« Back

Alex nire munstro-lagun on-ona lanak irabazi du Etxepare saria

2010-03-12  ¦  .

Mikel eta Maite Gurrutxagak idatzi eta ilustratu dute, hurrenez hurren

Mikel eta Maite Gurrutxagak idatzia eta ilustratua, hurrenez hurren, Alex nire munstro-lagun on-ona izan da haurrentzako albumak sortzeko Etxepare sariaren irabazlea. Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleek, eta Mikel Valverde eta Aitziber Alonso ilustratzaileek osatutako epaimahaiak erabaki du neskato bat eta bere lagun ikusezinaren arteko harremana kontatzen duen istorioa saritzea.

Guztira zortzi izan dira lehiaketara aurkeztutako egitasmoak, eta bakarra bertan banatutako saria; 6.000 euro jasoko dituzte sortzaileek, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta Faktoria K de Libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galizieraz, 2010. urtean zehar.