OTXOTEKO, Pello

(Irun, 1970)

Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziaduna da, eta Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa lan egiten du. Haraindiko begiraden bila poemategiarekin XI Pasaia Hiria sariketa irabazi zuen, eta 1999an argitaratu zuen liburu formatoan Bermingham etxearen bitartez. Felipe Juaristiren arabera, «Pello Otxotekoren poesia oso berea da, sentsazioetan oinarritua, nahiz eta kontzeptuak adierazi nahi dituen poemak ere badiren liburuan. (...) Poema liburu hau bidaia moduan ere irakur daiteke. Barne-bidaia da eta bertan beste bidaia askoren oihartzunak aurki daitezke, bidaiariak bere ibilbidean, hasieran behintzat, aurretik bide beretik joan direnen bideak hartzen baititu. Gero, azkenik, bakarrik dagoela konturatzen da. Begiratzen du ezker-eskubi eta inor ez ondoan. Begiratzen du aurrera eta inoren oinatzik ez. Berak bakarrik egin behar du aurrerako bidea, berak bakarrik iritsi behar du helmugara, bere ahotsa loratuko den baratzera» (in Juaristi, Felipe. "Barrutik kanpora, itzaletik argira", El Diario Vasco, 2000-03-11).

Ondoren Itzalaren Ñabarduretan (Hiria, 2001) idatzi zuen. Poemategiaren aurkezpen egunean Otxotekok berak azaldu zuenez, «barne bidaia da liburua eta kanpoan ezkutatuta dauden gauzetan, ekintzetan eta sentimenduetan arakatzea». Javier Rojo literatur kritikariaren ustez, lan horretan poeta gipuzkoarra «izateaz eta honek funtsean esan nahi duenaz aritzen da filosofiaren mugetan dauden poesia itxurako testu hauetan» (in El Correo, 2002-05-29). Hain zuzen, Filosofiak toki handia betetzen du Otxotekoren poetikan, eta joera hori nabarmendu egiten da bere azken poemategian: Arnasa galduaren ondarea (Elkar, 2003).

Otxotekorentzat poesia «mezu bat da, kontzeptu bat marko estetiko jakin batez hornitua. Marko estetiko honek musika eduki behar du. Hitz-jokoa ere azaltzen bada, hitzaren alderdi ludiko eta jostaria, edertasuna areagotu egiten da».

Albert Galvany Larrouquerekin batera Li Bai-ren poesia euskarara itzuli du Otxotekok eta Urrutira bidalia (Alberdania, 2005) izenburupean argitaratu.


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Interneten:




© Pello Otxotekoren argazkia: Zaldi Ero

© Arnasa galduaren ondarea: Elkar