ARKOTXA, Aurelia:
Septentrio

Marko Poloren ametsa

Nik, Marko Polo, Venezian 1254an sortuak, Niccolò Poloren seme eta Maffeo Poloren ilobak, orain Kristoren Haragitzearen ondotik den 1298. urtean Genovako presondegi honetan preso naizenak, mundua zein den eder, zein den handi kondatuko dizuet. Uste duzuen baino aise zabalagoa baita eta sekulan pentsa ez dezakezuen baino miresgarriagoa. Hala Armenia Ttipia eta Armenia Handia, Persia, Tartaria, India, Katai eta Zipangoko uhartea. Eta bertze hainbat leku miresgarri, giristino baten ahoak nehoiz ahozkatu ez dituenak.

Enekin preso dagoen Pisako Rutichelloren lumari esker, irakurtzen ahalko da eta enztun liburu honetan diren mirak. Horrela duzue jakinen zein diren ederrak hogeita sei urtez Kubilai Khan Handiaren enbaxadore bezala gelditu gabe lau haizeetara kurritu izan ditudan lurrak.

Horrela zen Rustichello Pisakoa hasi Marko Polok bizi izan zituen bidaia benturosen izkiriatzen. Arratsalde apalean oraino, Genovako presondegiko murru lodien gibelean zegoen gela hertsi batean, Markoren abots apala eta Rustichelloren lumak paperean egiten zuen zirrista entzun ziratekeen. Eta horrela jarraiki zuten leihotik heldu zen argia joan zen arte. Gero, isildu ziren bazterrak eta loeria Markoz jabetu. Orduan zuen amets bat egin nehoiz Rustichellori aipatu ez ziona.

I

Zortzi egun iraunen duen basamortua iragan beharko duk eta jakin-ezak, Marko adixkidea, ez dela han ez zuhaitzik, ez abererik, eta hobe duala hang our kiretsik ez hurrupatzea, ez baldin badituk nahi hire hertzeak erre. Kasu emak, beraz, ez ezakala hango urik edan eta hirekin eramazkik zortzi egunendako edateko eta jateko behar ditukanak.

Zortzi egunen buruan, Tonokam deitzen den lekura helduko haiz. Tonokameko zelaian duk Zuhaitz Bakarra altxatzen. Zuhaitz Idorra ere deitzen ditek batzuek. Gaztainaren iduriko eltzaur barnehuts bat ematen dik. Azala horia dik eta haren egurra den azkarrenetarik duk. Inguruko ehun miletan ez duk bertze zuhaitzik aurkituko, salbu alde batetik, alde horretarik, hamar miletan bat aurkituko duk. Zaharrek ziotek horko zelai horretan zeal Alexandro eta Dariuzen arteko gudua gertatu.

Arras leku aberatsak dituk, ez dike z beroegi, ez hotzegi egiten eta lekukoak jende ederrak dituk.

Ametsa bururatzera zihoala, Zuhaitz Bakarrak, bakardadean aspertua, ametsari luza zedin eskatu zion. Eta hona non nehoiz Markori kondatuko ez zion amets hau berari zitzaion jin.

II

Muluhidahen bada baratze miresgarri bat, bi mendi goren artean gordea, Paradisu deitzen dutena. Hetsia eta ongi zaindua da. Urte guzian, diren lore ederrenak eta usain goxodunenak han heltzen dira. Urte guzian, fruiturik hoberenak jasta daitezke. Lau errekek, urezkoak, esnezkoak, eztizkoak eta ardozkoak lau haizeetara gurutzatzen dute baratze miresgarria. Beti hostoz estaliak diren zuhaitzen itzaletan mutil gazte eta neskatxen kantuak entzun daitezke han hemenka. Biola, lira, harpa, ttunttun edo arrabita joleek lagundurik, bertze batzuk eguzkitan dantzan ari direla.

Soinu, irri, iturrien xurxura eta itzalaren goxotasunari esker, baratzea lokartu da eta amets bat egin du, nehoiz zuhaitz bakarrari kondatu ez diona.

III

Baratze miresgarriko erregearen izena, Aloadin zen. Jendeei, bi mendien artean gordea zegoen baratze miresgarria Mahometek deskribatu Paradisua zeal sinetsarazia zion. Aloadinen baimenik gabe, nehor ezin zitekeen han sar eta horretarako zuen ere baratzearen sartze bakarrean nehork hare z zezakeen gaztelu ikaragarri bat hastapenetik eraikiarazia.

Noiz-behinka, inguruetako zaldun izan nahi zuten hamabi urteko mutikoen bere gortera gomitatzeko usaia zuen. Eta Mahometen paradisuaren ixtorioa kondatzen zielarik, sinesten zuten.

Arrunt liluraturik zeudelarik mutikoak, edari bitxi bezain goxo bat eskaintzen zien eta lekuan berean gelditzen ziren zanpez lo. Gero, hamarka, seinaka edo launaka eramanarazten zituen bi mendien artean gordea zegoen baratze miresgarrira iratzartzen zirelarik, munduko lorerik ederrenak zituzten ikusten, fruiturik deliziusenak zituzten jastatzen, soinu xoragarrienak zituzten entzuten... Eta lau errekak, urezkoa, esnezkoa, eztizkoa eta ardozkoa ikusten zituztelarik, nola ez sinets, zinez, Paradisuan zirela?

Aloadin, Asasino baten beharretan zegoelarik, baratzean zituen gizonez baliatzen zen. Hautatu zuena lokarrarazten zuen eta bere gaztelura ekarrarazten, hau ziotsola:

—Halakoa garbi-ezak itzultzean Paradisua duk irabaziko eta zorigaitzez hiltzen baldin bahaute, ene aingeruek haute hara eramanen.

Hona nola Aloadinek etsai guziak bere Asasinoen laguntzaz zituen hiltzen.

Arratsalde batez, baratze miresgarriko sagardian lo kuluxka baten egiten ari zeal amets bat egin zuen. Nehoiz baratzeari kondatu ez ziona.

IV

Aloadin, ene printze eta jabea, bortz eguneko zabaltasuna duen probintzia bat iraganik, Karaianera helduko zara eta handik septentriora buruz joan beharko duzu bertze zortzi egunez. Oihan ikaragarri batzuek alde guzietarik inguratzen duten Zardandaneko probintziara heltzeko. Leku horretarako jendeek ez dute ez jainkorik, ez eidolorik, ez elizarik. Izkiriatzen ere ez dakite eta eguneroko lanendako gerletan irabaziak dituzten esklaboak dituzte erabiltzen.

Esklabo horietan bada dontzeila ezti bat, ezin ederragoa, Kogatra izenekoa. Ile-adatsa du beltz-beltza, erreka ilun bat bezala gerruntzetan behera doakiona. Begi ubelak, bi armendola luze. Sudurra ttipia eta ahoa arrosaren idurikoa. Larrua du esnezkoa, gorputza liraina, zumea bezain zalua haren gerruntze fina. Haren zetazko jantzi arinaren pean sumatzen dira ere bi bular arin. Hainbatez beude erranak, ageri dauzkanak, ez dakizkit, ez derrazket gordailuan dautzanak... Eta haren sandaliek zer graziarekin duten harrotzen bideko lur gorrantza, ur-keta doalarik!

Aloadin, ene printze eta jabea, horrelako dontzeila zure Paradisuan bazenu, perla ederrenetarik litaike, den soinujole eta kantari finenetarik baita eta baitaki, gainera, sufien artean estimu handienean diren amodiozko poesia ederrenak kondatzen eta izkiriatzen. Erratekorik ez, Aloadin, ene jaun eta jabea, Zardandaneko errege krudela Kogatraz zoratua dagoela. Horretarako haren haremeko emazte guzien artean hura du maiteena, hura du denetan gutiziatzen. Hura baita ere ezti bezain errebeldea dena, ezin hezizko animalia eder eta basa. Zardandaneko erregeak egun guzietako emazte ezberdin bat bere plazerarendako baduenez, pazientzia har dezake, bere baitan baitio goiz ala berandu Kogatrak, bertze bere emazte guziek bezala, bere gorputza bortxatu gabe eskainiko diola. Gerletan hain krudela den erregeak amorante onaren fama baitu bake garaietan.

Egia eerran, hori haren beldur direnek diotena omen da, Aloadin ene printze eta jabea. Haren emazte malerusek handik ihes egiteko gutizia baitute bakarrik buruan.

Ordea, egunak joan, egunak jin, deus ez duela Kogatrarengandik lortuko ikusiz, Zardandaneko errege krudelak erabaki du, onez ez bada bortxaz, neskatxaren gorputzaz bere plazerarendako laster jabetuko dela. Gero, erabakia du oihaneko animalia basei eskainiko diela haren itxura ederraz eta haren errebeldiaz geldituko dena.

Hau da, Aloadin, ene printze eta jabea, Kogatra neskatxa eder eta zuhurarren ixtorio tristea.

Bizkitartean, Kogatra, zardandaneko errege krudelaren haremeko ganbara gordeenean, leihotik kanpora so dago. Ez du lo egin beharrik amets egiteko eta, bixtan da, nehoiz ez diola bere ametsa Zardandaneko errege krudelari kondatuko, ez eta, errege okaztagarria hilez, laster haren salbatzera etorriko den Asasinoari.

V

Duela sei urte, Kubilai Khan Handiak deitu ninduen, hau ziola:

—Kogatra, ene gorteko dontzeiletan maiteena, Bolgara, Argonen emaztea zena hil da eta Argonek espos berri bat bilatzen du. Dakizun bezala, espos berriak Bolgararen leinukoa izan behar du, hala baitzen erregina zenaren gutizia. Zu, Kogatra, ene gorteko dontzeiletan maiteena, dontzeiletan eder eta zuhurrena, zu zara, Argonendako hautatu dudan emaztea.

Argonek igorri hiru enbaxadoreak, Ulatai, Apuzka eta Koia presentatu zizkidan, haiekin eginen nuela Argonen herrialdera buruzko bidaia. Bihotza goibel nuen, etxekoak ez bainituen betikotz utzi nahi, baina Kubilai Khan Handiaren errana nehork ez zezakeen uka eta obeditzen ez bazen, etxekoek zuten patitzen.

Hiru egun iragan ziren bestan, Kubilai Khan Handiak sekulako errezebimendua egin baitzien Argonen hiru enbaxadoreei. Egun batzuk iragan ondoan, berriz deitu ninduen, hau erranez:

—Kogatra, ene gorteko dontzeiletan eder eta zuhurrena, denetan maiteena, hona Argonen hiru enbaxadoreek hautatu dituzten gidari bidaiant berriak. Hiru gizon hauek dirabihotzean ditudan adixkide preziatuenak, Polo anaiak, eta Marko, Niccolò Poloren semea. Anitz urte badaramate enetako lan egiten. Marko orain Indietarik heldu da eta urrungo herrialde horietan diren mirak kondatu dizkidalarik, miresturik gelditu naiz, nehoiz nehork ez baitzizkidan horrelako berriak jakinarazi. Hiru gizon hauekin ez duzu deusik irriskatzen, badakit, konfiantza osoa egiten baitiet, Argonen erreinura salborik helduko zarela.

Hor dira, egun hartan, momentu horretan, ene zoriona eta zorigaitza hasi.

Geroztik, Marko, banaiz jaikitzen, banaiz etzaten, hi baihator beti ene gogora.

Gizon ederra hintzen, gorputzez lerdena, bidaietan ibiltzeak ez hinduen ez gogortua, ez loditua. Gaztetasun bat bazegoan hire jestu eta hire jarrera guzian. Hire begiek ninditean lehenik tiratu, zohardiak baitziren, nabarrak, itsasoa bezala. Gero, ikusiko nian itsasoa bezain kanbiakorrak zirela, batzuetan argiago, bertzetan goibelago. Hire eztitasunaz eta hire kuraiaz oroitzen nauk. Zaldun bihoztoi bat bezala baihintzen enetzat.

Argonen erresumarako bidaia biziki luzea izan omen zela, baina enetako laburregia izan zuan hitaz amoros bainintzen, bertze batendako hautatua nindutelarik.

Geroztik, oihana lilitu duk, baita ere ostotu seietan, uda ere negu, negua ere uda gertatu duk hainbertzetan. Nik hi haut beti gogoan, baitakit behar bada nehoiz ez hautala ikusiko, bihar Zandandango errege krudelak brokardoz, damaz figuratuz, urrezko oihalez eta zibelinaz apaindua duen bere ganbaran bainau bortxatuko. Eta gero, oihanaren zoko ilunenera eramanen, han otso, hart zeta herensugeek ene gorputza puska dezaten. Hori baita izanen ene fortuna, gau honetan berean, Aloadinen gizonek ez baldin banaute bi mendien artean gordea den Paradisura erematen. Han bederen, Aloadinen Paradisuan, biolaren jotzeko, dantzatzeko eta maitasunaren kantatzeko bainaute bakarrik atxikiko. Hori baita Asasinoen printzearen gutizia.

Momentu horretan berean, hain urrundik zerbait sendi izan balu bezala, Marko, gaueko amets luzearen erdian, Genovako presondegian iratzarri zen. Tonokameko zuhaitz bakarra, baratze miresgarria, Aloadin, Asasinoen printzea eta Zandandaneko errege krudelaren gutizia gaiztoa buruan nahasten zitzaizkiola.

Kogatra zuen bakarrik bihotzean. Iragan urteek ezin itzali zuten haren maitasuna. Ez zuen lo egin beharrik hartaz amets egiteko. Nork daki, egun batez presondegi horretarik ateratzen balitz eta, itsasoz itsaso, eguzkiz eguzki ibiliz Kasan argon zenaren semearen gortera joan, Kogatrari kondatzen ahalko lioke, beharbada, nehoiz, nehori kontatzera menturatu ez zena?

© Arkotxa, Aurelia. Septentrio, Alberdania, Irun, 2001.

© Argazkia: Alberdania