CANO, Harkaitz

(Lasarte-Oria, 1975)

"Gogoratzen dudanaren arabera, haurtzaroa zuhaitz batera igota igaro nuen, ibaia hazita nola pasatzen zen begiratzen. Oraingo umeak ez dira zuhaitzetara igotzen eta ibaia ez da hainbeste hazten, baina uholde haiek eta zuhaitz haiek nire lehen poema liburuan agertu ziren (Kea behelainopean bezala, 1994). Poema liburuak inprentatik jaso nituenean, estropezu egin eta lurrera erori zitzaizkidan denak. Seinale ona zela pentsatu nuen, bizirik zeudela.

Marrazteko edo musika-tresna bat jotzeko gai ez naizelako naiz idazle. Eta gabezia horrek sortzen laguntzen dit, gainerako gabezia guztiek bezala. Horregatik dute askotan musikarekin zerikusia nire liburuek: Beluna jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriek, esaterako.

Zuzenbide ikasketak egin nituen, baina ez dut sekula abokatu bezala lan egin. Gidoilari lanetan nabil aspaldian. 1998-99 ikasturtean New Yorken bizi izan nintzen, eta geroztik, Brooklyngo zubia nire bizkarrezurrean bizi da. New Yorkeko egonaldiaren emaitza izan zen Piano gainean gosaltzen (2000) kronika liburua.

Ipuina da gustukoen dudan generoa, Telefono kaiolatua (1997) eta Bizkarrean tatuaturiko mapak (1998) dira horren lekuko. Nobelagileari maleta bat egiteko esan eta mudantza bat antolatuko dizu. Ipuingileak ez: behar duen doia baino ez du honek maletan sartuko. Ipuin bat destolesten denean, sukaldeko zoruan kabitzen da, hiri bateko plano bat bezala.

Norbait dabil sute-eskaileran (2001) poema bilduma da nire azken liburua."


(Cano, Harkaitz, "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2004).


Idazleari buruzko informazio gehiago:

Š Beluna jazz: Susa

Š Pasaia blues: Susa