura itzultzen da, herri literaturako teknikak baliatuta. Gaia garaikidea da, baina tratatzeko modua herri literaturari lotuta dago. Abstrakzio maila handia du liburuaren lehen zatiak; giza gorputzaren komunikazio ilunetik bakarrik uler daiteke edukia.

Hasierako poesia sinbolistaren, existentzialismo humanistaren eta Ilargiaren eskolako surrealismoaren ondoren, azken poesia liburuan giza espiritualtasunaren benetako izaera harrapatzea bilatzen du, eta, erlijioso izanik, izugarri baloratzen duen espiritualtasuna; Mimodramak eta ikonoak (1990) da liburu hori. Euskal Herriaren historia kulturalaren ikuspegia irudikatzen du, eta sei zatik osatuko dute liburuaren egitura: kobak, ortziak, politeismoak, kristautasunak, Erdi Aroak eta hiri modernoak. Kristau pentsamenduaren bi zati bakarrik garatuko ditu, ordea, bi esfera: kobazuloko bizikizunak eta planetariuma. Keinuak, ikonoak eta mimodramak irakurriko ditu, mitoen bidez material arkeologikoen inguruko gogoeta egiteko. "Gruteskoak" ataletik hasi eta "Planeten adar-biran" arte -iluntasun beldurgarriaren mende dagoen erlijio sentimendutik ortzi antolatu baten argira, planetariumera, itxaropena ikusten zaio poetari. Lekuonaren hizkuntzaren malgutasunak musikalitate handia du, herri abesti eta poesietatik eratorritakoa, baina poesia modernoaren ezaugarriak ere baditu, arte guztiekin -pinturarekin eta eskulturarekin, eta zinemarekin- bat-egitearen adierazpen artistikoa. Pintura da gehien interesatzen zaion adierazpen plastikoa, horregatik aipatzen ditu ikono kultural edo erlijiosoen irudi estatikoak; irudi horien keinuetatik atera ditu Lekuonak interesatzen zaizkion arketipoen irakurketak. Gaiak eta egiturak (1986) atalean adierazi bezala, gizatiarraren ikuspegi elemental baten aldeko apostua egin du, ez metafisikarik gabea, "sentiberatasunaren babes izpiritual bezala". Haren iritziz, merezi du berriz ere iraganeko ikur kulturaletan sakontzea eta guri buruz zer dioten aztertzea; gu baino lehenagoko milaka eta milaka gizakirekin batzen gaituen tapizari begiratzea, eta hori estetikoki hitzen bidez adierazten saiatzea, Oteizak edo Txillidak bolumenekin adierazten duten bezala. Iruditeria berritzea, egitura poetiko landuak garatzea eta proiektu handiak hastea dira Lekuonaren estiloaren hiru ezaugarri. Egile hermetiko samarra da interpretatzeko orduan, uko egiten dio mezuak denotatiboki komunikatzeari; ez, ordea, edertasun sentsazioa transmititzeari edo barnetik garena -atabismoa eta espiritualtasuna barne- hitzen bidez adierazteari.

Oteizaren estetikatik eta, segur aski, Lekuonaren literatur irakurketa antropologikotik eta Gandiagaren hizkuntzatik edan zuten idazleen artean, ezaugarri bereziak dituen bat aipatu behar dugu: Joxean Artze (Usurbil, 1939). Irigarairekin eta Leterekin batera, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen, eta poesia eta txalaparta emanaldietan parte hartzen zuen. Errezitatzeko, entzuteko eta elementu estetiko gisa begiratzeko poesia egiten du; oso esperimentala, arte plastikoen inguruko erreferentzia zuzenak dituena. Bere lehen poesia liburuak milenarismotik hurbil daude, eta maiz jotzen du surrealismo onirikora. Haren ikuspegiak eta poesiak, hitzen arteko kidetasunean eta harmonian oinarritutakoak, horien grafia eta erreferenteetan, hizkuntzaren ikuspegi magikoa biltzen du, berritzailea. 1969an Isturitzetik Tolosan barru argitaratu zuen, eta 1973an *laino guztien azpitik? eta ?eta sasi guztien gainetik argitaratu zituen, eta mugarri izan ziren estetikari dagokionez. Gero Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979) atera zuen, esperimentazio poetikoan urrats bat harago joanda; irakurleak sormen prozesuan parte hartu behar du, zenbakien eta hitzen kideak bilatu eta poema idatziz. Ortzia lorez. Lurra izarrez* (1987) bere azken liburuak munduaren inguruko ikuspegi erlijiosoa eskaintzen du, ekialdeko espiritualtasunetik edanda, eta hasierako arketipoen bila jarraitzen du, oximorona, antitesia eta antonimoak batzen dituen hizkuntza bat baliatuta. Joseba Zulaikaren (Itziar, 1948) Adanen poema amaigabea (1975) liburuarekin amaituko dugu 60ko hamarkadako hasieran Oteizaren eta milenarismoaren eraginpean garatu zen euskal kulturaren irakurketa antropologiko hau.

Xabier Lete (Oiartzun, 1944). Poeta eta abeslaria; 1963 eta 1964 artean Ez Dok Amairu taldearen ekitaldietan parte hartzen hasi zen; kantuen hitzen egile gisa hasieran, eta abeslari moduan ondoren, Julen Lekuonarekin eta Lurdes Iriondorekin batera, Juan Mari Lekuona ere lagun zuela. Letek 60ko eta 70eko hamarkadetako kultur aldarrikapenaren eragina jaso zuen, batez ere kantautore frantsesena -George Brassens, Jacques Brel eta Leo Ferre, besteak beste-, baina Hego Amerikako abeslariak ere interesatzen zitzaizkion: Atahualpa Yupangui, Violeta Parra, Victor Jara... 1968an Egunetik egunera egunen gurpillean liburua argitaratu zuen, eta liburu horretako zenbait kantu abesten hasi zen, jendearengana ahalik eta modu zuzenenean iristeko. Bere adierazkortasun eta komunikatzeko indar handia zirela-eta, oso harreman estua lortu zuen jendearekin. Abeslari gisa, ahotsa eta musika jarri zien bere poemei, bai eta bere belaunaldiko poeta handien lanei ere (Aresti, Gandiaga, Lekuona); Etxepareren olerki zaharrak ere eman zituen ezagutzera. Abeslari eta kantu-hitz egile aparta izateaz gainera, hainbat lan dramatiko idatzi ditu, eta horiek antzezten ere lagundu du. Kantautore izanik, Egunetik egunera egunen gurpillean (1968) eta Bigarren poema liburua (1974) izeneko lanetan jendeak ongi dakizkin abestiak daude bilduta: "Izarren hautsa", "Nafarroa Arragoa", "Sinesten dut", "Hala ere", "Hitzez hitz"... Bigarren poema liburua bereziki goraipatu dute kritikariek (Arkotxa, 1983; Kortazar, 1989; Aldekoa, 1991), haren ahots poetikoaren nortasun indartsua, sakontasuna eta argitasuna dela-eta. Gizarte poesiaren eragina nabari zen Leteren poesien gaietan, baina estetika are pertsonalagoa egitea lortu zuen, eta giza existentzialismotik hurbil zegoen ikuspegia hartu, bat egiten baitzuen horrekin.

70eko hamarkadako idazleen konpromiso soziala argi eta garbi ageri da hainbat obratan: J. Azurmendiren Hitz berdeak (1971), Lekuonaren Mindura gaur (1972), Gandiagaren Hiru gizon bakarka (1974) eta Leteren Bigarren poema liburua (1974) liburuetan. Garai hartako Euskal Herriko errealitate sozial, kultural eta politikoaren inguruko kezka erakusten dute laurek. Lekuonak ez bezala -minezko estoizismo neurtu baino irmoari eutsi zion-, Letek, Arestik eta Gandiagak hizkuntza dramatiko eta profetikoa erabili zuten, eta giza ahalegin guztiak alferrikakoak izan arren, itxaropen txiki batek batzen zituen. Leteren lanetan nihilismoa eta ezkortasuna nabari dira, batez ere aurrenekoetan, baina galtzailearen duintasunarekin ageri dira beti. Nolabaiteko malenkolia kosmikoa islatzen du; bizitzaren zentzugabekeriak eta horrek sortzen dion goragaleak jota uzten dute. Lasarenak ez bezala, baina, bizitzeko eta argia ikusteko irrika zentzugabea dute Leteren poemek; bere poesia bizitzari zentzua aurkitzeko behar goren baten adierazpena da; bizizaletasun kontrolaezin batek bultzatzen du horretara. Hasierako giro izoztu eta iluna leundu egiten da, ironiari eta edertasunari esker, "Poeta bat ilargian" eta "Itsaso eragotzia" poemetan. Amaia Iturbidek (2000) Letek behin eta berriz erabiltzen dituen irudiak aztertu ditu, eta su karrera daramatzatenak nabarmendu ditu, egia, argitasuna eta jakinduria bilatzeko konpromisoa erakusten dutenak -eguzkiaren sinboloen bidez adierazi ditu horiek-. Leteren poesia gogoetazkoa da, kontzeptuala eta filosofikoa; ulertu egin behar du, baina hizkuntza ulergarria erabiltzen du. Bestalde, naturarekiko maitasuna paisaiarekin eta horrekin lotutako historiarekin duen enpatian islatzen da. Heriotza ere behin eta berriz ageri da Leteren poesian, biziari heltzeko eta bizitzaz guztiz gozatzeko nahiari kontrajarrita; oso berea du Letek aurre egiteko eta sublimatzeko jarrera poetiko hori. Formari dagokionez, testu askotarikoak aurki ditzakegu Leteren poesian, bai lerro libre eta erritmikoak, baita abesti eta ahapaldi gisako egiturak ere. Bertsolaritza ongien ezagutzen duen poetetariko bat da; maiz jarri die musika bertsoei, eta ezagutzera ere eman ditu bere emanaldi eta grabazioen bidez; era berean, bere poemak erabakigarriak izan dira bertsoen neurriak berritzeko orduan.

Xabier Leteren olerkietan ezin hobeto uztartuta daude sustrai arestitarrak eta herri sustraiak; ahozko literaturaren eta bereziki bertsolaritzaren aberastasuna begi bistakoa da haren obran, eta naturaltasuna eta komunikatze-gaitasun ezohikoa ematen diote bere bertsoei; horrekin batera, zabaldu egiten du euskal memoria literarioaren erreferentzia, bertsolarien bertsoekin osatutakoa. Xabier Letek liburu honetan munduari eta gizateriari buruz duen ikuspegiak erakusten digunez, Pierre Teilhard de Chardinen filosofia eta erlijio ikuskerak eragin handia izan zuen 70eko hamarkadako hainbat idazlerengan. Xabier Letek bere egiten ditu Teilharden kezkak eta ikuspegi neohumanista; teologoaren ustez, sortzen prozesuan zegoen mundua, hortik kosmosaren sorreraren inguruko teoria: gizateriaren kontzeptu horren arabera, gizteriak bere etorkizuna eraikitzen parte har dezake. Mitxelenak, Gandiagak, Lekuonak eta Txillardegik bezala, Teilharden neohumanismoaren berri izan zuen Letek; ez ziren Elizaren estatikotasun eta dogmatismoarekin konformatzen, etsipenera zigortzen baitzituen horrek. Gainera, errealitatearen beste ikuspegi materialista eta dialektiko batekin uztartzen zuen neohumanismoa Letek, eta ez zen Teilharden ideien ikuspegi metafisikora makurtzen. Egun batezen dioenez, sorreraren "zirkunferentzia handia" bere gainera itxiko da, besterik gabe, alfa eta omega urtuko diren tokian. Beste hiru poema liburu argitaratu ditu ondoren: Urrats desbideratuak (1981), Biziaren ikurrak (1992) eta Zentzu antzaldatuen poemategia (1992). Bere poesia ibilbidea bere bizitzako kanpo eta barne gorabeherek markatutako urratsei jarraituz egin du eta, horregatik, bizitzaren eta errealitatearen inguruko galderak egin dizkio bere buruari; hasieran bere poesian testuinguru politiko eta historikoaren eragina nabari zen, baina bere barrura bildu da ondoren; dena dela, beti ageri da bere ikuspegi pertsonalaren, inguruan duen errealitatearen eta bere sinesmenen lekukotza emateko beharra.

70eko poeten artean bi emakumezko azpimarratu behar ditugu, maitasunaren eta sentimenduen ikuspegi berria ekarri baitute euskal olerkigintzara. Aitzindaria Amaia Lasa (Getaria, 1948) izan zen; bere lehen poemak 1971n eman zituen argitara, Mikel anaiarenekin batera, eta Geroaren arpegia (2000) izeneko liburuan daude bilduta. Amaia Lasak ikuspegi feminista eta femeninoa ekarri zuen euskal poesiara, iruditeria konstante eta primarioa (itsasoa, lurra, haizea) baliatuta, eta hizkuntza zuzena darabil, inolako itzulingururik gabekoa. Bizitzaren alde guztiak jorratu ditu, eta eskubide sozial eta politikoekiko konpromisoa erakutsi. Bestalde, eleberrigile gisa ezagunagoa dugun Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) San Pedro bezperaren ondokoak (1972) poema idatzi zuen, baina erdi ahaztuta egon zen elkarlanean egindako argitalpen batean. Ezaugarri intimistengatik eta maitasunaren eta sentimenduen erreferentziengatik da nabarmentzekoa, 60ko hamarkadaren erditik poesia sozial-errealista baitzen nagusi testuinguru hartan.

Juan Angel Irigarai (Iruñea, 1942) ere aipatzekoa da. Kondairaren ihauterian (1975), Bizi minaren olerkiak (1986) eta Urdinkara (1995) idatzi ditu. Poesia melodikoa egiten du Irigaraik. Euskal Herriaren historiari eta etorkizunari buruzkoak dira bere poemak, baina Nafarroatik eta horrek iraganean eta gaur egun Euskal Herriaren baitan duen egoeraren ikuspegitik begiratuta. Dena dela, intimismorantz egin du azken lanetan. Benito Lertxundik egindako bertsioei zor dizkiegu bere lanik ezagunenak: "Urak dakarrena", "Bizkaia maite"... Artze, Lete eta Irigarairekin batera, hona hemen joera sinbolista duten beste zenbait idazle: Luis Mari Mujika (Lizartza, 1939), Patxi Ezkiaga (Legorreta, 1943), Mikel Arregi (Areso, 1948) eta Iñaki Zabaleta (Leitza, 1952); batzuk klasikoagoak eta metafisikoagoak dira; beste batzuek, berriz, nabarmenagoa dute herriaren eragina. Eta aurrerago aipatuko ditugun idazle batzuk ere, Joxe Austin Arrieta eta Patziku Perurena, besteak beste, Gandiagaren eta Lekuonaren poetikaren oinordeko dira nolabait. Lehen aipatutako horien arteko berezitasunen gainetik, hizkuntza landu eta lirikoak, sentsorialtasunari eta sinbolismoari emandako lehentasunak, euskal literaturako tradizio lirikoa poesia modernora ekarri izanak eta gure herriaren memorian gordetako nolabaiteko espiritualtasun antropologikoak batu zituen guztiak Etiopiarekin (1979) amaituko zen aldian.


5. LITERATUR ABANGOARDIAK (1976-1988)

70eko hamarkadako estetikaren eraginpean, Txillidarekiko eta Oteizarekiko erlazioak, besteak beste, une hartako idazle onenen poesia bideratu zuen. Hala, Europako lehen abangoardien eragina azpimarratu behar dugu, plastikaren ezaugarriak sartuko baitituzte liburuen argitalpenetan: grabatuak, argazkiak, marrazkiak, poemen antolamendu espazialak eta abar. Artzeren, Gandiagaren eta Lekuonaren poesiaz mintzatu garenean, haien lan batzuetan poesia espaziala eta surrealismoa sartu zirela esan dugu. Haiek bezala, beste idazle gazteago batzuek ere Mendebaldeko literaturan oso garrantzitsuak izan ziren literatur mugimenduen (surrealismoa, espresionismoa, dadaismoa...) eragina izan zuten; mugimendu horiek 70eko hamarkadaren erditik aurrera sartu ziren euskal literaturan.

Itxura guztien arabera, 70eko hamarkada kontrol ideologiko handiko garaia izan zen euskal sortzaileentzat, gizarte konpromisoaren diziplinara makurtuta bizi baitziren. 1975ean hasi ziren literatur esparruan askatasuna bilatzeko lehen ahaleginak, hainbat argitalpen kolektiboren bitartez: Donostiako Ustela (1975-76), B. Atxagak sortu eta ondoren Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria ere lankide izan zituena; Bilboko Pott (1978-80) aldizkaria ere garai hartan sortu zen, eta Bernardo Atxaga, Jon Juaristi, Manu Ertzilla, Joseba Sarrionandia, J. Iturralde eta R. Ordorika aritzen ziren bertan. Ondoren, Oh! Euzkadi (1979-83), Susa (1980-94), Idatz & Mintz (1981-2001), Kandela (1983-84), Porrot (1984-90) eta Literatur Kazeta (1985-89) etorri ziren, besteren artean. Baionan Maiatz sortu zen 1982an, eta Iruñean Pamiela (1983-93) eta Korrok (1984-89).

Literatur aldizkariak ugaltzeak aldatu egin zuen giroa. Manifestu eta editorialak dira kontzeptu eta korronte nahaste heterogeneo haren lekuko, literatur esparruaren askatasuna aldarri zutela, betiere. Mugimendu hura Atxagak, Izagirrek eta Saizarbitoriak hasi zuten, eta hizkuntza patologikoak, inkonszientearen adierazpenak, irrazionala zen orok eta abarrek batu zituen; aldi hartako beren lanetan ikus daiteke hori. Hizkuntzaren, literaturaren eta gizartearen inguruko arauak hausteko beharra da aldi hartako genero guztietako lan abangoardisten ezaugarri. Bereziki azpimarragarria izan zen Bilboko Pott Bandaren eragin kulturalista eliotarra; Arestiren oinordeko izan zen, eta aztarna garrantzitsuak utzi zituen Sarrionandiaren eta Atxagaren lehen liburuetan eta azken urte hauetako egile gazteengan.

Abangoardia surrealista, Lekuonaren Ilargiaren eskolan (1979) sartua zela aipatu duguna, agertua zen jada Koldo Izagirreren lehen lanetan: Itsaso ahantzia (1976), Oinaze zaharrera (1977) eta Guardasola ahantzia (1978). Horien ondoren beste lan garrantzitsu batzuk etorri ziren, Etiopia (1979) esaterako, abangoardiekin zuzen-zuzenean lotuta zegoena; obra horretan irrazionala dena, jolasa, espresionismoa eta metaliteraturarako aztertzeko erabili nahi zen hizkuntza. Absurdoa, komikotasuna eta isiltasuna aldarrikatuta, horren kontra dauden idealismotik eta utopismotik ihes egitea da helburua.

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1952). Etiopia idatzi zuen, azken hogeita hamar urteetako euskal poesiaren norabidea markatu duen lana; Panpina ustela eta Pott aldizkarietan plazaratu zituen lehen lanak, eta horiek egin zuten ezagun. Poema batzuk argitaratu zituen Ziutateaz (1976) liburuan eta hainbat aldizkari kolektibotan, baina Etiopia (1978) bere lehen poema liburuarekin lortu zuen arrakasta eta ospea euskal literaturan. Utopia hitzaren egindako hitz jolasetik hartu zuen liburuaren izenburua, eta Rimbaudi egiten dio erreferentzia. Mitikoa da poema liburu horretako giroa: basamortuak, babesik ezak, Kain aberrigabearen madarikazioak literatura dramatizatua aurkezten dute. Kafkaren eta Tracklen espresionismoa ere agertzen dira poema liburuan, material, joera eta erregistroen collage heteroklitoa planteatzen baitu. Kain aberrigabearen nora eza da liburuaren haria; paradisutik bota dute, eta hiriaren labirintoan dabil, Piolet bezain galduta ?Schwobek Vies imaginaires libururako Cecco Angiolieri pertsonaiarengan sortutako poetaren ihakina da Piolet Etiopian?. Poesia espresionista landu zuen Atxagak Etiopian, poesiaren eta antipoesiaren integrazioaren artekoa. Poesia landua, ederra, irudi iradokitzailez eta metafora harrigarriz beterikoa estetizismoaren aurka etorriko da, ordea, esandakoa behin eta berriz errepikatzera mugatzen baita hori. Hizkuntza askatzea eta, jolasaren eta ekintzaren bidez, horrek duen transzendentzia guztia ezabatzea du xede.

Etiopiaren egiturari dagokionez, bi narrazio ditu sarrera gisa, eta beste bi bukaeran. Erdian, berriz, liburuaren gorputzean, zirkulu zentrokideak zabaltzen dira. Sarrerako bi narrazioak errebeldiaren narrazioak dira; lehena, Kainena, mitikoa, eta bigarrena, Pioletena, barregarri eta sarkastikoa. Azken narrazioak literatura sortzeko ahalegin guztia indargabetzen du, poeta zaletua hilda; izan ere, Beckettek esan bezala, beldur zen Atxaga ez ote zegoen "guztia esana". Bertso askea erabili zuen, eta elementu askotarikoak sartu zituen: txisteak, pasticheak, zatiak, gagak eta abar, surrealismotik espresionismora, Oulipora, dadaismora eta abarretara doazen planteamenduekin. Kritikak sakon eta interes handiarekin aztertu du liburua, baina desafio handia da poema osotasun gisa hartuta edozein interpretazio koherente edo noranzko bakarrekoa egitea. Kritikariek hainbat testu klasikorekin erlazionatu dute liburuaren egitura zirkularra, Danteren Divina Comediarekin eta Elioten The Waste Landekin, batez ere. Heriotza gainditzera eta perfekzio espirituala bilatzera jotzen du Dantek Divina Comedian, eta Atxagak gogora ekarriko dizkigu berriz ere gai horiek "Mendian gora" testuan, Ternuako lezioa (1999) lanean. Etiopian hasitako bilaketan iradokitako gaiak dira horiek, nihilismoaren eta isiltasunaren estetikaren garaian ironia eliotarraren bidez adierazten zirenak.

Jakina denez, Eliotek Divina Comediaren exegesi ezagun bat egin zuen, eta ondoren The Waste Land (1922) liburua idatzi zuen, harekin elkarrizketan. Sormeneko planteamendu oso kriptikoa proposatzen du liburuak, gero edizio ?iruzkindu? batean argitu zuena. Grial Santuaren bila hasiko da Eliot berriz ere, eta iragan mitikoa baliatuko du bilaketa moderno bat egiteko. Idazleak onartu zuenez, James Joycerena zen bere lanaren meritua, Odiseoren mitoa berritu baitzuen Ulyssesen (1914-1922); izan ere, "literaturarentzat mitoa iraunaraztea oso aurkikuntza garrantzitsua da, filosofia modernoarentzat Einsteinen erlatibitatearena bezain bestekoa; ez dago ez iraganik eta ez etorkizunik, oraina bakarrik, eta antzinako moldeak erabiltzea ez da iraganera joatea, dena da oraina" (Ulysses, orden y mito, 1923). Horregatik da zilegi iraganeko moldeak erabiltzea gaur egungo materialak antolatzeko.

Etiopiako hizkuntza poetikoaren ezaugarrien artean bakarrizketa arrunta nabarmendu behar da. The Waste Landen eredua, aipu, bakarrizketa, gag eta pastichez osatutakoa, nabari da Etiopian, eta Elioten poemaren azpitituluak ?"He do the Police in Many Voices" (Poliziarena egiten du hainbat ahotsetara)? testuaren polifonia eta erregistroak uzten ditu agerian. Atxagak Etiopian erabilitako Elioten bakarrizketa arruntak ezaugarri dramatikoak ditu, zatitua, moztuta eta amaitu gabe badago ere. Arthur Rimbauden lanak izan zituen abiapuntu, baina baita hain ezagunak ez ziren hainbat poeta frantsesenak ere, Jules Laforgue eta Tristan Corbièrerenak, bestek beste. Elkarrizketa arruntetan, poetikoa eta barregarria da pertsonaia narratzailea; bakarrizketa ulergaitz batean aritzen da, eta bere egoera animikoari buruzko adierazpenak egiten ditu tarteka. Eliotek berak aitortu bezala Jules Laforge izan zuen erreferentzietako bat; honen estiloaren ezaugarrietako bat da lotura logikorik ez duten irudi pilaketa, poetak adierazi nahi duena iradokitzen laguntzen dutenena. Elioten lanean bezala, pilatu egiten dira kultur erreferentziak, aipuak eta plano bisualak, eta aldiberekotasun efektua sortzen dute. Atxagak ere irudiak fotografikoak, kartelak, fotogramak, grafitiak eta esloganak biltzen ditu. Collage horretan hainbat erregistro, hizkuntza eta hizkera batzen dira, metafora hermetiko eta sinbolo harrigarriekin batera. Muntaia sinkroniko bat egitean datza oinarrizko teknika, eta argumentuak, gaiaren garapenak, diskurtso narratiboak edo logikak ez dute ezartzen inolako loturarik. Horregatik, nahiz eta Atxagaren laneko kultur erreferentzia Arestik Maldan beheran erakutsitako unibertso literario ia bera (Eliot, Divina Comedia, Biblia) izan, oso desberdinak dira. Atxagan ez dugu Arestiren hizkuntza bibliko-profetikoa aurkituko. Erregistroa ironikoa da, umore beltza darabil, ezinezkoa da paradisura itzultzea, amaitu da utopia baliatzea. Arestik, berriz, iraultzaren erredentzioan sinesten du. Bestalde, eta bere poesiaren hainbat ezaugarri formalek erakusten dutenez, lehen pertsonaren eta epitetoen bidez adierazitako sentsibilitate erromantikoa azkendu behar da; bakarrizketagilearen "hutsegite" gisa aipatzen ditu poetak bi fobia horiek. Horrekin guztiarekin batera, abangoardia itxura areagotzen du liburuaren lehen edizioak ageri duen puntuazioa eta poemen antolamendua, batetik; eta, bestetik, titulurik, aurkibiderik eta abarrik ez edukitzeak, arauak hausteak; dena dela, ezaugarri formal horiek zuzendu egingo dira hurrengo edizioetan. Testuaren hermetismoa bera sintoma bete-betea da; irakurlea puzzlea osatzen saiatzen da, baina alferrik; ezinezkoa da testua antolatzea eta koherente bihurtzea. Egiturari eta planteamenduari dagokienez, nolabaiteko zentzu baten ilusioa eskaintzen dute, errealitate inkoherente batentzako hipotesi koherentea. Etiopian, azken zirkulu eta poemetan islatzen da batez ere desegite eta kaosa. Kaosaren zurrunbiloa da ardatza, eta testu osoan antzematen da.

Etiopiako unibertso metaforikoari dagokionez, berriz, hiria eta basoa edo desertua kontrajartzen ditu, arrazionaltasuna eta irrazionaltasuna. Tentsio dramatiko handia nabari da bi muga horien artean. Hiria hizkuntza espresionistan emango zaigu: gune desatsegina da, parien eta baztertuen bilgune, eta inpotentzia adierazi nahi du; horregatik, Etxahunek, ezustean irrazionaltasunaren profeta bilakatuak, nolabaiteko esperantza ekarriko du hirira. Juan Jose Lantzen iritziz, marginalitatearen poesia da Atxagarena: arrazionalismoak ezin du errealitatea ezagutu; izan ere, gizakia mugatua da eta dituen interesek guztia desitxuratzen dute; hizkuntza ere mugatua da, gainera, eta poemak ahalik eta ondoen hautsi behar du muga hori, iradokiz, hizkuntza desitxuratuz? Hiria errealitatearen eta modernitatearen gunea den arren, beldurgarria da poetarentzat, tristura eta bakardadea baino ez baitaude bertan. Alferrikakoa da guztia hirian, topikoa edo arrunta.

Aizpea Azkorbebeitiak (1996, 1997 eta 1999) sakon aztertu du Atxagaren bilakaera poetikoa; abangoardismo eta esperimentalismo handitik hasita, poesia hermetiko eta minoritarioaren bidetik, estetika primitibo eta sinpleago batera iritsi da, hizkuntza arrunt eta narratibotik hurbil dagoen estetika batera. Metaforetan ere antzeko bilakaera egin du. Etiopiako metaforak zehaztugabeak dira, hauskortasunaz eta atsekabeaz mintzo dira: "Hautsi da anfora". Amaitu dira aurrerapenean genuen itxaropena eta fedea; kristautasuna, positibismoa eta etorkizun hobea iragartzen zuten gizarte teoriak utopia ezinezko baino ez dira. Errealitatea askotarikoa da, eta kultura zatituta dago, desordenatuta, zalantzazkoa da. Ustez itxaropen handiak ekarriko zituen mende honetan sarraski, zapalkuntza eta miseria baino ez ditugu. Gizarte balioak galdu egin dira ikuskizunaren, kontsumoaren eta inkomunikazioaren gizartean. Poesia ez da jada mailua, diskurtso ia inkoherentea baizik. Desilusioak, itotze sentsazioak eta sustrairik ezak ihes egitera behartzen gaitu, aberririk ez dutenak bezala bizitzera. Ihes egite suntsitzailea da, baina, halabeharrez heriotza dakarrena, liburuan aipatzen duen dokumentaleko dortokek duten gaitzak bezala.

Beste hizkuntza batzuetan ezagutzen diren Etiopiako poema bakarrak Poemas & Híbridos (1990) bildumarako hautatutakoak dira. Azken lan horretan oinarrituta daude ondorengo hautaketak ere. 1976-80 aldian zirrara handia eragin zuen liburuaren kutsu abangoardista eta hermetikoa desagertuz joan da ediziotik ediziora. Garraztasuna, fobiak eta bere buruari iseka egiteko joera ere galdu egin dira. Atxagaren poetikak izandako aldaketa hori ageri da halaber, teoriari dagokionez, "Poética" artikuluan ("El estado de las poesías", Cuadernos del Norte 2, 148-150, 1986) eta Udako Unibertsitateko diskurtsoan (EHU-UPV, 1990). Atzean geratu da abangoardia, eta poema primitiboaren soiltasuna bilatzen du, abestiaren argitasuna, irakurleak erraz ulertzeko moduko poesia. Bere iritziz, zuzeneko emanaldian iritsi daiteke poesia jendearengana, poesia horrek bere bidea liburuko orrietan hasi arren; hortik etorri dira Inventarium bezalako proiektuak eta Itoizentzat, Ordorikarentzat, Muguruzarentzat eta Laboarentzat egindako abesti-hitzak. Poetika berri horren adibide dira "Trikuarena", "Negukoa", "Bizitzak" eta "37 galdera" poemak. Lehen pertsonan idatzita daude, baina ez dituzte gutxiesten aspaldiko artifizio erritmikoak, oinarrizkoenak eta zaharrenak: errepikapenak, anafora eta paralelismoa. Ez da kasualitatea ere Poemas & Híbridoserako hautatutako poemak herri tradiziotik hurbilen daudenak izatea. Herrien tradizioaren bidez, "artifiziorik gabeko" estetikara hurbildu nahi du. Horregatik, Afrikako eta Arabiako herri zaharrenak izango ditu erreferentzia, baita arrazakeria eta xenofobia salatzeko ere. Poetika berri horretan arbuiatu egingo du Apollinairen, Pounden eta Elioten postsinbolismoa, eta barrokotasuna, literatur erreferentzia ilunak eta jarrera probokatzailea gainditu nahiko ditu; hala ere, etengabe salatuko du literaturako kitscha, eta iturri amaiezin batetik elikatuko da: herri tradiziotik.

Jarrera aldaketa ikusten du Azkorbebeitiak poetika aldaketa horretan; lehen aldiko errebeldia nahitaezko saminaren onartzea bilakatuko da, eta errealitatea berez dela gogorra ulertzera pasatuko da. Nihilismoa eta gehiegizko adieraztea gogoeta eta teorizazio bihurtuko dira; orekarako gune bat bilatu nahi du, kulturak, elkar ezagutzeak eta errespetuak jarrera etikoa ekarriko dutela sinetsita. Abangoardia izan nahiak justifikatzen du Etiopia, belaunaldi hartakoen kultur eta estetika beharrek: testuetara ekarritako materialek egitura eta estilo jakin bat dute, eta horri esker irauten dute zutik, horrek egiten ditu ordezkaezin. Izan ere, poesiarik antzinakoenak bezala, poesia abangoardistak kalitateari esker bakarrik irauten du, eta irakurleak berehala aitortzen du kalitate hori.

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958). Idazle honen biografia oso markatua da: 1980an ETAko kide izateaz akusatuta kartzelatu zuten eta 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin zuen; egun erbestean bizi da, eta aldian-aldian argitaratzen ditu lanak. Saiakera laburrak eta luzeak eta poesia lantzen ditu batik bat Sarrionandiak; hainbat ipuin-liburu eta eleberri ere argitaratu ditu. Bestalde, portugesez, ingelesez eta abar idatzitako testuak ere ekarri ditu euskarara. Joseba Sarrionandiaren poema liburuen artean honako hauek nabarmendu behar dira: Izuen gordelekuetan barrena (1981), Eguberri amarauna (1983), Marinel Zaharrak (1987), Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Hezurrezko xirulak (1991), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa malah yahoo (1995) eta Hau da ene ondasun guztia (2000).

Pott Bandako gainerako kideekin batera, T. S. Elioten lan poetikoa itzuli zuen; zehazki, The Waste Land poema itzuli zuen euskarara, Lur eremua (1983) izena eman zion, eta bere literatur erreferentzia konstanteena bihurtu da. Beste horrenbeste esan daiteke Fernando Pessoa poeta portugesaren O marinheiro antzezlanari buruz; 1985ean itzuli zuen, Marinela izenarekin. Poemas náufragos (1991) ere itzuli du, hainbat poeta galiziarren lana. Marinel zaharraren balada (1995) ere argitaratu zuen, Coleridgeren The rime of the ancient mariner poema luzearen itzulpena. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) liburuari dagokionez, irakurri dituen literatur lan guztietatik bildutako poemen antologia eta itzulpena da. Nolabait "bere" sentitu dituen poemak dira, nahiz eta beste idazle batzuk idatzitakoak izan; hala ere, aipatutako idazle batzuk apokrifoak dira, E. M.-ren arabera; hala dio Hau da ene ondasun guzia (1999) lanean ?lau hizkuntzatara emana? argitaratu zituen aipamenetan. Beste horrenbeste esan dezakegu Hezurrezko xirulak (1991) liburuari buruz ere. Kavafisen eragina nabari da poema horietan; hark ere bere poemak tartekatzen zituen bere antologietarako aukeratzen zituen poema heleniarren artean. Horregatik, hitzaurrean bertan itzultzearen eta sortzearen arteko antzekotasunen, eta bi langintza horien izaera utopikoaren inguruko teorizazioa egiten da. Sarrionandiaren lanetako literatur erreferentzia ugariak direla-eta, gure egiten ditugu kultura unibertsaleko poema mitikoenak, bere sentsibilitatea bitartekari dela asimilatuta eta eguneratuta ematen baitizkigu bere idatzietan. Hala eta guztiz ere, bere erreferentzia mundu hori bezain begi bistakoa da euskararekin eta euskal literaturarekin duen konpromisoa; urruti egonagatik horiek lantzea errebeldia erromantiko baten seinale da.

Izuen gordelekuetan barrena (1981) da Sarrionandiaren lehen liburua; horrek ezagun egin zuen 23 urte baino ez zituela, eta arrakasta handia izan zuen irakurle gazteen artean, beren belaunaldiaren isla aurkitu baitzuten bertan. Ordurako hainbat poema aske eta ipuinak zituen argitaratuta Sarrionandiak Pott Bandakoek ateratzen zuten aldizkarian, eta atentzioa ematen zuen poema horietan nabari zen Jon Miranderen estilo eta gaien eragin handiak. Liburu hori argitaratzeak, baina, literatur izaera propio eta zehatza aitortu zion, eta irakurleek inolako arazorik gabe identifikatu ahal izan dute hori gerora ere, konstanteak izan baitira hainbat ezaugarri bere literatur ibilbide osoan: bere literaturaren goxotasuna, finezia estetiko hain sentsoriala, eta munduak sortzeko eta egoerak deskribatzeko gaitasuna; horiek sakon eta erliebean aurkezteko gai izan baita, inolako tentsio narratiborik edo intrigarik sortzeko beharrik gabe.

Bidaia-liburu itxura du Izuen godelekuetan barrenak, eta bi hitzaurre biltzen ditu: hitz lauz idatzita dago lehena, liburu gehienetan bezala, eta poema bat da bigarrena, "Bitakora kaiera"; liburuaren ibilbidea edo nondik norakoa iragartzen du bigarren horrek. Gerardo Markuleta idazle eta kritikariak Sarrionandiaren ibilbide poetikoaren azterketa egin du "Sarrionandiaren samurra zertan den" artikuluan (Diario Vasco, Zabalik, 90-II-28) eta, bertan, haren lanaren hiru ezaugarri bereizi ditu: Europaranzko begirada irekia, literatur baliabideen aberastasuna eta horien erabilera zabala, eta literatur hizkuntza propio bat sortzeko nahi etengabea. Markuletak liburuaren hitzaurreko poemarekin bat egiten du: "Bitakora kaiera da gutako askok idatzi nahiko genukeen literatur manifestua". Jon Kortazar literatur kritikaria ere bat dator poema hori poeta gazteentzat manifestu bihurtu zela esatean. "Joven poesía vasca. Un acercamiento" (1989) artikuluan, garrantzi berezia ematen dio poema horri, Bernardo Atxagaren Etiopiaren ondorengo belaunaldiaren printzipio-adierazpen gisa. Kortazarren iritziz, Atxagaren liburu hori da egungo euskal poesiaren mugarria, baina Joseba Sarrionandiak teorizatu zuen ondoen, bere Ni ez naiz hemengoa (1985) liburuan, euskal poesia berriak batzen zituen gaien inguruan. Nietzscheren eta Witgensteinen filosofia dute oinarri idazle horiek, eta desilusioaren filosofiarekin identifikatzen dira. Arbuiatu egiten dute ustez zientziak ziurtatzen digun munduari buruzko ikuspegi seguru eta positibista, eta historia eta aurrerapen kontzeptuek ez dute inolako zentzurik horientzat. Poesiari buruzko Pott Bandako kideen ikuspegia ez dago "konpromisoarekin" lotua, baizik jarrera ludiko eta nihilista batekin; ez dute uste poesiak ezertarako balio duenik, ez dute horren funtzio sozialean sinesten. Belaunaldi horretako poetek mota guztietako iturrietatik edaten dute; poesia primitiboa dute bereziki gogoko, bai eta poesia landua eta estetika sortzailea ere. XX. mendearen amaierako eklektizismo horrek aukera ematen du poeta horiek guztiak niaren poesian inolako arazorik gabe sartzeko, eta argi eta garbi ikusten da hori Sarrionandiaren lan honetan, bidaia guztiz pertsonala egiten baitu Europako literaturan barrena.

Aitzpea Azkorbebeitiak (1996) dioenez, deserrotzearen sentimendua du poetak, lur berrien bila hasteko gogoa, kulturaren hondamendi eta degradazioaren aurrean. Kavafisek, Pessoak eta Audenek bezala, literatura oro literaturaren literatura dela dio, eta ukaezina da tradizioak literatura guztietan duen pisua. Poema liburuaren estiloa urrun samarra da, eta kutsu dekadentea eta estetikatzailea du; ez da Atxagaren Etiopia bezain biribila. Sarrionandiaren bigarren liburua, Eguberri amarauna (1983), egilea nor zen esan gabe eman zen ezagutzera, euskal presoen argitalpen kolektibo batean. "Puerto de Santa Mariatik. Itxaur azal baten barruan" izenburupean hitz lauz idatzitako kartzelako kronika batekin batera argitaratu zen. Shakespeareren poema bat aipatzen zuen, gauzarik txikienetik abiatuta gauzarik unibertsalena ere adierazteko gaitasunari erreferentzia eginez. Eguberri amaraunako poemek euskal poeta kartzelatuak zigor ziegetan sentitutakoa biltzen dute eta horien lekukotza eskaintzen: "gaur hemen bizi ditudan ahotsak, etsipenak eta desirak". Poesiaren eta poema horren iturburu den egoera latzaren arteko binomioa da liburu osoko estiloaren ardatza. Marinel zaharrak (1987) liburuan, berriz, lehen liburuko ?Izuen gordelekuetan barrena? gaien errepasoa egiten du, eta kartzelatze eta ihesaren ondorengo poemekin osatzen. Kritikari guztiek azpimarratu dutenez, oso nabarmena da, azken liburu honetan, jarrera militantearen areagotzea: liburu ezkorra da, iluna. Dekadentziatik eta estetizismotik urrundu, eta ordu arte ezezaguna zen zakarkeriarantz jotzen du, kontzientziaren eta sufrimenduaren ondorioz: desengainatuta dago, ahotsa gogorra, heldua eta bakartia da. Zalantza ugariek Bertold Bretch dakarkigute gogora; metaliteraturaren eragina txikiagoa da, eta ironia, berriz, zailduagoa, ez hain ludikoa. Bere eta bere ingurukoen bizitzaren lekukotza eman nahi du.

Hnuy illa nyha majah yahoo (Poemak 1985-1995) (Elkar, Donostia, 1995) hamar urte horietako poesien hautaketa da. Jose Luis Otamendiren (1996) iritziz, "tratatu moral" bat da, eta Aitzpea Azkorbebeitiak dio ikuspegi humanista baten zati direla gaiak eta sentimenduak. Horren erakusgarri, Jonathan Swiftek Gulliver liburuan idatzitako esaldi bat du izenburu; "zaindu, lagun" esan nahi du, zibilizazioen itsukeriaz eta horrek eragiten dituen bidegabekeriez diharduen liburuari erreferentzia eginez. Sarrionandiaren liburu honetan ere gai eta sinbolo askotarikoak daude. Heriotza eta bere esperientzia urrunagorik islatzen ditu. Poemen hurrenkera ez da kronologikoa, denbora edo aurrerapena kontzeptuekin hausteko. Historiak ez du egokierarik. Bizitza bera erbestea da Sarrionandiarentzat, sinbolo eta metafisika bihurtuta. Bertold Brechten antza du berriz ere bere poesiak; narrazioa errealista da, eta poemaren haria zentzuari buruzko gogoetan eta paradoxan datza. Gaiak asko dira: heroiaren heriotza, erbestea, marinel zaharra oroimen gisa, itxaropena eta errebeldia, haurtzaroa eta iraganeko herria, eta herriaren etorkizun alegiazkoa, besteak beste. Maitasuna ere ageri da. Poesiaren funtzio sozialaren ikuspegia ere aldatu egiten da Sarrionandian: Eguberrietako amarauna (1985) liburuak Brecht aipatzen du, eta haren "Sasoi txarrak lirikarako", eta 1987an berdin egiten du, baina poesiarako sasoi guztiak ez ote diren txar galdetzen dio bere buruari; baina orain badaki, nolanahi ere, pertsonek abestu egin behar dutela, eta inork entzun nahi ez dituzten istorioak kontatu, marinel zaharrarenak bezalakoak. 1995ean, "dena esanda dago eta metaliteratura soilik da posible" hori gainditzen saiatzen da; uste du poemek ez dutela, oraindik, mezurik garrantzitsuena eman, eta, poesiak gizartea aldatzeko balio ez badu ere, eta marinel zaharrak kontatzen dituen zoritxarrak inori interesatzen ez bazaizkio ere, gure jendearentzako, egoerarentzako eta garairako hitzik egokienak bilatzen saiatzen da, hizkuntza eta horrek errealitatearekin duen lotura kritikoki aztertuta. Duela urte batzuk antologia pertsonala argitaratu zuen, lau hizkuntzatan: Hau da ene ondasun guzia (1999).

70eko hamarkadaren azken urteetan euskal literaturara abangoardia ekarri zutenen lana, K. Izagirre, B. Atxaga eta J. Sarrionandiarena, egileek beraiek zuzendu dute, eta aipagarria da horien autokritikaren bat-etortzea; izan ere, esperimentazio aldi baten amaiera erakusten du horrek. Atxagak 1986an utzi zuen abangoardismoa, eta halaxe egiaztatu zuen 1990ean Poemas & Híbridos argitaratuta; Sarrionandiak bere mundu literarioa eta mundu erreala uztartu zituen Marinel zaharrak (1987) liburuan bere lehen poemak gainbegiratuta. Izagirrek, berriz, bere poetikaren oso azterketa autoexijentea egin zuen 1989an.

Koldo Izagirre (Pasaia, 1953). Itsaso ahantzia (1976), Oinaze zaharrera (1977) eta Guardasola ahantzia (1978) idatzi zituen abangoardismoko lehen aldian. Eluardi, Oulipo literatur tailerrari eta Italo Calvinori dien miresmenak literaturaren alde ludikoa aztertzera eta irrazionaltasunaren eta surrealismoaren esparruan ikertzera eramango du. Hasieran, erretorikarako nolabaiteko joera ezkutua zuen, Letek (1976) poesiaren konpromiso sozialari ihes egiteko salatutako jite madarikatua, Arantxa Urretabizkaiak eta Mikel Lasak intimismoaren bitartez edo Ibon Sarasolak (Donostia, 1946) Poemagintzan (Donostia, 1969) metaliteratura ludikoaren bidez egin bezala, baina bere jarrera Atxagak Etiopian erakutsitako "neke" inpostatuaren eta errebeldiaren parekoa da. Izagirre sintaxiarekin eta hizkuntza erregistroekin esperimentatzen hasiko da, eta haustura estetikoaren bultzatzaile izango da; haustura hori Atxagaren Etiopiarekin iritsiko da unerik gorenera. Izagirreren eskutik etorritako abangoardia berriak, batez ere surrealistak, Atxaga eta Sarrionandiarekin batera lortuko du atzera uztea ordura arte kanon bakartzat hartutako poesia konprometitua.

Hamar urtean libururik argitaratu gabe egon ondoren, Balizko erroten erresuma (1989) eman zuen argitara, J. Landaren iritziz "manifestu militantea" (1989) dena, liburu osoan fidel baitzaio diziplinatzat hartzen duen teoria poetikoari. Bi urte lehenago aterata zuen Sarrionandiak Marinel zaharrak (1987), ordura arteko bere poesiaren autoazterketa. Izagirreren lanean, ausarta da bere aurreko poesiaren azterketa, eta erabakitasun berarekin lotzen da ontzi poetiko berriaren hiru beletara: Lauaxeta eta Aresti, Sarrionandiarentzat bezala, oinarrizko mastak dira, baina Izagirrek hirugarren bat ere aldarrikatzen du: Lizardi. Izagirrek izugarri miresten du sintaxiaren malgutasuna eta adierazkortasun amaigabea, eta ez du horren logika edo naturaltasuna zaintzen: erritmo sinkopatua bilatzen du, ongi markatua, eta, hain zuzen, erritmo hori da bere estiloaren ezaugarri nagusietako bat; zaila da estilo hori definitzen, baina erraz bereiz daiteke bere prosan eta poesian. Askotan, zatia, anakolutoa eta hitz-erdia dira barne errimetan eta asmakizunetan oinarri duen adierazpide lakonikoaren adierazle. Alegiazko erroten erresuma da literatura Izagirrerentzat, eta iradokitzaile eta aldi berean ulergarri izan daitezen nahi dituen erreferentziak erabiltzen ditu. Kritikariek bere azken poema liburua goraipatu dute bereziki: Non dago Basques' Harbour? (1997). Bertan, eta gai edo sinesmen jakin bati lotu gabe, gizakiak ongi sustraituta dituen hainbat sentimendu adierazten ditu: aberria, maitasuna eta beldurra, besteak beste, poema guztiak bere bizitzarekin lotutako alegiazko portu batean kokatuta. Heldua da duen jarrera, garratza eta ezkorra, baina nekaezina eta itxaropenik gabea, aldi berean.

70eko hamarkadaren amaierako poetikara berrikuntza ekarri zutenek ?Izagirrek, Atxagak eta Sarrionandiak? beren lan poetikoa 80ko hamarkadaren amaieran aztertu dutela esan badaiteke, berdin-berdin esan daiteke bide beretik doala hiruren azterketa hori: estetika kriptiko eta lar elitista utzi, eta jarrera "etikoa" edo "morala" hartu dute, estetika ulerterrazago baterantz egin dute. Atxagak sinpletasunaren, primitibotasunaren eta marginalitatearen alde egiten du, eta literaturaren gogoeta funtzioa aldarrikatzen, manierismo edo irakaspenik gabea. Bestalde, lehen mailako kezka dute Izagirrek edo Sarrionandiak konpromiso sozial eta politikoa, konpromiso estetikoarekin batera. Beren lanetan beti ageri da herriaren egoera soziopolitikoaren erreferentzia, eta beste horrenbeste egiten dute hainbat idazle gaztek ere: Aranbarri, Berrizbeitia, Otamendi, Urrutikoetxea... Baina badira beste ahots batzuk ere, hala nola Joxe Austin Arrietarena, Brechten kutsu nahastezina dutenak.

Joxe Austin Arrieta (Donostia, 1949) idazleak oso itzulpen onak egin ditu, eta ospe handia du eleberrigile gisa; Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979) eta Manu Militari (1987) idatzi ditu, besteren artean. Arrietak bost poema liburu argitaratu ditu: Arrotzarena / Neurtitz neurgabeak (1983), Bertso-paper printzatuak (1986), Mintzoen mintzak (1989), Graffitien ganbara (1996) eta Orbaibar (2000). Barne mundu nahiko bereziaren adierazpena da Arrietaren lirismoa, eta, aldi berean, literatur tailer aparta, non luze eta zabal ageri baita testuartekotasuna. J. M. Lekuonak "intraliteratura" deitu zion literatur laborategi horri, euskal literaturaren eta literatura unibertsalaren oihartzunak biltzen dituen nahastea egiten baitu bertan. Egileen eduki, argumentu eta literatur arrazoiekin elkarrizketan hasten da idazlea, eta testuen arteko eragin-truke estetikoa da elementu azpimarragarrienetako bat. 70eko hamarkadako euskal poeta garrantzitsuenen eragina nabari da bere lehen liburuetan, Gandiaga eta Lekuonarena, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen du testuartekotasunak bere poesian. Ongi egituratuta daude poema liburuak, pentsamendu bateratzailea garatzen dute, aldez aurretik pentsatua: planteamendu arrazionalizatzailea, Lekuona gogorarazten diguna. Baina Arrietak kontzeptuen paradoxa du gogoko, hitz jokoa eta antitesia ?bere sintaxiarenak bezain barrokoak dira ezaugarriok?, eta biziki maite ditu hizkuntzaren jolas amaigabea, hizkuntzen arteko eragin-trukea eta hitzen ludikotasuna. Hori guztia bizitzaren ikuspegi lokatu eta oinazetua adierazteko, atzeman nahi duen errealitate konplexuaren adierazpen plastiko eta mimetikoa. Bere poesia sortzeko erabiltzen duen testuingurua da interliteratura, egilearen mamu pertsonalen agertoki dramatikoa, baina baita inguruan duen errealitatearekin harremanetan jartzeko eta konprometitzeko bidea ere.

Garai honetako hainbat idazle interesgarrik, Omar Navarrok, Rafael Egigurenek, Joxean Muñozek, Jon Casenavek eta Mari Jose Kerexetak, besteren artean, 1978 eta 1988 artean argitaratu zituzten beren poema liburuak, baina gero ez dute libururik atera. Joxean Muñozek (Donostia, 1957) Parentesiak etabar (1984) idatzi zuen, 80ko hamarkadako hasierako estetikan kokatutako lana; esperimentalismora, amaitu gabeko testuetara eta irakurleak irakurketan parte hartzera irekia. Atxagaren, Sarrionandiaren eta Izagirreren lehen lanekin etorritako berrikuntza poetikoaren erakusgarri da Muñozen liburua; ez alferrik aritu zen azken horrekin hainbat literatur aldizkaritan. Bestalde, Omar Navarrok (Mundaka, 1953) ?Edorta Jimenezen ezizena da hori? zenbait poema liburu idatzi zituen urte gutxi batzuetan: Itxastxorien bindikapena (1985), Gizaeuropa (1986), Egutegi experimentala (1986) eta Gaua zulatzen duten ahausietan (1987). Ibilbide luzea egin du narratibaren arloan, eta bere poesia, berriz, Bilbon girotuta dago; aipatzen duen egunerokotasunaren zati garrantzitsua da hiri hori. Rafa Egigurenek (Hernani, 1948) Mugarrien garraioan (1986) utzi digu; umore kritikoa du poeta honek, eta eguneroko elementuak, erreferentzia pertsonalak eta material konkretuak erabiltzen ditu bere kezka etikoak adierazteko. Oso bestelakoak dira Jon Casenaveren (Baiona, 1957) lanak, Zutaz amoroski (1978) eta Ordu alferren segida (1985); aldi hartan nagusi ziren espresionismoarekin eta metaliteraturarako joerekin zerikusirik ez dutenak. Maitasunari buruzko poesia da, intimista, laburra eta estilizatua, surrealismo iradokitzailea dakarrena. Azkenik, Mari Jose Kerexeta (Zegama, 1961) aipatuko dugu; haren Ezezagun baten koadernoa (1988) lanak interes handia sortu zuen kritikari espezializatuen artean, esperientziaren poesiaren euskarazko lehen liburua baitzen, eta nortasun eta lirikotasun handikoa.


6. EKLEKTIZISMOA ETA ASKOTARIKOTASUNA (1988-2005)

6.1. ABANGOARDIAREN ONDORENAK

Azken hogei urteotako euskal poesia askotarikoa da, eta nekez sar daiteke honako edo halako talde edo mugimendutan; eboluzionatzen ari da, eta poesia mota askotatik edandakoa da (azken poesia surrealista, poesia filosofikoa, isiltasunaren poesia, bizipenen poesia?), abangoardiaren ondorengo poesian aurki daitekeen eklektizismo zabal horretan. Bukatu da manifestuen garaia, honako edo halako poetika edo estetika baztertzekoa edo horiei lotzekoa, eta mende amaierarako uko egingo zaio poesiaren nola jarrera transgresoreari hala gizartean eragiteko gaitasunean ez sinesteari. Narratiba gailenduko zaio poesiari, nahiz eta oraindik baden tartea gogoetarako, begirada lantzeko edo hautemandako errealitatea adierazteko.

Euskal literaturaren historiari buruzko liburuen egileek zailtasunak dituzte hurrengo aritutako idazleak sailkatu edo talde gisa multzokatzeko, hain zuzen abangoardia sartu eta horren berrikuskapena egin zenetik (1976-1986) eta idazle berriak ?hala nola H. Cano eta K. Uribe, XX. mende amaierako literaturgintzan indar handiarekin bereizi direnak? heldu arteko tartean aritu zirenak sailkatzeko. X. Mendigurenek 63ko belaunaldia deitu dio horri; belaunaldi horretako idazle batzuek (F. Juaristi, K. Lizanasoro), berriz, belaunaldi galdua deitu diote beren buruari. Dena dela, behartu samarra da izen hori, S. Fitzgerald eta E. Hemingway estatubatuarren literaturari egiten baitio erreferentzia. Orain gutxi, I. Zaldua saiakera eta eleberrigileak "porrotaren belaunaldia" edo "belaunaldi ikusezina" izena erabiltzea argudiatu du, eta, batzuetan, "tropela" (2005) ere deitu dio, txirrindularitza munduko simila hartuta. Era batera edo bestera, literatura aldi berezi bat deskribatzen dute izen horiek: garai horretako eleberrigile eta poetek, kalitatezko lanak idatzi arren, zailtasunak dituzte nabarmentzeko: batetik, aurreko hamarkadetako idazleek dute izena, eta halere, bestetik, ikusten dute idazle gazte iritsi berriek berehala lortzen dutela ospea.

Dena den, 70eko eta 80ko hamarkadetako idazleen lanen kalitate handia, ekintza taldeen (aldizkariak, argitaletxeak) edo prentsa espezializatuak nabarmendutako idazleen eragin eskasa, edo horien lanak aldi honetako idazleengan izandako eragina dela-eta (nahiz eta ondoren aipatuko ditugun bereizketak kontuan hartu behar diren), kontua da eklektizismoak, poetika "apurtzailerik" ez izateak eta poesia nolabait atomizatu izanak arazoak ekarri dituela XX. mendearen amaierak poesiaren arloan ekarritakoa deskribatzeko, narratibak sekulako indarra eta kalitatea dituela ikusi baita. Horregatik, eskolak, joerak edo belaunaldiak bereizteari uko eginda, lehenik eta behin gure ustez XX. mendearen amaierako idazle garrantzitsuenak direnak aurkeztuko ditugu:

Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) kazetari, kritikagile eta poeta da, honako aldizkari hauen sortzailea: Literatur Gazeta eta Porrot. Eleberriak ere idatzi ditu: Intzentsua lurrean bezala (1988), Ilargi lapurra (1994), Arinago duk haizea, Absalon (1990) eta Airezko emakumeak (2003). Haur literaturan ere aritzen da, eta Animalien inauteria (1999) lanak Euskadi saria (2000) irabazi zuen, Haur eta Gazteentzako Literatura sailean. Bere poesiak gogoeta du oinarri, maitasun geldo eta zaindua. Galderen geografia (1997) lanak Euskadi saria irabazi zuen (1998), Euskarazko Literatura sailean. Lan horrek badu gaztelaniazko bertsioa: Geografia de las preguntas (1999). Horren aurretik argitaratu zituen Denbora, nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987) eta Laino artean zelatari (1993). Harrezkero Begi-ikarak (2004) atera du.

Bere buruarekin fidel beti, tonu lasaia bilatzen du F. Juaristik, baina "barrutik sua" dariona, sentsuala, iradokitzailea, baina gogoetari kateatua. Behin-behineko emozioetatik harago, oso minberak batzuetan, bere azken lanean bezala, hitz iraunkor eta unibertsala bilatzen du, norberaren sentimenduak ez ezik taldearenak ere adieraziko dituena. Galderen geografian, mina eta mundu ezagunen ezinegona bilatu nahi ditu, galderen bidez, ziurtasun betierekoa utzi, eta ziurtasun hori gaur gezurraren eta fanatismoaren alde bat baino ez dela sinetsita. Poema labur baina sakonen bidez, ikuspegi askotatik aztertuko du poetak errealitatea, eta, barne bidaia horretan, esperantzatik esperantzarik ezara pasatuko da, ezkortasunetik baikortasunera, eta bidaiaren amaieran hasieran zituen beste duda eta zalantzarekin aurkituko da. K. Izagirreren iritziz, Juaristiren poesiak ezaugarri klasikoak ditu; ez antzinako edo tradizioko ereduak erabiltzeagatik, baizik eta maisu klasikoen erritmo gozoa duelako, beharrezkoak baino ez diren apaindurak, eta adierazteko modu zehatza. Oreka bilatzen du: bere inspirazioa kultua da, baina ez da kultista; bere ahoskera dotorea, baina ez formalista; ikuspegi filosofikoa du, baina ez da poeta kontzeptuala. Bere literatur aipuak eta bere gogoeta metaliterarioak egokiak dira, ez dira funtsik gabeak, esperientziaren inguruko gogoeta eta kontzientzia dira, eguneroko eta literaturako eskarmentuarenak. Adimenaren eta sentsibilitatearen arteko oreka ezinezkoa bilatzen du, baina hori ez da arimaren lasaitasunaren ondorio: «bizi-pozaren eta bizi-minaren artean» dago beti. Horren eredu argia da bere azken liburua, giro ilun eta minberekoa, "egunerokotasunaren logika poetikaren aurkakoa baita". Kortazarren arabera, Juaristiren liburu hori azkenaldian sinbolismoaren ildotik idatzitako liburu interesgarrienetako bat da. Iluntasunaren eta heriotzaren aurrean, barne azterketa bat hasten du idazleak. Rembrandti eskainitako hiru poemak azpimarratu behar dira, infinitua marraztu nahi izan baitzuen; poemok liburua egituratzen duen zikloaren eraztunak dira, eta, horien bidez, gizakiaren nahi bat adierazten du: txori, argi eta infinitu izateko nahia eta hori lortu ezinak eragiten dion mina. Juaristik ez du gogoko nia eta horren egoera askotarikoak erakustea; ez da bere buruaz mintzo, nahiz eta tristura handia darion: bere lotsa ere halakoxea da, izugarria. Giza esentzia ezagutu nahi du, itxaropenaren eta minaren artean dagoena.

Tere Irastortza (Zaldibia, 1961). Lan mardula egin du, bere poetika bere esperientziatik abiatzen da; asko lantzen du hitza, etengabeko zalantzan betiere, eta adierazpena ahalik eta gehien zehaztu nahi izaten du; horrek minimalismo maila handi batera eraman du batzuetan. Hostoak. Gaia eta gai aldaketak (1983), Derrotaren fabulak (1986), Osinberdeko khantoreak (1986) eta Manual devotio gabekoa (1994) liburuak idatzi ditu. Lau poema liburuok Gabeziaren khantoreak. Antologia (1995) izeneko antologian bildu ditu egileak berak. Irastortzaren poesian eguneroko gauza txikiak aurkituko ditugu, itxuraz inolako baliorik gabekoak, eta nerabe baten gisako sentsibilitatearekin behatzen ditu, kontu handiz. Bere poesian, garrantzitsua da hizkuntzaren zentzu ludikoa, bere poesiako gaiekiko kontrastean; horien artean, esperantzarik eza, ausentzia eta maitasunik eza dira nagusi. 90eko hamarkadan, ordea, poesia kontzeptualera jo zuen, gero eta minimalistagora. Joera hori dute azkenaldian argitaratutako liburuek: Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoreak (2000) eta Glosak esana zetorrenaz (2003). Hitzaren eta errealitatearen arteko harremanari buruzko gogoeta egitera jotzen du, eta agerian uzten du batez ere batak bestearengatik nahi duen islaren opakutasuna.

Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956). Haurrentzako poesia egin du, Begi-niniaren poemak (1992) ezaguna eta Botoi bat bezala (1999), adibidez, eta ahozkotasunaren, poesiaren eta haurtzaroaren arteko harremanari buruzko saiakera interesgarriak ere (Bularretik mintzora, 1993) idatzi ditu; ikuspegi etikoa baliatzen du idazteko, eta haurren ipuin eta poemak aztertzen ditu, horien errealitate ez-poetikoa ahaztu gabe. Haur literaturako genero tradizionalak lantzen ditu, eta horiek ezin hobe erabiltzen ditu formaren aldetik; horien bidez, gainera, arrazionaltasunaren mugak gainditu, eta ezustean harrapatzeko zera du. Helduentzako hainbat poema liburu ere argitaratu ditu, Sarean leiho (1994) eta Mailu isila (2002), esaterako. Bere poemak laburrak dira, lakonikoak, aforismoetatik eta zen behaketatik hurbil daudenak; Sarean leihoko haikuak horren erakusgarri dira, irudi plastiko bat-bateko eta aldi berean betikoaren bidez unea adieraz baitezake, eta osotasuna harrapatzen saiatu. Aipatutako literatur iturriak (herri literatura eta Ekialdeko zen eta tao espiritualtasuna) dira, euskal literaturako edo literatura unibertsaleko beste lirika iturri batzuekin batera, bere poesiaren isileko erreferentziak, eta eguneroko etsipena eta sufrimendua ahaztu gabe, begirada argia gordetzen du; ez sinplea, baina bai lasaia eta dramatismorik gabea.

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962). Beste zenbait poema libururen artean, honakoak argitaratu ditu: Euriaren eskuak (1995), Kartapazioko poemak (1998), Igerabiderekin batera ateratakoa, Inoiz izan ez garenotan (2000), Eguzkia ateri (2001) eta Denboraren aleak (2005). Bakartasun muturrekoaren poeta da Linazasoro, taldearekin identifikatzeko zailtasunarena, maitasun eta nahitasun gabeziarena eta, era berean, horien beharrarena. Hori guztia proiektatzen du gai horiek dramatikotasun handiarekin plastikoki islatzen dituen paisaia batean. Gaur egungo poesian erreferentzia da Linazasoro, eta kritikariek goraipatu egin dute bere ibilbidea, oraindik ere lan garrantzitsuagoren bat etorriko den itxaropenez, hautaketa beharrezko eta lanketa lasaiaren ondorioz etorri ere.

Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963). Gaupasak (1991), Bizi puskak (1996), eta Puskak biziz (2000) liburuak idatzi ditu, eta etengabeko erreferentzia zuen Sakanako haranean (Nafarroa) girotutako errealitatetik eboluzionatuz joan da pixkanaka-pixkanaka. Bere lehen liburuan, giro itogarria eta zapaltzailea zen, baina, ondoren, begirada helduxeagoa ?ezkor, ironiko eta liriko artean? hartuta, inguruan duen errealitate tragiko-komikoetara bideratuko da eta gutun eta elkarrizketa bidez adieraziko ditu errealitate horiek. Batez ere bere lerro luzeen kadentziaren edertasuna azpimarratu dute kritikariek; bere hizkuntzaren edertasun eta malgutasun guztia erabiltzen baitu. Ezuste atsegina izan da bere Ezinezko maletak (2004) eleberria ere, idatzi liriko-narratiboari aplikatuta gero eta zehatzagoa duen estiloa, eta lan interesgarriak espero ditzakegu edozein generotan.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Gazteiz, 1958). Bi poema liburu argitaratu ditu: Hari hauskorrak (1993) eta Kartografia (1998). Poeta kosmopolita da, erreferentzia ugarikoa, eta Atxagak eta Sarrionandiak bezala eta, horien bitartez, Pessoaren, Audenen eta Kavafisen eragin sendoa jaso du; haiek bezala, kultura klasikoaren aipamenak erabiltzen ditu, iragan historikoarenak, kultur tradizio ezagun guztiarenak, baina baita egungo gertaerenak ere, egunerokotasunari buruzkoak, hurbileko errealitatea begirada sakonago, kartsuago eta lirikoago batekin lantzeko. Bere bigarren liburuak 90eko idazle garrantzitsuena bihurtu du, kritikaren iritziz; bai lanaren kalitate formalagatik, bai sakontasun poetikoagatik ere, bere poema onenak kontu handiz eta heldutasunez hautatu dituela ikusten baita, eta atal bateratzaileetan egituratu, edertasunaren eta adierazte egokiaren mesedetan, betiere. Estetizista da, baina ez da literaturaren jokora mugatzen; ongi daki zer duen inguruan, baina ez da lekukotza konprometitua ematera makurtzen. Arregi da milurteko berriak eskatzen dituen ezaugarriak biltzen dituen lan garrantzitsu baten egilea: irakurlea hunkitzeko literatur tresna da poesia, baina baita orain eta hemen modu arrazional edo irrazionalean sentitzen dugunari buruzko gogoeta egiteko tartea ere, hori partekatzeko eta irakurleari ulertzeko moduan helarazteko tokia, eta ez horregatik sinplista.

90eko hamarkadan nabarmendutako sei idazle horiekin batera, beste egile interesgarri batzuk ere izan ziren:

Aurelia Arkotxa (Baigorri, 1953). Atari ahantziak (1993) olerki bilduma du lehen liburua. Arkotxaren poesiak ezaugarri liriko argiak ditu, eta bikain sortzen ditu indar sentsorial handiko giro estatikoak. Bere sentiberatasuna ez ezik, estetizismo landua eta kulturalismoa antzematen zaizkio, eta mota askotako erreferentzia literario, kultural, historiko eta geografikoetara jotzen du. Korronte geopoetikoan sar dezakegu egun; bere azken lanean, Septentrion (2001), lur berriak aurkitzeko egindako bidaien inguruko material zatiak egituratzen ditu (kronika puskak, deskripzioak, mapa zaharren oharrak eta abar), eta horiekin batera bere lehen liburura garamatzaten eta testuinguru horretan zentzua hartzen duten poema liriko pertsonalak. Guztiz desberdinak izan arren, interesgarriak dira, baita ere, Itxaro Bordaren (Oragarre, 1959) lanak; hainbat poema liburu idatzi ditu, surrealismo samin, errebelde eta puskatzailea erabilita; agian, Orain (1998) da azpimarragarriena.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959). Besteak beste, Zainetan murrailak (1987), Poza eta gero (1990) eta Lur bat zure minari (1995) idatzi ditu; poesia guztiz liriko eta biluzia egiten du. Hizkuntza poetiko propioa bilatzen du, erretorikarik gabekoa; sentimenduen mundua aztertzen du, eta arreta berezia jartzen du maitasunean.

Patziku Perurena (Goizueta, 1959). Bere *Joanes d?Iraolaren poema bilduma (1985) eta Iraingo apaiz gaztearen kantutegi zaharra (1988) lanak kantutegi apokrifoak dira, kopla zaharren eta ahozko literaturako balada tradizionalen antzera sortutakoak; estetika moderno baten adierazpide dira, ordea, uztartze lana, eta emaitza iradokitzaile eta erakargarria. Emily (1987) izeneko lan bitxi bat ere egin du, eta, bertan, Emily Dickinson estatubatuarrak idatzia izan zitekeen poesia bat egin du, modu apokrifoan. Bere azken poema liburuan, Isileko kantak (1993) lanean, berriz aurkitu du natura zentzuen bitartez, pertzepzio sentsorialaren bidez gizakia naturarekin batzen duen teluriarekin. Azken hamarkadan saiakera antropologikoa landu du, azalpenezkoagoa, eta, Harrizko pareta erdiurratuak* (2004) argitaratu du, hain maiteak dituen natura eta baserri munduari buruzko lana, eta irakurri dituen literatur, antropologia eta filosofia liburuak txertatu ditu bertan.

Xabier Montoia (Gasteiz, 1960). Anfetamiña (1983), Likantropo (1985) eta Narraztien mintzoa (1988) argitaratu ditu, eta poeta ez ezik abeslaria ere bada. Bere erreferentziak rock taldeetako abestien hitzen egileetatik edaten dute, eta probokatzailea da, bitxia, ortodoxia liriko orotik kanpokoa; litekeena da, ordea, zarata eta amorru hori guztia lehen pertsonan idazteak ematen dion lotsa eta bere sentiberatasuna estaltzeko mozorro bat baino ez izatea. Montoiak eta Perurenak oso poesia desberdina egin arren, beste horrenbeste pentsa daiteke 1993. urtea baino lehenagoko Perurenaren mozorro apokrifoei buruz.

Luigi Anselmik (Bilbo, 1954) lau liburu kaleratu ditu: Zoo ilogikoa (1985), Desiriko alegiak (1988), Bacchabunda (1992) eta Gure ametsen gerizan (2000). Poesia berezia egiten du, ukitu kultista eta klasikoa duena nolabait; animalia sinbolikoak eta fabulak erabiltzen ditu ?antzina-antzinako baliabidea?, baina metaforak ez dira ohikoak, eta interpretazioa ere ez da betikoa.

Joanes Urkixok (Bilbo, 1955) poema liburu bakarra idatzi du, Berba legezko aiztoak (1990); hiri handiaren gaueko erretratua ekarri digu, eta, nola ez, Etiopiako Bilbo gogorarazten digu.

Juan Ramon Madariaga (Bilbo, 1962). Lan oparoa egin du poesian, zazpi liburu kaleratu baititu, Argia sortzen den izartegia (1996), Amodioa batzuetan (2001), Orbanak (2001) eta Izozmendiak (2003), adibidez. Bere poesiak izan duen bilakaera horretan, lehen liburuetako estetizismo eta exotismoa utzi, eta egunerokotasunean eta horren miserietan sakontzera jo du. Madariagaren poesian hirian gertatzen dira gatazkak eta ezinegona. Natur inguruneak eta isiltasuna maiz agertzen dira bere poesian, eta kontuz-kontuz hurbiltzen zaio metal, asfalto eta zaratazko hirian bizi den piztiari.

Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1963). Honako lan hauek idatzi ditu: Jonas Poisson (1986), Dortokak eta elurrak (1989) eta Harrien lauhazka (1998); Sarrionandiaren eta Izagirreren bideari jarraitzen dio: hasieran poesia hermetiko eta bere barne munduaren metafora espresionistak zituenetik abiatu zen, baina gero errealitate sozial eta politikoaren kontzientzia minbera ekarri zigun. Luis Berrizbeitia (Abadiño, 1963), orekaren era iruditeria dotorearen poeta da; bi poema liburu argitaratu ditu: Zoperna generala (1983) eta Eremu karroindunak (1992). Sarrionandiaganako miresmena islatzen du horietan, bai eta literatura kultisten zaletasuna. Pako Aristik (Urrestila, 1963), Iraileko ipuin eta poemak (1989), Castletown (1996), Oherako hitzak (1998) eta Libreta horiko poemak (2003) liburuak idatzi ditu, besteren artean; bere poesiak fikzioa eta narratiba uztartzen ditu, ikuspegi inkorformista, kritiko eta ironiko batetik; eta azken liburuan egokiagoa eta ulerterrazagoa da.

Hona hemen aldi horretako beste zenbait egile: Andolin Eguzkitza (Santurtzi, 1953-2004), Gorka Setien (Bartzelona, 1958), Karlos Santisteban (Karrantza, 1960), Jon Arano (Itsasondo, 1961) eta Amaia Iturbide (Bilbo, 1961), baina hemen ez da egoki horien lanaz luze aritzea.


6.2. BIGARREN MILURTEKOAREN HASIERA

Esan daiteke, oro har, poetika berritzaileak izan direla nagusi Euskal Herrian XX. mendean, eta mugak urratzea, abangoardia eta haustura izan dituztela horik helburu. XXI. mendearen hasierako poesiak, berriz, komunikazioa lehenesten du, emozioa transmititzea, ongi baitaki poesia lore ahula dela eta liburu itxietako orri lehorren artean nekez irauten duela bizirik. Transmititzeko eta irakurlearengana edo ikuslearengana heltzeko behar horrek, nolabait hunkitzeko beharrak, irakurleengana hurbiltzera eraman ditu idazleak, horretarako hainbat bide erabilita; adibidez, Arestik eta Ez Dok Amairuk taldeak beren ikuskizunetan entsegatutakoak, Pott Bandaren Henry Bengoakoak eta K. Izagirrek sustatutako beste batzuetakoak, bai eta euskal kantarientzako idatzitako hitzak ere. Emozioa transmititzeko eta helarazteko bide horretan, hainbat idazle garrantzitsu agertu dira milurteko honetan, eta, horien kalitatea dela-eta, honako hauek nabarmendu dira:

Harkaitz Cano (Lasarte, 1975). Kea behelainopean bezala (1994) eta Norbait dabil sute eskaileran (2001) idatzi ditu, besteak beste. Cano ez da poeta konplikatua, grinatsua edo lotua; behatzailetzat eta sentiberatzat du bere burua, baina ez "arazoak sortzen" dituzten horietakotzat, eta ongi moldatzen da hedabideetan, eta ezin hobeto erabiltzen ditu: euskarazko prentsan idazten du, zinemarako eta telebistarako gidoiak idazten ditu, eleberriak argitaratzen ditu eta Euskadi saria irabazi zuen 2005ean, ezaugarri poetiko argi eta garbiak dituen eta zinemako hizkuntzarekin aberastu duen narrazio bati esker: Belarraren ahoa (2004). Idazten hasi zenean Lubaki Banda izeneko literatur taldearen babesa izan zuen, eta talde horren manifestua eta jarduerak lagungarri izan zitzaizkion aurrera egiteko. Lubaki Banda 1993an sortu zen, eta hein batean bada ere, poesia euskal literaturan baztertuta gera ez zedin lortu zuen, H. Canori berari, G. Berasaluzeri, A. Serranori eta X. Aldairi esker. Hala ere, itxura batean, nahitaezko prozesua dirudi horrek, eta narratibaren nagusitasuna ikusita, berriz planteatu behar izan dute hori idazleek.

Canoren lehen liburuak, Kea behelainopean bezala (1994), metafora ederrak eta surrealismo fina ditu, Atxagaren Etiopia poesia liburuko estetika urbanoaren ildotik; smog dramatiko baten azpian ageri da eta, dirudienez, Turnerren koadroen estetikaren isla literarioa da. Bigarren poema liburuak, berriz, New Yorken girotutako bere zenbait narraziorekin du lotura. Asko aldatu da begirada: aurreneko liburuan poetika amaigabea zuen abiapuntu, esperientzia subjektiboa modu solemnean adierazita zegoen, Nerudaren modura; bigarren liburuan, berriz, ironia eta umorea erabili ditu bizitzaz aritzeko, eta hizkuntza zuzena egunerokotasunera hurbiltzeko; estetikaren aldetik, J. M. Basquiat pintorearekin eta ordezkari nagusi Charles Bukowski duen errealismo zikinarekin pareka daiteke hori (I. Egaña, 2004). Geroago Dardaren interpretazioa / La interpretación de los temblores (2003) kaleratu du bi hizkuntzatan, bere poema onenen antologia. Gaztea izanagatik ere, idazle ezaguna da; jendean jartzen du begirada eta oharkabean igarotzen zaizkigun xehetasunetan (dardara antzemanezinetan) sakontzen du, horietan baitaude askotan paradoxa eta misterioa, edo aldaketa handien lehen arrastoa.

Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) poema liburu bakar bat argitaratu du, Bitartean heldu eskutik (2001). Poeta garrantzitsuenetako bat da, eta lehen aipatutakoaren ordezkari garbia. Orritik harago doan testuinguru komunikatibo batean ulertzen du Uribek poesia; kantuarekin eta ikus-entzunezkoetako beste hainbat elementurekin lotzen du. Poesiako hizkuntza zaharkitu samarra berritu nahi du, eguneroko hitzak findu, hemen eta une honetan bertan gertatzen dena adierazteko balio dezaten. Hizkuntza erretorikoaz eta hitz entzutetsuez mesfidatu, eta sinpletasunaren eta freskotasunaren alde egiten du; ezagutza intelektualetik harago doan ezagutza sakonagoak transmititzen duen emozioa transmititzea du helburu. Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal musikariekin batera, multimedia proiektu batean parte hartu du, eta poesia, prosa, bideoa eta musika uztartu dituzte, emigrazioa, gaixotasunak edo sufrimendu morala biltzen dituen argumentu batekin. Bar Puerto (2001) izeneko liburu-CDan argitaratu zuten. 2003an Zaharregia, txikiegia agian izeneko proiektuan parte hartu zuen. Bi lan horiek are oihartzun handiagoa eman diote bere poesiari, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Ezusteko handia izan zen idazle ia hasi berri batek, Azalaren kodea (2000) poema liburu interesgarria argitaratzea heldutasunean. Idatz & Mintz aldizkariko kolaboratzaile izana zenez, hainbat poema zituen bertan argitaratuta, bai eta Oi, hondarrezko emakaitz (1999) poema surrealista ere; hemen azpimarragarria da oso bere poetika: badu zer esan, eta badaki nola esan. Meaberen bigarren liburuak interes handia piztu du kritikarien artean, lirismoa, erotismoa eta sentsualitatea uztartzen baititu. Haren kasua ez da Canorena edo Uriberena bezalakoa, literaturan hartu duen lekua ez baitator babestua hedabideetan agertu edota ikuskizun eta emanaldietan aritu izanagatik. Rikardo Arregiren kasuaren antzekoa da berea, eta kritika espezializatuak haren antzera goraipatu du. Denboraren inguruko gogoeta modukoa da Azalaren kodea, azalean itsatsi nahi da bizitakoaren oroitzapena, bai baitaki denbora oso arin doala; izan ere, azala da komunikazio sentsorialaren giza organoa. Azalaren kodea deskodetu nahi du Meabek, eta behin eta berriz jotzen du ez-hitzezko gainerako kode komunikatiboetara. Egunerokotasunaren inguruko erreferentziak dira nagusi bere poesian; balorazio ikuspegi batetik, ez ironiatik. Estiloa apala eta zuzena da, hunkigarria eta aberatsa, eta konszientea, solidarioa eta bihurria, aldi berean.

Hona hemen literatur sariei edo lehen lanei esker urte horietan nabarmendutako beste hainbat idazle interesgarri: Igor Estankona (Artea, 1977), Anemometroa (1998), Tundra (2002) eta Ehiza eta nekea (2004); Mikel Ibarguren (Zestoa, 1967), Hemen gauak lau ertz ditu (1996) eta Deserriko karrikak (2002); Urtzi Urrutikoetxea (Bilbo, 1977), Borroka galduetatik gatoz (1997), Utzidazu karmina kentzen (2000); Paddy Rekalde (Deustu, 1964), Bilbo dub kronika (2004); Isabel Diaz (Laudio, 1966), Ontzi iluna (1999); Pello Otxoteko (Irun, 1970), Itzalaren ñabarduretan (2001) eta Arnasa galduaren poema (2003), besteak beste; Sonia Gonzalez (Barakaldo, 1973), Sagarroiak (2002); Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974), Arrakalak (2004); Castillo Suarez (Altsasu, 1976), Mugarri estaliak (2000), Spam poemak (2004); Jon Benito (Zarautz, 1981), Aingurak erreketan (2001) eta Anjel Erro (Burlata, 1978), Eta harkadian ni (2002) eta Gorputzeko humoreak (2005).


Bibliografia

ALDEKOA, Iñaki (1993) Antología de la poesía vasca, Visor, Madrid.

ALDEKOA, Iñaki (2004) Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia.

ALDEKOA, Iñaki (1992) Antzara eta Ispilua, Erein, Donostia, 60-70.

ALDEKOA, Iñaki (1993) Zirkuluaren hutsmina, Alberdania, Irun, 121-127.

ALDEKOA, Iñaki (1993) "La poesía de Jon Mirande" in Ilhun-Argiak, EHU, 8-17.

APALATEGI, Ur (1999) "Un aspect de l'oeuvre de Bernardo Atxaga: la verité sort de la bouche des enfant" in Atxaga Baionan, Hiria-Egan.

APALATEGI, Ur (2000) La naissance de l'écrivain basque. L'évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga, Paris, L'Harmattan, 2000.

APALATEGI, Ur (2005) (ed.) Belaunaldi literarioak auzitan, Utriusque Vasconiae, Donostia.

ARKOTXA, Aurelia (1983) "Xabier Lete. Un poète sous le franquisme. Une conception de la finalité du langage poétique" in Pierre Lafitte-ri omenaldia. Euskaltzaindia, Bilbo, 155-173.

ARKOTXA, Aurelia. (1993) "Imaginaire et poésie dans Maldan Behera de Gabriel Aresti", ASJU, Donostia.

ASCUNCE, Jose Angel (1986) "Profetismo bíblico en la poesía social" in Letras de Deusto, 71-89.

ATIENZA, Javier (1979) Gabriel Aresti. Maldan behera. Harri eta herri, Madrid, Cátedra.

ATXAGA, Bernardo (1982) "Atxagarekin hizketan" in Susa, apirila.

ATXAGA, Bernardo (1986) "Poética" in "El estado de las poesías". Cuadernos del Norte 2, Oviedo, 148-150.

ATXAGA, Bernardo (1998) Groenlandiako lezioa, Donostia, Erein.

AULESTIA, Gorka (1995-99) "Un siglo de literatura vasca (I, II, III, IV)" in Sancho el Sabio: revista de cultura e investgación vasca, 5., 6., 7. 9. eta 10.

AULESTIA, Gorka (1991) "S. Mitxelena eta B. Gandiaga Arantzazuko", Muga, 79 z., 45-59.

AZKORBEBEITIA, A. (1997), "Bernardo Atxagaren testuetara hurbilpen bat Harrera Teoriaren eskutik", ASJU, XXIX-2, 1995, 455-498.

AZKORBEBEITIA, A. (1999), "Hamaika hitz Bernardo Atxagaren unibertso metaforikoaz, eta bat gehiago" in AA.VV. Atxaga Baionan, Donostia, Hiriak-Egan, 119-151.

AZKORBEBEITIA, Aizpea (1996) "Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiaren metaforetan barrena bidaiatuz", Uztaro 17, 109-149.

AZURMENDI, Jose (1978) Mirande eta kristautasuna, CAP, Donostia.

EGAÑA, Ibon (2004) "Turnet y Basquiat en la escalera de incendios" in Dardaren interpretazioa / Interpretación de los templores, Atenea, Madrid.

EGAÑA, Ibon (2005) "Poetak lubakietan. Periferiatik erdigunerantz" in Belaunaldi literarioak auzitan, Utrisuque Vasconiae, Donostia, 149-166.

ELIOT, Thomas Stearns (1978) Poesías reunidas 1909-1962, Alianza Tres, Madrid. Introducción de J.M. Valverde.

ETXEBERRIA, Igone (2000) "Escritoras vascas en el primer tercio del siglo XX" in Breve historia feminista de la literatura española, Anthropos, Barcelona, 385-398.

GABILONDO, Joseba (1993) "Kanonaren sorrera egungo euskal literaturan. Etiopiaz", Egan, XLV, 33-65.

GANDIAGA, Bitoriano (1991) "Nire obraz", Hegats, IV, 207-218.

GIL BERA, Eduardo (1993) "Claroscuros" eta "Euskal Hitzaurrea" in Ilhun-Argiak, EHU, 19-25.

ITURBIDE, Amaia (1991) "Adjektibazioa Bitoriano Gandiagaren Elorrin", Jakin, 1991, 67,119-132.

ITURBIDE, Amaia (2000) B. Gandiaga, J. A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesía tradizionalaren bidetik, Erein, Donostia.

ITURBIDE, Amaia (2000) "Aproximación a algunas poetas vascas contemporaneas" in Breve historia feminista de la literatura española, Anthropos, Barcelona, 370-384.

IZAGIRRE (2000-2005) "Poesía kaierak poesia antologien sarrerak" in www.susa-literatura.com

JUARISTI, Jon (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid.

KORTAZAR, Jon (1989): "Joven poesía vasca. Un acercamiento" in Congreso de Literatura, Castalia, Madrid 1989.

KORTAZAR, Jon (1992) Literatura vasca del siglo XX, Prames, Zaragoza.

KORTAZAR, Jon (1997) Luma eta lurra, Bilbo, Labayru.

KORTAZAR, Jon (2000) Euskal literaturaren historia txikia, Erein, Donostia.

KORTAZAR, Jon (2001) Oroimenaren eszenatokiak, Labayru, Bilbo.

KORTAZAR, Jon (1989) Laberintoaren oroimena, Baroja, Donostia.

KORTAZAR, Jon (1995) Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza, Labayru, Bilbo. 63-86.

LANDA, Josu (1983) Gerraondoko poesíaren historia, Elkar, Donostia.

LANDA, Josu (1989) "Balizko errotei irina sortarazi nahian", Argia, 1989-11-05.

LANTZ, Juan Jose (1990) "La poesía de Bernardo Atxaga. Poemas & Híbridos", Insula 526, 29-30.

LASA, Mikel (1974) "Hitzaurrea" in Hiru gizon bakarka, Gero, Bilbo, 7-12.

LEKUONA, Juan Mari (1977) "Sarrera modura" in Uda batez Madrilen, Jakin, Oiñati, 15-29.

LEKUONA, Juan Mari (1996) "Neure poetikari buruz" in Ibilaldia, EHU, Donostia, 11-57.

LETE, Xabier (1974) "Hiru gizon bakarka" in Zeruko Argia, 1974-III-31, 7.

LETE, Xabier (1976) "Jon Miranderen poemak" in Zeruko Argia, 23-30.

LETE, Xabier (2000) "Xabier Lete elkarrizketan", Pagoa, Oiartzun.

MARKULETA, Gerardo (1990) "Sarrionandiaren samurra zertan den" in Diario Vasco, Zabalik, 28-II-90.

MICHELENA, Luis (1960) Historia de la literatura vasca, Minotauro. Madrid.

MICHELENA, Luis (1972) Mitxelenaren idazlan hautatuak, Etor, Bilbo.

MIELGO, Roberto (1996) "Bitoriano Gandiaga o la intensidad del silencio", Zurgai, 14-17.

MIELGO, Roberto (1998) "Mimodramak eta ikonoak" in Egan, 3/4.

NUÑEZ BETELU, Maite (2001) Género y construcción nacional en las escritoras vascas, aipatua: OLAZIREGI, Mª Jose (2002) Euskal eleberriaren historia (2002) Amorebieta-Etxanoko Udala.

OTAEGI, Juan (1999) Adjektiboa Euskal Literaturan (tesia, 1994), UD/DU, Bilbo.

OTAEGI, Lourdes (1988) Xabier Lizardiren kazetari-lanak, Erein, Donostia.

OTAEGI, Lourdes (1994) Xabier Lizardiren poetika, Pizkundearen ingurumariaren argitan, Erein, Donostia.

OTAEGI, Lourdes (1999) Bernardo Atxaga. Egilearen hitza, Labayru, Bilbo.

OTAEGI, Lourdes (2000) Joseba Sarrionandia. Marinel zaharraren kantua, Labayru, Bilbo.

SARASOLA, Ibon (1976a) Historia social de la literatura vasca, Akal, Madrid.

SARASOLA, Ibon (1976b) "Hitzaurrea" in Gabriel Aresti: Idazlan guztiak, Kriseilu, Donostia, 13-100.

SARRIONANDIA, Joseba (1985) "Malenkonia eta Jon Mirande" in Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, Iruñea, 174-178.

SARRIONANDIA, Joseba (1988) "Jon Mirande, poeta intelektuala" in Literatur Gazeta, 8., 2.

URIA, Iñaki & ZUBIRIA, Pello (1985) "Elkarrizketa Gandiagarekin, esperantza urratu nahi eta ezinean", Argia, 1985-II-24, 25-28.

URKIZU, Patri (1997) (ed.) Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma (1951-1897), Eusko Ikaskuntza-Euskaltzaindia, Donostia.

URKIZU, Patri (2000) (dir.) Historia de la literatura vasca, UNED, Madrid.

ZALDUA, Iban (2005) (ed.) Poetikak & Poemak, Erein, Donostia.

ZALDUA, Iban (2005) "Sandwich-aren sindromea edo Tropela delakoa azaltzeko ahalegin bat" in Belaunaldi literarioak auzitan, Utriusque Vasconiae, Donostia, 91-118.




© Argazkia: Zaldi Ero