« Back

Koldo Mitxelena eta Eduardo Txillida katedrak sortu ditu Etxepare Euskal Institutuak

2012-04-12  ¦  .

Mitxelena katedra apirilean hasiko da, Chicagon, eta Txillidari buruzkoa udazkenean, Frankfurten

Etxepare Euskal Institutuak iragarri duenez, apirilaren 11n Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren izena daraman katedrari hasiera emango dio Chicagoko (AEB) Unibertsitatean, eta udazkenean, berriz, euskal artearen inguruko Eduardo Txillida katedra zabalduko du Frankfurteko (Akemania) Goethe unibertsitatean. New Yorkeko (AEB) CUNY unibertsitateko Bernardo Atxaga katedraren aurtengo egitaraua ere zehazten hasita dago Etxepare institutua. Lourdes O˝ederra idazle eta EHUko fonologiako katedraduna izango da Koldo Mitxelena katedrako lehen irakaslea. Katedrari hasiera emateko ekitaldiak Etxepare Euskal Institutuak antolatu ditu, Chicagoko Cervantes institutuarekin eta Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities atalarekin batera. Ekitaldi horiek apirilaren 9tik 22ra bitartean egingo dira, hainbat tokitan: Chicagoko Cervantes institutuan, hiri bereko Reva and David Logan Center deritzan gunean eta Illinoiseko Unibertsitatean, Urbana-Champaign-en. Doakoak izango dira, eta jende ororentzat irekiak.

Honako ekitaldiak izango dira, besteak beste, egitarauan: euskal kulturaren esparruan aditu diren kazetariek emandako hitzaldiak, Paddy Woodworth-ek emandakoa, esate baterako; Arantxa Urretabizkaia edo Eider Rodriguez bezalako euskal idazleen mahai-inguruak, Helena Taberna eta Asier Altunaren euskal filmen proiekzioak, Latino Film Festival izenekoan, edo Erlea Maneros Zabalaren erakusketa Chicagoko Unibertsitatearen Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts gunean. Erakusketa maiatzaren 13ra arte izango da ikusgai.

Eduardo Txillida katedra 2012-2013 ikasturtetik aurrera emango dute, eta xedea artistaren obra esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea izango da. Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa. Gainera, urtero ikertzaile bat gonbidatuko dute, mintegia edo hitzaldien ziklo bat eman dezan.