« Back

Bernardo Atxagaren lan bat argitaratu du Etxepare Institutuak

2012-02-24  ¦  .

Era berean, At! Ikuskizunerako zenbait euskal idazlek sorturiko testuen bilduma kaleratu du

Mari Jose Olaziregik zuzentzen duen Euskal Sortzaileak Saila Bernardo Atxagaren Borrokaria lanarekin zabaldu da. Hiru testu desberdinek osatzen dute liburua. Lehengoak sasoia galtzeko beldurrez bizi den gizon baten kezka jasotzen du, eta udako gau batean gertatzen zaiona; bigarrenak boxeolari bat hartzen du aintzat, eta haren jarrera Nevadako Renon jokatu behar duen borrokaren aurrean; hirugarrenak pertsonek hil ondoren uzten dituzten irudiei buruzko gogoeta dakar.

Bestetik, 2011ko martxoaren 15ean Bilboko Arriaga atzokian aurkeztu zen Etxepare Euskal Institutuaren ikuskizunerako idatzitako 26 testu jasotzen ditu AT! liburuak, beste hainbeste euskal idazlek sortuak: Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Teresa Calo, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epalza, Luisa Etxenike, José Fernández de la Sota, Arantxa Iturbe, Karmele Jaio, Felipe Juaristi, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Lurdes Oñederra, Julia Otxoa, Ramiro Pinilla, Patxo Telleria, Eli Tolaretxipi, Pedro Ugarte, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zaldua.