« Itzuli albistegira

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobela frantsesez argitaratu du Gallimardek

2012-05-18  ¦  .

Gersende Camenenek itzuli du lana

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobela frantsesez argitaratu du Gallimard Pariseko argitaletxeak, Du Monde Entier bilduman. Gersende Camenenek itzuli du lana. Uribek 2008an argitaratu zuen Bilbao-New York-Bilbao Elkarrekin.

Hasieratik liburuak oihartzun handia hartu zuen euskal literaturan. “Ikaragarria da Gallimardek argitaratu izana. Aurrerapausoa da, ez niretzat bakarrik, baita euskal kulturarentzat ere”, adierazi du Kirmen Uribek. “Amets bat bezalakoa da Gallimarden egotea, eta batez ere Du Monde Entier bilduman, Antonio Tabucchi, Ian McEwan, Orhan Pamuk eta Martin Amis autoreek argitaratu duten berberean”. Argitaletxean bertan sortu zen liburua frantsesera itzultzeko ideia, Espainiako Narratiba Saria irabazi eta Seix Barralen argitaratu ostean. Uribek eleberria Frantzian “ondo mugitu” daitekeela uste du: “Asko irakurri du irakurle frantsesak eta oso irekia da. Narrazio forma berriak dituzten proposamen berritzaileak gustuko ditu eta Bilbao-New York-Bilbao liburuak alderdi berritzaile hori dauka. Dena den, benetako pertsonaiei buruz hitz egiten dudalako izango dute gustuko, fikzioak egiazko zerbait duelako. Esperantza handia jarri dut Frantzian”.

Nazioartean harrera bikaina izaten ari da eleberria. Hain zuzen, eleberria hamaika hizkuntzatara, tartean japonierara, itzultzeko akordioak lotu ditu Uribek.