« Itzuli albistegira

Aresti eta Brechten zenbait poema biltzen duen lana argitaratu berri du alemanez eta euskaraz Euskalema elkarteak

2012-04-23  ¦  .

Itzultzaileak jadanik itzulita zauden poemetatik abiatu dira bilduma osatzeko

Poema hautatuak deitu olerki bilduma argitaratu berri du Euskalema elkarteak. Bertolt Brecht eta Gabriel Aresti idazleen hogei olerkik osatzen dute liburua. Brechten obrak euskarara itzuliak daude, eta Arestirenak, alemanera. 
Orain baino lehen ere bazeuden eginak Arestiren eta Brechten hainbat itzulpen, baina Euskalemaren argitalpenak beste ale batzuk gehitu dizkio itzulitako sortari. Bestalde, jada itzulpena jaso zuten olerkiak berriz landu dituzte. «Edizio kritikoa da Poema hautatuak liburuan argitaratu duguna. Itzulpen historikoak landu ditugu, eta olerkiak banan-banan aztertzen ibili gara. Kasu batzuetan, nabari zen olerki batzuk ez zirela alemana edo euskara oinarri harturik itzuliak izan. Horregatik egin ditugu beste itzulpen proposamen batzuk», azaldu du Elena Martinezek, Euskalema elkarteko kideak. Liburu bukaeran itzulpen historikoak aurki daitezke, eta aurretik berriak, betiere euskara eta alemanezko bertsioa ondoan dutela. Petra Elser itzultzaileak erran du ez dutela uste beren itzulpenak historikoak baino hobeak direnik, beren egitasmoa ez dela zuzentze lana izan. «Itzulpenak egiterakoan alemana eta euskara oinarri harturik lan egin nahi izan dugu, zeharkako biderik hartu gabe. Kasu batzuetan iraganeko bertsioetan testu zatiak eskas zirela ohartu gara. Olerki osoak jarri ditugu».



Gabriel Aresti eta Bertolt Brecht elkarren artean zerikusi gutxi izan duten bi idazle dira. Beren testuinguru linguistikoak, literarioak eta soziopolitikoak biziki desberdinak ziren. Hala ere, liburuaren hitzaurrean azaldua denez, bien arteko zubiak daudela ondorioztatzera heldu dira bilduma atontzaileak. Izan ere, nahiz bi autoreak biziki tradizio ezberdinekoak izan, biak ezkerreko intelektualak dira. Hori da Aresti eta Brecht harremanetan jartzeko ezaugarri nagusia. Hala, bilduman aipatu gai gehienak esparru sozial eta politikokoak dira.