Euskal literatur sistema
Mari Jose Olaziregi ©
(in Euskal eleberriaren historia, Labayru-Amorebieta Etxanoko Udala, 2001, 13-25)
Jakina denez, 1970eko hamarkadan, joera pragmatikoko norabide berriak sortu ziren literatur ikerketaren eremuan. Literatur testuaren erabateko gailentasuna baztertu eta sistema kontzeptua darabilte joera teoriko eta kritiko hauek. Azken batean, literatura komunikazio-bide eta gizarte-instituzio gisara ikusten dute ikerlariok eta teoria sistemikoak deritzoten hauetan, oinarri teoriko desberdinak dituzten ekarriak barneratu izan ohi dira. Hortxe geneuzkake, esaterako, I. Lotmanen kulturaren semiotika, P. Bourdieu soziologoaren champ littéraire kontzeptua, J. Dubois-ek instituzio literarioen inguruan esandakoak eta, bereziki, Alemanian sorturiko literaturaren teoria enpirikoa (Empirische Literaturwissenschaft), Siegfried J. Schmidt-ek bultzatua, eta polisistemen teoria (Polysystem Theory), besteren artean, Tel Aviveko Unibertsitateko Itamar Even-Zohar-ek garatua.
Ekarri guztion ondorioz, sistema soziokultural gisara definitzen da literatura eta literatur komunikazioan elkarri eragiten dioten aldagaiak aztertzen dira. D. Villanuevak dioskunez (Villanueva, D., 1999: 3), sistema hitza Claudio Guillenek erabili zuen lehenengoz 1971n, eta, gerora, teoria enpirikoak eta polisistemen teoriak erabiltzen duten terminologiarekin bat etorri da. Esan beharrik ez dago, azken hauek, hots, teoria enpirikoak eta polisistemen teoriak, euren izaera zientifikoa defendatzen dutela eta behin eta berriro azpimarratzen dituztela beren hurbilpenetan dauden oinarri epistemologiko eta metodologikoak. Sistema nozioak, beraz, literatur jarduera funtzionalki definitzea eskatzen du eta bertan parte hartzen duten protagonistek elkarren artean dituzten harremanak zehaztea. Enpirikoentzat testuak ez du berez inongo adierarik, irakurketaren eta bertan parte hartzen duten kognizio-eragiketen bidez lortzen baitu adiera hori. Modu honetan ulertuta, literatur sistema bateko kideek ematen diote testu bati bere adiera. Ikus daitekeenez, ez da zaila baieztapen eta helburu guztiotan mende hasieran zientziaren teoriaren esparruan, K. Popper, I. Lakatos eta bestek egindako ekarriak antzematea eta enpirismoak beti subjektibitate-artekotasuna adierazten duela ohartzea.
Esandakoari jarraituz, euskal sistema literarioaz mintzo garenean, teoria enpirikoaren jarraitzaileek zehaztutakoaren ildotik (ik. Schmidt: 1990), euskal literatur testuen produkzioa, bitartekaritza, harrera eta birsorkuntza barneratzen dituen egituraz mintzo garela zehaztu beharko genuke. Egitura horretan, azken atalean sartuko lirateke kritikak egin ditzakeen ekarriak, birsotze terminoarekin hauxe baita adierazi nahi duguna: testu literarioen gainean egiten den irakurketa sortzailea. Bigarren uneko sorkuntza hau, kritika, interpretazio, iruzkin, parodia, laburpen, egokitzapen, parafrasi edo film moduan gauza daiteke. Eta sistema bat dela diogu, elementuok guztiok elkarren artean lotuta daudelako eta elkarri eragiten diotelako: ekoizleak (idazleak) obra sortzen du; bitartekariak produktu hori hartzaileen eskuetan jartzen du, bereziki, irakurleen eskuetan. Azkenik, birsortzaile dei diezaiokegunari dagokio obrari buruzko bigarren produktua (kritika, iruzkin?) egitea. Euskal eleberriaren bilakaera historikoaren aurkezpena egin baino lehen, gure literatur sistema deskribatzen ahaleginduko gara. Prozedura honekin, poetika eta ekarri bakoitzaren azalpena jatorri dituzten baldintza sozio-historikoen argitan egitea dugu helburu. Edonola ere, esan beharrik ez dago atal honetan egungo literatur sistema soilik izango dugula hizpide eta, hori horrela izanik, denboran hurbilekoak zaizkigun testuak ulertzeko bakarrik suertatuko zaigula argigarri. Has gaitezen, beraz, oso gainetik bada ere, euskal sistema literarioa zehazten eta kritikak bertan lukeen garrantziaz gogoeta egiten.
Produkzioaren alderdiari bagagozkio, jakina da, aro demokratikoa deitu izan zaion honen hasieran, eta Hegoaldeari dagokionez behintzat, erakundeen diru-laguntzei nahiz lege berriei esker, euskal liburugintzaren baldintzak hobeagotu egin zirela. 1950eko hamarkadan, euskarazko literatura jarduera autonomo gisara instituzionalizatu bazen euskal gizartean (ik. Lasagabaster, J.M.:1984), 1980ko hamarkadan eman ziren garapen literarioa bermatzeko baldintza soziohistoriko egokiak. Argitaletxeak ugaldu(1), sorkuntza literariorako diru-laguntzak plazaratu eta sariketak bultzatu ziren eta euskal literaturaren mundua giro zurrunbilotsuan sartu zen. Ustela edo Pott aldizkarien ildoari jarraituz, berrikuntza poetikoaren aldarria literaturaren autonomiaren aldarri bilakatu zen Pott -ekoen testuetan. Abangoardia kontzeptuari hertsiki lotuta dagoen literaturaren autonomiaren aldeko jarrera honetan(2), sorkuntza literarioarekiko konpromisoak adierazpide desberdinen ikerketa eragingo dio sortzaileari.
Euskal liburugintzaren inguruko kopuruak guztiz dira adierazkorrak: 1876-1975 bitartean, urtean 31,5 liburu argitaratzen bazen, 1976-1994 bitartean, kopuru hori 659,2 liburura igo zen. Horretaz gain, 1999an(3), 1.523 liburu argitaratu zirela ikus dezakegu, eta, Unesco-ren sailkapenari jarraituz, % 13,1 literatur liburua zen, % 23 haur eta gazte literatura eta % 33,8 irakaskuntza-liburua. Guztiz aipagarria da literatur liburuen ehunekoa jaitsiz joan dela azken urte hauetan eta inguruko hizkuntzetako liburugintzan duen ehunekora berdindu duela. Alabaina, aldatu ez dena narratibak duen gailentasuna izan da. 1976-1994 epeko liburugintzari begiratuz, % 48,5 zen narratiba-liburua; % 20,2 poesia-liburua; % 9,7 herri literatura; % 9,1 antzerki-liburua eta % 4 historia/kritika-liburua. Narratibaren bilakaerari dagokionez, aipagarria da 1980ko hamarkadatik aurrera ipuingintzak lortu duen maila eta aberastasuna, edo 1990eko hamarkadan eleberrigintzak berriro ere izan duen igoera. Horrekin batera, nabarmentzekoa da narratibaren eta poesiaren produkzio aldea 1980ko hamarkadak aurrera egin ahala sendotuz joan zela, izan ere, 1970eko hamarkadaren erdialdera bi generoen produkzio-ehunekoak antzekoak baitziren. Torrealdairen arabera (1997:332), 1985ean iritsi zuen poesiak 1976-1994 epeko gailurra. Poesia argitalpenaren jaitsieraren oinarrian merkatu urritasunak dakartzan arazoak dakuskite argitaratzaileek (ibid. Torrealdai: 1997).
1999ko datuetara itzuliz, literaturan argitaratzen denaren % 59,3 narrazio testuek osatzen dute, % 11 poesiako lanek eta % 7 antzerki-lanek. Literatur kritikari dagokionez, ezin azken urteetako datu zehatzik eman, daukagun azken datua 1976-1994 epeari dagokiona baita. Urte horietan, literaturan argitaratzen zen % 4 zegokion kritikari. Handik aurrerako ehunekoei dagokienez, Torrealdairen estatistiketan, 1995etik aurrera, "Literaturaren Historia eta Kritika" atala desagertu egin denez (atal horren ordez, "Saioa", "Generoak nahasian" edo "Besterik" izenburuekin adierazitako atalak datoz)(4), ezin datu zehatzagorik eman. Ez dakigu aldaketa horiekin zer iradoki nahi den. Sailkapen irizpide hutsa bada, harrigarria ere bada Torrealdairen datuetan kritikari zegokion atala desagertu izana, inguruko literaturetan "Teoria eta Kritika" atalak beti izan baitu bere lekua(5).
Esandakoaz gain, Euskadiko Editoreen Elkartearen arabera (1999), gaur egun EAEn 100 argitaletxe daude eta horietatik % 35 1990az geroztik sortutakoa da. Gehienetan, argitaletxe txikiez mintzo gara, batez beste, 4 langile dituztenak eta azpiegitura nahiko mugatuekin moldatzen direnak. Horretaz gainera, aipagarria da argitaratzen denaren ia erdia liburu dendetan saltzen dela eta beste zenbait lekutan oso hedatuta dauden salmenta-moduak (hipermerkatuak, internet, etxez-etxeko salmenta?) azken urteotan hasi direla sartzen gurean. Aipatutako argitaletxeen erdiak arazoak ditu bizirik irauteko, eta horrek esplikatuko luke, segur aski, azken urteotan promoziora bideratutako aurrekontuak murriztu izana.
Produkzioaren atala osatzeko, idazleei dagozkien xehetasunak aipatu beharko genituzke. J.M. Torrealdaik bere Euskal Kultura Gaur (1997) liburuan dioenari jarraituz, gaur egun 300 euskal idazle inguru daude eta euren ezaugarri soziologikoak honela deskribatuko genituzke: % 90 gizonezkoak dira eta % 10,6 bakarrik emakumezko(6). Adinari dagokionez, batez beste, 49 urte dituzte idazleok (%70 30-50 urte bitartean dabil) eta horren ondorioz, argi ikusten da gaur egun argitaratzen duten idazleen artean belaunaldi desberdinetako egileak kausi ditzakegula. Hortxe dauzkagu, adibidez, 1920-1930 hamarkadetan jaiotako idazleak (Txillardegi...) edo 64ko belaunaldia deitu izan zaion horretan sartuko liratekeen Saizarbitoria, Lertxundi, Urkizu eta Urretabizkaia, besteak beste, edo autonomia literarioaren belaunaldia deritzona, alegia, 1950 ostean jaio ziren egileek osatzen dutena: Atxaga, Iturralde, Sarrionandia, E. Jimenez, L. Mintegi, Oñederra eta beste; edo 1960ko hamarkadan jaiotakoak eta 1980koan argitaratzen hasi ziren Aristi, Zabala, Mendiguren Elizegi, Epaltza, Borda, Mujika Iraola eta abar. Aipatutako egileoi guztioi 1990eko hamarkadan argitaratzen hasi diren euskal egile gazteak gehitu beharko genizkieke, hala nola, H. Cano, I. Rozas, U. Apalategi edo U. Iturriaga. Egileen % 60k unibertsitate-ikasketak ditu eginak eta % 6 bakarrik bizi da literaturatik. Esan beharra dago, gainera, egungo euskal idazle gehienak irakasleak ere badirela.
Torrealdairen datuetara itzulita, argi dago euskal emakume idazleen kopurua inguruko literaturetakoa baino txikiagoa dela, gaztelaniazko literaturan idazleen % 14 baitzen emakumezko 1988an, eta frantsesezkoan % 18 baita egun. Horretaz gain, euskal emakume idazleen soslaiari begiratuz gero, honako ezaugarriok nabarmendu beharko lirateke:
- Orokorrean, emakume idazleak gizonezkoak baino gazteagoak dira (emakume idazleen % 58,8k 40 urte baino gutxiago ditu).
- Ia erdiak (% 47) irakaskuntzan egiten du lan (gizonezkoen kasuan, berriz, % 37 dira irakasle).
- Emakume ezkongabe gehiago dago (% 41) ezkonduak baino (gizonezkoen kasuan, ezkongabeak % 20, 9 dira).
- Emakume idazleen lan gutxiago itzuli dira gizonezkoenak baino (emakumeen % 94k ez du itzulitako lanik).
Alabaina, Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura (Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2000) liburuan nioenari jarraituz, ahanzte kritiko nabarmen baten aurrean gauden susmoa dugu. Alegia, L. White-k bere 1996ko doktorego-tesian frogatu zuen modura(7), guztiz eztabaidagarriak dira euskal literaturaren historietan erabili ohi diren emakumezko idazleen kopuruak. Bere ustetan, gehienetan irizpide desberdinak erabili ohi dira idazle emakumezkoa edo gizonezkoa literatur historietan sartzeko garaian. Lan bakarra edo itzulpena argitaratu izana ez da aski izaten emakumezko bat idazle gisa hartzeko, eta bestela gertatzen da gizonezkoen kasuan. Nevadako Unibertsitateko White irakaslearen aburuz, 1936 ostean argitaratu duten euskal emakumezko idazleen kopurua 79koa-edo izango litzateke eta, beraz, kopuru hori urrun dago literatura-historietan adierazi ohi denetik. B. Muruagak (1998) esandakoari jarraituz(8), euskal literaturaren androzentrismoa guztiz da nabarmena. Gizonezkoa da azterketaren gune eta zentroa eta horrek eragin zuzena du eskaini ohi diren emaitzetan. Whiteren ikerketaren ondorioei kasu eginez gero, 1980 bitarteko emakume idazleen ehunekoa, % 2 ez, baizik % 32 litzateke; literatoena, berriz, % 3 ordez, % 27. Honetaz gain, bada beste datu aipagarri bat: gerra aurreko emakumezko idazle gehienek aldizkarietan argitaratzen bazuten eta ogibidez andereño ziren obra bakarreko egileak baziren, gerra ostean aldatu egiten dela emakumezkoen idazle soslaia eta hainbat ogibidetako egileez osatua dela.
Edonola ere, argi dago beharrezkoa litzaigukeela arazo honen inguruko azterketa sakonagoa egitea. Gure ustez, euskal idazle emakumezkoen inguruko datu kuantitatibo gaurkotuek asko lagunduko ligukete gaur egun gurean oso hedatuta dauden topiko asko apurtzen. Hauen artean, segur aski, "emakumezkoen literaturaren boomaz" mintzo diren baieztapenak izango genituzke aipagarrienetakoak. Benetan duda egiten dugu azken urteotan emakumezkoek idatzitako lanen kopuruak nabarmen egin duenik gora. Beste informazio-iturririk ezean (guk dakigula, egileen sexuaren araberako produkzio-estatistikarik ez baitago gurean), Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak 1995az geroztik Egan aldizkarian kaleratzen dituen zerrendak begiratu ditugu:
| emakum./guztira | 1995 | 1996 | 1997 | 1998 | 1999 | 2000 |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Eleberria | 0/16 | 2/21 | 0/9 | 2/15 | 1/13 | 1/18 |
| Ipuina | 2/19 | 0/20 | 0/10 | 5/11 | 1/15 | 7/24 |
| Olerkia | 2/10 | 2/13 | 0/11 | 2/13 | 3/10 | 7/11 |
| Antzerkia | 0/1 | 1/3 | 0/5 | 0/3 | 0/9 | 0/10 |
| Saiakerak... | 3/23 | 1/25 | 5/51 | 10/57 | 23/78 | 7/83 |
| HGL | 3/25 | 12/33 | 5/42 | 5/59 | 5/69 | 24/149 |
| Guztira | 10/94 (% 10,6) | 18/115 (% 15,65) | 10/128 (% 7,81) | 24/158 (% 15,18) | 33/194 (% 17,1) | 46/295 (% 15,59) |
1995etik 2000 arteko zerrendak aztertu ondoren, argi ikusi dugu argitara emandako euskal literatur liburuen % 15 inguru dela emakumezkoek idatzia. Eleberriari dagokionez, I. Borda (2), Y. Arrieta, A. Urretabizkaia, L. Oñederra eta I. Rozas ditugu 1995-2000 artean eleberriak kaleratu dituztenak; guztira, 5 emakume idazle. Esan beharrik ez dago, kopuruok urruti daudela Alicia Redondo Goicoecheak 1998an kaleratutako emaitzetatik. Ikertzaile honen arabera, 1970-2000 artean argitara eman diren Espainiako nobelen egileen artean 174 emakumezko dira(9).
Beraz, igoera kuantitatibo baten aurrean baino gehiago, presentzia nabarmenago baten aurrean gaudela zehaztu beharko genuke. Gezurra badirudi ere, aldeak alde, antzeko zerbait gertatu zen 1960ko hamarkadan gaztelaniazko literaturan izan zuten boom ospetsuarekin, hots, egile hegoamerikarrak protagonista izan zituenarekin. Jakina denez, García Márquez, Cortázar edo Vargas Llosa-ren testuen zabalkundean izugarrizko garrantzia izan zuten Barral eta beste zenbait argitaratzailek. Kritikari batek baino gehiagok aitortu duen moduan (J. Saval-ek, kasu(10)), ordu arte bazter literatura izan ziren idazle hegoamerikarren lanak gaztelaniazko literatura kanoniko izatera iritsi ziren urte horietan. Hau da, ordura artean espainiar idazleen lanek izandako leku hegemonikoa hasi zen iraultzen urte horietan. Euskal literaturari dagokionez, azterketa sakonegirik egin gabe ere, badira zenbait adierazle antzeko emaitzetara iristen lagun diezaguketenak. Azken batean, ildo horretatik doa 2000. urteko Euskadi Sarien irabazleen artean emakumezkoek izan zuten protagonismoa(11). Euskal emakumezko idazle batek inoiz eduki duen presentzia mediatiko handiena (ik. Osoro-ren Tentazioak) edo kritikak egindako harrera hoberena (ik. L. Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion) iritsi ziren orduan, eta, datuok, igoera kuantitatiboa baino gehiago, igoera kualitatiboa adierazten dute. Alegia, idazleok kaleratutako lanak kritikarien arreta, onespena lortuz doazen neurrian (Miren Agur Meaberen poema-liburuak 2001ean erdietsitako Kritika Saria ere hortxe dugu), euren izaera marjinala ere gaindituz doazela esango genuke. Azken batean, "euskal emakumezkoen boomaz" mintzo garenean, orain artean erdietsi gabeko oihartzuna da adierazi nahi duguna(12). Beraz, gai honi buruzko ikerketa kuantitatibo sakonagoen beharra berriro ere aitortu arren, euskal emakumezko idazleen izaera marjinala gainditzeko bidean urratsak egiten ari direla nabarmendu nahi genuke.
Lehen esan dugun moduan, 1980ko hamarkadan nabarmen sendotu eta ugaldu zen euskal liburugintza. Igoera honen arrazoiak hobeki azaltzeko garaian, euskarazko liburugintzari eman zitzaizkion diru-laguntza berriez gain, literatur sorkuntzari berari ematen hasi zitzaizkionak hartu beharko genituzke kontuan. Kultura Sailak 1984-1991 bitartean eskainitako diru-laguntzak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak 1983tik gaurdaino sorkuntzari ematen dizkionak aztertuz gero, errazago ulertuko dugu idazle-kopuruak azken hamarkadetan izan duen igoera. Aipatutako diru-laguntza horiekin batera, gogora ekar ditzagun azken hamarkadetan sendotuz joan diren hainbat egitasmo. Hala nola, gaztetxoentzat antolatzen den Urruzuno Literatur Lehiaketa, aurten, 2001ean, 15 urte bete dituena eta urtero 14-18 urteko gazteek egindako 350-550 lan jasotzen dituena. Urruzunotarrak izan dira, esaterako, Lubaki Banda (1993-1995) osatu zuten kide asko (Cano, Berasaluze?). Bestalde, azken urteotan, erakundeek sorkuntza literarioari emandako diru-laguntzak desagertzen joan diren heinean, ekimen pribatu interesgarriak ere agertu dira. Hortxe dauzkagu, esate baterako, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak ematen dituen Joseba Jaka Literatur Bekak (1998-), edo duela urte parea Beasaingo Udalak sortu zuen Igartza Saria (Literatur Sorkuntza Beka Idazle berrientzat), urte batzuk lehenago Iruñeko Udalak idazle hasiberrientzat sortutakoaren antzekoa. Dudarik ez dago aipatutako diru-laguntzok eta Euskal Herri osoan oraindik indarrean dauden lehiaketa ugariek idazleen profesionalizaziorako oraindik dauden zailtasunak leuntzen laguntzen dutela.
Eta idazleez mintzo garenez, gogora dezagun 1980ko hamarkadan sortu zirela sortzaileen eskubideak defendatzeko beharrezkoak ziren elkarteak, hala nola, Euskal Idazleen Elkartea-EIE (13) (1982) edo Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea-EIZIE. Gaurtik begiratuta, euskal itzultzaileek funtsezko ekarria egin dute, zalantzarik gabe, hizkuntza literarioa sendotzeko eta aberasteko. Euskal irakurleen literatur horizontearen aberasgarri, gaur egun, Lermontov, Woolf, Joyce, Stevenson edo Carlo Levi euskaraz irakurtzea gomendagarria ez ezik, plazerra ere bada. Edozein modutan, nabarmentzekoa da euskarara itzulitako ondare unibertsal honek ez duela, oraingoz, Manu Lopez-ek aurkeztu berri duen doktorego-tesitik kanpo(14), euskal kritikaren arretarik merezi izan. Even-Zohar-ek darabilen kontzeptuaz baliatuz, itzulpenek, haur eta gazte literaturak, edo emakumezkoek idatzitako literaturak, gune marjinala du oraindik -periferikoa esango lukete teoria sistemikoen defendatzaileek- euskal literatur sistema garaikidean. Edonola ere, eta gai honi berriro ere helduko diogulako, jarrai dezagun euskal literatur sistemaren deskribapen laburra egiten.
Harreraren alderdiari heldu nahiko genioke jarraian, gure literatur sistemaren barruan ahulenetakoa datekeen alderdiari. Azken urteotan euskal liburugintzak izan duen igoera eta tiradak ugaldu izanak euskaraz inoiz baino gehiago irakurtzen dela iradoki nahi badigu ere, guztiok dakigu euskal irakurleen soslai soziologikoa ezezaguna zaigula oraindik. Ikerketa soziologiko zabal eta gaurkotu baten faltan, euskal irakurleen inguruan egin diren azterketek egoeraren diagnosi partziala egiten lagun diezagukete, eta hementxe sartuko genituzke, esaterako, nire doktorego-tesian egin nituen azterketa soziologikoak, 2.700 euskal hiztun gazte elebidun aztertzen zituztenak (ik. Euskal gazteen irakurzaletasuna. Azterketa soziologikoa. Bergarako Udala, 1998) edo Siadeko-k Egunkaria-rentzat 1996an egin zuen ikerketa. Horiekin batera, 1999an Euskadiko Editoreen Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesaz 1999an burutu zuena aipatu beharko genuke. Ez da lekua eta momentua ikerketa horien ondorioak komentatzekoa, baina badira hiru datu, gutxienez, guztiz nabarmentzekoak direnak. Batetik, euskarazko irakurzaletasuna jaitsi egiten dela adinarekin eta irakurzaletasun horrek irakaskuntza zirkuituarekin harreman hertsiegia duela. Bestetik, 20 eta 39 urte bitarteko euskal hiztun alfabetatueen artean irakurtzeko zaletasuna oso mugatua dela (% 36k ez du liburu bakar bat ere irakurtzen urtean). Bi emaitza horiei Euskadiko Editoreen Elkartearen inkestaren ondorioetako bat gehitu beharko genieke: inkesta egin zitzaienen hamarretik zazpik gaztelaniaz irakurtzen zuela (lagina: 907 elkarrizketa).
Ikusten dugunez, Elebitasun Dekretuaren ostean Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan 100.000 euskal hiztun gehiago garela jakina bada ere, askotan aipatu izan da uste genuen baino irakurle gutxiago erakarri ditugula. Alegia, euskaraz ikasi duten gazte asko ez direla benetan irakurketarekin zaletu eta euskal literaturaren merkatua irakaskuntzarekin lotuegia dela oraindik(15).
Euskal sistema literarioaren eskema laburregi hau nolabait osatzeko, bitartekariez ere hitz egin beharko genuke. Gauza jakina da azken hamarkada hauetan bitartekarien garrantzi eta eraginkortasun komertziala izugarri eraldatu eta merkatuaren legeetara makurtu dela. Ikuskizunaren kultura deborgiar honetan, erresonantzia kutxarik gabe, nekez egingo du literatur lan batek aurrera, nahiz eta bere kalitate eta ekarriak agerikoak izan. Beste era batera esateko, merkatuak agintzen du, gehienetan helburu ez oso literarioz diharduen merkatuak.
Puntu honetan, aipagarria da bitartekarien artean irudi berria sortu zaigula azkenaldian gurean: agente literarioa deritzona. Dirudienez, lehenengo euskal agentzia 1995ean sortu zen Hego Euskal Herrian (Ikeder). Hala ere, jakina da idazle gutxi baliatzen direla agenteez euskal munduan eta oraindik ez dagoela hedatuegia pertsonaia horren beharra gure sortzaileen artean. Agente literarioaz gain, literatur lanen promozioa eragin dezaketen beste elementu batzuez ere mintzatu beharko ginateke, hala nola, 1980ko hamarkadaz geroztik gurean gutxituz joan diren literatur sariez. Zenbait literatur sarik idazleen promoziorako duda ezinezko garrantzia duela ahaztu gabe (Atxagaren kasua paradigmatikoa dugu honi dagokionez), gaur egungo euskal literaturaren merkatuan sari bat irabazteak baino garrantzi edo eraginkortasun handiagoa izan dezake komunikabideetan etengabe iragarritako lan batek(16). Honen ondorioz, ez da inondik ere harritzekoa literatura enpirikoaren jarraitzaileen artean literaturaren merkatuan komunikabideek duten garrantzia neurtzera bideratutako ahaleginek azkenaldian lehentasuna hartu izana(17).
Bitartekaritzat har genitzake, halaber, hainbat erakunde publiko nahiz pribatu, liburuaren promoziorako diru-laguntzak ematen dituztenak. Aurrerago aipatuko den moduan, Euskal Herriari dagokionez, hortxe geneuzkake Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Foru Aldundiek, hainbat erakundek (Euskal Kultur Erakundea ...) euskarazko liburuaren sustapenera bideratu dituzten diru-laguntzak (liburutegietarako aleak erosiz, liburu azoketan euren presentzia ziurtatuz, katalogoen edizioa bultzatuz...). Horiez gain, bitartekarien atal honetan ezin utzi aipatu gabe euskal liburugintzan Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak betetzen duen lekua. Azken urteotan azokaren helburu, antolaketa, funtzio edo egituraketa bera eztabaidagai izan badira ere (begiratu besterik ez dago komunikabideetan argitara eman diren artikulu, mahainguru, edo iritzi-artikuluak), dudarik ez dago Durangoko Azoka, ezer baino lehen, euskal liburugintzaren erakustoki garrantzizkoena dela oraindik. Urteko nobedade gehienak azokarako aurkezten eta "metatzen" dira eta salmenta-kopuru deigarriak (sinesgarriak?) ezagutarazten. 2.000. urteko azokari dagozkion datuak aztertuz gero, ondorioak guztiz aipagarriak direlakoan gaude (ik. Egunkaria, 2000-12-12): urte horretan, 250.000 bisitari izan zituen azokak eta ia 300 milioikoak izan ziren salmentak. Emaitzak eta bakoirtasuna erlatibizatuz, azokaren inguruko dinamikaren diagnostikoak (benetako salmentak, irakurleen perfil eta ohiturak, nobedadeen iraunkortasuna...) egiteke dirau. Gurean hain beharrezkoa dugun Irakurketaren Planaren zehaztapenak asko lagunduko luke azokaren beraren etorkizuneko erronka eta funtzionamendua zehazten.
Euskal literatur sistemaren deskribapena osatzeko, birsortzaileen ekarriak komentatuko ditugu jarraian, kritikarienak bereziki. Alabaina, euskal kritikaren diagnosiari ekin baino lehen, beharrezko irizten diogu literatur kritikaz mintzo garenean zertaz mintzo garen zehazteari. Horretarako, N. Frye-k El camino crítico. Ensayo sobre el contexto social de la crítica literaria (Madril, Taurus, 1986) liburuan egiten duen oinarrizko bereizketari helduko diogu. N. Frye-ren aburuz, kritika akademikoa eta kritika publikoa sailkapen bikoitzean bil daitezke esparru honetan kaleratzen diren lan gehienak. Lehenengoa, zirkuitu hertsiagora iristen da, eta, gehienetan, paradigma teoriko nahiz metodologiko jakinen arabera bideratutako ikerlanak plazaratzen ditu. Kritika publikoaren arloan sartuko genituzke komunikabideetan eta aldizkarietan, dela dibulgaziokoetan, dela espezializatuagoetan, argitaratzen diren iruzkin, aipamen, elkarrizketa eta abarrak. Kritika publikoa deritzon honek ez du egitura eta metodologia jakin batzuen arabera antolatu beharrik bere jarduna.
Sailkapen bikoitz hori argia eta didaktikoa dela onartuta ere, bistakoa da zailtasun bat baino gehiago eragiten duela kritika-lanak sailkatzeko orduan. Adibidez, komunikabideetako artikulu laburrak kenduta, non sailkatu, esaterako, aldizkarietan kaleratzen diren egile, obra, genero edo garai bati buruzko kritika-lan labur, monografiko edo iruzkinak? Artikulu hauetan ez da, gehienetan, inongo paradigma metodologikoren aipu espliziturik egiten eta gauza jakina da euren harrera-esparrua unibertsitateetako ikasleek osatzen dutena baino zabalagoa dela. Nire aburuz, eta D. Villanuevak eta beste kritikari batzuek egiten dituzten bereizketak kontuan hartuta (ik. El polen de ideas, Bartzelona, PPU, 1991, 163-174), kritika-lanaren beraren xedeak esango luke mota batekoa ala bestekoa den. Horrela, artikuluaren helburua lan baten inguruko argitalpenari dagokion informazioa, dibulgazioa edo promozioa badira, kritika publikoaz mintzo gaitezke. Aldiz, kritika-lan baten oinarrian irakurketa eta azterketa pausatuagoa badago, azterkizun den testua distantzia kritikoz irakurtzen bada lehenengo inpresiotik haratago joanez eta kritika bera arrazoituz, bigarren motako kritika-lan baten aurrean geundeke, N. Fryek "akademikoa" deritzon horren aurrean.
Zehaztapen hauek egin ondoren, euskal kritika-motez arituko gara jarraian. Gai hauxe izango dugu hizpide, hain justu, ondoko lerro hauetan: arestian aipatu diren bi kritika-motek gurean duten lekua eta azken hamarkada honetan indartuz joan diren joerak. Ikusiko dugunez, bi kritika-arloetan eman da bilakaera nabarmena, baina euskal kritikagintzaren statusa bera oraindik ez da gure literatur sisteman behar bezala bermatu. Baieztapen hau egiteko, besteak beste, bi gabezia ekarriko ditugu gogora: batetik, euskal kritikarien elkarterik ezarena (ibid. Kortazar, J.:2000); beste herrialde batzuetan sendotuta dauden Kritika Sariak gurean ez egotearena, bestetik. 1976tik aurrera estatu espainiarreko hizkuntzetako literaturak ere kontuan hartzen dituzten Sari Nazionalek ez dute gurean kritika sari berezirik eragin. Adibide deigarri bat gogora ekarriz, hortxe daukagu, esaterako, Galiziar Kritika Saria, 1978tik aurrera indarrean dagoena.
OHARRAK
(1) J.M. Torrealdai-ren liburu ezagunean lau argitaletxe-belaunaldi bereizten dira 1936ko gerraren ondoren. Hona hemen Torrealdaik eskaintzen digun taula (ik. 1997:560):
| belaunaldia | urteak | argitaratzailea |
|---|---|---|
| lehena | 1936-1967 | % 16,5 |
| bigarrena | 1968-1975 | % 29,0 |
| hirugarrena | 1976-1986 | % 25,5 |
| laugarrena | 1987-1996 | % 29,0 |
Dakusagunez, argitaletxeen gehiengo nabarmena XX. mendearen azken 25 urteetan sortua da. Torrealdairen aburuz, aurreko taulan datozen azken bi belaunaldiekin hasten da euskal edizio modernoaren historia. Hauxe esaten du soziologo ezagunak bere liburuan (1997:560):
[ ... ], 1974 inguruan, hasitako bide berria esanguratsua da: politizazioa ez da hain nabarmena liburuetan, epelduz bezala doa, eta editorialen arteko aspaldiko burrukak isiltzera bide doaz. Honekin batean, saio liburua krisian sartzen da. Argitaletxeek kultur politika hori oinarriagotik hasi nahi dute, behar den lekutik, alegia, kulturaren eta hizkuntzaren moldaketan. Ikastola liburutara, irakurgaitara, hiztegi eta oinarrizko liburutara jotzen da gogotsuago gaur.
(2) ik. Bürger, P., 1987, Teoría de la vanguardia, Península, Bartzelona. Autonomia kontzeptua giltzarri da Bürgerren teorian. Autonomiak askatasuna ematen dio arteari; hau da, literaturaz kanpoko helburuetatik aske uzten du. Baina honek ez du "l'art pour l'art" lelopean estetizismoak bilatu zuen marfilezko dorrera kondenatzen jarduera artistikoa. Eguneroko praxian barneratu nahi du abangoardiak artea, Arte Instituzioaren inplikazio erabatekoa bilatuz artearen beraren buruaskitasuna lortzeko.
(3) ik. Jakin 120, 2000ko iraila-urria.
(4) Hona Jakinen (120 zb.; 1999ko iraila-urria) 1999ko liburugintzari buruz datozen datuak:
"Helduen" Literatura, guztira: 1999an argitara emandakoaren % 13,1:
- Eleberria. Ipuina: %59,3
- Olerkia: % 11
- Antzerkia: % 7
- Herri literatura. Bertsoa: % 6
- Saioak. Poligrafiak: % 9,1
- Generoak nahasian: % 5,5
- Besterik: % 2,1
(5) Espainiako 1998ko liburugintzari dagozkion datuen arabera (ik. Ministerio de Educación y Cultura, Panorámica de la Edición Española de libros, Madril, 1999), urte horretan 60.426 liburu argitaratu baziren, % 18, hau da, 10.875 liburu, literaturakoak izan ziren. "Historia de la Literatura. Teoría y Crítica" atalari dagokionez, guztira, 615 liburu eman ziren argitara, literatura-produkzioaren % 5,6 eta produkzio osoaren % 1,02.
(6) Bestalde, Euskal Idazleen Elkartearen azken datuen arabera, elkarteak dauzkan 247 bazkideetatik, 33 bakarrik dira emakumezko.
(7) White, L., 1996, Emakumezkoen Hitzak Euskaraz. Basque Women Writers of the Twentieth Century, University of Nevada, Reno (argitaragabea).
(8) ik. Muruaga, B., 1998, "Euskal Literatura eta androzentrismoa", Jakin 106, 1998ko maiatza-ekaina, 99-104.
(9) ik. "Pour un catalogue des romancières espagnols en castillan, 1970-2000" in Bussière Perrin, Annie (coord.), 1998, Le roman espagnol actuel. Tendances et perspectives, 1975-2000, Editions du CERS, Montpellier, 1998, I alea. Madrileko Universidad Complutense-n irakasle den Redondo anderearekin izan genuen elkarrizketan jakinarazi zitzaigunez, gaur egun Espainiako egileen artean % 25 inguru da emakumezko.
(10) Lancasterko Unibertsitateak 2001eko martxoan antolatu zuten Peripheral Identities in the Iberian Context biltzarrean Edinburgoko Unibertsitatean irakasle den J. Saval irakasleak aurkeztu zuen txostenean aztertu zen gai hau. Oraindik argitara eman gabeko lana.
(11) ik. Emakunde 42, 2001eko martxoa, 32-38.
(12) Edozein kasutan, ez nuke atal hau amaitu nahi igoera kualitatiboaz mintzatu naizenean gehiegi nabarmendu ez dudan kontu bat aipatu gabe: esan beharrik ere ez dago kaleratu diren emakumezkoen lan guztien kalitatea ez dela, inondik ere, maila berekoa izan. Emakumezko guztiak zaku berean sartzen dituzten hurbilpen kritikoak kritikatzen ditugunok argi utzi behar dugu maila duineko lanen ondoan (Oñederraren nobela, Meaberen poema-liburua, Rozas-en narratiba, Urretabizkaiaren azken nobela...), hala-moduzko lanak ere kaleratu direla (adibidez, Gutiziak [Txalaparta, 2000] liburuan barneratu ziren ipuinak, ez ziren, kalitate maila berekoak). Harrigarriena, segur aski, euskal literaturaren mundu honetan emakumez soilik osatutako liburu bat kaleratzeak eragindako zeresanak izango lirateke.
(13) Euskal Idazleen Elkartearen helburu nagusietako bat euskal idazleak ezagutaraztea da. Xede horrekin burutu dituen hainbat egitasmoen artean, 1989tik aurrera martxan dagoen "Idazleak Eskoletan" kanpaina edo 1985az aurrera antolatzen den Galeuzca topaketetan parte hartzea aipatu beharko genituzke. Elkartearen interneteko helbidean bazkideei nahiz egitasmoei buruzko informazioa kontsulta daiteke.
(14) ik. Lopez, M., 2000, Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua, Bilbo.
(15) Honekin batera, azkenaldi honetan behin eta berriro azpimarratu nahi izan da gehienetan aipatzen diren euskal hiztunei dagozkien kopuru horiek ez ote dauden puztuxeegi. Bernardo Atxagak berak, 1999ko azaroan Donostian eman zuen hitzaldi batean, euskal hiztun eta irakurleen tipologia interesgarria proposatu zigun. Egile asteasuarrak hiru euskaldun-mota bereizi zituen. Batetik, euskaldun patetikoak, hau da, euskaldunak izanik euskaraz bizi nahi dutenak eta, euren buruarekin kontraesan izugarrian, aukera hori kontzienteki egiten dutenak euren burua behartuz (militanteak ere deituak). Patetiko hauekin batera, sinpatikoak egongo lirateke, euskal mundua maite eta itxuraz errespetatzen dutenak, baina inongo behar eta obligaziorik sentitzen ez dutenak euskaraz bizi eta sentitzeko. Azken taldea antipatikoek osatuko lukete, eta hauen inguruko deskribapenak beharrezkoak ez direlakoan nago. Bernardo Atxagaren iritziz, patetikoen talde horretan leudeke euskal irakurle gehienak eta, bere aburuz, 200.000 hiztunek osatuko lukete, gehienez, talde hori.
(16) Berriki, literatur sarietan irabazle suertatzen diren liburuen zabalpen eskasa salatzen zuten adierazpenak argitaratu dira egunkarietan. Ikus, J., Lopez: "Non daude saritutako lanak?" (Zabalik, 2000-2-5, 50A).
(17) Liburu honen probak zuzentzen ari ginela irakurri genuen Jon Alonsoren Agur, Darwin (Pamiela, 2001) saiakera interesgarri eta guztiz gomendagarria. Guk diogunaren ildo beretik, halaxe dio Alonsok 123. orrialdean: "Komunikabideek saltzen dituzte liburuak. Komunikabideek irudia saltzen dute. Beraz, komunikabideek irudi salgarria duten idazleak (onak edo txarrak, eta hori idazle direnean) maite dituzte."
